Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2018ko maiatzaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2570

91/2018 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lleidako Unibertsitatearekin sinatutako hezkuntza-lankidetzako esparru-hitzarmena, Lleidako Unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak esparru-hitzarmena sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lleidako Unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten Lleidako Unibertsitatearekin sinatutako hezkuntza-lankidetzako esparru-hitzarmena.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 7a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 7KO 91/2018 EBAZPENARENA.
LANKIDETZAKO ESPARRU-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN (SEGURTASUN SAILAREN BITARTEZ) ETA LLEIDAKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, LLEIDAKO UNIBERTSITATEKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko apirilaren 4an.

BILDU DIRA:

Batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, Segurtasuneko sailburua, Segurtasun Sailaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (IFK: S4833001C; helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz –Araba–) ordezkatuz. Horretarako zilegitasuna eman dio Segurtasuneko sailburu izendatzeko lehendakariaren azaroaren 26ko 35/2016 Dekretuak (2016ko azaroaren 28ko EHAA, 226. zk.),

Eta bestetik, Francisco García Pascual jauna, Lleidako Unibertsitateko Irakasletzako errektoreordea, unibertsitate horretako errektorearen eskuordetze bidez, erakunde horren izenean eta ordezkari gisa, Lleidako Unibertsitateko errektorea izendatzeko maiatzaren 19ko 77/2015 Dekretuarekin (2015eko maiatzaren 21eko Kataluniako Gobernuaren Egunkari Ofiziala, 6876. zk.) eta Lleidako Unibertsitatearen Estatutuak onartzen dituen abuztuaren 26ko 201/2003 Dekretuarekin bat etorriz (2003ko irailaren 8ko Kataluniako Gobernuaren Egunkari Ofiziala, 3963. zk.). Unibertsitateak Lleidan du egoitza (Víctor Siurana plaza 1, PK: 25003) eta Q7550001G IFZ (hemendik aurrera, UdL).

Elkarri aitortzen diote behar den legezko ahalmena badutela hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzeko, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Unibertsitate-irakaskuntza ofizialen antolamendu berria (Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrua eraikitzeko prozesuak eskatuta) apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoarekin sartu zen (beraren bidez Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen da) eta Unibertsitate Ikasketa Ofizialen Antolaketa ezartzen duen Errege Dekretuak hedatu zuen (urriaren 29ko 1393/2007). Antolamendu berri horretan, bereziki nabarmendu da unibertsitate-ikasleek praktika akademikoak kanpoan egin beharra. Aurreikusi da, orobat, graduko ikasketen planetan «ikasleek eskuratu beharreko prestakuntza teoriko eta praktiko guztia» jasotzea, horren barruan «kanpoko praktikak» aipatuta. Halaber, hau ere esaten du: «kanpoko praktikak programatzen badira, horiek gehienez tituluaren kreditu guztien ehuneko 25 jasoko dituzte, eta gehienbat ikasketa-planaren bigarren erdian eskaini beharko dituzte» (1393/2007 Errege Dekretuaren 12.2 eta 12.6 artikuluak).

Bigarrena.– Ikasleek gauzatzen dituzten eta UdLk gainbegiratzen dituen prestakuntza-jarduerak dira kanpoko praktika akademikoak, eta haien helburua da ikasleei aukera ematea prestakuntza akademikoan jaso dituzten ezagutzak garatzeko eta osatzeko, eta konpetentziak eskuratzen laguntzea jarduera profesionalerako presta daitezen eta lana errazago aurki dezaten.

Hirugarrena.– UdLk kanpoko praktika akademikoen bi modalitate ezarri ditu: curriculumekoak eta curriculumetik kanpokoak. Curriculum-praktikak ikasketa-planaren barruan dauden tutoretzapeko jarduera akademiko arautuak dira. Curriculumetik kanpoko praktikak, berriz, ikasleek prestakuntza-aldian beren borondatez egiten dituztenak dira, eta, curriculumeko praktiken xede berak dituzten arren, ez daude ikasketa-planetan jasota, hargatik eragotzi gabe aurrerago titulu-gehigarri europarrean aipatzea.

Laugarrena.– UdLko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko, aurretiaz hezkuntza-lankidetzako hitzarmen bat formalizatu beharra dago unibertsitatearen eta erakunde laguntzailearen artean, honako hauen esparruaren barruan: Unibertsitateko Ikaslearen Estatutua onartzen duen abenduaren 30eko 1791/2010 Errege Dekretuaren 24. artikulua; Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua, eta UdLk onartutako araudia.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Segurtasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, besteak beste: a) Autonomia-erkidegoko polizia; b) Hauteskunde-administrazioa; c) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; d) Autonomia-erkidegoko komunikazio-bideetatik dabiltzan ibilgailuen zirkulazioaren polizia; e) Jokoa, apustuak eta ikuskizunak; f) Segurtasun-arloko transmisioak eta komunikazioak; g) Poliziaren ibilgailuak; h) Meteorologia; i) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak (Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia) zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera; eta j) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

Seigarrena.– Segurtasun Sailak programa horretan elkarlanean aritzeko interesa du. Hala, bere instalazioetan kanpoko praktikak egiteko aukera eskainiko die ikasleei, eta parte-hartze aktiboa izango du haien prestakuntza praktikoan.

Bi aldeek, unibertsitate-munduaren eta lan-errealitatearen arteko harremanak areagotu nahian, UdLko ikasleen prestakuntza teoriko eta praktikoaren arloan elkarlanean aritu nahi dute, eta horregatik, elkarrekiko lankidetza gauzatzeko erarik onena hezkuntza-lankidetzako hitzarmen bat formalizatzea dela adostu dute, ikasleek modu praktikoan garatu ditzaten unibertsitatean eskuratutako ezagutzak.

Zazpigarrena.– Kontraprestazio ekonomikorik ez duen lankidetza horren bidez, dagokion titulazio horretako ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi da; lantokietako egoera errealetara egokitu behar da prestakuntza, eta kolektibo horrek harreman zuzena izan behar du lan-errealitatearekin eta egungo arazoekin. Titulazioa lortuko duten pertsonek lanbide-kualifikazio hobea izatea ekarriko du horrek.

Adierazitakoagatik, bi aldeek honako hau

ADOSTEN DUTE:

Bakarra.– Hezkuntzarako lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea, klausula hauek aintzat hartuta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Lleidako Unibertsitatearen eta Segurtasun Sailaren arteko jardun-esparru komuna eratzea, hezkuntza-lankidetzako programak garatzeko, era horretan Lleidako Unibertsitateak emandako irakaskuntza guztien alorreko ikasleek kanpoko praktikak, gradu-amaierako lanak eta master-amaierako lanak Segurtasun Sailean egin ditzaten.

Bigarrena.– Praktiken prestakuntza-izaera.

1.– Hitzarmen honen xede diren praktika akademikoek prestakuntza-izaera dute; horrenbestez, horiek egitearen ondorioz ez da inola ere sortuko lan-harreman baten berezko obligaziorik edo bestelako loturarik Segurtasun Sailarekin, eta haien edukiak ez du ekarriko lanpostuen berezko lan-prestaziorik ordeztea. Halaber, ez dute ordainsaririk jasoko jarduera horrengatik.

Era berean, eta ikasketak bukatutakoan ikaslea erakunde laguntzailean lanean hasiko balitz, praktiketan emandako denbora ez da antzinatasun gisa zenbatuko, eta ez du probaldia izatetik salbuetsiko, salbu eta dagokion aplikatzeko hitzarmen kolektiboan zerbait desberdina erabakita badago.

2.– Segurtasun Sailak hitzarmen hau sinatzeak ez du inola ere ekarriko bertan erabakitakoak ez diren beste konpromiso batzuk hartzea.

Hirugarrena.– Praktika- eta/edo lan-programa egiteko lekua eta iraupena.

Praktikak eta/edo lanak egiteko lekua hitzarmen honi erantsitako eranskinean adieraziko da.

Praktiken iraupena eta ordutegiak zehaztuko dira horien ezaugarriak kontuan hartuta eta Segurtasun Sailak dituen aukeren arabera; betiere, ahalegina egingo da erakundearen ohiko jarduerari ahalik eta eragozpen txikiena sortzeko.

Laugarrena.– Prestakuntza-jardueren programa.

Praktika bakoitza garatzeko eranskin bat sinatuko da, non garatu beharreko hezkuntza-helburuak eta jarduerak finkatu beharko dituzten. Helburuak ezartzeko orduan ikasleak zer gaitasun (oinarrizkoak, orokorrak eta/edo berariazkoak) eskuratu behar dituen hartuko da kontuan. Halaber, praktikaren edukiak zehazteko orduan, egindako ikasketen eta eskuratu beharreko gaitasunen arteko zuzeneko lotura ziurtatuko da.

Hautatutako ikasleen zerrendak sortzeko eta kudeatzeko prozedurak bermatu beharko du gardentasun, publikotasun, irisgarritasun unibertsal eta aukera-berdintasuneko printzipioak aplikatzen direla, programa bakoitzean zehaztuko diren irizpide objektiboen bidez. Irizpide horiek izangaien zerrenda egin aurretik ezagutaraziko dira.

UdLk eta Segurtasun Sailak jarraipen-batzordean dituzten ordezkariek koordinatuko dituzte ikasleek egin beharreko jarduerak, eta haien berri emango diete Segurtasun Saileko arduradunei, prestakuntza-programa hasi aurretik.

Programa horretan, gutxienez, hitzarmen honen eranskinean jasotako honako datu hauek zehaztuko dira, Segurtasun Sailak onartu beharko dituenak.

– Egin beharreko praktikak eta/edo lanak UdLren irakaskuntzen zer prestakuntza-programatan dauden sartuta.

– Praktikak edo lanak zer erakundetan eta non egingo diren.

– Zein den unibertsitateko irakaslea, tutorea edo zuzendaria.

– Zein den lantokiko irakaslea.

– Eragindako ikasleen zerrenda.

– Egin beharreko praktikek edo lanek zer helburu duten.

– Zein den programa-xedeen eta aurreikusitako jardueren edo lanen proposamena.

– Zein diren ebaluazio- eta kontrol-sistemak.

– Praktikak eta/edo lanak egiteko zer egutegi eta ordutegi proposatzen den.

Bosgarrena.– UdLren konpromiso espezifikoak.

Tituluko zuzendaritza akademikoak irakasle tutore bat esleituko dio ikasle bakoitzari. Tutorea arduratuko da ikasle horren prestakuntzaren jarraipena egiteaz, Segurtasun Sailak izendatutako irakaslearekin lankidetzan, bai eta ikaslea ebaluatzeaz ere.

UdLko tutore akademikoak eskubide hauek izango ditu:

a) Jarduera akademikoagatik egiazko aitortza jasotzea.

b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari buruzko eta hezkuntza-proiektuari buruzko informazioa jasotzea; halaber, tutoretzapeko ikaslearen egonaldia zer baldintzatan egingo den jakiteko eskubidea izango du.

c) Segurtasun Sailera irispidea izatea, bere funtzioari dagozkion helburuak betetzeko.

Halaber, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Hezkuntza-proiektua era normalean garatzen dela bermatu beharko du; hala, praktikak egiteko ordutegia eta ikaslearen betebehar akademikoak, prestakuntza-betebeharrak eta ordezkaritza- zein partaidetza-betebeharrak bateratzen direla egiaztatuko du.

b) Praktiken jarraipen eraginkorra egingo du; horretarako, Segurtasun Saileko irakaslearekin koordinatuko da eta, beharrezkoa bada, jarraipen-txostenak aztertuko ditu.

c) Prestakuntza-proiektuan egiten diren aldaketak baimendu beharko ditu.

d) Tutoretzapeko ikaslearen praktiken prozesu ebaluatzailea gauzatu beharko du.

e) Tutore gisa jardutearen ondorioz ezagutzen duen edozein informazio isilpean gorde beharko du.

f) Unibertsitateko kanpoko praktiken organo arduradunari izan daitezkeen gorabeheren berri eman beharko dio.

g) Ikasleak aukera-berdintasuneko, diskriminaziorik gabeko eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan daudela bermatzeko beharrezkoak diren laguntza-baliabide egokiak daudela gainbegiratuko du, eta halakorik behar bada, eskatu egingo ditu.

Seigarrena.– Segurtasun Saileko konpromiso espezifikoak.

1.– Segurtasun Sailak bermatuko du beharrezko instalazioak eta baliabideak erabiliko direla praktikak gauzatzeko. Zenbat ikasle jaso ditzakeen jakinaraziko du, erabilgarri dauden baliabideen eta lortu nahi diren xedeen arabera.

Segurtasun Sailak ziurtagiri bat eman beharko dio ikasleari praktikak amaitutakoan; nolako zeregina bete duen azalduko da bertan, eta adieraziko da ziurtagiriak informazioa emateko baino ez dela eta ez dela lan-harremanik egon.

2.– Segurtasun Sailak ikasle bakoitzeko irakasle bat izendatuko du eta eskubide hauek izango ditu:

a) UdLk lankidetza-jarduera aitortuko dio, dagokion ziurtagiriaren edo antzeko agiri baten bidez.

b) Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioaren berri izango du, baita prestakuntza-proiektuaren eta haren garapenaren baldintzen ingurukoa ere.

c) Unibertsitatera irispidea izango du, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta babesa eskuratzeko.

Halaber, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikasleen jarduerak gainbegiratzea, eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetua eta ikasketarekiko konpromisoa oinarri izanda betiere.

c) Ikasleari Segurtasun Sailaren antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta intereseko araudia ezagutaraztea, segurtasun eta lan-arriskuen arlokoa batez ere.

d) Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan adierazitako jarduerak, bait eta praktika normaltasunez garatzeko egin behar diren prestakuntza-proiektuaren aldaketak ere; praktika hori garatzean sor litezkeen aparteko gorabeherak jakinarazi eta konpontzea eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.

e) Amaierako txostena egitea.

f) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar duten prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar dituzten bitarteko materialak ematea.

h) Ikasleak berritzeko, hobetzeko eta ekiteko proposamenak egin ditzala erraztu eta bultzatzea.

i) UdLko tutoreari Segurtasun Sailerako irispidea erraztea, haren funtzioari dagozkion helburuak bete ditzan.

j) Irakasle-lanaren bidez ikasleari buruzko informazioa eskuratzen badu, informazio hori isilpean gordetzea.

k) Ikasleari laguntzea Segurtasun Sailean diharduen bitartean praktika-jardueretan sor daitezkeen lan-gorabeherak konpontzen.

l) Praktikek irauten duten artean jazotzen diren gertakarien berri ematea jarraipen-batzordeari.

3.– Segurtasun Sailak ez du inolako diru-zenbatekorik jasoko titulazioaren zentro arduradunaren aldetik, bere instalazioetan egiten diren jardueren truke.

Zazpigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Praktiketako ikasleek Segurtasun Saileko praktiketako irakaslearen eta UdLko tutore arduradunaren kontrolpean eta begiradapean egingo dituzte praktikak, eta une oro lankidetza-erakundearen funtzionamendu-arauen mende egongo dira.

2.– Kanpoko praktika akademikoak egiten diharduten bitartean, eskubide hauek izango dituzte ikasleek:

a) Tutoretza izango dute dagokion praktika-aldian; unibertsitateko irakasle batek eta Segurtasun Sailean zerbitzua eskaintzen duen profesional batek emango dute tutoretza.

b) Unibertsitatean ezarritako irizpideen araberako ebaluazio bat izango dute.

c) Segurtasun Sailak txosten bat egingo du, eta, han, ikasleek egindako jarduera, iraupena eta, halakorik beharko balitz, errendimendua aipatuko dira. Hori guztia eranskineko ereduaren arabera egingo da.

d) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea izango dute, arloan arloko legediak arautzen dituen baldintzetan, ikasleek eskubide horren lagapen edo transmisiorako dokumentua sinatu duten kasuetan izan ezik.

e) Segurtasun Sailak segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruzko informazioa eman behar die.

f) Beren jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa bete ahal izango dute, Segurtasun Sailari garaiz jakinaraziz gero.

g) Desgaitasuna duten ikasleek baliabide nahikoak izango dituzte, babesa, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko.

h) Desgaitasuna duten ikasleek beren egoeraren ondorioz edo horrekin erlazionatuta dituzten jarduera edo egoera pertsonalak praktikak egitearekin bateratu ahal izango dituzte.

3.– Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten diharduten bitartean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Unibertsitateak kanpoko praktiken inguruan ezarritako arauak betetzea.

b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, Segurtasun Sailak hautatutako tutorearen argibideei jarraikiz eta Unibertsitateko tutorearen begiradapean.

c) Praktika egiten duten bitartean unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea, gerta daitekeen edozein gorabehera hari jakinaraztea, eta tutoreari bitarteko segimendua egiteko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria entregatzea.

d) Adostutako datan hastea Segurtasun Sailean lanean, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.

e) Prestakuntza-proiektua egitea eta Segurtasun Sailarekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuaren inguruan adostutakoaren arabera.

f) Praktiketako amaierako memoria egitea eta, halakorik beharko balitz, tarteko txosten bat egitea

g) Erakunde laguntzailearen barneko informazioa isilpean gordetzea, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktikek dirauten bitartean eta ondoren.

h) Segurtasun Sailaren politikarekiko errespetua erakustea une oro, eta UdLren izen ona zaintzea.

i) Indarrean dagoen arautegian aurreikusitako beste edozein betebehar.

4.– Ikasleak praktikaetara ez joateko aukera izango du azterketak egiteko, eta hiru egun lehenago emango dio horren berri irakasleari. Ikasleak ahal bezain laster jakinarazi beharko diro irakasleari edo tutoreari arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joan ezina, eta, kasu horretan, tutoreak horretarako baimena eman beharko du.

Zortzigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.

Segurtasun Sailak bere instalazio eta baliabideen erabilera bermatuko du praktikak egiteko, eta hartu ahal izango dituen ikasleen kopurua zehaztuko du.

Bederatzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– UdLk erantzukizun zibileko poliza bat du hitzartua, ikasleek praktikak egitean eragin ditzaketen kalteak ordaintzeko.

2.– Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalterik sortzen bada Segurtasun Saileko irakasleak ematen dituzten eta praktiketako programan ageri ez diren agindu edo jarraibideen ondorioz.

3.– Praktikak egiteko beharrezkoa izango da 28 urtez gorako ikasle bakoitzak aseguru bat sinatzea. Aseguru osagarri hori UdLk izenpetutako Cum Laude istripu-poliza kolektiboa izan daiteke, edo beste erakunde batek eskainitako beste aseguru bat, baldin eta, gutxienez, UdLren bidez eskaintzen diren kontzeptuak (Cum Laude) estaltzen baditu. Egokia irudituz gero, modu osagarrian kontratatu ahal izango da aseguru hori, aipatutako adina bete aurretik.

4.– Berezko Ikasketetan eskola-aseguruak ez dituenez ikasleak barne hartzen, sor daitezkeen kontingentziak Berezko Ikasketetako zuzendari akademikoak sinatutako polizarekin ordainduko dira.

5.– UdLrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetako ikasleek istripu-poliza bat kontratatu beharko dute, gutxienez Cum Laude polizaren antzeko estaldura izango duena, praktikak Segurtasun Sailean egin behar badituzte.

Hamargarrena.– Ikaslearen datuak babestea.

Segurtasun Sailean praktikak egiten dituzten ikasleen datuak hitzarmen honetan ezarritako xedeetarako baino ezin izango dira erabili.

Hamaikagarrena.– UdLren konpromisoak.

1.– Arestian aipatutakoei kalterik egin gabe, UdLk konpromiso hauek hartzen ditu parte hartzen duten ikasleekiko:

a) Hitzarmen honen baldintzak ikasleei jakinaraztea, eragiten dieten neurrian.

b) Ikasleek beren gain har ditzatela hitzarmen honen ondoriozko betebeharrak eta araudi aplikagarrien ondoriozkoak.

c) Ikasleek berariaz onar dezatela beren datuak ematea, aurreko klausulan aurreikusitako ondorioetarako.

2.– Aurrekoaren ondorioz, UdLk ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio Segurtasun Sailari.

Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek batzorde paritario bat sortuko dute, Segurtasun Sailaren eta UdLren bina ordezkariz osatua. Batzorde horretan, beste kide batzuek parte ahal izango dute, aldeek adostuta izendatzen badira.

2.– Batzorde horren ardura izango da jarraipena egitea, praktikak edo lanak egin bitartean edo hitzarmen hau betetzean sor litezkeen interpretazio- edo egikaritze-arazoak eta gorabeherak konpontzea, baita zaintza eta kontrola egitea ere. Horretarako, informazioa trukatuko du, sei hilean behin gutxienez, ikasleen jarduerei buruz.

3.– Batzordeak –jardunari, bileren aldizkakotasunari eta erabakien izaera lotesleari dagokienez– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015) Atariko Tituluaren II. kapituluan xedatutakoa beteko du, zeinak kide anitzeko organoen jarduna arautzen duen.

Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko iraupena izango du sinatzen duten egunetik eta, bi aldeek berariaz adostuz gero, lau urte gehiagora arte luzatu ahal izango da, betiere alderdi sinatzaileetako edozeinek salatu ezean. Hitzarmena salatuz gero, beste aldeari jakinarazi beharko zaio.

2.– Hitzarmena idatziz salatu beharko da, eta salatzeak ez du eraginik izango une horretan egiten ari diren praktiketan.

3.– Alderdietako batek hartutako konpromisoak bete ezean, hitzarmena indargabetzea eskatzeko eskubidea izango du besteak. Hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaio ez-betetzea, eta horrek praktikak lehenago bertan behera uztea egokia ote den erabaki beharko du, 10 eguneko epean, gehienez.

Hamalaugarrena.– Azkentzeko arrazoiak.

Hitzarmena azkendu egingo da hauetako bat gertatuz gero:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

b) Alde sinatzaile guztiek aho batez erabakitzea hitzarmena baliogabetzea.

c) Sinatzaileetakoren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak.

Kasu horretan, aldeetako edozeinek egin ahalko dio erreklamazioa ez-betetzea egin duen aldeari, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei jakinaraziko zaie.

Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura zuzendu zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoi bat dagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Arrazoi horregatik hitzarmena suntsitzen bada, baliteke sortutako kalteak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judizial batengatik.

e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.

Hamabosgarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

1.– Hitzarmen hau bere klausulen arabera arautuko da, eta administrazio-zuzenbidearen arabera interpretatu eta garatuko da.

2.– Alderdien artean sor daitezkeen eztabaidak ez baditu jarraipen-batzordeak konpontzen, eztabaidak administrazioarekiko auzien ordena jurisdikzionalean ebatziko dira.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, alderdiek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANIA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

Lleidako Unibertsitateko errektorea.
Eskuordetze bidez (2015/11/18ko Ebazpena, 2015/11/26ko Kataluniako Gobernuaren Egunkari Ofiziala, 7006. zk.).

Lleidako Unibertsitateko Irakasletzako errektoreordea,

FRANCISCO GARCÍA PASCUAL JAUNA.

HITZARMENAREN ERNASKINA.
PRESTAKUNTZA-PROIEKTUA, LLEIDAKO UNIBERTSITATEKO IKASLEEK ERAKUNDE KOLABORATZAILEETAN KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN.

1.– Prestakuntza-proiektuaren eta praktiketako hitzarmenaren datuak.

1.1 Prestakuntza-proiektuaren zenbakia:

1.2 Prestakuntza-proiektuaren data:

1.3 Prestakuntza-proiektu honek bete behar duen Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmenaren zenbakia:

1.4 Prestakuntza-proiektu honek bete behar duen praktiketako hitzarmenaren data:

2.– Unibertsitatearen datuak.

2.1 Ikaslea zein zentrotan matrikulatuta dagoen:

2.2.– Irakasgaiaren arduraduna den irakaslea (curriculum-praktikaren kasuan):

2.3 Tutorea:

2.4 Tutorearen telefono-zenbakia:

2.5 Tutorearen helbide elektronikoa:

3.– Enpresaren edo erakundearen datuak.

3.1 Enpresa edo erakundea, eta, hala badagokio, ordezkaritza:

3.2 Tutorea (praktika baloratzen duen azken txostena igortzeko arduraduna):

3.3 Tutorearen telefono-zenbakia:

3.4 Tutorearen helbide elektronikoa:

4.– Ikaslearen datuak.

4.1 Izen-abizenak:

4.2 NAN, AIZ edo pasaportea:

4.3 Telefono-zenbakia:

4.4 Helbide elektronikoa:

5.– Praktiken datu akademikoak.

5.1 Ikasketa-mota:

5.2 Ikaslea zein ikasketatan matrikulatu den:

5.3 Praktika-mota:

6.– Prestakuntza-proiektuaren datuak.

6.1 Praktiketako ordu-kopurua, guztira:

6.2 Eguneko ordu-kopurua:

6.3 Lanaldia:

6.4 Praktikaldia:

6.5 Praktikak egingo diren tokiaren helbidea:

6.6 Ikasleak praktikak egingo dituen enpresaren edo erakundearen saila edo arlo funtzionala:

6.7 Ikasleak praktiketan garatu beharko dituen zereginen deskribapena:

7.– Laguntza eta zerbitzuen kontraprestazioa.

7.1 Ikaslearentzako laguntza edo ikasketa-poltsa, halakorik adostu bada: 0.

7.2 Kontraprestazio ekonomikoa Lleidako Unibertsitateari, kudeaketa-gastuengatik, bidezkoa bada (curriculumetik kanpoko praktikak):0. Erakundeak ordainagiria erantsi du.

8.– Oharrak.

Hezkuntza-lankidetzako hitzarmena sinatu duen alderdi bakoitzeko ikasle-praktiken arduradunek egiaztatu eta sinatu dute prestakuntza-proiektu hau. Praktiken arduradunek, prestakuntza-proiektu honen edukiez gain, beste batzuk ere gehi ditzakete, elkarren artean adostu ondoren. Beste eduki batzuk gehitzen badira, prestakuntza-proiektu honetara erantsi beharko dira, aparteko orri batean.

Prestakuntza-proiektu indibidual hau sinatu dutenek bete egingo dituzte erakundeak eta Lleidako Unibertsitateak hezkuntza-lankidetzako hitzarmenean hartutako erabaki guztiak, bi alderdiek sinatu eta 1.3. zenbakian adierazi bezala.

Erantsitako orrian jaso da alderdi sinatzaileetako bakoitzak prestakuntza-proiektua garatu bitartean edukiko dituen eskubide eta betebeharren laburpena.

9.– Ikaslearen datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

Agiri honetan agertzen diren datu pertsonalak erakunde kolaboratzaileari lagako zaizkio, inplikatutako alderdien artean bidezkoak diren jakinarazpenak egin daitezen. Datuok tratatzean bete egin behar da erakundearen eta Lleidako Unibertsitatearen arteko hezkuntza-lankidetzako hitzarmeneko hamargarren erabakian ezarritakoa, datu pertsonalak babesteko legediaren ondoriozko segurtasun-neurriak eta beste betebehar batzuk tartean.

10.– Konfidentzialtasun-akordioa.

Prestakuntza-proiektu hau garatzean idatziz, ahoz edo beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ukiezinen bidez (egun ezagutzen ditugun edo teknologiak etorkizunean ahalbidetu ditzakeen bitartekoen bidez) eman daitekeen informazio oro babesteko, alderdi guztiek zin egiten dute ez dutela informazio konfidentzialik ezagutzera emango, praktika-arlotik kanpo erabiliko edo argitaratuko. Zehazki, adibide batzuk ematearren, informazio teknikoa, lanerako metodo edo ideiak, produktuak, marrazkiak, prozesuen diseinua, marken ereduak, copyright-eskubideak, protokoloak, kontratuak, zerbitzuak, prestakuntza-metodoak, negozio-planak, kostua eta beste programa batzuk mintzagai dituztenak izango dira informazio konfidentzial. Erakunde kolaboratzaileak, beharrezko irizten badio, prestakuntza-proiektu honetarako konfidentzialtasun-akordio osagarri eta zehatz bat formalizatzeko eskatu ahalko du.

Konfidentzialtasun-akordio zehatzaren eranskina: bai / ez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala