Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2018ko maiatzaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2520

85/2018 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Durangoko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen horren bidez, udalerri horretako zenbait lokal deribazio judizialaren bidezko familia-elkargune gisa erabiltzeko baimen-akordioaren baldintzak jasotzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Durangoko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, zeinaren bidez udalerri horretako zenbait lokal deribazio judizialaren bidezko familia-elkargune gisa erabiltzeko baimen-akordioaren baldintzak jasotzen baitira. Hitzarmena ebazpen honen eranskin gisa doa.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 26KO 85/2018 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA DURANGOKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, DURANGON LOKAL JAKIN BATZUK ERABILTZEKO BAIMEN-AKORDIOAREN BALDINTZAK JASOTZEN DITUENA

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 20a.

Alde batetik, María Jesús Carmen San José López andrea, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburua –2016ko azaroaren 26ko 36/2016 Dekretuaren bidez izendatua–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan eta Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 26. artikuluak nahiz Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 3. artikuluak ematen dizkioten eskumenez baliatuz.

Bestetik, Aitziber Irigoras Alberdi Durangoko alkatea, erakunde horren ordezkari-lanetan.

Bi alderdiek egintza honetan esku-hartu ahal izateko baldintza eta izaera aitortzen diote elkarri, eta, era berean, agiri hau egiteko legezko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri. Horretarako, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituen uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren (azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatzen duenaren) xedapen gehigarriak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak justizia-arloan eskuduna den sailaren bidez abiaraziko ditu deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak, lehentasuna emanez biztanleria handiagoa duten udalerriei, eskariaren arabera.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Bizigarri elkartearekin egindako kudeaketa-kontratuaren bidez, Bizkaiko Familia Elkargunea kudeatzen du. Elkarguneak Bilbon dauka egoitza, eta, bertan, arreta ematen zaie Bizkaiko lurralde historikoan bizi diren pertsonen bisitei, zeinak judizialki zehazten diren.

Hirugarrena.– Familia Elkarguneko zerbitzuen erabiltzaileei ematen zaien arreta hobetzeko, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloan eskuduna den sailak eta Durangoko Udalak zerbitzu horiek eman nahi dizkiete Durangoko Merinaldearen Mankomunitatea eta Lea Artibaiko Mankomunitatea osatzen dituzten udalerrietan, Berrizen eta Durangoko Udalaren titulartasuneko udal-bulegoetako baliabidera sartzea eskatu ahalko duten inguruko beste udalerri batzuetan bizi diren pertsonei.

Laugarrena.– Durangoko Udala da udalerri horretako Pinondo plaza kaleko 11. zenbakian dagoen finkaren jabe titularra. Honako hauek dira finkaren ezaugarriak:

– Izena: Pinondo plaza kaleko 11. zenbakian dagoen finka.

– Generoa: Higiezinak.

– Jabariaren izaera: Ondarea.

– Ondasun higiezin mota: Beste batzuk.

– Kokalekua: Pinondo plaza 11.

– Azalpena: Sotora jaisteko arrapalaren ezkerraldean eta 11. atariaren 32-A elementuaren eskuinaldean dagoen lokala.

– Azalera: 79,82 m2

Lokal horrek bete egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituen uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren V. kapituluan eskatzen diren ezaugarriak.

Bosgarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1.k) artikuluak administrazioen harremanetarako ezartzen dituen printzipio orokorretan kokatzen da administrazio publikoen arteko lankidetza.

Xede horretarako, beren artean edo gainerako administrazioekin lankidetza-hitzarmenak egiteko aukera jasotzen du Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100.1. artikuluak, kudeaketa publikoa efizientea izan dadin eta administrazio-bikoiztasunak saihets edo deusezta daitezen.

Aurrekoarekin batera, eta 2/2016 Legearen 100.2. artikuluaren arabera, honako hau da lankidetza-hitzarmenen helburua: sektore edo biztanleria jakin bati bideratutako sustapen-politikak koordinatzea; aldeetako baten eskumeneko obra edo zerbitzuak burutzea; lege honetan zehaztutako eskumenak garatzeko –propioak, transferituak, eskuordetuak edo bestelakoak– behar diren egoitza, lokalak edo eraikinak partekatzea; ondarezko ondasunak erabiltzeko lagatzea eta lagapenak onartzea; prestazio-jarduerak garatzea; hala dagokionean, obra, ondasun eta zerbitzuen administrazio-kontratazioa arrazionalizatu eta zentralizatzeko mekanismoak jartzea; administrazio-zerbitzuak multzokatzea, eta, finean, aurrekoen antzeko beste edozein helburu lortzeko behar diren neurriak hartzea.

Aurreko guztia dela-eta, alderdiei lankidetza-hitzarmen hau sinatzea komeni zaie, administrazio publikoen artean alor honetako lankidetza arduratsua lortu nahian, aipatutako lokalen erabilera-baimena eman ahal izateko Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailari, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Durangoko Udalaren arteko lankidetza eratzea da hitzarmen honen helburua, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunearen jarduera egin dadin Durangon.

Bigarrena.– Izaera juridikoa.

1.– Hitzarmena administratiboa da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluak eta hurrengoek lankidetza-hitzarmenei buruz xedatutakoa betez; ez da 9/2017 Legearen (azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa) aplikazio-eremuan sartzen.

2.– Hitzarmenaren interpretazioan eta egikaritzean sor litezkeen auziak alderdien adostasunez ebatziko dira, bosgarren klausulan aurreikusitako batzordean. Hala ere, hitzarmenaren administrazio-izaera dela kausa, bere interpretazio eta aplikazioan sortzen diren desadostasunak, alderdiek konpondu ezin badituzte, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Durangoko Udalaren betebeharrak.

Durangoko Udalak betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

1.– Egintza honen bidez, Durangoko Udalak baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailari, aldi jakin baterako, doan eta kontraprestaziorik gabe, hitzarmen honen laugarren zenbakian deskribatu den finka erabiltzeko, modu partekatuan, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunearen jarduerara bideratu dadin lokala. Egun eta ordu hauetan ezarriko da erabilera hori, hasiera baterako eta Jarraipen Batzordeak bi aldeak ados egonik aldatzeko aukerarekin:

– Asteazkenetan: 16:00etatik 20:00etara.

– Ostiraletan: 16:00etatik 20:00etara.

– Larunbatetan: 09:00etatik 14:00etara.

– Igandeetan: 09:00etatik 14:00etara.

2.– Durangoko Udalak erabiltzeko arauak ezarri beharko ditu, eta instalazioen zuzeneko erabilera egitean arau horiek bete beharko dituzte Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailak edo, hala badagokio, zerbitzuaren adjudikaziodun diren erakundeek, sail horrek irekita dituen edo bideratu ditzakeen administrazio-kontratazio espedienteen arabera.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloan eskumena duen sailaren betebeharrak.

1.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailak betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

1) Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunea izateko bideratuko du lokala, zeinaren erabilera baimentzen den.

2) Eusko Jaurlaritzak Durangoko Udalak aurretiaz ezarritako araudiaren arabera kudeatuko ditu erabil ditzakeen lekuak.

3) Urtean, gehienez ere, 10.000 eurorekin lagunduko die, besteren artean, hauei:

a) Lokalak behar bezala kudeatzeko behar diren horniduren eta garbiketaren gastuei.

b) Erabiltzen dituen guneak kontserbatzeko eta horietan mantentze-lanak egiteko gastuei, erabiltzailea den heinean dagokionaren arabera; bereziki, lokala emango zaion erabilerarako egoera onean edukitzeko behar diren ohiko konponketak egingo ditu.

c) Lokalaren erantzukizun zibileko aseguruaren prima ordainduko du, edukitzailearen gainekoa. Bestetik, edukitzailearen edukia aseguratuko du.

d) Lokalak erabiltzearen ondoriozko bestelako edozein gasturi lagunduko dio.

4) Hitzarmena amaitzen denean, lokala erabiltzeari utziko dio; Durangoko Udalaren esku utziko du berriro, erabilera baimendu zeneko baldintza beretan.

5) Lokala erabiltzearen ondorioz sortzen diren gastuak abonatuko ditu, hitzarmen honen Jarraipen Batzordeak erabakitzen duen ehunekoaren proportzioan. Udalak gastuen ziurtagiria aurkeztu ondoren egingo da abonua, otsailaren 28a baino lehen.

Bosgarrena.– Hitzarmena betetzen dela ziurtatzeko jarraipen- eta kontrol-araubidea.

1.– Hitzarmen hau sinatutakoan, Jarraipen eta Kontrol Batzordea sortuko da, eta hitzarmenean ezarritakoa gauzatzeko koordinazioaz, kontrolaz, gainbegiraketaz eta informazioaz arduratuko da.

2.– Jarraipen Batzorde hori kide anitzeko organo mistoa izango da, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Ahal izanez gero, adostasunez hartuko dira akordioak; hori ezinezkoa bada, kideen gehiengoaren botoarekin, eta, berdintasunik badago, presidentearen botoak erabakiko du.

3.– Alde sinatzaileen bina ordezkarik osatuko dute Jarraipen eta Kontrol Batzordea. Sinatu ondoren, alde bakoitzak bere lehen ordezkariak izendatuko ditu.

4.– Batzordeburu izatea Justizia Zerbitzuko titularrari edo hark eskuordetzen duenari egokituko zaio, eta idazkari izatea, berriz, Justizia Zuzendaritzako teknikarien ordezkari bati.

5.– Jarraipen eta Kontrol Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, Justizia Zuzendaritzaren ekimenez, eta alderdi sinatzaileetako batek eskatzen duen guztietan.

Jorratu beharreko gaiaren arabera, aholkulariak joan ahal izango dira batzordearen bileretara, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

6.– Batzorde horrek honako eginkizun hauek izango ditu batez ere:

a) Hitzarmen honen helburu diren jarduerak eta betebeharrak garatzea eta betetzea sustatzea. Hitzarmen honen xede diren jardueren garapena sustatzea, eta zaintzea ea alderdiek betebeharrak betetzen dituzten.

b) Koordinazio-mekanismoak ezartzea alde sinatzaileen arteko harremanaren jarioa errazteko.

c) Hitzarmenaren helburua hobeto lortzeko egokitzat jotzen diren hedapenak eta hobekuntzak proposatzea.

d) Hitzarmena indarrean dagoen artean agertzen diren zalantzak, hutsuneak eta gai gatazkatsuak interpretatzea, eta, hala badagokio, ebaztea.

e) Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailak lokala zenbat erabiltzen duten egiaztatuko da, ehunekoetan, azken horri dagozkion gastuen zenbatekoa zehazteko xedez.

f) Hitzarmen hau indarrean egonik, beharrezkotzat jotzen diren aldaketak proposatu ahalko dira, alde sinatzaileek hala hitzartzen badute, eta hitzartzen diren aldaketak eranskin gisa gehituko zaizkio hitzarmenari.

Seigarrena.– Elkarrekikotasuna.

Sinatzen duten bi alderdiek elkarrekiko konpromiso hau hartu dute: hitzarmenarekin zerikusia duten gai guztietan aktiboki lankidetzan aritzea eta dauzkaten informazio, ezagutza eta esperientziak trukatzea, hitzarmen honen helburua ahalik eta ongien betetzeko eta baliabideak une bakoitzeko beharretara moldatzeko.

Zazpigarrena.– Hitzarmena amaitzea.

Honakoak izango dira hitzarmena indargabetzeko arrazoiak:

1.– Bi alderdiek horixe adostea.

2.– Hitzarmena sinatzerakoan hartutako betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian urratzea.

3.– Unean uneko ekitaldi ekonomikorako kreditu egoki eta nahikorik ez dagoelako.

4.– Indarrean dauden legeetan hitzarmena suntsitzeko beste edozein arrazoi egotea.

5.– Aldeetako edozeinen ebazpenaren bidez. Ebazpen hori modu frogagarrian aurkeztu beharko da, hitzarmena amaitu baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko iraupena izango du. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena gehienez ere beste lau (4) urtez luzatzea; beti ere, hartu diren konpromisoak behar bezala betetzen badira eta Durangoko Udalak higiezina beste jarduera baterako berreskuratu behar ez badu.

2.– Hitzarmena suntsiarazten bada, alderdiak behartuta egongo dira nork bere betebeharrak betetzera, suntsipena gauzatzen den egunera arte, edo hartutako betebeharren ondorioak amaitzen diren egunera arte.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, beren eskumenak baliatuz, behar bezala jasota geratzeko eta ados daudela adierazteko, hasieran adierazitako lekuan eta egunean bi aletan eta ondorio bakarraz sinatu dute hitzarmen hau.

Lan eta Justizia Saileko sailburua,

M.ª JESÚS SAN JOSÉ LÓPEZ.

Durangoko Udaleko alkatea,

AITZIBER IRIGORAS ALBERDI.


Azterketa dokumentala