Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2018ko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2440

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 24koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Bulego Fiskalean «Goi-kargudunaren idazkariaren» lanpostu bat izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Bulego Fiskalean, hutsik dago goi-kargudunaren idazkariaren lanpostu bat (lanpostua: 580012; dotazioa: 1). Hori dela-eta, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartzen duen 1451/2005 Errege Dekretuaren 57. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (abenduaren 27ko BOE, 309. zk.), aditzera ematen da lanpostu hori izendapen askearen sistemaren bidez betetzeko deialdia. Lanpostu horretan, eginkizun hauek bete beharko dira: kudeaketan lagundu eta agendez arduratzea; dokumentuak transkribatzea; bilerak, bidaiak eta joan-etorriak antolatu eta prestatzea; eta, oro har, laguntza ematea EAEko fiskal gorenari, beste edozein egiteko edo zeregin betetzen. Bestalde, lanpostu horren izena, kokalekua eta ordainsariak ebazpen honen eranskinean daude zehaztuta.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Prozesu eta Administrazio Izapidetze Kidegoko karrerako funtzionarioek eskatu ahal izango dute deialdi honetako lanpostua, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, jarduneko zerbitzuan badaude edo, bestela, lanpostua gordetzea dakarren beste edozein egoeratan.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak aurkezteko, interesdunek hamar egun naturaleko epea izango dute, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideetan, datu pertsonalak eta gaur egun betetzen duten lanpostua adieraziko dituzte. Ebazpena BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da epea.

Eskabideak Justizia Administrazioko zuzendariari zuzendu behar zaizkio eta Gasteiz, Donostia edo Bilboko EATetako sarrera-erregistroetan, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz) edo indarrean dagoen administrazio-prozeduraren arautegiak ezarritako moduan aurkeztu behar dira.

Eskabidearekin batera, curriculum vitae bat aurkeztu beharko dute, eskatzen diren betekizunen eta azaldutako merezimenduen egiaztagirien fotokopia konpultsatuez gain. Curriculum vitaean hauek adieraziko dira:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai administrazioan, bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, argitara emandako lan zientifikoak, aurkeztutako txostenak, hizkuntzak, eta hautagaiek egoki iritzitako gainerako merezimenduak.

Hirugarrena.– Ebazpena eta destinoa esleitzea.

1.– Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 59. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, izendapena egin ahal izateko, lanpostu-zerrendetan lanpostuak daukan arduradunak txostena egin behar du, aurrez.

2.– Deialdi hau Justizia Administrazioko zuzendariaren ebazpen baten bidez erabakiko da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, gehienez ere bi hilabeteko epean eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epea luzatu ahal izango da, salbuespenez, hilabete batez gehienez jota. Ebazpena BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da epea.

3.– Izendatutako funtzionarioa destino berriaz jabetzeko, Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduko 52. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Destinoaz jabetu aurretik, interesdunak modu frogagarrian adierazi beharko du ez dagoela araudian ezarritako bateraezintasun-egoera bakar batean ere.

4.– Izendapena egin zuen agintariak berak kendu dezake lanpostutik izendatutakoa, diskrezionalki. Izendatutakoak ere uko egin diezaioke lanpostuari, eskabide arrazoitu baten bidez egin ere, betiere lanpostuan gutxienez urtebetez jardun baldin badu. Eskabidean, bestalde, ukoaren arrazoi profesional eta pertsonalak adierazi beharko ditu. Lanpostutik kendutako edo lanpostuari uko egindako langilea, behin betiko beste lanpostu bat lortu bitartean, behin behinean atxikiko zaio bere kidegoko beste lanpostu bati, udalerri berean. Atxikitze horrek kargugabetzearen ebazpena edo ukoa onartzekoa eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Lanpostutik kendutako edo lanpostuari uko egindako funtzionarioak lehentasuna izango du, jardunean aritzen zen herriko lanpostu generikoak betetzeko, lehiaketara deitzen diren lehenengo aldian; gainera, herri horretan deitutako lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa horretan parte hartu ezean, edo lanposturik lortu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.

Laugarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango zaio Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Gora jotzeko errekurtsoa ezarri zenetik hiru hilabete igaro badira, eta ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da, eta administrazioarekiko auzietako bidea zabalik geratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 24a.

Justizia Administrazioko zuzendaria,

MARIA ISABEL GABRIEL BELLIDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala