Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2018ko maiatzaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2400

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 19koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, aldatzeko 2017ko urtarrilaren 25eko ebazpena, gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko dena. Aldaketa kontratazioaren alorreko eskumenei dagokie.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratazio mahaiaren osaerarekin zerikusia daukaten hainbat gai aipatzen dira eta, horrexegatik, baldintza berrietara egokitzeko erabakiak hartu behar dira.

Besteak beste, 236. artikuluak dio ordezkaritza kargu publikoek ezingo dutela hartu parte kontratazio mahaietan eta ezingo dituztela egin eskaintzak baloratzeko txostenak, ezta konfiantzako langileek ere. Bestalde, bitarteko funtzionarioek parte hartu ahal izango dute mahaietan baldin eta behar besteko kualifikazioa daukaten karrerako funtzionariorik ez badago, eta hori egiaztatuta badago espedientean. Dena delako kontratuaren dokumentazio teknikoaren idazketan parte hartu duten langileak ere ezingo dira izan kontratazio mahaietako kide, aipatutako legeko bigarren xedapen gehigarrian adierazitako kasuetan izan ezik.

Aipatutako artikuluak 4. atalean dioenez, kontratazio mahaiko kideak kontratazio organoak izendatu behar ditu.

Arestian azaldutakoaz gain, neurri zehatzak hartu behar dira kontratazio prozesuen kudeaketa arrazionalizatu eta optimizatzeko, aipatu den legeko 118. artikuluan adierazitako kontratu txikiei dagokienez, unibertsitatearen Estatutuetako 230.1 artikuluan jasotako gaikuntzaz baliatuta.

Azaldutakoagatik guztiagatik, eta, batetik, egokitzeko gaur egungo kontratazio mahaiaren osaera Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legeak xedatutakoari eta, bestetik, optimizatzeko aipatu diren kontratazio prozesuen kudeaketa, unibertsitatearen Estatutuetako 178., 180.1 eta 181. artikuluek emandako eskumenen babesean, eta kontuan hartuta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 8. eta 9. artikuluek diotena, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiko zazpi zenbakidun atala (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehaztu eta eskumenak eskuordetzen dituen erabakia). Atal hori honela geratuko da:

«Zazpigarrena.– Kontratazioaren arloko eskumenak

1.– Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen arabera, kontratazio organoen berezko eskuduntzak errektoreak baliatuko ditu, unibertsitatearen Estatutuetako 230.1 artikuluarekin bat etorriz ahalmen hori eskuordetu badezake ere.

Estatutuetako aurreikuspen horren arabera, UPV/EHUko gerenteari eskuordetuko zaizkio bost milioi euroko aurrekontua edo txikiagoa (BEZ gabe) duten kontratuak, kontratu txikiak izan ezik. Kontratu horiek eskuordetuko zaizkie UPV/EHUren Aurrekontuetako Gestio Ekonomikoaren Araubide Orokorreko 2. atalean aipatzen diren gune organikoetako organo arduradunei.

Aipatutako gune organikoen gestio ekonomikoaren arduradun biak (lehenengo eta bigarren sinatzailea) unibertsitateko organoak badira, unibertsitatearen Estatutuetako 11. artikuluaren arabera, lehenengoak izango du eskuordetza; arduradun bietako bat ere ez bada unibertsitateko organoa, kasuan kasuko errektoreorde eskudunak izango du.

Edonola ere, erabaki honen arabera eskumena eskuordetuta izango dutenei aplikatuko zaie Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legeko hogeita zortzigarren xedapen gehigarrian adierazitakoa, erantzukizunari dagokionez, beharrezkoa izanez gero.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateko Kontratazio Mahai Iraunkorra kide hauek osatuko dute, bai legeen arabera mahai hori egotea nahitaezkoa eta beharrezkoa denean bai mahaia egotea aukerakoa denean:

a) Mahaiburua: Kontratazio Zerbitzuko burua; eta pertsona hori kanpoan edo gaixorik badago, beste edozein arrazoirengatik ez badago, edo lanpostua hutsik badago, Kontratazio Zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari batek ordezkatuko du.

b) Mahaikideak:

– Kontratazio Zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari bat.

– Lege Zerbitzuari atxikitako teknikari abokatu bat.

– Barne Kontroleko Zerbitzuko burua; eta pertsona hori kanpoan edo gaixorik badago, beste edozein arrazoirengatik ez badago, edo lanpostua hutsik badago, aipatutako zerbitzuari atxikitako auditore batek ordezkatuko du.

– Kontabilitate Zerbitzuko burua; eta pertsona hori kanpoan edo gaixorik badago, beste edozein arrazoirengatik ez badago, edo lanpostua hutsik badago, aipatutako zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari batek ordezkatuko du.

c) Idazkaria: Kontratazio Zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari bat.

Funtzionamendu araubidea izango da sektore publikoaren kontratuei buruzko lege eta arauetan xedatutakoa eta, osagarri moduan, kontuan hartuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoen gainean xedatzen duena. »

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetzea Euskal Herriko Unibertsitateko gerentearen 2010eko apirilaren 27koa erabakia, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Kontratazio Mahaiaren osaera eratzeko dena (2010eko ekainaren 8ko EHAA, 107. zk).

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.

Leioa, 2018ko apirilaren 19a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana