Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2018ko maiatzaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2367

AGINDUA, 2018ko martxoaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita, 2018ko ekitaldirako, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak garatzen dituzten enpresa txiki eta ertainei laguntzeko Pilotu programa.

Enpresen nazioartekotzea 1980ko hamarkadatik hona Jaurlaritzak diseinatu dituen industria- eta lehiakortasun-plan guztietan agertu da, eta Euskadiko industria-jardueraren lehiakortasuna indartzen lagundu du. Egungo abagunea bereziki egokia da nazioartekotzearen alorreko helburu berriei ekiteko. 2016an, Euskadiko ekonomiak 2008ko jarduera ekonomikoaren maila berreskuratu zuen, eta industriaren sektorea berriz ere hasi zen enplegu garbia sortzen. Esportazioek ekarpen handia egin diote susperraldi horri, eta nazioarteko jardueran hazteko eta lehiakor izateko aukera berriak aurkitu dituzten enpresa ugariren salbazioa izan dira.

Beraz, euskal enpresak suspertzeko eta ekimenerako gaitasuna erakusten ari dira. Baina ez bakarrik sektore tradizionaletan. Beste jarduera-esparru batzuetan ere, enpresek irudimen handia erakutsi dute, eta lehengo arazoak soluzio berritzaileekin konpondu dituzte.

Halere, bezero potentzialek, batez ere erakunde publikoak badira, zailtasunak dituzte arriskatzeko eta soluzio irudimentsuak abian jartzeko, eta, horregatik, nahiago dute esperientzia pilotuak probatzea. Horrela, gure enpresek proposatutako metodo edo sistemaren eraginkortasuna probatzen dute. Erakunde publikoa aipatutako arriskuari aurre egiteko prest egon arren, askotan, mesfidati agertzen da, eta ez du nahi izaten esperientziaren zenbateko osoa bere gain hartu.

Egoera horretan dauden euskal enpresei laguntzeko asmoarekin, deialdi honen azken xedea da nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak garatu behar dituzten EAEko enpresa txiki eta ertainei laguntzea, egiteko modu, metodologia eta proposamen berritzaileak probatzeko. Horiek guztiak, hasiera batean, eskala murriztuan egingo dira, eta, esperientzia horretatik abiatuta, baliteke gero bolumen handiagoko proiektuetan aplikatu ahal izatea. Ezinbestekoa da horiek atzerriko erakunde publiko baten konpromisoa izatea, zeinak esperientzia pilotuaren xede den proiektua garatzeko eskumenak izango baititu, proiektua abian jartzea zati batean finantzatu ahal izateko.

Eta, azaldutakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2018ko ekitaldirako itzuli beharrik gabeko laguntzen programa bat arautzea eta iragartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak diseinatzen eta garatzen parte hartu nahi duten enpresa txiki eta ertainei zuzendua.

Agindu honen ondorioetarako, honako hau ulertuko da nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu gisa: atzerrian inbertsio publikoko proiektu bat egitearen egokitasuna ebaluatzea xede duen inbertsioa, gutxieneko eskalan. Horretarako, beharrezko azterlanak izan beharko ditu, ondorioztatzeko destinoko herrialdeko agintariek ezarritako politika-ildoekin bat datorrela eta sozialki errentagarria eta jasangarria dela. Irizpide horietan oinarritzen da proiektuaren bideragarritasun-deklarazioa, proiektua egikaritzen hasteko ezinbesteko betekizuna.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak eta betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen onuradun honako hauek izan ahalko dira: EAEn kokatuta dauden edo EAEn ekoizpen-instalazioa duten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak), baldin eta indarreko nazioartekotze-plan estrategikoa badute eta nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinu eta garapenean parte hartzeko finantzaketa behar badute; proiektu horien xedea izango da egiteko modu, metodologia edo proposamen berritzaileak probatzea –hasiera batean, eskala murriztuan egingo dira, eta, esperientzia horretatik abiatuta, baliteke gero bolumen handiagoko proiektuetan aplikatu ahal izatea–.

2.– Eskatzaileak onuradun izan ahalko dira, baldin eta atzerriko erakunde publiko batekin akordio bat sinatu badute; erakunde publiko horrek esperientzia pilotuaren xede den proiektua garatzeko eskumenak izan beharko ditu, bai eta proiektua abian jartzea zati batean finantzatzeko aurrekontua ere.

3.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, baita diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.

4.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, enpresa eskatzaileak ezin izango du eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo diru-laguntzak eskuratzeko aukera galarazten dionik, eta, halaber, ezingo da horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekuren batean egon, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan administrazio publikoekiko lotura edo mendetasuna duten ETEak eta administrazio instituzionalekoak, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legearen) 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, ez eta krisialdian dauden enpresak ere; krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioarekin bat eginez (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

6.– Onuradun izateko izaera diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira. Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino altuagoa izango, eta, edonola ere, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legearen) 31. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko da.

2.– Laguntza jaso dezaketen gastuak hauekin lotutakoak izango dira: proiektuaren diseinua, proiektuaren inplementazioa eta emaitzak lortu eta aztertzea, beste kasu batzuetan ere erabil daitekeen ikusteko.

3.– Ez dira diruz lagunduko erakunde publikoek fakturatu dituzten eta prezio publikoei lotuta dauden zerbitzuak.

4.– Laguntza honek izan behar duen ondorio bultzatzailea babesteko, laguntzaren xede den proiektuaren diseinua ezin izango da hasita egon eskaeraren aurkezpen-datan.

4. artikulua.– Diru-laguntzen mugak eta zenbatekoak.

1.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat garatzeko laguntza jaso ahal izango du; halere, ez da mugarik jartzen aurkeztu beharreko eskaera-kopuruari dagokionez.

2.– Diruz lagundu beharreko proiektuaren zenbateko osoa ezin izango da 150.000,00 eurotik gorakoa izan, eta proiektua garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publikoak proiektuaren kostuaren % 49 ordaindu beharko du, gutxienez.

Enpresa onuradunentzako laguntzek muga hauek izango dituzte: gehienez proiektuaren kostuaren % 51, eta gehienez 50.000,00 euro.

3.– Diru-laguntzen zenbatekoak:

a) Aurreko paragrafoan arautzen diren laguntzen % 70eko zenbatekoa esleituko zaie 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten eskaerei, aipatutako paragrafoan aurreikusitako mugekin.

b) Aurreko paragrafoan arautzen diren laguntzen % 80ko zenbatekoa esleituko zaie 60 eta 69 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten eskaerei, aipatutako paragrafoan aurreikusitako mugekin.

c) Aurreko paragrafoan arautzen diren laguntzen % 90eko zenbatekoa esleituko zaie 70 eta 79 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten eskaerei, aipatutako paragrafoan aurreikusitako mugekin.

d) Aurreko paragrafoan arautzen diren laguntzen % 100eko zenbatekoa esleituko zaie 79 puntutik gorako balorazioa jasotzen duten eskaerei, aipatutako paragrafoan aurreikusitako mugekin.

Baztertu egingo dira 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honetara 200.000,00 euro bideratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean daude kontsignatuta. Deialdi honen kargura emango diren laguntzak ez dira izango aipatutako kontsignazioa baino handiagoak, edo hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa baino handiagoak, baldin eta indarreko legeriaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, nazioartekotze-arloan eskuduna den sailak beste laguntza-programa batzuk burututakoan aurrekontuan agortu gabeko diru-kopururik geratzen bada, eta horiek ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta egoera hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.

6. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek, agindu honetan jasotako helburu berberarekin, emandako laguntzekin, betiere diruz lagundutako jarduera jarduera bera bada, agindu honen 2.2 artikuluan aipatzen den atzerriko erakunde publikoaren salbuespenarekin.

Betiere, agindu honetan ezarritako laguntzek 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EB) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte; izan ere, laguntza hauei edo Europar Batasunaren esparruan emandako beste jarraibide edo xedapen batzuei dagokie erregelamendu hori.

7. artikulua.– Prozedura hastea eta eskaerak aurkeztea.

1.– Nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinu eta garapenean parte hartzeko laguntzak, agindu honen bidez arautu eta iragarriak, publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera eta prozedura ireki baten esparruan emango dira, harik eta ezarritako aurrekontua agortzen den arte. Ordenari jarraituz egingo da hori, espedienteak osatzen diren uneari erreparatuta. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta 2018ko urriaren 31n amaituko da, 12:00etan, edo, 5. artikuluan arautzen den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta diru-laguntzak emateko deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 14.2 artikuluaren arabera. Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak www.euskadi.eus webgunearen bidez beteko dira.

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean) xedatutakoa betez.

6.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

7.– Diru-laguntzarako eskabiderik aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. artikulua.– Eskabideen edukia.

1.– Betetako eskabidean, erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, honako hauek ere jaso beharko dira:

a) Erakundea eratzeko eskrituraren kopia.

b) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia, salbu eta agiri hori sailaren esku badago dagoeneko, eta indarrean.

c) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

d) Indarreko plan estrategikoa edo nazioartekotze-plana, bertan alderdi hauek jasotzen direla: negozio-unitatearen inguruko gogoeta, lehiakideen azterketa bat, negozio-unitatearen balio-eskaintza, lehiatzeko abantailak, sarbideen azterketa, merkatuen eta herrialdeen analisia, nazioartekotze-estrategia, merkatuen segmentazioaren analisia, salmenten proiekzioak eta planaren koherentzia.

e) Laguntzaren xede den proiektu pilotuaren memoria xehatua, beste kasu batzuetan ere aplikatzeko aukeren aurreikuspena zehaztuta.

f) Atzerriko erakunde publiko batekin sinatutako akordioa, proiektu pilotu baten diseinuan parte hartzeko. Akordio horretan, hauek jasoko dira: bi alderdiek proiektua egiteko azaldu duten konpromisoa, finantzaketa-ituna, aurreikusitako gastuen aurrekontu xehatua, beste kasu batzuetan ere aplikatzeko aukeren aurreikuspena eta proiektua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen den guztia.

g) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

• Mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain bezala duen izaera ETE kalifikazioaren baliokidea dela, Europar Batasuneko araudiaren arabera.

• Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako minimis laguntzak, minimis laguntzei buruz Batzordeak emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta daudenak, hain zuzen ere.

• Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

• Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003 Legearen) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985 Legean) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

• Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

• Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

• Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

• Honako enpresa hauei ere eragiten dieten diru-laguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.

4.– Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).

5.– Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren aurkeztutako azken formularioa (200. eredua); bertan adierazi beharko da eskatzailea ETE bat dela.

6.– Behar beste agiri, honako alderdi hauek egiaztatzeko: helmugako merkatura egiten diren esportazioak, enpresaren tamaina, sektore-elkarte bateko edo klusterrak dinamizatzeko elkarte bateko kidea den, emakumeek eskatzailearen zuzendaritza-organoetan duten parte-hartzea, beka-programekiko lankidetza eta gizarte-erantzukizuna. Horien bidez eskabidea baloratuko da, hurrengo artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz.

7.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

8.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Nazioartekotzeko zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten enpresa txiki eta ertainei emango zaizkie laguntzak, betiere honako balorazio-irizpide hauen arabera:

A) 1. irizpidea: Plan estrategikoa, gehienez ere 30 puntu.

a) Enpresen nazioartekotze-estrategia lizitazio publikoetan parte hartzea bada, 30 puntu.

b) Enpresaren estrategia beste bat bada, 20 puntu.

B) 2. irizpidea: aurkeztutako proiektuaren konplexutasuna, gehienez ere 25 puntu.

a) Inbertsioaren edo metodologiaren berritasuna eta ingurune geografikora egokitzea, 15 puntu.

b) Ahalmen biderkatzailea edo geroago euskal enpresa batek ustiatzeko aukera, 10 puntu.

C) 3. irizpidea: proiektua beste kasu batzuetan ere aplikatzeko aukera, gehienez ere 20 puntu.

a) Atzerriko erakunde publikoaren iritziz, gutxienez beste 10 aldiz aplika daiteke 5 urteko epean; 20 puntu.

b) Atzerriko erakunde publikoaren iritziz, gutxienez beste 5 aldiz aplika daiteke 5 urteko epean; 15 puntu.

D) 4. irizpidea: esportazioen zifra helmugako merkatuan, gehienez ere 5 puntu.

a) Enpresa eskatzailearen fakturazioaren % 10 baino gutxiago merkatu horretan, 5 puntu.

b) Enpresa eskatzailearen fakturazioaren % 10 baino gehiago merkatu horretan, 3 puntu.

E) 5. irizpidea. Enpresaren tamaina, gehienez ere 5 puntu.

a) 50 langiletik behera: 5 puntu.

b) 50 eta 149 langile artean: 3 puntu.

c) 150 langiletik gora: puntu 1.

F) 6. irizpidea: lankidetza, gehienez ere 5 puntu.

a) Enpresa eskatzailea klusterra dinamizatzeko elkarte bateko kidea da, 5 puntu.

b) Enpresa eskatzailea sektore-elkarte bateko kidea da, 3 puntu.

G) 7. irizpidea: Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-organoetan, gehienez ere 5 puntu.

a) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan % 40koa edo hortik gorakoa da, 5 puntu.

b) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan % 10etik gorakoa eta % 40tik beherakoa da, 3 puntu.

H) 8. irizpidea: erakunde eskatzaileak duen lankidetza Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Beken programarekin edo nazioartekotzea sustatzen duten beste agentzia batzuen antzeko programekin.

a) Ez dauka bekadunik, eta ez du bekadun izandakorik kontratatu: 0 puntu.

b) Bekadunak izan ditu 2017an, edo bekadunak ditu 2018an: puntu 1.

c) Bekadun izandakoak kontratatu ditu 2017an edo 2018an: 3 puntu.

I) 9. irizpidea: Gizarte-erantzukizuna. Erakunde eskatzailearen konpromisoa euskararekin, ingurumenarekin, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitearekin eta, oro har, gizarte-erantzukizuna osatzen duten alderdiekin, bai eta konpromisoa helmugako merkatuarekin ere: 2 puntu.

10. artikulua.– Laguntzak ematea.

1.– Emateko edo ukatzeko ebazpena ematea Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio; bertan, berariaz adieraziko da minimis laguntzak direla, eta honako hauek jasoko dira gutxienez:

– Lortutako balorazioa.

– Diruz lagundutako proiektua.

– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

– Justifikazio-fasea amaitu arte egin behar diren urratsen eta fase horretan aurkeztu behar diren agirien zerrenda.

2.– Eskabide bat ukatzen bada, ebazpenean ukatze horren arrazoiak zehaztuko dira.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea behar bezala beteta aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera baietsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, organo eskudunak diru-laguntzaren inguruko ebazpena espresuki emateko duen betebeharra alde batera utzi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 24. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete erakunde interesdunek organo eskudunaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari bazaie eta oraindik amaitu gabe badago.

11. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza ordaindu baino lehen, bitarteko elektronikoen bitartez justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dira, egiaztatu ahal izateko nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotua diseinatu eta garatu dela.

2.– Diru-laguntza justifikatzeko agiriak erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko dira, 2019ko otsailaren 28a baino lehen, eta honako hauek izango dira:

– proiektuaren egikaritzearen, diseinuaren eta garapenaren memoria, bai eta diruz lagundutako proiektuaren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten jarduerenak ere.

– egindako jardueren eta lortutako emaitzen zerrenda xehatua.

– jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua (BEZa kanpo). Horiekin batera, dagozkien fakturak ere aurkeztuko dira, jaulkitze-datarekin eta hartzekodunaren identifikazioarekin (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZa banakatuta) eta ordainketa-data adierazita.

3.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.

4.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, erakunde onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.

5.– Diru-laguntzak ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du artikulu honen 2. puntuko faktura eta ordainketen koadroan zehaztutako gastuak egiazkoak direla. Enpresa onuradunei jatorrizko fakturak eta ordainketen egiaztagiriak eskatuko zaizkie, eta zerbitzu teknikoek aztertuko dituzte.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Onuradunak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiola jakinarazi ondorengo hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

2.–Diru-laguntza eman den jardueretarako erabiltzea.

3.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egoki jotzen dituen egiaztapen-lan guztiak egingo ditu aztertzeko nola garatu eta egikaritzen diren diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute enpresa onuradunek.

4.– Enpresa onuradunak aurkeztutako fakturak eta ordainketen egiaztagiriak artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura gordeko dira, 5 urtez.

5.– Enpresa onuradunen betebeharra izango da Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren eginkizunen jardunean laguntza horiei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.

6.– Helburu bera badute, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jaso dituzten diru-laguntzen eta laguntzen, diru-sarreren eta baliabideen berri ematea.

7.– Nazioartekotze Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

8.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Nazioartekotze Zuzendaritzari; «minimis araubidearen» pean eman direnen zenbatekoa ere adierazi beharko da.

9.– Diruz lagun daitezkeen edozein motatako kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 18.4. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

10.– Bere egitea, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik diru-laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.

11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

13. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretakoren bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako betekizunak babesten badira. Ondorio horietarako, Nazioartekotze zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena eman ahalko du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

2.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasota dauden jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, Nazioartekotze zuzendariak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatu bazaio diru-laguntza kudeatzeko zuzendaritzari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen baditu jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.

3.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Diru-laguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikulukoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren printzipala eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikulua; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, 4.1 artikulua. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Guztizko ez-betetzearen arrazoien artean egongo dira onartutako aurrekontuaren % 25etik gorako desbideratzeak (beheranzko desbideratzeak), salbu eta organo kudeatzailearen iritziz behar bezala justifikatu bada desbideratze hori, betiere ebazpen batean jasotzen bada.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 28a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala