Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2018ko apirilaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2298

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 14koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2018. urtean nazioarteko arte-azoketan stand-ak alokatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (EEI aurrerantzean) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) apartatuak helburu hau xedatzen du aipatutako EEIrentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) letrak EEIren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da arte plastiko eta ikusizkoen inguruan antolatzen diren merkatu izaerako nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2018. urtean nazioarteko arte-azoketan euskal artisten lana bultzatzeko stand-ak alokatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena arautzea.

2.– artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetarako gehieneko zenbateko orokorra hogeita hamasei mila (36.000) eurokoa izango da.

3. artikulua.– Onuradunak.

Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.

– Errolda (pertsona fisikoen kasuan) edota egoitza soziala (pertsona juridiko pribatuen kasuan) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Pertsona fisikoek errolda agiriaren bitartez frogatuko dute betebehar hori, eta pertsona juridikoek dagokion agiriaren bitartez.

– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta izatea jarduera ekonomikoetarako zergaren baitan, arte-lanen salerosketaren jarduerari dagokion epigrafean.

– Diru-laguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.

– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza eman eta, hala dagokionean, ordaindu.

– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11 eta 13.2 artikuluetan eta horren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

– Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ezezik, jasotako diru-laguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.

4. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako agiriak Administrazio batek egindakoak direnean, haien kontsulta eta ateratzea interesdunen aldetik baimendutzat edukiko da, prozeduran ez badute berariazko kontrakotasunik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntzak jakinaraztea.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

Halaber, eskatzaileak honakoak adieraziko ditu eskabidean: dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epeak.

1.– Ebazpen honen 9.1.a) artikuluan aipatzen den ARCO azokarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ebazpen honen 9.1.b) eta 9.1.c) artikuluetan aipatzen diren azoketan parte hartzeko, 2018ko irailaren 7ra arte. Eskaerak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua.

1.– Pertsona fisikoek eskaerak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte.

– Aurrez aurre: eskabidea helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileak plaza 1, 3., 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.

Eskaera egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero -presentziala edo elektronikoa-, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

2.– Pertsona juridikoek eskaerak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.

3.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/arte_galeriak/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:

https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Eskatzaileek euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak zein atxikitako agiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Azoka bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Etxepare Euskal Institutuak ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.

9. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua, beren zenbatekoa eta mugak.

1.– Ebazpen honen bidetik emango diren laguntzak jarraian zehaztuko diren azoketara joanez gero stand-aren alokairu gastuen arabera zehaztuko dira eta bakarrik horien finantzaketarako erabili ahal izango dira. Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, diru-laguntzaren onuradunak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

a) Nazioarteko ARCO azokan parte hartzeko (Madril. Espainia), gehienez ere, hamasei mila (16.000) euroko kopuru osoa bideratuko da.

Galeria bakoitzeko emango den diru-kopurua standaren alokairurako kostuaren ehuneko ehuna izango da (% 100), beti ere zortzi mila euroko (8.000) kopuru maximoa gainditu gabe.

b) Espainiako Estatutik at antolatzen diren eta jarraian zerrendatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzetarako: hogei mila (20.000) euro gehienez ere.

– Ameriketako azokak: Art Chicago (Chicago, AEB), Art Basel (Miami, AEB), The Armory Show (New York, AEB), Zona MACO (Mexiko Hiria), SP-Arte (Sao Paulo, Brasil) eta ARTBO (Bogota, Kolonbia).

– Europako azokak: Art Basel (Basilea, Suitza), FIAC (Paris, Frantzia), Art Cologne (Kolonia, Alemania), ARTISSIMA (Turin, Italia), Frieze Art Fair (Londres, Erresuma Batua), Paris Photo (Paris, Frantzia) eta MIA Milan Image Art Fair (Milan, Italia).

Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren ehuneko ehuna izango da (% 100), baina diru kopuru hori gehienez ere hamar mila (10.000) eurokoa izango da Ameriketako azoken kasuan eta zortzi mila (8.000) eurokoa Europako azokenean.

c) Aurreko letran aipatzen ez diren beste nazioarteko arte-azoketan parte hartzeko diru laguntzak a) eta b) letretako diru-kopuruak agortzen ez badira bakarrik emango dira.

Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren ehuneko ehuna izango da (% 100), beti ere lau mila euroko (4.000) kopuru maximoa gainditu gabe.

2.– Multzo bateko gehieneko kopuruak ezingo balie aurre egin, aurreko atalean jasotako baldintzetan, taldeko eskatzaile guztiei, horien guztien artean banatuko litzateke kopurua, eskatzaile bakoitzaren stand-aren alokairurako kostuen proportzioan.

Halaber, eskabide ezagatik edo hauek baldintzak ez betetzeagatik, nazioarteko Arco azokan parte hartzeko ezarritako diru-kopurua ahitzen ez den kasuan, diru hori 1.b) letran aipatzen diren Estatutik at antolatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko ezarri den kopurua handitzera pasa liteke. Halaber, arrazoi beragatik 1.a) eta 1.b) letretan esleitu ez diren diru-kopuruak 1.c) letrako eskabideen artean esleituko dira. Aldaketa hori, eskabide hauen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da eta, horretarako EEIko zuzendariak ebazpena emango du, EHAAn argitaratuko dena.

3.– Eskatzaile berak azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz hogeita lau mila (24.000) euro baino handiagoa izango.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketa gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik balego, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentzia izango da eta EEIko Euskal kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio emango den kopurua ateratzea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

a) ARCO azokarako esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.

b) Gainerako azoketarako, esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2018. urtean burutzea.

3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

4.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, EEIren babesa jaso dutela berariaz eta argi adieraztea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat egonez gero, horren berri idatziz edo «nirekudeaketak» helbidearen bitartez -izapide elektronikoaren kasuan- jakinaraztea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

7.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

13. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Ebazpen bidez esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Ebazpen honetako diru-laguntzen onuradunek jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko epea 2018ko abenduaren 31n amaituko da. Jarduera abenduan bada, 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko da justifikazioa.

1.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte honako helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileak plaza 1, 3., 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte honako helbidean:

https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

2.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en daude ikusgai, Ebazpen honetako 7.3 artikuluan adierazitako helbideetan.

4.– Honako agiriak aurkeztuko dira justifikaziorako:

a) Burututako jarduera osoaren balorazio-memoria.

b) Diruz lagundutako stand-aren alokairuaren fakturen kopiak. Etxepare Institutuak jatorrizkoak eskatzeko eskubidea izango du.

c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren ale bana, hala badagokio, EEIren logoarekin, laguntza jaso dela adierazita.

d) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztuko da, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duenak izenpetua.

e) Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30 eta 31. artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

15.– artikulua.– Likidazio ebazpena.

Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada, edo dena delako zioarengatik diru-laguntzaren kopurua gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, proportzionaltasun printzipioaren baitan, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.

16.– artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da eta EHAAn argitaratuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira – erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da –. Diru laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, beti ere jasotako diru-laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko helburuarekin.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiak «Laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2011ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez araututa dago eta fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileak plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2018ko martxoaren 14a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana