Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2018ko apirilaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2205

AGINDUA, 2018ko apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez agindu hau indargabetzen baita: Agindua, 2015eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako diru-laguntzen programa arautzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko (Indartu Programa).

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko uztailaren 28ko Aginduak enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako diru-laguntzen programa arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko (Indartu Programa) (2015eko irailaren 4ko EHAA, 168. zk.).

Egun, Industria Sailburuordetzak kudeatzen dituen laguntza-programak sakonki berrikusi eta berregituratu behar dira, enpresa-sarearen lehiakortasuna (ETEena batez ere) sustatzeari begira, laguntza gehien behar duten eta behar gehien dauzkaten sektoreetan dauden enpresen ekintzak finantzatuz, lehentasunezkoak diren eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Estrategiaren programetan, 2017-2020 Industrializazio Planean eta hainbat eskumen-eremutan garrantzitsuak diren beste plan eta estrategia batzuetan finkatu diren jarduera-eremuak ahaztu gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoaren batez besteko langabezia-tasa baino % 20 tasa handiagoa edo hortik gorakoa duten udalerrietara zabaldu nahi da programa, neurri txikiagoko enpresek ere parte hartu ahal izateko, gure autonomia-erkidegoko batez besteko egiturari hobeto egokitzen baitzaio. Uste da gaur egun dagoen formatu juridikoa ez dela egokiena laguntzaren xede izan behar duten ekintzak definitzeko. Horren guztiaren ondorioz, funtsezko aldaketak egin behar dira aurreko programarekin alderatuta. Horregatik, Industria Garatzeko Zuzendaritza aztertzen ari da ea komenigarria den beste agindu bat idaztea; horretarako, beharrezkoa da lehendabizi indarrean dagoen agindua indargabetzea.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako agindu hau indargabetzea: Agindua, 2015eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako diru-laguntzen programa arautzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko (Indartu Programa).

XEDAPEN IRAGANKORRA

Indargabetu diren arauen arabera izapidetu diren espedienteek arau horien pean jarraituko dute, amaitzen diren arte.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 9a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala