Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2018ko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A. (SPRI)
2041

IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko (SPRI) erakundearen Zuzendari Nagusiaren 2018ko martxoaren 28ko Ebazpenari buruzkoa, zeinaren bidez «Innobideak-2018» Programa gidatuko duen araudia onartzen baita.

2018ko martxoaren 28an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) zuzendari nagusiak, «Innobideak-2018» Laguntza Programa argitaratzeari buruzko Ebazpena eman zuen, honako eduki honekin:

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2020) jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak sustatzeko, produktu, zerbitzu edota merkatuko dibertsifikazio handiagoa lortzeko balioko duten proiektuak bultzatuz.

Gorago adierazitakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak 2018ko otsailaren 12ko saioan onartutakoarekin bat etorriz:

1.– «Innobideak 2018» laguntza programaren araudia onartzea, zeinaren edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

2.– «Innobideak 2018» laguntza programaren araudia onartzen duen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bilbao, 2018ko martxoaren 28a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
INNOBIDEAK PROGRAMA

Euskal ekonomiak azken hamarkadetan bizi izan duen eraldaketa- eta modernizazio-prozesuari esker –ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak EBkoaren batez bestekoa baino handiagoak izan dira–, administrazio publikoek aurre egin ahal izan diete Euskadiko lehiakortasun-garapenaren fase berriei.

Dena den, azken urteotan enpresa asko eginahalean saiatu dira eraginkortasun operatiboko maila altuetara iristen enpresaren kudeaketako prozesuak hobetuz eta horrek dakartzan kostuak murriztuz. Eraginkortasun operatiboa etengabe hobetzea ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa, oso enpresa gutxik lortu baitute eraginkortasun operatibo horretan bakarrik oinarriturik luzaroan arrakastaz lehiatzea. Beraz, guztiz beharrezkoa da horrekin batera bereizketako estrategia bat sortzea. Euskadik bere egitura dibertsifikatu behar du pixkanaka, eta etorkizunean eskaera izango duten sektoreen aldeko apustua egin behar du, dagoeneko badagoelarik ezagutza-oinarri erreal bat sektore horiei buruz.

Ekonomia globalizatuaren testuinguruan, Berrikuntza elementu estrategikoa da ekonomien lehiakortasunerako, eta ondorio ugari ditu gizartean. Horregatik, gaur egun berrikuntza ezinbestekoa da, bai hazkunde ekonomikorako eta bai enplegua sortu eta mantentzeko.

Berrikuntza ez da bakarrik prozesu bat edo emaitza tekniko bat. Fenomeno sozial bat da, pertsonen eta gizarte osoaren sormena adierazten duena. Gizarte baten berrikuntzarako gaitasunak urratsez urrats eraikitzen dira, enpresa batenak bezalaxe. Ezin dira inprobisatu, eta ez dira errazak imitatzeko edo erreproduzitzeko.

Hala, Euskadin estrategia bat garatu da ZTBP 2020 planaren bitartez, kokapen egokia lor dezagun eszenatoki berri horretan. Estrategia horrek aukera emango die euskal enpresei eta eragile sozioekonomikoei erronka berriei aurre egiteko, eta baita ere lehiakortasun abantaila iraunkorrak eraikitzeko. Hori bai, aurrera egin behar dugu pertsonen talentuan oinarritutako ezagutzaren gizarterantz, hots, pertsona horien eskaera eta premia berriei eraginkortasunez erantzungo dien gizarterantz.

Zentzu horretan, eta beti ere bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren 3 lehentasunekin (Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Osasunera aplikatutako bio-zientziak), helburua da enpresa-sare bat sendotzea, batik bat teknologian eta berrikuntzan oinarritua, gai izango dena sektore tradizionalak balio erantsi handiagoko produktu eta zerbitzuetarantz eramateko eta izaera berritzaileko konpainiak garatzeko. Hala, Innobideak Programaren asmoa da parametro horiek indartzea eta ahalegin guztiak horrelako proiektuetara zuzentzea.

Innobideak Programa sortu zen, premia ikusi zelako euskal enpresen, batik bat ETEen, lehiakortasuna hobetzeko. Helburu hori lortu nahian, berrikuntza, pertsonen parte-hartzea eta kudeaketaren hobekuntza bultzatuko dira, egungo egoerak dakartzan erronkei aurre egiteko eta oinarri sendo batzuk ezartzeko, euskal enpresak lehiakorrak izan daitezen globalizazioaren barruan.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea.

Innobideak programaren helburua da babesa ematea hiru ildo hauen bitartez gauzatzen diren ekintzei: Innobideak-Lehiabide (berrikuntzako proiektuak, tamaina handitzeko proiektuak, eta trakzio enpresen eta beren hornitzaileen artean lankidetzak garatzeko proiektuak), INNOBIDEAK- Pertsonak (langileen enpresako parte hartzea bultzatzeko eta pertsonen kudeaketako eredu berrietarantz aurrera egiteko proiektuak) eta Innobideak-Kudeabide (enpresen kudeaketa hobetzeko proiektuak).

Araudi honen bidez finkatzen dira programaren ildo bakoitzeko baldintzak eta haietan parte hartzeko prozedura.

2.– Laguntzen izaera:

a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

b) Laguntza hauek aitortuko dira egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

c) Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.

d) Programa honen barruan emandako diru-laguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

2. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) diru-laguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1). (EBAO 2013 L 352/1).

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI», Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako sozietate publikoa).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa. Horren barruan Horren barruan doaz Administrazio Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak.

3.– Banakako enpresa-proiektua. Enpresa bakar batek aurkeztu duena.

4.– Lankidetzako enpresa-proiektua. Hainbat enpresak aurkeztu dutena, bertako erakunde guztiak direlarik lankidetzaren xedea.

5.– Enpresaren tamaina. Dibertsifikazio-estrategia garatu ondoren erdietsitakoa eta bide hauetakoren batetik lortua: enpresak erosiz (jarduera adarren bidez, kapital sozialean parte hartuz, beste enpresa batzuekin bat eginez edo beste enpresa batzuengandik bereiziz) edo joint venture bat osatuz (sozietate berri bat sortuta edo sortu gabe), baliozkoak direlarik aurreko bien artean eginiko operazio bikoitzak. Ez dira kontuan hartuko enpresen aldi-baterako bat-egiteak, partaidetzako kontuak, ez eta irabazi asmorik gabeko erakundeak.

6.– Trakzio enpresa. Konpainia handia, jarduera ekonomiko zentro batekin Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduera ekonomiko globala duena.

7.– Berrikuntza. Produktu (ondasun edo zerbitzu), prozesu, merkaturatze-metodo edo antolakuntza-metodo berri bat edo nabarmen hobetu bat sartzea enpresa baten barneko jardunbideetan, lantokiaren antolakuntzan edo kanpo-harremanetan.

8.– Kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostena. Euskalitek egindako txostena, enpresa kudeaketa aurreratuaren arloan non kokatzen den adierazten duena, betiere, kudeaketa aurreratuko eredua erreferentziatzat hartuta.

9.– Ekintza plana. Enpresak eginiko txosten honetan azaltzen dira zeintzuk diren kudeaketa aurreraturantz abiatzeko aurreikusi dituen ekintzak, betiere bat etorriz hasierako kontrasteari buruzko txostenean emandako ondorioekin.

10.– Kudeaketa Aurreratuko Eredua. Organismo eta erakunde anitzen adostasunetik sortutako erreferentziazko eredua da, eta kudeaketaren hobekuntza lantzen du sei ardatz edo elementutan oinarrituta: 1) Estrategia; 2) Bezeroak; 3) Pertsonak; 4) Gizartea; 5) Berrikuntza; 6) Emaitzak.

11.– Kudeaketaren diagnostikoa. Antolakunde baten kudeaketa ebaluatzeko prozesua, Euskalit-ek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Ereduko baldintzekin alderatuta. Berdin onartuko dira Enpresaren Plan Estrategikoa edo Urteko Kudeaketa Plana, beti ere jasota badute diru-laguntzaren xede den proiektua.

12.– Langileen gastuak. Gastuen barruan sartzen dira soldata gordina, hots, zergak ordaindu baino lehenagokoa eta legez eskatzen diren kotizazio sozialak.

13.– Eskatzailearen plantillakoak diren lan-taldearen gastuak. Proiektuari zuzenean lotutako konpainiaren pertsonal-gastuak.

14.– Kanpoko kontratazio espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua.

15.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak egindako txostena, puntu hauek baloratzeko behar adinako informazioa jasoko duena:

a) Programaren helburuekin bat etortzea.

b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko.

c) Emaitzetatik espero den eragina.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza).

e) Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea.

16.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu hautagarrien ehunekoaren arabera.

17.– Erantzukizunezko aitorpena. Enpresaren legezko ordezkariak egindako aitorpenak puntu hauek jaso behar ditu, eskaeran sartutako ereduaren arabera:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro bat duela Euskal Autonomi Erkidegoan, bertan egingo delarik diruz lagundu daitekeen jarduera.

d) Alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean, programak eskainitako JEZ zerrendaren arabera (zerrenda hori SPRIren web orrian dago: www.spri.eus).

e) Egunean dagoela Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren erakunde kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, baita ere Eusko Jaurlaritzarekin eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen (edo noiz likidatu zen), zein organismok eman zuen, zein programaren bidez eta zein den emandako (edo likidatutako) laguntzaren zenbatekoa.

g) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edota haiek emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Ez dagoela araudi honen 5. artikuluko 1.e) atalean aurreikusitako egoeraren batean.

i) Konpromisoa hartzen duela jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

j) Konpromisoa hartzen duela araudi honen 6.7 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

k) Baimena ematen diola SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak betetzen dituela zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Horrela, aurkeztutako laguntza-eskaerak aztertu edo ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

18.– Sektore, enpresa edo lurralde eremuetako agenteak. Baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta jarduera bertan garatzen duten kluster aitortuak edo agente sektorialak izatea.

b) Eskualde-, toki- edo probintzia-garapeneko Agentziak, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

I.– Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta jarduera bertan garatzea.

II.– Herri-interesekoak diren xede eta jarduerak izatea, eta, oro har, ekonomia bultzatzea eta/edo geografia-eremu edo sektore bereko enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta euren helburuen artean egotea euskal enpresa-sarearen kapilartasuna areagotzea eta sektore guztietako ahalik eta enpresa gehienei berrikuntza eta lehiakortasun programetara (euskal administrazio publikoarenetara) sartzeko erraztasunak ematea.

III.– Irabazi-asmorik gabeko erakundea izatea eta bere kapitalaren gehiengoa publikoa izatea.

c) Lurralde-mailako agentetzat hartuko dira, baita ere, enpresak sustatzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko eginkizuna duten toki-erakundeak.

19.– Eskaintza-eskariko bitartekaritza eragileak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistroan inskribatutako erakundeak, bitartekaritza-lanak egiten dituztenak enpresen (batez ere ETEen) eskaintza eta eskari teknologikoaren artean, I+G-ren balio kate osoan zehar.

20.– Lanbide Heziketako Institutuak. Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe publikoak edo pribatuak, Lanbide Heziketako Tituluak edota Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza eskaintzen dutenak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, diru-laguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 2.500.000 eurorainokoak dira, eta, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntza eskuratzeko baldintzak beteko dituzte ezaugarri hauek dituzten erakundeek:

a) Jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, b) atalean azaldu bezala; diruz lagundutako jarduera bertan garatuko da, eta aurkeztutako proiektuak bertan izango du eragina.

b) Jarduera hauetako bat egitea: industria, erauzketa edota eraldaketa, ekoizpena, produkzio prozesuari lotutako zerbitzuak (aurrekoekin lotura dutenak) eta informazio- eta komunikazio-gizartearen arloekin lotutakoak. Faktore hori Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren arabera baloratuko da eta orobat kontuan hartuko da programak emandako JEZ zerrenda, SPRIren web orrian (www.spri.eus) eskuragarri dagoena.

c) Diru-laguntza eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez honelako batez besteko plantilla izatea kasu hauetako bakoitzerako:

(Ikus .PDF)

Langile-kopurua kalkulatuko da urteka eta lanaldi osoa kontuan hartuta. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostena» erabiliko da baldintza hori baloratzeko. Halaber, plantillako langiletzat joko da enpresaren jarduerari lotutako langile autonomoa, baldin eta, bere egoera dela medio, ezin bada alta emanda egon Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean.

d) Egunean egotea Ogasunarekiko, bere kolaboratzaileekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan, eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

e) Egoera hauetakoren batean ez egotea (erantzukizunezko aitorpenak aurkeztu beharko dira):

I.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, baita Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera sexuagatiko bazterkeriak eragindakoak ere.

II.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

III.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 38/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita laguntzen onuradun izan.

IV.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, oraingo diru laguntza kontuan izanda, oraingo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 10. artikuluan daude zehaztuta.

V.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

VI) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

VII) Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

f) Horrez gain, Innobideak Kudeabide ildora aurkezten diren proiektuen kasuan, Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuko Hasierako Kontrasteari buruzko Txostena edo eskatutako proiektua behar bezala sailkatu eta justifikatuta jasotzen duen Kudeaketari buruzko Diagnostikoa edukitzea.

2.– Enpresa onuradunek ezingo dituzte oraindik bete gabe izan edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango -edo, hala badagokio, ordainduko- da laguntza.

3.– Erakunde onuradunek ezin dute eskaturik izan borondatezko konkurtsorik, ezin dute kaudimengabetzat joak izan prozedura batean, ez eta konkurtsoan egon (ez bada hitzarmen bat indarrean sartu dela konkurtsoaren barruan), esku-hartze judizial batean egon edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituak izan, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

4.– Laguntza-eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak izango dira:

a.1.– Innobideak Lehiabide ildoan:

Berrikuntza proiektuak egitea, bakarka edo lankidetzan, arlo hauetan:

– Produktua: merkatuan produktu edo zerbitzu berriak edo hobetuak sartzeko proiektuak.

– Prozesua: produkzio-, logistika- eta banaketa-prozesuak edo berriak diren nahiz hobekuntza handiak dakartzaten produktu eta zerbitzuak sostengatzeko prozesuak.

– Merkatua: estrategia edo kontzeptu komertzial berriak inplementatzeko proiektuak, egungo egoera nabarmen hobetzen dutenak.

– Antolakuntza: enpresak inoiz erabili gabeko antolakuntza-metodo berriak inplementatzeko proiektuak.

a.2.– Enpresaren tamaina handitzeko proiektuak edota enpresen arteko lankidetza proiektuak egitea.

Hona hemen aipatutako tipologia bakoitzaren adibide batzuk (zerrenda hau ez da mugatzailea):

(Ikus .PDF)

b) Innobideak Kudeabide ildoan, diruz lagundu daitezkeen proiektuek helburutzat izango dute enpresaren kudeaketa hobetzea, beti ere Euskalit-ek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Ereduko ekintzetan oinarrituta eta hiru fasetan garatuko den prozesu bati jarraiki: kontrastea eta ekintza plana (1. fasea), proiektu pilotuak (2A fasea) eta sendotze-proiektuak (2B fasea) . www.spri.eus/kudeabide web orrian dago prozesu osoaren azalpena.

Aurkezten diren proiektuak Euskalit-ek eginiko Hasierako Kontrastearen Txosten batean edo enpresak berak eginiko Kudeaketa Diagnostiko batean zehaztutako hobekuntza-arloetan zentratu behar dira, betiere txosten horretan ezarritako gomendioei jarraiki.

Hasierako Kontrastearen Txosten hori baliozkoa izango da hamar urtez. Bertan jasoko dira kudeaketan hobetu beharreko arloak, eta hainbat jarraibide ezarriko dira enpresak Kudeabide ildoan jarraitu dezan, dela proiektu pilotu bat (2A) edo dela sendotze-proiektu bat eskatuta (2B).

Diruz lagungarriak diren jarduerak izango dira kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostenari edo kudeaketa diagnostikoari erantzuten dioten sendotze-proiektuak (2B fasea), enpresari jarraian adierazten diren eremu hauetan aurrera egiten eta hobetzen lagunduko dioten metodologia eta tresnak aplikatzera eta ezartzera bideratuta daudenak:

a) Estrategia. Beharrezko informazio estrategikoa izatera eta hausnarketa-prozesu parte-hartzaileak egitera bideratutako proiektuak izango dira. Gerora behar bezala hedatua eta jakinarazia izango den estrategia bat ezarriko da, zeinaren zerbitzura kudeatuko baitira baliabide ekonomiko-finantzarioak, teknologia eta informazioa.

b) Bezeroak. Bezeroekiko harremanak eta balio katearen elementu guztien efizientzia (hasi produktuen eta zerbitzuen garapen eta merkaturatzetik, horien ekoizpen, banaketa eta mantentzeraino) sustatzen duten proiektuak izango dira, enpresa-estrategian garrantzia handia izango dutenak.

c) Pertsonak. Hautaketa- eta ordainketa-prozesuak, ezagutzaren garapena, eskumenak eta lidergo-gaitasuna –enpresa-estrategiarekin bateratuta– hobetzera bideratutako proiektuak izango dira.

d) Gizartea. Konpainiaren gizarte-zereginera bideratutako proiektuak izango dira (betiere haren gaitasunekin bat etorriz), eta, horretaz gain, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzeko neurriak sustatzera bideratutakoak.

e) Berrikuntza. Arlo honetako proiektuen xedea da berritzeko helburu eta estrategiak definitzea eta barne-testuinguru bat sortzea; testuinguru horretan pertsonek arriskuak hartu, ekintzailetzan jardun eta berritu egingo dute eta inguruko potentzial berritzailea baliatuko dute, betiere, berrikuntzarako ideia eta proiektuak modu eraginkor eta efiziente batean kudeatuta.

f) Emaitzak. Bezeroetan, pertsonetan, gizartean eta berrikuntzan dauden emaitza estrategikoak neurtzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak sortzea ahalbidetuko duten proiektuak izango dira.

c) Innobideak Pertsonak ildoan.

Diruz lagunduko diren proiektuek helburutzat izango dute enpresa proiektua gehiago banatzea kide guztien artean, ahalegina eginez helburu hauetakoren bat (edo biak) lortzeko:

I) Antolakundeko kideek gehiago parte har dezatela enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan.

II) Aurrera egitea «pertsonen kudeaketa» eredu berrietarantz, zeintzuek oinarritzat izango baitute gardentasuna, konfiantza, egonkortasuna, barne-kolaborazioa edota malgutasuna handitzea.

Parte-hartze orekatuagoa ahalbidetzeko eta, horrela, enpresaren ekarpenak eta ikuspegiak norabide desberdinetatik aberasteko, interesgarria da genero ikuspegia eta plantillaren aniztasuna kontuan hartzea ekintza horiek diseinatzean eta martxan jartzean.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-eskaeraren aurkezpen elektronikoa egin eta gero abiaraziko dira, deialdiaren urte naturalaren barruan; gehienez hamabi hilabeteko epean ezarri beharko dira, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako proiektuaren hasiera-egunetik kontatzen hasita eta, nolanahi ere, gauzatuta egon beharko dute 2019ko urriaren 15a baino lehen.

Salbuespen gisa, tramitaziora onartuko dira 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

3.– Proiektuak Euskadiko jarduera zentroetan, gutxienez, gauzatu eta ezarri beharko dira.

4.– Programa honen esparruan emandako diru-laguntzek ezin dute baldintza bezala jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

5.– Ez dira diruz lagunduko (zerrenda hau orientatiboa baino ez da) I+G arloko ekintzak, softwarea erostea, garatzea eta ezartzea, prestakuntza eta gaikuntza ekintzak, askotariko zerbitzuetako gastuak (auditoretza, due diligence, zerbitzu juridikoak, notarioak, erregistroak eta antzekoak), plan estrategiko korporatiboak, nazioartekotze planak, atzerriko ezarpenak edo esportaziorako partzuergoak sortzea. Eta bereziki, ez dira diruz lagunduko SPRIk edo Eusko Jaurlaritzak nazioartekotze, inbertsio, I+G, Informazio Gizarte, eta abarretako ekintzak martxan jartzen laguntzeko eskaintzen dituzten beste programa batzuetara bil daitezkeen ekintzak. (Adibidez: Global Lehian, Gauzatu, Hazitek, Basque Industry 4.0, Industria digitala).

6.– Diru-laguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua diru-laguntza eman baino lehen egin bada (azken kasu horretan, salbuespentzat joko dira 651/2014 Araudiari lotutako enpresak).

Aurkeztu diren eskaintzak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak ez badira proposamen ekonomiko onenak, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Hauek izango dira gastu hautagarriak:

I) Hiru Innobideak ildoen kasuan, aurkeztutako proiektuaren esparruan adituak diren kanpoko enpresak kontratatzeko gastuak.

II) Horrez gain, Innobideak Lehiabide eta Innobideak Pertsonak ildoen kasuan, enpresa eskatzaileko plantillakoak diren eta proiektuaren gauzatze-fasean zuzeneko inplikazioa duten plantillako kideen gastuak. Kontzeptu horri dagokion gastu hautagarria ez da izango aurreko atalean onartutako gastuak baino % 30 handiagoa.

III) Innobideak Lehiabide ildoaren kasuan (lankidetzako proiektuak), sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteen gastuak, bakarrik proiektuaren dinamizazio, koordinazio eta izapidetzeari dagozkionak.

2.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

I.– Ezin dira izan Herri Administrazioekin lotutako edo haien menpe dauden eta nortasun juridikoa duten erakundeak, salbuespen hauek daudelarik Innobideak Lehiabide ildoaren kasuan:

I.a) Proiektuen dinamizazio, koordinazio eta tramitazio lanak egiten dituzten sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteak (3.18 artikulua).

I.b) Proiektuaren arloan adituak diren kanpoko enpresen lanak egiten dituzten Lanbide Heziketako Institutuak (3.20 artikulua).

II.– Ez du izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin ez eta lankidetza proiektuaren barnean dauden enpresekin.

III.– Enpresak eta horien langile zein laguntzaileak ez dira egongo SPRiren deshomologazio-prozeduretan.

IV.– Ez dira izango Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide eta ez dira izango ikerketa espezializatuko edota bikaineko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak garatzen dituzten erakundeak, salbu eta eskaintza/eskariko bitartekaritza-agenteak badira (Art. 3.19).

V.– Erantzukizunezko aitorpen bat aurkeztu behar da, non konpromiso hauek hartu behar baitira: leial, zintzo eta asmo onez jokatuko dela SPRIrekiko nahiz programako onuradunekiko harremanetan, ez dela egingo edo sustatuko Legearen edo programako arauen aurkako ekintzarik eta solidarioki erantzungo dela onuradunekin haien aurka diru-laguntza itzultzeko ebazpen bat ematen bada, irregulartasunez jokatzeagatik kontratatutako enpresaren zuzeneko edo zeharkako parte-hartzean (Programak emandako ereduaren arabera, zeina web orrian baitago eskuragarri).

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriak aurkeztutako diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zuzenean loturik egongo dira.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriak arrazoizkoak izango dira, eta murriztu ahal izango dira Programako Batzorde Exekutiboak hala erabakitzen badu.

d) Ez dira gastu hautagarritzat onartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko sozietateek indarrean dituzten beste programa batzuen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.

f) Ez dira izango gastu hautagarriak: kanpoko enpresako langileen bidaia gastuak, aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak, ekipoak, lizentziak, software garapenak, altzariak eta abar erostea, eta, oro har, proiektua gauzatzeko ordu-dedikazioarekin zerikusirik ez duten gainontzeko gastuak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak diru-laguntza gisa egituratuko dira gastu hautagarriekiko portzentaje hauetan:

(Ikus .PDF)

Horrez gain, Innobideak Lehiabide ildoaren kasuan (lankidetzako proiektuak):

a) Dinamizazio, koordinazio eta izapidetze lanetarako sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agente baten laguntza duten proiektuetan, kontzeptu horregatiko kostu hautagarria 10.000 eurokoa izango da proiektu osoan.

b) Laguntza eskatzen duten enpresek ezingo dute, beren aldetik, proiektutik eratorritako kanpoko gastuen % 70 baino gehiago beren gain hartu.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan onartutako proiektuak ez dira diruz laguntzekoak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.

2.– Programa honetan emango diren laguntzak minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditu badezake hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

7.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua.– Laguntza-eskaera aurkezteko epea.

Laguntza-eskaera aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2018ko irailaren 27ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

12. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera bete beharko dute SPRIren webgunean: www.spri.eus/lehiabide, www.spri.eus/kudeabide, www.spri.eus/pertsonak, enpresak aukeratutako laguntza-ildoaren arabera.

2.– Eskaera hori izenpe elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Laguntza-eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta diru-laguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Laguntza-eskaerarekin (zeinak bere baitan hartzen baititu erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena eta proiektuari buruzko datu zehatzak: izenburua, hasiera- eta amaiera-datak, helburua, parte hartuko duten erakundeak eta pertsonak eta proiektuaren kostuak) batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enpresa aholkularien erantzukizunezko aitorpena.

b) Erakunde onuradun guztien langileen izen-zerrendaren kopia, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuta. Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.

c) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiria).

d) Legezko ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean dagoena.

e) Jarduera ekonomikoen agiri historikoa, dagokion foru-ogasunak emana. Bertan adieraziko da Jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta hartuta dagoela gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Antzinatasun hori ez da beharrezkoa izango enpresa aipatutako 6 hilabete horien barruan sortua bada.

f) Erakundeak zerga administrazioekiko, Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak; eta, era berean, berariazko baimena SPRIri eska diezaien organo eskudunei egiazta dezatela benetan bete direla zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

g) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

h) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

i) Kontratatutako enpresa hornitzaileek proiektuko lanak burutzeko egindako eskaintzen kopia. Eskaintza horiek osorik aurkeztu beharko dira, eta zehatz-mehatz azaldu beharko dute lankidetzaren irismena, aholkularitza taldeko kide bakoitzak proiektuari eskainiko dion ordu kopurua, eta enpresa eskatzaileak eskaintza onartu duela adierazten duen agiria ere aurkeztu beharko da.

j) Erakunde eskatzailearen izenean dagoen «Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria», halakorik badu.

5.– Horrez gain, Innobideak Lehiabide ildoko proiektuak badira (Lankidetzako proiektuak), enpresa eskatzaileek laguntza-eskaera bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzeko, proiektuan partaide diren guztien legezko ordezkariek modu digitalean sinatuta. Programa honetatik eratorritako betebehar guztiei solidarioki erantzungo diete enpresa partaide guztiek. Erakunde onuradunen ahaldunetako batek proiektuaren buruzagitza hartu behar du, egitasmoaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko eta proiektuak aurrera egin dezan SPRIrekin izan beharreko bitartekaritza- eta harreman-funtzioak bere gain hartzeko, bai eta erakunde horren parte-hartze maila islatzeko, lankidetza-proiektuko gainerako enpresa guztiek duten erantzukizun solidarioa alde batera utzi gabe.

Dinamizazio-, koordinazio- eta izapidetze-lanetarako sektore-, enpresa edo lurralde-mailako agente baten laguntza izateak ez du esan nahi proiektuaren enpresa liderrak SPRIrekin solasaldirik edo harremanik izan behar ez duenik, proiektuak behar bezala aurrera egin dezan.

Lankidetzako proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiek aurkeztu beharko dute aurreko 4. atalean eskatutako dokumentazioa, eta gainera, partaideetako bakoitzak Programan ezarritako baldintzak bete beharko ditu indibidualki.

6.– Horrez gain, Innobideak Kudeabide ildoaren kasuan:

a) Araudi honetan arautzen diren kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak egiteko laguntzak (2B fasea) bakar-bakarrik jaso ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzak betetzen dituzten enpresek:

I.– Kudeabide Programaren esparruan hasierako kontrastea Euskalitekin egina duten enpresek, baldin eta Euskalitek egindako txostenak lehentasun gisa jasotzen badu kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektua egingo dela identifikatutako hobekuntza-arlo batean edo batzuetan.

II.– Hasierako kontrastea Euskalitekin egin ez duten baina kudeaketako diagnostiko bat aurkezten duten enpresek; kudeaketako diagnostiko horretan behar bezala sailkatuta eta justifikatuta egongo da aurkeztutako proiektua.

b) Enpresak eginiko Ekintza Plana aurkeztu beharko da.

7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin (SPRI) izango dituzten harreman guztietan.

13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Sociedad para la transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko Administrazio Kontseiluak 2018ko otsailaren 12an hartutako erabakiaren arabera eratu zen Innobideak Programako Batzorde Exekutiboa, kide hauekin: Alexander Arriola Lizarriturri jauna, Aitor Urzelai Inza jauna, Aitor Cobanera Rodríguez jauna eta Josu Ocariz Gaubeca jauna. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.

2.– Laguntza-eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskaerarekin batera aurkeztu, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.

Proiektuaren memorian eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek eginiko eskaintzetan ezingo da zuzenketarik egin. Hala ere, egoki iritziz gero, SPRIk hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan.

3.– Erakunde eskatzaileak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

4.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du.

Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRIren banan-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

5.– Hiru Innobideak ildoen kasuan, irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz egingo da proiektuen ebaluazioa:

a) Programaren helburuekin bat etortzea: 35 punturaino. Gutxienekoa 20 puntu.

b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko: 35 punturaino. Gutxienekoa 20 puntu.

c) Emaitzetatik espero den eragina: 10 punturaino.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza): 10 punturaino.

e) Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea: 10 punturaino.

Irizpide bakoitzak puntuazio bat lor dezake gehienez. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitza betetzen den ala ez begiratuko da.

Horrez gain, «Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria» badutela frogatzen duten -hau da, euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa egiaztatzen duten- enpresek aurkeztutako proiektuek 5 puntu gehiago jasoko dituzte ebaluazio teknikoaren emaitza globalean.

Atzera botako dira gutxieneko puntuazio hauek gainditzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak: 20 puntu, a) irizpidean (Programaren helburuekin bat etortzea), eta/edo 20 puntu, b) irizpidean (Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko).

Halaber, atzera botako dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak.

6.– Diru-laguntzen eskaera espedienteak ordena bati jarraiki ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

7.– Ebazpen epea. Hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

8.– Erakunde eskatzaileari 15 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio ebazpena.

9.– Araudi honetan jasotako epeen ondorioetarako ez da kontuan hartuko abuztua.

10.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

14. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

Erakunde onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar da. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Emandako diru-laguntza erabiltzea, zehazki, laguntza eman den proiekturako.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den baldintzaren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio berehala SPRIri.

h) Eman programa honetan onartutako diru-laguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatu behar da diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.

j) Diru-laguntza jatorriari buruzko publizitatea eman Diru-laguntzen Lege Orokorreko 18. artikuluaren arabera.

15. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, SPRIk luzapen bat onartu dezake jarduerak burutzeko, betiere, erakunde onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza zatiaren ordainketan. Atzerapen hori SPRIri eskatu behar zaio, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako proiektuaren amaiera data baino lehen. Eskatutako atzerapena dela medio, proiektuaren exekuzioak ezin du iraun araudi honen 6.2 artikuluan gehienezkotzat ezarritako hamabi hilabeteko epea baino gehiago, eta halaber, ezingo du gainditu 2019ko urriaren 15eko epemuga.

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta aldaketa horiek erakunde onuradunak SPRIri eskatu eta aldez aurretik justifikatu baditu, ahal bada proiektuan aplikatu aurretik, eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

16. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

Proiektuaren exekuzioari dagokion zatia likidatzeko:

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, SPRIren web-gunean horretarako ezarri diren likidazio-eskabide informatizatuaren inprimakiak betez: www.spri.eus/lehiabide, www.spri.eus/kudeabide, www.spri.eus/pertsonak, enpresak aukeratutako laguntza ildoaren arabera. Eskabide hori aurkezteko epea hilabetekoa izango da, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako amaiera datatik kontatzen hasita.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Likidazio eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta diru-laguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fakturen fotokopiak. Fakturek hilabeteko epean egindakoak izan behar dute, proiektua gauzatzeko amaiera-data gisa adierazitako egunetik zenbatzen hasita, eta bat etorri behar dute likidazio-eskabide telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta SPRIk onartu gabeko gastuei dagozkienak. Era berean, fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuko aholkularitza-orduei dagozkien zenbatekoak eta bestelako gastuak, hala nola, bidaiak, dietak, joan-etorriak, hornikuntzak, e.a. Fakturek ordainduta egon beharko dute proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu baino lehen. Ez dira kontuan hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskabideaz harago luzatua duten fakturak.

b) Finantza erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek fakturak igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).

c) Likidazio-eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiria). Gainera, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.

d) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak; eta berariazko baimena SPRIri eska diezaien organo eskudunei egiazta dezatela benetan bete direla zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

e) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, non jasota egongo diren, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektuan inplikatutako langileak, proiektua gauzatzeko gastuak, proiektuak enpresaren lehiakortasunean izan duen inpaktua, e.a.

f) Proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira, beti ere laguntza-eskaeraren arabera.

g) Erakunde onuradun guztien langileen izen-zerrendaren kopia, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuta.

h) Innobideak Lehiabide eta Innobideak Pertsonak ildoen kasuan, baita ere orduen txostenak, argi adierazita erakunde eskatzaile, onuradun eta azpikontratatuetako parte-hartzaile bakoitzak proiektuari esleitutako arduraldi eta kostuen asteko banakapena, eskaeran jasotako fase eta eginkizunen arabera. Innobideak Kudeabide ildoaren kasuan, azpi-kontratatutako erakundeei baino ez zaie aplikatuko banakapen hori.

5.– Likidazio-eskabidea ez badago behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Bestalde, ohartaraziko da horrela egin ezean ukatutzat joko dela eginiko eskaera, eta horrela jakinaraziko zaio eskatzaileari. Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Beterazaleak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

6.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da aplikatzekoa den berme erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.

2.– SPRIk 60 egun balioduneko epean egingo du ordainketa, aurreko artikuluan ezarritako likidazio eskaera eta frogagiriak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean. Egun horiek zenbatzean ez dira kontuan hartuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea -14. artikuluko 1 c atalean eta 16. artikuluko 5. puntuan aipatzen dena-, ez eta abuztua, ez baita hartzen hilabete balioduntzat.

3.– Baldin eta gastu hautagarria diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRIri eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen Programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea eta izapidetzea. Programaren Batzorde Exekutiboak ebatzi beharko du ez betetzeren bat gertatu den ala ez.

4.– Bidegabeki jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

5.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu pertsonal guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36-4.ª solairua, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbo) ardurapeko «LAGUNTZAK» edo «AHOLKULARIAK» izeneko fitxategietan gordeko dira.

Fitxategi horien helburua da SPRIk diseinatzen edota kudeatzen dituen laguntza/diru-laguntza espedienteak eta baita ere SPRIren zerbitzu eta laguntza eskaintzan parte hartzen duten edo SPRIrekin kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Fitxategi horien berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz (lopd@spri.es).

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Bilbao, 2018ko martxoaren 28a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala