Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2018ko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2013

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 6koa, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearena, zeinaren bidez hauteskunde-deia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko.

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren uztailaren 26ko EIC/710/2017 Aginduaren bidez (2017ko uztailaren 29ko BOE, 180. zk., hasiera eman zitzaion Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen osoko bilkurak berritzeko hauteskunde-prozedurari. Hauteskunde-prozedura hura 2017ko urriaren 2an hasi zen eta 2018ko irailaren 30ean bukatuko da.

Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Legearen 18.1 artikuluan jarraikiz, administrazio babesleen organo eskudunek egin behar dute hauteskunde-deia, zeinek bere lurralde-eremuan.

Horregatik guztiagatik, dagoeneko bukatu direnez jendaurrean jartzeko eta dagozkien hauteskunde-erroldei buruzko erreklamazioak eta errekurtsoak ebazteko aurreikusitako epeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko hauteskunde-deia egin beharra dago, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Legeari eta Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta gobernu-organoak arautzen dituen maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuari jarraikiz.

Azaldutako guztiagatik, 78/2015 Dekretuaren 12.1 artikuluarekin bat etorriz eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 81/2017 Dekretuaren 6.2 artikuluaren o letrak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei kontsulta egin ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

Hauteskunde-deia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko.

Bigarrena.– Hauteskunde-batzordeak.

1.– Hauteskundeen gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko, deialdi hau maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 12.2 artikuluari jarraikiz argitaratu eta zortzi egun balioduneko epean, hauteskunde-batzorde bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialetako bakoitzaren mugapeari dagokiona. Batzorde horiek honako kide hauek izango dituzte:

a) Ganberetako hautesleen hiru ordezkari, zozketa bidez ekitaldi publikoan eta maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritako moduan hautatuak. Zozketa Arabako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialean egingo da (Dato kalea 38, Vitoria-Gasteiz). Ekitaldi bakar bat izango da Euskal Autonomia Erkidego osorako. Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egun baliodunean izango da, goizeko 10:00etan hasita. Administrazio babeslearen ordezkari bat izango da zozketako burua. Ekitaldian, kide bakoitzeko bi ordezko ere hautatuko dira, salbuespen batekin: Osoko Bilkurako kidea izateko hautagaitza aurkeztu badute, uko egin beharko diote Batzordean egoteari.

b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuordetzak izendatutako bi pertsona, eta bietako bat batzordeburua izango da.

c) Idazkari bat, ahotsa izango duena, baina botorik ez. Administrazio babesleko funtzionarioen buruak hautatuko du.

2.– Hauteskunde-batzordeek honako egiteko eta eskumen hauek izango dituzte:

a) Hauteskunde-prozesua gidatu eta ikuskatzea, objektiboa eta gardena izan dadin.

b) Bidaltzen dizkieten hauteskunde-prozedurari buruzko kexei eta erreklamazioei erantzutea.

c) Hauteskunde-mahaiak eratzeko, boto-kontaketa jasotzeko eta hautagaiak aldarrikatzeko akten ereduak onartzea.

d) Behar beste jarraibide ematea hauteskunde-mahaiei, hauteskunde-prozesua ahalik eta ondoen egin dadin.

e) Mahai bakoitzean hauteskunde-prozesuan zehar sor litezkeen hauteskunde arloko interpretazio-irizpideak bateratzea.

f) Behar beste jarraibide ematea hautetsiek karguaren jabetza hartzeko eta osoko bilkura berri bat eratzeko.

g) Ganberen gobernu-organoek hauteskunde arloan egiten duten lana ikuskatzea, behar beste erabaki hartu izango dituztela organo horiek hauteskunde arloan hartzen dituzten erabakiak objektiboak eta gardenak izan daitezen.

h) C multzoko hautagai-zerrendak dagokion mugapeko Ganberari borondatezko ekarpenik handiena egin duten enpresak direla egiaztatu eta berrikustea.

i) Bozketen azken emaitza egiaztatzea eta hautetsitako hautagaiak aldarrikatzea.

j) Administrazio babesleari eta Ganbera bakoitzaren organoei esleitu ez zaizkien egitekoak egitea, hauteskunde-prozesua ondo egin dadin.

3.– Hauteskunde-batzordeen egoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoen egoitza sozialetan egongo dira.

– Arabako Hauteskunde Batzordea: Dato kalea 38, Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Hauteskunde Batzordea: Recalde zumarkalea 50, Bilbao.

– Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea: Tolosa hiribidea 75, Donostia.

Hirugarrena.– A multzoko hautesleen botoen bidez hauta daitezkeen hautagai-zerrendak.

1.– Ganbera bakoitzaren Osoko Bilkuraren A multzorako proposatutako hautagai-zerrendak idazki bidez aurkeztu beharko dira dagokion Ganberaren Idazkaritzan, idazkaritza bakoitza irekia dagoen ordutegian, eta hamar egun balioduneko epean (10) ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 16.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, A multzorako hautagai-zerrendek taldeko, edo, hala badagokio, kategoriako hautesleen ehuneko bosten bermea (% 5) beharko dute gutxienez. Talde edo kategoriako hautesleak berrehun baino gehiago badira (200), hautagaitza bat aurkezteko nahikoa izango da hamar hauteslek sinatzea (10). Bermeak aurkezteko, Zuzenbidean onartutako edozein bide erabili ahal izango da (zinpeko adierazpena barne), baldin eta bermatzen badu erabidea eta iraupena egokiak dituela. Bermeetan eta hautagai-zerrendetan egiten diren errakuntzak zuzentzeko, hiru egun balioduneko epe luzaezin bat emango da, errakuntza jakinarazten denetik hasita. Ganberako Idazkaritzak eginbide bat emango du, zehazki, hautagaitza bakoitzaren aurkezpena zer egunetan eta zer ordutan egingo den jasotzen dituena.

3.– Hautagai-zerrendak aurkezteko idazkietan, honako hauek adierazi beharko dira:

a) Pertsona fisikoa bada, izen-abizenak, helbidea (jakinarazpenetarako), eta NAN zenbakia.

b) Pertsona juridikoa bada, izen soziala, helbidea (jakinarazpenetarako), identifikazio fiskaleko zenbakia, eta horren ordezkari gisa sinatzen duen pertsonaren datuak eta kargua (ahalorde nahikoaz egiaztatu beharko da ordezkaritza hori).

c) Hautagaitzaren onarpena, hautagaiak sinatua.

d) Berariazko aipamen bat esaten duena hautagaiak bete egiten dituela Osoko Bilkurako kidea izateko hautagarritasun-baldintzak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluan jasota daudenak.

e) Hautagaiaren sinaduren kautotasuna fede-emaile publikoaren bitartez edo Ganberako idazkariaren ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko da.

4.– Hautagai-zerrendak aurkezteko idazkiarekin batera, behar diren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

5.– Hala ere, atal, talde edo, kasua denean, kategoria batean baino gehiagotan hautatzen badituzte, hiru egun balioduneko epean, osoko bilkurako kide-postu bat aukeratu beharko du eta gainerakoei uko egin. Epe horretan uko egiten ez badute, antzinatasun gutxien duten atalean, taldean edo, kasua denean, kategorian edo kategorietan uko egin dutela ulertuko da, eta automatikoki hautetsitzat hartuko da boto gehien izan dituen hurrengo hautagaia.

Laugarrena.– A multzoko hautesleen botoen bidez hauta daitezkeen hautagaiak aldarrikatzea.

1.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz, hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitutakoan, Hauteskunde Batzarrak, hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, bost eguneko epean aldarrikatuko ditu hautagaiak, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Hautagai-zerrenden kopurua txikiagoa bada aukeratu beharreko kideena baino, edo berdina, Hauteskunde Batzarrak hautetsitzat emango ditu aldarrikatutako hautagaiak, eta ekitaldi berean zozketa bidez aukeratuko dira geratzen diren postu hutsak beteko dituztenak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako hautagarritasun-baldintzak betetzen badituzte. Zozketa taldeko enpresen artean, atalean edo, kasua denean, behar den kategorian egingo da. Horretarako, Hauteskunde Batzarrak enpresa bat baino gehiago hautatuko ditu postu huts bakoitzeko, aukeratzen diren lehenengoek ezetz esaten badute ere.

Bosgarrena.– B multzoko enpresa-erakundeek proposatu beharreko hautagai-zerrendak.

1.– Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legearen 10.2 b artikuluan aipatutako Osoko Bilkurako kideak hautatzeko, enpresa-erakunde hauek proposatu ahal izango dituzte dagokion Ganberaren Osoko Bilkurako kide izateko hautagai-zerrendak:

a) SEA-Empresarios Alaveses (TTHH Araba/Álava).

b) Confederación Empresarial de Bizkaia-Bizkaiko Enpresarien Confederazioa-CEBEK (TTHH Bizkaia).

c) Asociación de Empresarios de Gipuzkoa-Gipuzkoako Enpresarien Elkartea-ADEGUI (TTHH Gipuzkoa).

2.– Hautesleen boto bidezko hautaketen azken emaitza egiaztatu eta 5 eguneko epean, aipatutako enpresa-erakundeek beren hautagai-zerrenda aurkeztuko dute Hauteskunde Batzordean. Zerrenda hori indibidualki aurkeztu ahal izango da, edo modu bateratuan hainbat enpresa-erakunderen artean. Adierazitako epean hautagai-zerrendarik aurkezten ez badute, enpresa-erakunde horiek galduko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen Gobernu Organoak berritzeko hauteskunde-prozesuan parte hartzeko eskubidea.

3.– Enpresa-erakunde horiek proposatzen dituzten hautagaien zerrenda barne-araudietan ezarritako bete beharreko kide-postuen kopuruaren adinakoa izango da. Era berean, emakumeen eta gizonen parekidetasuna errespetatu beharko du, eta, gainera, harekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Izen-abizenak, helbidea (jakinarazpenerako), NANaren edo pasaportearen zenbakia, eta aipamen bat, Ganbera bakoitzaren eremuaren barruan hautagai proposatutakoen bizitza ekonomikoko prestigioa justifikatzen duten lanbide-, enpresa-, eta ikerketa-merezimenduak edo beste izaera batekoak azpimarratuta.

b) Proposatutako hautagai guztien adierazpen idatzi bana, non esaten baita hautagaitza onartzen dutela. Horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak ere behar aurkeztu dira, bai eta berariazko aipamen bat ere, esaten duena hautagaiak betetzen dituela osoko bilkurako kide izateko baldintza guztiak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.2 artikuluan ezarritakoak.

c) Hautagaiaren NANaren edo pasaportearen fotokopia.

4.– Hautagai-zerrendetan dauden errakuntzak zuzentzeko, hiru egun balioduneko epe luzaezin bat emango da, errakuntza jakinarazten denetik hasita.

5.– Proposatutako pertsonek ezin izango dute hauteskunde-prozesu berean zuzeneko hautespeneko hautagai izan. Era berean, hautagaiek ezin izango dute zerrenda batean baino gehiagotan proposatuta agertu.

6.– Enpresa-erakundeek proposatutako hautagaien zerrendei dagokienez, deialdiaren puntu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, 4. atalean aipatutako zuzenketa-epea bukatuta baliogabetzat joko dira, eta, horren ondorioz, hauteskunde-prozesutik aterako dira.

Seigarrena.– B multzoko hautagai-zerrendak aldarrikatzea.

1.– Hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitu eta 3 eguneko epean, Hauteskunde Batzordeak hautagaiak aldarrikatuko ditu, eta hautagai horien kopurua guztira bete beharreko kide-postuen kopuruaren adinakoa izango da.

2.– Hauteskunde Batzordeak onartezintasuneko kausaren bat ikusten badu, zerrenda baliogabetzat joko du eta hauteskunde-prozesutik kanpo utziko du. Onartezintasuna hautagai bakar batek eragiten badu, Hauteskunde Batzordeak kanpo utziko du pertsona hori, eta zerrendako gainerako kideen baliozkotasunari eutsiko dio.

3.– Hautagaien aldarrikapenak ez badira egiten, kideen postuak bete gabe geratuko dira, enpresa-erakundeek dagokion Ganberaren Osoko Bilkuran proposatuta.

4.– Hauteskunde Batzordeak akta batean jasoko ditu hautagaien aldarrikapena eta izandako gorabehera guztiak. Kopia ziurtatua bidaliko zaio administrazio babesleari, gehienez ere hiru egun balioduneko epean.

Zazpigarrena.– Hauteskundeak, B multzoko zerrenda bat baino gehiago badaude.

1.– Zerrenda bat baino gehiago baldin badaude B multzoko ordezkarientzat, Hauteskunde Batzarrak bozketa-eguna eta -ordua ezarriko ditu, A eta C multzoetako hautetsiek B multzoko ordezkariak hauta ditzaten.

2.– A eta C multzoetako hautesleek hautatutako eta euren karguez jabetutako kideek enpresa-erakundeek proposatutako hautagaiak bozkatuko dituzte jada aldarrikatutako pertsonen artean. Pertsona horiek hurrenkera alfabetikoan ordenatuta egongo dira eta haien gehieneko kopuruak ezin izango du gainditu bete beharreko karguen guztizko kopurua.

3.– Bozketa ezkutukoa izango da, eta amaitutakoan, deialdi honen hamaikagarren puntuan xedaturikoaren arabera eratutako hauteskunde-mahaiek zenbaketa egingo dute. Zenbaketa publikoa izango da, eta boto kopuru handiena lortzen duen hautagaia edo hautagaiak hartuko dira hautatutzat, eta berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.

4.– Bozketak amaitu eta hiru egun baliodun igarota, dagokion Hauteskunde Batzordeak bozketen azken emaitza egiaztatu eta hautetsiak aldarrikatuko ditu.

5.– Ganberako Idazkaritzak kide hautetsiaren izaera justifikatzen duen egiaztagutuna emango die hautatutako hautagaiei.

Zortzigarrena.– C multzoari borondatezko ekarpen handiena egiten dioten enpresak ordezkatuko duten kideen hautagaitzak.

1.– 78/2015 Dekretuaren 3.1.c) artikulurako araututako kideak hautatzeko, Ganberak jendaurrean jarriko du, bost egun balioduneko epean, hauteskundeetarako deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita, Mugape bakoitzean borondatezko ekarpen handiena egiten duten enpresen errolda, bere barne-araudiaren arabera. Errolda hori ofizioz edo alde baten eskariz aldatu ahal izango da, eta hautesle interesdunek behar bezala justifikatu beharko dituzte jendaurrean jarri ondorengo bost eguneko epean gertatzen diren altak eta bajak. Epe hori bukaturik, Ganberak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dio ekarpen handiena egin duten enpresen errolda.

2.– Erroldan enpresa gutxiago badaude borondatezko ekarpen handienak (C multzoa) egin dituzten enpresek bete beharreko kide-kopurua baino, edo kopurua bera bada, erroldan dauden guztiek hautagai-izaera hartuko dute, berariaz kontrakoa adierazi ezean (hori idatziz adierazi beharko litzateke, artikulu honetako 1. puntuan aipatutako jendaurrean jartzeko epea bukatu eta bost egun balioduneko epean).

Enpresa hautagaiek 15 egun baliodun izango dituzte, hauteskunde-deialdia argitaratu ondoren, behar diren egiaztagiriak aurkezteko edo interesdunak edo bere legezko ordezkariak sinatutako zinpeko adierazpen bat aurkezteko, non emango baita jakinarazpenetarako helbide bat, eta adierazi beharko du, orobat, hautagaiak hautagarria izateko baldintza guztiak betetzen dituela (baldintza horiek 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluaren b, d, e eta f letretan eta 11.2 artikuluan jasota daude).

3.– Erroldan enpresa gehiago baldin badaude bete beharreko bokal-kopurua baino, talde horretan bokal bat eskuratzeko interesa duten enpresa hautagaiek 15 egun baliodun izango dituzte, hauteskunde-deialdia argitaratu ondoren, behar diren egiaztagiriak aurkezteko edo interesdunak edo bere legezko ordezkariak sinatutako zinpeko adierazpen bat aurkezteko, non emango baita jakinarazpenetarako helbide bat, eta adierazi beharko du, orobat, hautagaiak hautagarria izateko baldintza guztiak betetzen dituela (baldintza horiek 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluaren b, d, e eta f letretan eta 11.2 artikuluan jasota daude).

Bederatzigarrena.– C multzoari borondatezko ekarpen handiena egiten dioten enpresak ordezkatuko duten kideen aldarrikapena.

1.– Hauteskunde Batzordeak bost egun balioduneko epean aldarrikatuko ditu hautagaitzak. Epe hori hautagaitzaren egiaztagiriak edo hautagaitza bera aurkezteko epea bukatutakoan hasiko da.

Enpresak gehiago badira multzo honek bete beharreko kide-kopurua baino, hautaketa egingo da ekarpen bera eginik A multzoko hautagaitzak hautatzeko egunean hautatuak izateko eskubidea dutenen artean, Hauteskunde-eskubide aktiboa C multzoko enpresen errolda osatzen duten enpresek baliatuko dute.

2.– Hauteskunde Batzordeak hautatutakotzat joko ditu mugape horretan ekarpen handienak egin dituzten enpresak, Ganberak bete beharreko kide-postuen kopuruan emandako informazioaren arabera Hautaketa gertatu bada, boto-kopururik handiena duten hautagaitzak izango dira hautatuak. Bozketan beste berdinketa bat gertatu bada, zozketa bidez ebatziko da.

Hamargarrena.– Posta bidezko botoa.

1.– Ganberetako hautesleen botoen bidez hautatutako Osoko Bilkurako kideen hauteskundeetan, bozketa egiteko ezarririko egunean dagokion Hauteskunde Kolegioan bertaratuta euren eskubidea ezin izango dutela baliatu aurreikusten duten pertsona fisikoek edo juridikoek posta bidez eman ahal izango dute beren botoa, aldez aurretik dagokion Ganberan eskabide pertsonala aurkeztuz eta dagokion Ganberak horretarako normalizatutako ereduak erabiliz. Horretarako epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 22. artikuluan aipatutako betekizunei eta prozedurari jarraituko zaie.

Interesdunak, eskabidea Ganberako Idazkaritzan aurkezten badu, bere identitatea egiaztatu beharko du, eta, hala badagokio, noren ordez diharduen, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21.2 eta 22. artikuluetan ezarritako moduan.

Interesdunak, eskabidea posta ziurtatu eta urgente bidez aurkezten badu, bere identitatea egiaztatu beharko du, eta, hala badagokio, noren ordez diharduen, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21.2 eta 22. artikuluetan ezarritako moduan.

Nolanahi ere, eskabidean honako hauek zehaztuko dira:

1.– Pertsona fisikoak direnean, hauteslea identifikatzeko, sinatzailearen nortasun-agiri nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo pasaportearena, gida-baimenarena edo, bestela, egoitza-txartelarena. Pertsona fisikoek ez badute Espainiako nazionalitaterik, dagokien identitate-agiria aurkeztu beharko dute edo, bestela, pasaportea eta atzerritarren identitate-txartela. Europar Batasuneko estatu batekoak badira, edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmeneko kide den estatu batekoak, edo atzerritarren erregimen komunitarioa aplikatzen den estatu batekoak, Atzerritarren Erregistro Zentraleko inskripzio-ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Pertsona juridikoen kasuan, helbide soziala, ordezkariaren datu pertsonalak aurreko zenbakian jasotako moduan, eta elkartean betetzen duen kargua edo elkartearekiko loturazko harremana, erakundearen identifikazio fiskaleko zenbakia eta ordezkaritza nahikoa egiaztatzen duten dokumentuak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako moduan.

Bi kasuetan, pertsonaren nortasuna eta interesduna noren ordez diharduen egiaztatzeko dokumentazioa behar bezala konpultsatzea eskatuko da.

3.– Botoa zein taldetan eman nahi den eta, hala badagokio, zein kategoriatan. Ez bada zehazten, ulertuko da hauteslea inskribatuta dagoen talde edo kategoria guztietarako eskatzen dela.

2.– Dagokion Ganberako Idazkaritzak hauteskunde-erroldan izena emanda dagoela egiaztatuko du, horri buruzko egiaztagiria emango du, eta, boto pertsonala onartu ez diezaioten erroldan jaso ondoren, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 23.2 artikuluan deskribatutako dokumentazioa igorriko dio eskatzaileari, posta ziurtatu eta urgente bidez, horretarako adierazitako helbidera edo, halakorik ez badago, erroldan adierazten den helbidera, hautespena egiteko ezarritako egunaren aurreko hamar egun baino lehen. Dagokion taldean hautespena egin ez bada, horren berri emango zaio eskatzaileari. Era berean, eskatutako eta bidalitako egiaztagirien zerrenda emango zaio Hautespen Batzordeari.

3.– 2018ko ekainaren 5eko 12:00ak baino lehen posta bidez jasotako botoak baino ez dira onartuko.

4.– Posta bidez bozkatzeko egiaztagiria eta dokumentazioa izanik, pertsonalki bozkatu nahi duen hautesleak hala egin ahal izango du, dokumentu horiek Hauteskunde Mahaian itzulita. Eta dokumentuak itzultzen ez baditu, botoa ez zaio onartuko.

Hamaikagarrena.– Hauteskunde Mahaiak.

1.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 25.1 artikuluan aurreikusitako zozketa, dagokion Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiak osatuko dituzten hautesleen ordezkariak hautatzeko dena, Hauteskunde Batzorde bakoitzaren egoitzan egingo da, ebazpen honen laugarren puntuan adierazten den A multzoko hautagaien aldarrikapenaren egun berean.

2.– Ekitaldi berean, Osoko Bilkurako C multzoko (eta B multzoko, zerrenda bat baino gehiago badaude) kideak hautatzeko buru izan behar duen hauteskunde-mahaia ere izendatuko da; mahai hori eta hautesleen bozka bidez hautatuko diren kideak hautatzeko eratuko dena bat izango dira, mahai bera alegia. Mahai bat baino gehiago baldin badago, hauteskunde-kolegioa osatuko duten mahai guztien artean hautatzen dena izango da.

Hamabigarrena.– Bozketak.

1.– Ganberetako Osoko Bilkuretako A eta C multzoetako kideak hautatzeko bozketak egingo diren egunak, eta hauteskunde-kolegioak irekiko diren lekuak eta ordutegiak, Ganbera bakoitzarentzat, honako hauek izango dira:

a) Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofiziala.

– Data: bozketak 2018ko ekainaren 6an egingo dira.

– Lekua: Arabako Merkataritza eta Industriako Ganbera Ofizialaren egoitzaren Hauteskunde Kolegioan, Eduardo Dato kalea 38.

Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

b) Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala:

- Data: bozketak 2018ko ekainaren 6an egingo dira.

– Lekua: Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren egoitzaren Hauteskunde Kolegioan, Kale Nagusia 50.

Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

c) Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala:

– Data: bozketak 2018ko ekainaren 6an egingo dira.

– Lekua: Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren egoitzaren Hauteskunde Kolegioan, Tolosako hiribidea 75.

Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

2.– Hautesleek, Hauteskunde Batzordeari idazki bat bidalita, gehienez bi artekari izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Mahai bakoitzeko, bozketak eta boto-kontaketa kontrolatzeko. Artekariak izendatzeko idazkia aurkezteko epea 2018ko ekainaren 4an bukatuko da.

3.– Hauteskunde Mahaiko buruak formalizatuko du artekarien izendapena, Hauteskunde Mahaiaren eratze-ekitaldian bertan.

Hamahirugarrena.– Boto-kontaketa, emaitzen egiaztapena eta hautetsien aldarrikapena.

1.– Boto-kontaketa eta emaitzen egiaztapena maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 29. eta 30. artikuluetan xedatutakoaren arabera egin beharko dira.

2.– Bozketak amaitu eta hurrengo zazpi egunen barruan, Hauteskunde Batzarrak, ekitaldi publikoan, boto-kontaketaren azken emaitza egiaztatu eta aldarrikatuko du. Ganberako Idazkaritzak kide hautetsiaren izaera justifikatzen duen egiaztagutuna emango die hautatutako kideei.

Hamalaugarrena.– Hautatutako kideak karguaz jabetzea.

1.– A eta C multzoei dagokienez, hauteskunde-batzordeek hauteskundeen emaitzak aldarrikatu eta zortzi egun balioduneko epean, hautetsiek jabetzan hartu ahal izango dituzte beren karguak, dagokion Ganberako idazkariaren aurrean. Epea egiaztagutuna edo beren hautetsi-aldarrikapenaren jakinarazpena jasotzen duten unean hasiko da.

Bestalde, B multzoko hautetsiek beren karguak jabetzan hartzeko epea bost egun baliodunekoa izango da, beren aldarrikapena egiten denetik aurrera.

Pertsona fisikoek pertsonalki hartuko dute karguaren jabetza eta pertsona juridikoen kasuan, horien ordez jarduteko behar den eskumena duten pertsonen bitartez.

2.– Aurreko atalean adierazitako epea amaitzen denean beren karguez jabetu ez badira, kide hautetsiaren izaera galduko dute, eta hutsik dagoen kargua maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 33. artikuluan ezarritako moduan beteko da. Salbuespen gisa eta ganberako Idazkaritza Nagusiak onartutako absentzia justifikatu bat tartean bada, ezarritako epean beren postua jabetzan hartu ezin duten hautetsiek ganberako Idazkaritza Nagusiaren aurrean hartu ahal izango dute, osoko bilkuraren eratze-egunean.

Hamabosgarrena.– Gobernu-organoen eraketa.

1.– Osoko bilkura berriak eratzeko ekitaldia dagokion Ganberaren egoitzan egingo da, eta Turismo eta Merkataritza Sailaren ordezkari bat izango da ekitaldiko burua.

2.– Aldarrikapena edo hautaketa errekurtso baten xede izan den Osoko Bilkurako kideen kasuan, eratzeko ekitaldiaren egunean errekurtsoa oraindik ebatzi ez bada, kide horiek euren karguez jabetu ahal izango dira. Ebazpenak baliogabetzen badu aldarrikapena edo hautaketa, legez aurreikusitako moduan beteko da hutsik dagoen kargua.

3.– Osoko bilkura balio osoz eratzeko, gobernu-organo horren funtzionamendu-arauak bete beharko dira, ganbera bakoitzaren barne-araubidean ezarrita daudenak.

4.– Osoko Bilkura eratu ondoren, lehendakaria eta Batzorde Eragileko gainerako kideak hautatuko dira. Horretarako, Hauteskunde Mahaia eratuko da, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 34.2 artikuluan aipatutako osaera eta funtzioak izango dituela.

5.– Hauteskunde Mahaia eratu ondoren, lehendakaria eta Batzorde Eragileko gainerako kideak maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoa betez hautatuko dira, ganbera bakoitzaren barne-araudietan horrelako kasuetarako ezarritako modua erabiliz.

6.– Osoko Bilkurako kide guztiek boto aktiborako eta pasiborako eskubidea izango dute, nola izan diren hautatuak kontuan hartu gabe.

Hamaseigarrena.– Eredu normalizatuak.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, eredu normalizatuak ezarriko dira hauteskunde-prozesu honetako izapideetarako.

Hamazazpigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean izango ditu ondorioak. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 6a.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,

ISABEL MUELA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala