Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2018ko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2012

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 29koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen eta eraginkor egiten baita Global Efficiency Aranguren SL enpresari emandako ingurumen-baimen integratua, hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerarako, Zalla eta Gueñesko udal-mugarteetan (Bizkaia).

Une horretan Ingurumeneko sailburuordea zenaren 2008ko apirilaren 22ko Ebazpenaren bidez, papera egiteko kraft ore zurituaren fabrikazioaren jarduerarako ingurumeneko baimen integratua eman zitzaion, Zalla eta Gueñes (Bizkaia) udalerrietan Pastguren SL enpresak sustatua.

Pastguren SL enpresak 2008ko apirilaren 22ko Ebazpenaren aurka 2008ko maiatzaren 22an jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak, 2008ko abuztuaren 22an. Agindu horretan, partzialki onartzen da gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egiten dira ebazpenaren lehen eta bigarren atalak (B.1.1.2, B.1.3.1 eta B.1.3.2 azpiatalak).

Ingurumeneko sailburuordearen 2014ko abuztuaren 8ko Ebazpenaren bidez, Global Efficiency Aranguren SL enpresari transmititu zitzaion Zallako eta Gueñesko (Bizkaia) udal-mugarteetan Pastguren SL enpresari emandako ingurumen-baimen integratua.

Ebazpena, 2016ko urriaren 17koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen baita Global Efficiency Aranguren SLri emandako ingurumen-baimen integratua, Zalla eta Gueñesko udalerrietan (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerarako.

2016ko azaroaren 28an, Global Efficiency Aranguren SL enpresak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 2016ko urriaren 17ko Ebazpenaren aurka, eta adierazten zen 2016ko urriaren 17ko Ebazpenaren bigarren atalaren B azpiatalean eskatzen zen fidantza ematea eta aurrekontua aurkeztea, zabortegiaren zigilatzea eta itxiera egiteko, ez zegoela jasota ingurumen-baimen integratuan eta ez dela sustatzailearen jabetza.

2016ko abenduaren 31n Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2017ko urtarrilaren 31n, 2017ko otsailaren 9an, 2017ko otsailaren 21ean eta 2017ko otsailaren 22an, baimenaren aldaketa eta informazio gehigarriaren eskaerak eman ziren, non sustatzaileari eskatzen zitzaion baimenean ezarritako emisioen gehieneko balioak betetzen zirela ziurtatzeko zuzenketa-neurriak eta ekintza-plana adieraztea, 4. fokuan hamabost egunean behin neurketak egitea, bai eta biomasa-galdararen tximinian partikulak etengabe neurtzeko neurgailu bat instalatzea ere.

2017ko otsailaren 21ean, 2017ko martxoaren 27an eta 2017ko martxoaren 31n, Global Efficiency Aranguren SL enpresak biomasa-galdararen isurketen hobekuntzarako proiektua aurkeztu zuen.

2017ko abuztuaren 11n, Global Efficiency Aranguren SL enpresak jakinarazi zuen biomasa-galdarako partikulak etengabe neurtzeko ekipoa jada instalatuta eta kalibratuta zegoela.

2017ko abuztuaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen uztailaren 28ko 773/2017 Errege Dekretua, zeinaren bidez produktu eta isurketa industrialei buruzko zenbait errege-dekretu aldatzen baitira.

2017ko urriaren 20an, Ingurumen Sailburuordetzari atxikitako zerbitzu teknikoek ikuskaritza-bisita bat egin zuten Global Efficiency Aranguren SL enpresaren Zalla eta Gueñeseko (Bizkaia) instalazioetan, 2016ko urriaren 17ko Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, eta AAI00050/1S zenbakidun akta egin zuten, bisitaren nondik norakoak jasota.

2017ko abenduaren 22an argitaratu zen 1042/2017 Errege Dekretua, errekuntza ertaineko instalazioetatik datozen agente kutsatzaile zehatz batzuen atmosferarako igorpenak mugatzen dituena eta Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratzen duena.

Global Efficiency Aranguren SL enpresak aurkeztutako agiriak aztertuta eta Zalla eta Gueñeseko instalazioetara egindako ikuskapen-bisitaren ondoren, ondorioztatzen da enpresak bete dituela ingurumen-baimen integratua eraginkorra izan zedin 2008ko apirilaren 22ko Ebazpenaren hirugarren atalean adierazitako baldintzak.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta 2016ko urriaren 17ko ebazpenaren D.3, D.4 eta D.5 ataletan ezarritakoarekin bat etorriz, egokia da ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitateari buruzko, saneamendu-sareko isurketei buruzko, hondakinak sortzeari buruzko eta lurzoruaren babesari buruzko atalak eguneratzeko.

Era berean, kontuan hartuta ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu dela, egokia da indarrean dagoen araudi berrian integratutako ingurumen-baimenaren baldintzak egokitzea, ofizioz, aipatutako Ebazpenaren Laugarren atalean ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ingurunean eragin daitezkeen kalteak minimizatzeko, eta biomasa-galdaran isurketa txikiagoa egin ahal izateko bideragarritasun teknikoa badagoela ikusita, foku horretan partikulen parametrorako emisioen gehieneko balio murriztaileagoa ezartzea egokia da.

Global Efficiency Aranguren SL enpresak biomasa-galdaran partikulen parametroa etengabe neurtzeko sistema instalatu duela jakinarazi duenez –ingurumen-organo honek hala eskatuta–, egokia da foku horretan hamabost egunean behin neurketak egiteko baldintza kentzea eta 2016ko urriaren 17ko Ebazpenaren bigarren ataleko D.3 eta E.1 azpiatalak egokitzea, sistema horren baldintza zehatzak ezartzeko.

Halaber, aurretik aipatutako aldaketen ostean, Global Efficiency Aranguren SLri epe nahikoa eman behar zaio ingurumen-baimen integratuaren eremuan jasotako ingurumena zaintzeko programa egunera dezan, aldaketa horiei egokiturik.

Global Efficiency Aranguren SLri emandako ingurumen-baimen integratua aldatu egin behar da, baimenean aipatutako aldaketak txertatzeko.

Ingurumen-organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, hain zuzen ere honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Honako araudi hau ikusi da: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Global Efficiency Aranguren SLri Zalla eta Gueñesko udalerrietan hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua aldatzea, eta, ildo horretan, aipatutako 2016ko urriaren 17ko Ebazpenaren lehen, bigarren, laugarren, bosgarren eta seigarren atalak aldatzea, zeinak honela idatzita geratuko diren:

«Lehena.– Helbide soziala Zallako (Bizkaia) udalerriko Aranguren auzoa z.g. duen eta IFK: B-95731071 zenbakia duen Global Efficiency Aranguren SL enpresari Zalla eta Gueñesko udalerrietan hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerarako Ingurumen Baimen Integratua ematea, ebazpen honen bigarren atalean zehaztutako baldintzei jarraikiz.

Jarduera 815/2013 Errege Dekretuaren I. eranskinean jasota dago, 5.4.c kategorian zehazki, «Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko edo balorizatu eta ezabatzeko instalazioak, eguneko 75 tm-tik gorako ahalmenarekin – Zepen eta errautsen tratamendua» (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako isurpenen erregelamendua onartzen eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena).

Global Efficiency Aranguren SLren jarduera industriala hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa da (zepa zuriak, erregogorrak, plastikoak), bai eta ezpal normalizatuaren eta pellet normalizatuaren ekoizpena nahiz biomasaren konbustioaren bidez sortutako argindarra ere.

Honako hauek dira garatzen diren prozesu nagusiak:

– Lehengaiak jasotzea: egurraren Parke bat dago eta bertan jasotzen dira lehengaiak eta gai osagarriak. Lehengai nagusiak pinus radiata espezieko egurrezko enborrak eta basoko biomasa da, eta kamioietan jasotzen dira. Ibilgailu horiek baskulan pisatzen dira. Ondoren, enborrak zuraren parkean biltegiratzen dira, aire librean, prozesuan sartu arte.

– Lehengaiaren tratamendua (azala kentzea eta ezpaltzea): azalarekin jasotzen diren enborrei azala kendu behar zaie prozesuan sartu aurretik. Horretarako, enborrei azala kentzeko danborra elikatzen duen mahai baten gainean jartzen dira. Puntu horretan sortzen diren azalak azal-biltegi edo -silo batera eramaten dira biomasa-galdaran erretzeko, kogenerazio-prozesuaren barruan. Hori guztia egin ondoren, beste elikatze-mahai batera eramaten dira. Bertan uzten dira azala kendutako enborrak eta azalik gabe jasotakoak.

Biomasa-galdaran honako hauek soilik erabiltzen dira: basoko biomasa, azalak eta bakanketan eta inausketan jatorria duen biomasa birrindua.

Handiegiak diren enborrak baztertu eta makina hidrauliko batean luzetara mozten dira. Enborrak zatikatzeko makinan sartu eta bertan zatitzen dira. Bahe bat erabiliz aukeratzen dira egokiak diren ezpal-tamainak eta handiegiak diren enborrak rechiper-ean sartzen dira, eta zatirik txikienak, berriz, biomasaren biltegira eramaten dira, kogenerazio-prozesuan sartzeko.

– Ezpalak biltegiratzea (chip-en siloa): ezpal-tamaina egokia lortu ondoren, chipen siloan biltegiratzen dira guztiak.

– Plastikoen balorizazio-lerroa: metalekin nahasitako plastiko birrinduen hondakinetatik abiatuta, zati metalikoaren bereizketa eta sailkapena egiten da, dentsitate-diferentziaren bidez.

– Zepa zurien balorizazioa: aurretik elementu metalikoak kendu eta gero, zepa zuria zenbait birrintze-prozesutatik igarotzen da. Horrela, materialak 10 mm-ko gehieneko granulometria izatea lortzen da, eta material horren azken helmuga zementuaren fabrikazioaren ekoizpen-prozesuan txertatzea da.

– Erregogorren balorizazioa: estalduren eta erregogorren hondakinak ehotze- eta baheketa-prozesu batetik igarotzen dira, eta balorizatu eta gero, erregogorren ekoizpen-prozesuan txertatzen dira lehengai gisa.

– Karbonato-lohiaren tratamendua kare-labean.

Hondakin ez-arriskutsuen kudeaketaren jardueraz gain, Global Efficiency Aranguren SLk baditu beste ekoizpen-lerro batzuk, eta honako hauek dira:

– Kogenerazio-instalazioa: lurrun birberotuzko bi galdara eta lurrun-turbina bat, korronte elektrikoko sorgailu batekin.

– Enborkien biltegiratzea, tratatzeko.

– Pellet normalizatuen fabrikazioa, ezpala fabrikatzeko prozesuan sortutako errefusetik abiatuta.

– Ezpal normalizatua ekoiztea eta merkaturatzea.

Ekoizpen-prozesurako erabilitako energia-baliabideak energia elektrikoa, gas naturala eta gasolioa dira. Fabrikaren funtzionamendu arruntean energia elektrikoa erabiltzen da, eta urtean 38.960.124 Kwh kontsumitzen dira. Gas naturalaren kontsumoa lurruna sortzeko gas-galdaran egiten da, eta urtean 61.023.336 Kwh kontsumitzen dira. Gasolioa barne-garraiorako erabiltzen da, eta urtean 50.000 litro kontsumitzen dira.

Udal-sareko ura kontsumitzen da zerbitzu sanitarioetarako, eta Cadagua ibaitik hartutako ura erabiltzen da gainerako instalazioetarako. Udal-sareko uraren kontsumoari dagokionez, urtean 4.000 m3 kontsumitzen dira; ibaitik hartutako uraren kasuan, berriz, urtean 332.800 m3 kontsumitzen dira.

Instalazioan bi isurketa-puntu daude. Batetik industria-urak, ur sanitarioak eta euri-urak joaten dira: kutsadura dakarte herrestan eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera zuzentzen dira, urteko 100.151 m3-ko emaria dutelarik; bestetik, euri-ur garbiak joaten dira eta Cadagua ibaira zuzentzen dira.

Halaber, hondakin-uren arazteko planta bat du, egun erabiltzen ez dena. Planta horren bidez tratamendu fisiko-kimiko bat egin daiteke homogeneizazioa, malutapena, dekantazioa, lohien loditzea eta pH-aren doikuntza egiteko. Plantaren tratamendu-edukiera egunean 16.800 m3-koa da.

Instalazioan atmosferara isurketak egiten dituzten 3 foku daude, gas-galdararena, kare-labearena eta biomasaren galdararena (azalak). Tratamendu-sistemari dagokionez, fokuetan iragazki elektrostatikoak daude, eta biomasa-galdarekin erlazionatutako fokuan zikloi bat ere badago.

Sortutako hondakin arriskutsu nagusiak substantzia arriskutsuak eta olio erabilia eduki dituzten ontziak dira.

Zepen tratamendurako lerroari dagokionez, proiektuan teknika erabilgarri onenak izan daitezkeen hobekuntza hauek ditu gerta daitezkeen isuri lausoak saihestearren: estalki azpiko eta hormigonatutako azalera gaineko biltegiratzea, uhal garraiatzaile estalia eta pantaila bidez babestutako birrintzeko instalazioa, manipulatzean partikulak sakabanatu ez daitezen.»

«Bigarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea Global Efficiency Aranguren SL enpresak Zalla eta Gueñes udalerrietan (Bizkaia) sustatzen duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera ustiatzeko.

A) Seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatuko den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Global Efficiency Aranguren SLk erantzukizun zibileko asegurua eguneratu izanaren ziurtagiria igorri behar dio urtero ingurumen-organoari, eta polizan edozein aldaketa gertatu bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio. Gainera, kontratatutako aseguru berria osatzen duten baldintza orokor, berezi eta berariazkoen kopia ere igorriko da.

B) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Global Efficiency Aranguren SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

C) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

a) Instalazioan inolaz ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edo hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin-mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

b) Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

c) Hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetatik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

d) Baimenaren helburu diren hondakin ez-arriskutsuak onartu aurretik, hondakin horiek onartzen dituztela frogatzen duen agiria igorriko zaio hondakinen titularrari. Agiri horretan, onarpena zein baldintzatan egiten den zehaztuko dute. Agiri horren kopia bat Ingurumen Sailburuordetzara igorriko da.

Partida bakoitza jaso aurretik egiaztatu beharko da baldintza horiek betetzen direla.

e) Balorazioa egiteko, plantara iristen diren hondakin ez-arriskutsuen kontrol bat eraman beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera plantan onargarriak direla bermatzeko.

Kontrol horretan, Ingurumen Sailburuordetza honek onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Agiri horretan, onartzeko parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztapen hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.

f) Atondutako lurzoruetan egingo dira zamalanetan ibilgailuak geratzeko guneak, eta beharrezkoak diren maldak nahiz gerta daitezkeen isuriak biltzeko sareak izango dituzte.

Fabrikako hondakinen zamalanetan eta manipulazioan, nola ekipoen estankotasunean, isuri lausoak edo kontrolatu gabeak egotea saihestu beharko da, edo, bestela, ahalik eta gehien murriztu.

g) Hondakinak egokitutako azaleran biltegiratuko dira, gerta daitezkeen ihes edo isurtzeen balizko eragina saiheste aldera, eta, halakorik gertatuz gero, horiek bildu eta karakterizatu egingo dira.

Bi urtekoa izango da balorizatu beharreko hondakin ez-arriskutsuak gordetzeko gehieneko epea.

h) Uztailaren 28ko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Global Efficiency Aranguren SLk fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste gorabehera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Era berean, erregistro bat mantenduko da eta honako hauek jasoko ditu: merkaturatutako produktu balorizatua (kantitatea eta helmuga) eta plantan sortutako errefusa (kantitatea eta helmuga).

Bi agiri horiek (artxibo kronologikoa eta erregistroa), gutxienez hiru urtez gordeko dituzte, eta urtero bidaliko dituzte Ingurumen Sailburuordetzara dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz.

i) Hondakin ez-arriskutsuen kudeaketaren jarduera, baimen honen xede dena, zabaltzea edo aldatzea ingurumen-organoari jakinarazi behar zaio, eta hala dagokionean, ingurumen-organoak baimendu beharko du.

C.1.– Hondakin plastikoak balorizatzeko prozesurako baldintzak eta kontrolak.

Honetan datza Global Efficiency Aranguren SLren Zallako eta Gueñesko (Bizkaia) instalazioetan hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko jarduera:

– Hondakin plastikoak biltegiratzea, sailkatzea eta hondakin horien zati plastikoak eta metalikoak bereiztea eta plastikozko utzikina ekoiztea (R3 eta R4 kudeaketa-eragiketak).

Hondakin ez-arriskutsuak baino ezingo dituzte kudeatu, betiere, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako Hondakinen Europako Zerrendan jasota eta taula honetan zehaztuta badaude:

(Ikus .PDF)

Metalekin nahasitako hondakin plastiko birrinduetatik abiatzen da (hondakin horiek zakutan iristen dira).

Hondakin plastikoak balorizatzeko jarduera 2.900 m2-ko azalera batean egiten da.

Balorizatzeko hondakinak kanpoan biltegiratzen dira, horretarako prestatutako azalera baten gainean eta zaku iragazgaitzetan.

Zakuak elikatze-toberan husten dira, eta, ondoren, plastikoa garbitzen da, dentsitate bidez, garbitze-bainera batean. Garbitutako plastikoa zentrifugagailuetan lehortzen da, eta, lehortutakoan, plastikoaren estrusioari eta plastikozko utzikina ekoizteari ekingo zaio. Hori egin eta gero, biltegiratu egiten da, ondoren zakuratzeko eta bidaltzeko.

Urtean, gehienez, 2.800 tm hondakin plastiko tratatzeko ahalmena dago.

Balorizazioan honako elementuak eskuratzen dira: utzikina egiteko plastikoa, plastiko-errefusa, aluminioa eta lohiak.

Biltegiratzeak siloetan egiten dira, edo, bestela, zaku iragazgaitzetan zakuratzen dira, horretarako egokitutako lekuetan.

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak honako atal hauetan zehazten dira, zeinetan, era berean, hondakinak behar bezala kudeatzeko zehaztapenak ere jasotzen baitira.

C.2.– Altzairugintzako zepa zuriak eta erregogorrak balorizatzeko prozesurako baldintzak eta kontrolak.

Honetan datza Global Efficiency Aranguren SLren Zallako eta Gueñesko (Bizkaia) instalazioetan hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko jarduera:

– Zepa zuriak biltegiratzea, metal-bereiztea, birrintzea, sailkatzea eta bahetzea, kanpoan erabil ditzaten otsailaren 18ko 34/2003 Dekretuan araututako erabileraren batean (R4 eta R5 kudeaketa-eragiketak).

– Estalduren hondakinak eta erregogor-hondakinak biltegiratzea, birrintzea, sailkatzea eta bahetzea (R5 kudeaketa-eragiketa).

Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako hondakinen zerrendan jasota dauden hondakin ez-arriskutsuak baino ezin dituzte kudeatu. Hondakin horiek taula honetan zehazten dira:

(Ikus .PDF)

Zepa zuriak eta estalduren eta erregogorren hondakinak biltegiratu, metalak bereizi, birrindu, sailkatu eta bahetzeko jarduera Global Efficiency Aranguren SLren instalazioen barruan dago kokaturik.

Zepa zuriak eta erregogorrak balorizatzeko egingo diren prozesu guztiak (produktu gordina metatzea, ehotzea, bahetzea eta amaitutako produktua metatzea) estalkiaren azpian eta azalera hormigonatuan egingo dira. Era berean, kamioiek zirkulatzeko bide guztiak, fabrikan sartzekoak nahiz fabrikatik irtetekoak, hormigonatuta daude.

Zepa zurien eta erregogorren prozesuek –zeinak instalazio berean egiten diren– bi produktuen kutsadura gurutzatua saihestuko dute. Bi produktuak une oro egongo dira bereizita, tratatu baino lehen nahiz tratatu eta gero.

Tratatu gabeko zepa zuriak horretarako egokitutako biltegiratze-gunean deskargatzen dira, hau da, estalpean eta azalera hormigonatu gainean eta box bereizietan, jatorriaren arabera sailkatuta. Balorizazio-prozesu guztian eusten zaio jatorriaren araberako bereizte horri. Erregogorren hondakinei dagokienez, jaso eta gero azalera hormigonatuan eta estalpean biltegiratzen dira.

Tobera baten bidez elikatzen da balorizazio-lerroa. Toberatik atera eta gero, uhal garraiatzaile batek, zeinak overband sistema baten bidez elementu metalikoak kentzen baititu, xehagailu bateraino eramaten ditu hondakinak, eta, han, hondakinak 80 mm-ko granulometria izan arte xehatzen ditu. Hondakinei lehen bahetze bat egiten zaie, eta xehagailutik igaro ondoren geratu diren tamaina handiagoko zatiak bereizi eta lerroaren hasierara eramaten ditu.

Bahetze horretatik irten eta gero, materiala –zeina metalak kentzeko beste overband batetik igaroko baita– errota batean sartzen da 10 mm-ko granulometria edo txikiagoa lortzeko. Material fin hori beste overband batetik igaroko da, amaierako produktuak metalik ez duela ziurtatzeko.

Uhal garraiatzaileak estalki bat du instalatuta, baloritzatzeko materiala garraiatzean isurketak egon ez daitezen; xehagailuak, berriz, pantailak ditu, bai eta metalezko egitura sandwich panel bidezko itxiturarekin eta ziklon bidezko hauts bilketarekin ere.

Balorizatutako zepen amaierako helmuga zementuaren industria da. Zementua fabrikatzeko ekoizpen-prozesuan sartuko dira. Balorizazioa egin eta gero, estalduren eta erregogorren hondakinen helmuga elementu horiek fabrikatzen dituen industria izango da, eta berriro txertatuko dira lehengai gisa ekoizpen-prozesuan.

Urtean 126.000 tm zepa zuri eta erregogor tratatzeko ahalmena dago.

Prozesuan sortzen den errefuseko metala edukiontzietan biltegiratuko da, eta, ondoren, baimendutako kudeatzaile batek kudeatuko du.

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak honako atal hauetan zehazten dira, zeinetan, era berean, hondakinak behar bezala kudeatzeko zehaztapenak ere jasotzen baitira.

C.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.3.1.– Baldintza orokorrak.

Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko Global Efficiency Aranguren SLren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferarako isuriek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako isurien muga-balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara botatzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor horretatik salbuetsi daitezke isuri konfinatu gabeak, baldin eta horiek biltzea ez bada teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria, edota egiaztatzen bada ingurunean kalte urria eragiten dutela.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzeak gertatzeko probabilitatea txikitzeko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren ondoriozko aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.

Instalazioaren titularrek Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.3.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko Global Efficiency Aranguren SLren instalazioak (haren jarduerari urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskineko 01 01 03 01 eta 09 10 09 50 kodeak dagozkio) honako foku hauek ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiari jarraituz katalogaturik:

(Ikus .PDF)

Urte jakin batean foku sistematiko baterako ez badago sistematiko gisa funtzionatzeko baldintzarik, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Ingurumena zaintzeko programa egokian justifikatu beharko da inguruabar hori.

Halaber, instalazioan isuri lausoak sortzen dira aurretik aipatutako urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan jasotako 09 10 09 50 jarduerari lotuta, gune hauetan: altzairugintzako zepa zurien manipulazioa, baheketa, birrintzea eta sailkapena.

C.3.3.– Isurketaren muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurtzeetan, ez dira gaindituko isurtzeen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 Kelvineko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, aurretiaz hondakin-gasek duten ur-lurrun edukiaren zuzenketa eginda, eta O2-aren % 6ko eduki normalizatua.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

Etengabe neurtutako parametroen neurketen kasuan (4. fokua) (guztizko partikulak) isurtzeko muga-balioak betetzat jotzen dira, baldin eta neurrien emaitzen ebaluazioak adierazten badu –urte baterako funtzionamendu-orduetarako– guztiz bete direla honako baldintza hauek:

a) Hilabeteko batez besteko ezein baliok ez ditu ezarritako isurtzeko muga-balioak gainditzen; balioztatutako hilabeteko batez besteko balioak eguneko batez besteko balio balioztatuetan oinarrituta zehazten dira, hilabete natural bat kontuan izanda.

b) Eguneko batez besteko ezein baliok ez du gainditzen ezarritako isurtzeko muga-balio egokien % 110 gainditzen.

c) Balioztatutako batez besteko urteko balio guztien % 95ek ez du ezarritako isurtzeko muga-balio egokien % 200 gainditzen.

Horrez gain, 1042/2017 Errege Dekretuan xedatutakoa betez, 2024ko urtarrilaren 1aren ondoren, 4. fokuaren guztizko partikulen muga 30 mg/Nm3-koa izango da; hau da, balioztatutako urteko batez besteko balioak ez du muga hori gaindituko.

Edozein neurketaren % 95eko konfiantza-tarteen balioek, eguneko isurtzeko muga-balioetarako, ez dituzte isurtzeko muga-balio hauen portzentajeak gaindituko: partikulak, % 30.

Balioztatutako orduko eta eguneko batez besteko balioak neurtutako orduko batez besteko balio baliodunetatik abiatuta zehaztuko dira, aurreko puntuan zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu eta gero.

Neurtzeko sistema automatikoa gaizki dabilelako edo mantentze-lanengatik orduko batez besteko hiru balio baino gehiago baliogabeak baldin badira, egun horiek baliorik gabe utziko dira.

Arrazoi horiek direla-eta urtean hamar egun baino gehiago baliogabetzen badira, neurtzeko sistema automatikoaren fidagarritasuna hobetzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu titularrak.

Erregistro-denbora ez-baliozkotzat jotzen dira: neurketa-ekipoen mantentze-lanak, matxurak edo funtzionamendu okerra, bai eta geldialdiak nahiz abiatzeak ere. Ohiz kanpoko funtzionamendu-baldintza horiek unean-unean jakinaraziko eta justifikatuko zaizkio Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honen E.4 atalean adierazitakoarekin bat etorriz, organo honek ezar dezan lotutako erregistroak ez direla konputagarriak.

Isurtzeko muga-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

C.3.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren ataleko D.3.2 azpiatalean ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta laginketa-puntuen kokapenak bete egin beharko dute argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzako jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Isuri lausoak minimizatzeko helburuarekin, jarioak hautemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.4.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

C.4.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

(Ikus .PDF)

C.4.2.- Gehienez isuri daitezkeen emariak eta bolumenak.

– 1. isurketa: industria-urak.

(Ikus .PDF)

C.4.3.– Isurtzeko muga-balioak.

(Ikus .PDF)

(1) Kloruroen kontzentrazioa mugatuta geldituko da: isuria hartzen duen HUAren isuriek ez dute 2.000 mg/l-ko kontzentrazioa gainditu behar saneamendu-sareko erabiltzaile guztientzat.

Jarduera horren parametro bereizgarriak dira kolorea eta eroankortasun elektrikoa. Isurketa Ordenantzak ez ditu parametro horiek mugatzen biltodira egin daitezkeen isurtzeetara, baina Gueñesko HUAk jasotzen duen gatz-kargaren ijezketa bermatzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Isurketa Kontroleko Atalak aldizka adierazten dituen gehienezko emariak errespetatu beharko dira.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

C.4.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazte-instalazioek edo hondakin-uren zuzenketa-neurriek jarduera hauek izango dituzte, funtsean:

Iraganeko papergintzako jardueran biltegiratutako urak.

Iraganeko papergintzako jarduerak esklusiboki industria-urena zen hoditeriara isurtzen zituen bere urak; hoditeria hori paper-fabrikako industriako hondakin-uren araztegiaren parean hasten da, eta saneamendu-sare orokorraren paraleloan egiten du bidea. Gaur egun, ezin da industria-uren hoditeria erabili; horrenbestez, paraleloan dagoen hiri-uren sarera joanarazi behar dira urak.

Horretarako, modu honetan jardun beharko da:

– Isuria polietilenozko hodi baten bidez bideratu behar da HUAtik 25 metrotara dagoen saneamendu-sare orokorrera. Hodi hori iraganeko papergintzako jarduerak industria-isuriak husten zituen hodiaren barrutik sartuko da industria-kolektorerantz.

– Industria-uren hodi horretara iritsitakoan, polietilenozko hodia ondoan dagoen hiri-uren kutxatilara bideratuko da.

– Egun, zulo horma-zeharkatzaile baten bidez isurtzen da hiri-uren sarera. Zulo horretatik industria-uren kutxatilako polietilenozko hodia dago sartuta.

Isurtzen den efluente likido horren zati baten kolore- eta gazitasun-maila altua dela eta, modu kontrolatu batean isuri beharko da. Isuri beharreko eguneko emaria Industri Isurketen Sailak adieraziko du aldizka, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Gueñesko HUAk hartzen dituen uren balioen arabera.

Isuri beharreko likidoaren zati bat aurrez tratatu beharko da. Aurrez egin beharreko tratamendua honetan datza: efluentea neutralizatzea eta dekantatzea saneamendu-sarera isuri baino lehen –betiere Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazitako emaria errespetatuz–.

Isurketa egiteko unean euria egiten hasten badu, isurketa geratu beharko da. Eguraldi lehorrarekin ekingo zaio berriz isurketari, aurrez Gueñesko HUAk abisua eman ondoren.

Isuritako uren kuantifikazioa enpresaren isurketa-gunean instalatutako emari-neurgailu baten bidez egingo da.

Hozteko urak.

Hozteko zirkuituetan egindako garbiketei eta husteei kloroa kenduko zaie, eta aurrez tratatuko dira saneamendu-sarera isurketa egin baino lehen.

Hozteko zirkuitua hustu eta garbitu baino lehen, behar besteko epearekin jakinaraziko zaio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari.

Ur horiek kuantifikatzeko emari-neurgailu bat dago.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Global Efficiency Aranguren SLk behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-uren mota bakoitzerako, eta isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu kutxatila horrek. Kutxatilak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala behar denean.

C.5.– Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea/berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz.

Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d zenbakia) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Zalla eta Gueñesko (Bizkaia) Udaletan.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

C.5.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak:

1. prozesua: Zerbitzu Orokorrak.

Prozesu honen barruan zenbait azpiprozesu daude, eta hondakin arriskutsu bereziak eta hondakin arriskutsuak sortzen dira, hala nola makinak eta instalazioak garbitzeko eragiketetan eta/edo produktuak kontsumitzearen ondoriozko ontziak. Hauek dira azpiprozesuak:

– Mantentze orokorra; makinetako olioa aldatzeko, pilak eta bateriak aldatzeko eta lanpara fluoreszenteak aldatzeko lanak egiten dira. Sortzen diren hondakin arriskutsuak hauek dira: «olio erabiliak», «olio-iragazkiak», «berunezko bateriak», «Ni-Cd metagailuak», «hodi fluoreszenteak», eta «Poliklorobifeniloak dituzten bero-isolamendu eta -transmisioko olioak».

– Laborategia; kalitate-kontrolak egiten ditu. Sortzen diren hondakin arriskutsuak dira: «laborategiko hondakinak» eta «produktu kimiko iraungiak eta/edo zaharkituak».

– Ontzi erabiliak jasotzea; «substantzia arriskutsuek kutsatutako ontziak» dira sortutako hondakin arriskutsua.

1. hondakina: gai arriskutsuak gorde dituzten ontziak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/1.

Helmugako eragiketaren kodea: R4.

Osagai arriskutsuak: C23.

Arrisku-ezaugarria(k): H4.

HEZ kodea: 150110.

Urtean sortutako kantitatea: 1.000 kilogramo.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

2. hondakina: produktu kimiko iraungiak eta/edo zaharkituak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/2.

Helmugako eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C23/24/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

HEZ kodea: 160506.

Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

4. hondakina: erabilitako olioa.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/4.

Helmugako eragiketaren kodea: R1.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5/6.

HEZ kodea: 130113.

Urtean sortutako kantitatea: 1.000 kg.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

7. hondakina: olio-iragazkiak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/7.

Helmugako eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5/6.

HEZ kodea: 160107.

Urtean sortutako kantitatea: 50 kg.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

8. hondakina: poliklorobifeniloak dituzten kondentsadoreak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/8.

Helmugako eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C32.

Arrisku-ezaugarria(k): H6/7.

HEZ kodea: 160209.

Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

9. hondakina: berunezko bateriak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/9.

Helmugako eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C18.

Arrisku-ezaugarria(k): H6/14.

HEZ kodea: 160601.

Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

10. hondakina: Ni-Cd-zko metagailuak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/10.

Helmugako eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C5/C11.

Arrisku-ezaugarria(k): H5/14.

HEZ kodea: 160602.

Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

11. hondakina: hodi fluoreszenteak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/11.

Helmugako eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H6/14.

HEZ kodea: 200121.

Urtean sortutako kantitatea: 2 kg.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

14. hondakina: laborategiko hondakinak.

Identifikazioa: B-95731071/4800288493/1/14.

Helmugako eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C23/24/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

HEZ kodea: 160508.

Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzi batean jasotzen da, biltegi estali bateko kubetan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan dezakete, baina beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Honako hauek zehazten dituzte: zer hondakin-mota den eta nolako osagai arriskutsuak dituen (xehe-xehe jasota ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 aldirako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da, hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinak beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Global Efficiency Aranguren SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu egin beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betekizunak betetzen dituela.

h) Global Efficiency Aranguren SL enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko du sortutako industria-olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, garraiatu aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako emateak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Global Efficiency Aranguren SLk poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Baldin eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baditu Global Efficiency Aranguren SLk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Global Efficiency Aranguren SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Global Efficiency Aranguren SL enpresak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legearen garapenerako araubideak ez badu Global Efficiency Aranguren SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Global Efficiency Aranguren SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira apartatu honetako e) eta f) letretan aipatutako agiriak –kudeatzaileak EAEkoak direnean–, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz bidali ere, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Global Efficiency Aranguren SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.5.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera eman beharko dira.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helmuga balorizatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

c) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horren baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali behar da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako printzipio orokorrak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, justifikatu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua egokitu egiten zaiela ebazpen honetan zehazten diren hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei. Global Efficiency Aranguren SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeari buruzko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz.

e) Balorizatzeko edo ezabatzeko asmoz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 25.2 artikuluaren arabera.

f) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Global Efficiency Aranguren SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak, bilketaren maiztasuna eta garraiobidea. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

h) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako c), d) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

C.5.3.– Ontziak merkaturatzea.

Global Efficiency Aranguren SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

Era berean, Global Efficiency Aranguren SLk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Baldin eta Global Efficiency Aranguren SLk, bere produktuak merkaturatzeko, industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Global Efficiency Aranguren SL enpresak, urte natural batean, honako ontzi-hondakinen kantitate hauek baino gehiago sortzeko bidea ematen duten produktu ontziratuak edo hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Prebentziozko enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta prebentziozko enpresa-planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Bi agiriok dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da.

C.6.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Global Efficiency Aranguren SLk lurzorua babesteko beharrezko neurriak hartu beharko ditu, erabilitako materialen eta identifikatutako arrisku-guneen arabera.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c letrarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m³ gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak 10 azpilagin izango ditu gutxienez, hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3-ko, baina hori aldatu ahal izango da espero izatekoa den kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH direlakoetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. zenbakiaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e zenbakiari jarraikiz betiere.

C.7.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezko neurri guztiak instalatuko dira, indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera-maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; halakoetan, apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardun-modu bat baldin badago, gainerako jardueretatik nabarmen bereizia dagoena, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu gaindituko 1. taulan 5 dB-etan finkatutako balioak.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:

D.1.– Atmosferarako isurtzeak kontrolatzea.

D.1.1- Kanpoko kontrolak.

a) Global Efficiency Aranguren SLk isurtzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Kontrol hauek II. mailako Administrazioko Lankidetza Erakunde batek egin beharko ditu, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa betetzeko, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin, eta emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunarekin, baldin eta emisioaren iraupen globala plantaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gora bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

d) Neurketa jarraitua.

Global Efficiency Aranguren SLk partikulen eta guztizko sufre murriztuaren neurketa jarraitua egin beharko du 2. fokuan (kare-labea), eta partikulen neurketa jarraitua, 4. fokuan (biomasa-galdara).

Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak bete beharko ditu isurtzeak neurtzeko sistema jarraituak.

Isurtzeak neurtzeko sistema jarraitua Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera konektatu beharko da.

Neurtzeko sistema jarraituaren instalazioa, kalibrazioa, kontrola, mantentze-lanak eta jakinarazpenak, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriak ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izango dira.

Instalazioen titularrek izango dute neurtzeko sistema jarraituaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta gutxienez 10 urtez gorde beharko dira neurtzeko kontrol jarraituaren bidez erregistratutako datuak.

Neurgailu jarraituak dituzten isurtze-fokuentzat, neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa, urteko benetako jardunaren 100eko 90ekoa izango da gutxienez, Ingurumen Sailburuordetzak bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.

Baldin eta, 15 egunetik gora jarraian, neurtzeko sistema jarraitua konektatu gabe badago edo gaizki badabil, Ingurumen Erakunde Laguntzailearen bidez modu jarraituan neurtu behar liratekeen parametroen aldizkako autokontrolak egin beharko dira, 15 eguneko maiztasunaz, gorabehera hasten den egunetik hasita eta isurketak neurtzeko sistema jarraituak behar bezala funtzionatzen duen arte.

Neurtzeko sistema jarraituaren funtzionamenduari buruzko txosten bat egin eta Sailburuordetza honetara igorri beharko da urtero, ingurumenaren arloko eskumenak esleituta dituen sailak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

e) Txostenak.

Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera, Ingurumen Sailaren jarraibide teknikoetan ezarritako txosten guztiak bidali beharko dira.

D.1.2- Txostenak eta kontrolen erregistroak.

D.1.1. puntuan eskatutako parametro guztien neurketen txostenak bidali beharko dira. Kanpoko kontrolen txostenetan jarraibide teknikoetan ezarritako gutxieneko edukia jaso beharko da. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan ezarritako kontrol-maiztasunaren aurretik egindakoak badira. Isurketa atmosferikoen ondorengo kontrolak egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, eta betiere, hauetan xedatutakoari jarraikiz: atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua, eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen bigarren zenbakiko C.4.3 azpiatalean ezarritako mugak betetzen badituzte.

D.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Izandako emaitzen arabera, aurrerantzean neurketak egiteko beste maiztasun bat erabaki ahal izango da.

c) Aurreko atalean adierazitako neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako Ingurumen Erakunde Laguntzaile batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

D.5.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko emate-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira soilik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean baino ez dute berehala jakinarazi beharko, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritako mugak betetzea lortzeko neurriak ere aurkeztu beharko dituzte horrelakoetan. Kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko, gainera, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak.

Ingurumena zaintzeko programa urtero bidaliko da, martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia, eta bereziki aipatuko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, haien kausa eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik zehaztu ez bada.

D.6.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, botako diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-lanetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren ataleko C.5 azpiatalean («Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Global Efficiency Aranguren SLk lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Global Efficiency Aranguren SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren atalaren C.5 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Global Efficiency Aranguren SL enpresak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

E.4.– Funtzionamendu anomalorik egonez gero aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko; batez ere, ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura saihesteko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Isuri-ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak hautemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa-mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskaritza eta kontrolerako programa bat jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburu horretan atmosferaren eta uraren kutsadura nahiz atmosferara eta uretara egindako isurtzeak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) egoera ona bermatzeko neurriak jaso behar dira, bai eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak ere.

d) Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Biltegiratuko dira, hala badagokio, hondoan hustubiderik ez duten gordetegi iragazgaitzetan. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

e) Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

f) Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

g) Hondakin-urak ezingo dira «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

h) Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By-pass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako k) letran adierazitakoari jarraituz).

i) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta, han, jasoko dira aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gertaerak.

j) Araztegia operatibo dagoen unean, titularrak beharrezko neurriak hartuko ditu arazketa-instalazioak egoki ustiatzeko eta ezbeharrez gerta daitezkeen isuriak saihesteko dauden segurtasun-neurriak erabilgarri izan daitezen. Kasu honetan, baldintza hauek azpimarratu behar dira:

– Hausturen, ustekabeko gainezkaldien eta abarren ondorioz gerta daitezkeen isuriei eusteko, gasolioa biltegiratzeko eta manipulatzeko instalazioak modu egokian isolatuko dira.

– Araztegia ustiatzeko protokolo edo eskuliburu bat izan beharko da, eta ekipo elektromekaniko, zunda, mintz, dosifikatu eta kontrolatzeko tresna eta abarren azterketa eta mantentze-lanak finkatuko dira bertan.

– Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesen ondoriozko kutsadurari aurre egiteko eskuragarri dauden segurtasun-neurriei dagokienez.

k) Erabilitako olioak, erregaiak, eta efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

l) Hautsezko produktuak biltegiratzeko silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

m) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

n) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

o) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

p) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

q) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak konplitu.

r) Gorabehera gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo anomaliaren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo anomalia horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Zallako eta Gueñesko (Bizkaia) udalak jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta; horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

s) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo anomaliak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ondorengo gertaeraren bat jazo dela:

1.– Etengabeko neurketa-ekipoek 24 ordu baino gehiagoz datu fidagarririk ez ematea eragiten duten matxurak edo akatsak gertatzea. Gorabehera gertatu eta gehieneko 24 orduko epean egingo da jakinarazpena, lan-egunak direnean, edo lan-egunak ez direnean, gorabehera gertatu den egunaren osteko lehen lanegunean jakinaraziko da.

2.– Instalazioaren geldialdi programatua, prozesu jarraitu bati dagokiona, barne direlarik aurreikusitako prebentzioko mantentze-lanak, gutxienez 15 eguneko aurrerapenaz jakinaraziko dira.

3.– 2. eta 4. fokuetan, analizagailuan modu jarraituan neurtutako datu balidatu baten kontzentrazioak muga-balioa % 100 gainditzen badu, hori gertatu eta gehienez 24 orduko epean egingo dute jakinarazpena, lanegunak direnean, eta, lanegunak ez direnean, gorabehera gertatu den egunaren osteko lehenengo lanegunean.

Edonola ere, enpresak berehala bidaliko dio jakinarazpena, fax bidez (aplikatu beharreko jarraibide teknikoak bestelako biderik adierazi ezean), Ingurumen Sailburuordetzari, eta datu hauek zehaztuko dizkio:

– Gorabehera-mota.

– Jatorria eta arrazoiak.

– Sortutako ondorioak.

– Okerrera ez egiteko hartutako neurriak.

– Epeak.

G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, hala neurri babes- eta zuzenketa-neurriak nola Ingurumena Zaintzeko Programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuz gero edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Global Efficiency Aranguren SLk aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako isurketei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri); hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

F) Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/contenidos/faq/aai/es_faq/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena).

Nolanahi ere, aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz».

«Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni denean mugako isuri-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.

b) Isuriak nabarmen murritz badaitezke gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa bada.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, ingurumen-baimen bateratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela uste duenean, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

«Bosgarrena.– Global Efficiency Aranguren SL enpresak Ebazpen honen xede den hondakinak kudeatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, hark onar dezan».

«Seigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

– Global Efficiency Aranguren SLren nortasun juridikoa iraungitzea, indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan».

Bigarrena.– Global Efficiency Aranguren SLri Zalla eta Gueñes (Bizkaia) udalerrietan hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerak egiteko 2008ko apirilaren 22ko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen bateratua gauzatzea, eta 16-I-01-000000000050 instalazio-kodea esleitzea.

Hirugarrena.– Global Efficiency Aranguren SLk lau hilabeteko epea izango du, ebazpen honen jakinarazpenetik zenbatzen hasita, Ingurumen Sailburuordetzan hauek aurkezteko:

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bategin bat aurkeztu beharko da, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, honako zirkularrean eskatzen den informazio guztia jasoko da: «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» izeneko zirkularrean, zeina bigarren apartatuan aipatzen baita: C.6- Lurzorua babesteko baldintzak. Dokumentuari «058» kodea esleituko zaio.

– Jardueraren mugan zarata-mailak murrizteko ekintza-plana eta modelizazioa.

Laugarrena.– Global Efficiency Aranguren SLri eskatzea Ingurumen Sailburuordetza honi igorri beharreko hurrengo urteko ingurumena zaintzeko programan Ebazpen honetan jasotzen diren bere ingurumen-baimen integratuaren aldaketak txertatzeko.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Seigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Global Efficiency Aranguren SL enpresari, Zalla eta Gueñeseko Udalei, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala