Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2018ko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2010

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Emaitek Plus laguntza-programarako 2018ko ekitaldiko deialdia.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduaren bitartez (2015eko urriaren 7ko EHAA, 191. zk.) arautzen da Emaitek Plus laguntza-programa. Agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 28ko Aginduak (2017ko irailaren 4ko EHAA, 168. zk.) aldatu du.

Aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, egoki da, 2018ko ekitaldiari doakionez, diru-laguntzetarako urteko deialdi publikoa egitea; eta, hartarako, beharrezko arauak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako 2018ko ekitaldiko deialdia egitea. Agindu horren bitartez, Emaitek Plus laguntza-programa arautzen da: programa horren bidez laguntzen dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Ikerketa Kooperatiboko Ikerketa Zentroak eta Teknologia Zentroen jarduera ez-ekonomikoa. Hartarako finantziazioa esleituko zaie, betiere daukaten jarduera globalaren emaitzak aztertu eta ebaluatu ostean.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiko laguntzak finantzatzeko, 56.000.000,00 euro erabiliko dira. Erabilpen horrek bat etorri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituekin. Abenduaren 22ko 5/2017 Legeaz onartu ziren aurrekontu horiek.

Agindu arautzaileko 2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdiko aurrekontu-zuzkidura guztizkoa bi zenbateko bereizitan banatuko da:

– Foku Anitzeko Teknologia Zentroentzako: 42.000.000,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatitzen da:

• Emaitzetara Bideratutako Zentroaren Modeloarekiko egokitzapen-gradua: 40.740.000,00 euro.

• 2020rako finkatutako adierazleen Aginte-koadroaren helburuak lortzeko, Zentroen Jarduera-planak: 1.260.000,00 euro.

– Ikerketa kooperatiboko zentroentzako: 14.000.000,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatitzen da:

• Emaitzetara Bideratutako Zentroaren Modeloarekiko egokitzapen-gradua, 13.580.000,00 euro.

• 2020rako finkatutako adierazleen Aginte-koadroaren helburuak lortzeko, Zentroen Jarduera-planak: 420.000,00 euro.

Eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik eta haiek ebatzi baino lehen, zenbateko horiek aldatu ahal izango dira; betiere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren beste laguntza-programa batzuk exekutatu eta agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Aldaketarik izanez gero, Berrikuntza, Teknologia eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ebazpena emango du, aurreko guztiaren berri emateko.

3. artikulua.– Aginte-koadroaren helburuak, pisuak eta adierazleak.

2017ko deialdi honi dagokionez, Aginte-koadroko pisuak eta adierazleak ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuko III. eranskinean jasotakoak izango dira; dekretu horren bitartez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea arautzen eta eguneratzen da, agente onuradunaren tipologia bakoitzerako. Dekretu hori aldatu egin zen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko martxoaren 24ko Aginduaren bitartez. 2017ko ekitaldiko betetze-helburuak honako honetan ezartzen dira: agente onuradunaren tipologia bakoitzerako 2020rako markatutako xedea betetzearen % 85.

4. artikulua.– Eskabideak eta epeak.

1.– Eskabidea baliabide elektronikoen bidez egin beharko da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 28ko Aginduko xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera (agindu horrek Emaitek Plus laguntza-programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Agindua aldatzen du).

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren irailaren 16ko Aginduko 12.3 artikuluan zehazten da erakunde onuradunek aurkeztu behar dituzten agiriak. Agindu horren bitartez, Emaitek Plus laguntza-programa arautzen da. K eta I atalen kasuan, 2018ko ekitaldiaren denbora-tartea hartuko du. 2017ko ekitaldiarekiko ebaluatuko da emaitzetara zuzendutako zentro teknologikoari egokitzea.

3.– Eskabidea betetzea eta bertara sartzea, ondoren adierazten den egoitza elektronikoaren bidez egingo da soilik:

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelera)

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara)

4.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasi, eta 2018ko ekainaren 28ko 12:00etan amaituko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunenetik sortuko ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 28a.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala