Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2018ko martxoaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1634

59/2018 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Sustapen Ministerioaren, Estatuko Portuen, Bilboko Portu Agintaritzaren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren, Bilboko Udalaren, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzailearen eta Zorrotzaurreko 1. Jarduketa Integratuko 1. Egikaritze Unitatearen Itun Batzarraren arteko hitzarmena, Bilboko portuan betelanak prestatzeko eta ondoren ondoriozko lurzorua Zorrotzaurreko penintsulako hirigintza-garapenari gehitzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Sustapen Ministerioaren, Estatuko Portuen, Bilboko Portu Agintaritzaren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren, Bilboko Udalaren, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzailearen eta Zorrotzaurreko 1. Jarduketa Integratuko 1. Egikaritze Unitatearen Itun Batzarraren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Bilboko Portuan betelanak prestatzeko eta ondoren ondoriozko lurzorua Zorrotzaurreko penintsulako hirigintza-garapenari gehitzeko dena.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 27KO 59/2018 EBAZPENARENA
SUSTAPEN MINISTERIOAREN, ESTATUKO PORTUEN, BILBOKO PORTU AGINTARITZAREN, EUSKO JAURLARITZAKO INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILAREN, BILBOKO UDALAREN, ZORROTZAURREKO BATZORDE KUDEATZAILEAREN ETA ZORROTZAURREKO 1. JARDUKETA INTEGRATUKO 1. EGIKARITZE-UNITATEAREN ITUN-BATZARRAREN ARTEKO HITZARMENA, BILBOKO PORTUAN BETELANAK PRESTATZEKO ETA ONDOREN ONDORIOZKO LURZORUA ZORROTZAURREKO PENINTSULAKO HIRIGINTZA-GARAPENARI GEHITZEKO DENA

Bilbon, 2018ko urtarrilaren 23a.

BILDU DIRA:

Iñigo de la Serna Hernáiz jauna, adinez nagusia, 13789513R NANa duena, eta bizilekua Paseo de la Castellana kaleko 67an duena, 28071, Madril.

José Llorca Ortega jauna, adinez nagusia, 40557462K NANa duena, eta bizilekua Avda. del Partenón kaleko 10ean duena, 28042, Madril.

Asier Atutxa Zalduegi jauna, adinez nagusia, 78870093B NANa duena, eta bizilekua Campo de Volantín Pasealekuko 37an duena, 48007, Bilbao.

Ignacio María Arriola López, adinez nagusia, 15363869F NANa duena, eta bizilekua Donostia kaleko 1ean duena, Lakua, 01010, Vitoria-Gasteiz.

Juan María Aburto Rike jauna, adinez nagusia, 30554294J NANa duena, eta bizilekua Ernesto Erkoreka plazako 1ean duena, 48007, Bilbao.

Carlos Quindós Fernández jauna, adinez nagusia, 09737292N NANa duena, eta bizilekua Colón de Larreategui kaleko 13ko 2. solairuko eskuineko atean duena, 48001, Bilbao.

PARTE HARTU DUTE:

Lehenengoa, Sustapen ministroa. Hitzarmen hau sinatzeko eskumenak aitortu dizkio martxoaren 5eko 452/2012 Errege Dekretuak. Dekretu horren bidez, Sustapen Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatu zen. Horrez gain, ministerioko sailen oinarrizko egitura organikoa ezarri zuen abenduaren 30eko 1887/2011 Errege Dekretua aldatu zen.

Bigarrena, Estatuko Portuak Erakunde Publikoaren presidentea. 2017ko abenduaren 20 Artezkaritza Kontseiluaren akordioa gauzatzeko arduraduna da, hitzarmen hau sinatzeko; irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 21. eta 22. artikuluetan xedatutakoarekin bat eginez.

Hirugarrena, Bilboko Portuaren Agintzaritzaren presidentea. 2017ko urriaren 4ko Administrazio Kontseiluaren akordioa gauzatzeko arduraduna da, hitzarmen hau sinatzeko; irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoarekin bat eginez.

Laugarrena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz. 2017ko azaroaren 7an eginiko saioan Gobernu Kontseiluak hartutako akordioaren arabera, egintza horretarako baimena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.

Bosgarrena, Bilboko Udaleko alkate-presidentea. 2017ko irailaren 27ko tokiko gobernu batzarraren erabakia gauzatzeko arduraduna da, hitzarmen hau sinatzeko; eta Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzailearen presidentea, Batzar Nagusiak 2017ko ekainaren 30ean ahaldundua, Euskadiko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriarekin eta Toki Araubidearen Oinarriak arautu zituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat eginez.

Seigarrena, Zorrotzaurreko 1. Jarduketa Integratuko 1. Egikaritze Unitateko Itun Batzarreko (EU-1 JI-1) presidentea. 2017ko maiatzaren 17ko Batzar Nagusiaren akordioa gauzatzeko arduraduna da, hitzarmen hau sinatzeko.

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– 2006ko uztailaren 17an, Sustapen eta Etxebizitzako ministroek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, Bilboko Udaleko alkate-presidente jaunak eta Bilboko Portuaren Agintaritzako presidenteak hitzarmen bat sinatu zuten, Bilboko Portuaren Agintaritzaren lursail jakin batzuen hirigintza antolatzeko Zorrotzaurreko penintsulan.

Seigarren azalpenean honako hau adierazi zen:

«Alderdi parte-hartzaile guztiek ulertzen dute Zorrotzaurreko penintsulan dauden Bilboko Portuaren lursailek, orain duten portu-erabilerez salbuetsi ondoren, aukera bikaina eskaintzen diotela Bilboko hiriari, haren hirigintza-egitura eta hiri-ingurunearen kalitatea nabarmen hobetzeko, hiriaren eta portuaren arteko loturari laguntzeko eta bizitza zibikorako gune berriak sortzeko. Gainera, kalitatezko etxebizitza babestuak arrazoizko prezioetan eskuratzea erraztuko zaie herritarrei, lurzoru eta etxebizitzako Espainiako Gobernuaren eta EAEko erakundeen politika berriekin bat etorriz. Testuinguru horretan, hitzarmenaren sinatzaileek uste dutenez, garrantzi berezikoa da Bilboko biztanle gazteei, nagusiki jarduketa zuzenduko zaienei, etxebizitza-bolumen handia eskaintzea, arrazoizko prezioekin. Horrek guztiak ez du esan nahi Zorrotzaurreko penintsulan egingo den aipatutako jarduketa, portuko espazioak berriz antolatzea eta horien desafektazioa eskatzen duena, ingurumen-organoen eskaerak eta Portuaren Agintaritzaren beharrak aintzat hartu gabe egingo denik. Portuaren Agintaritzaren behar horiek azpiegitura berriak egiteko behar diren baliabideak lortzearekin eta portuko legerian aurreikusitako autofinantzaketako helburuak betetzearekin lotuta daude.

Halaber, hirigintza-plangintzako xedapenak betetzeko Bilboko Portuaren zerbitzu-eremuan material betegarria jartzea eskatuko balitz eta aplikazioko legeriari jarraikiz hori onartuko balitz, sortutako azalera hitzarmen honetan aurreikusitako kontsiderazioetara gehitu ahal izango da aldeek nahi izanez gero. Horrez gain, azaleraren besterentzea formalizatu ahal izango da antzeko klausulen bitartez».

Eta, horretarako, lehenengo klausulak bere xedea ezarri zuen:

«Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartu dute Zorrotzaurreko hirigintza antolatzeko egin beharreko eta hitzarmen honetan berariaz jasotako jarduketa guztiak egiteko, betiere beren eskumenen alorrean.»

Halaber, hitzarmenaren bigarren klausulak hauxe ezarri zuen:

«Bilboko Portuaren Agintaritzak bere eskumenak betetzen ditu Bilboko Portuaren zerbitzu-eremuaren lurralde-esparruan, Nerbioi ibaian zehar hedatzen dena Kanpoaldeko Porturaino. Azken urteetan Kanpoaldeko Portuan portua handitzeko obrak egin ditu, eta hiriaren erdigunean egindako portu-jarduerak instalazio berrietara eraman dira gutxika, horrek ekarri duen kostu ekonomikoarekin. Horrek aukera eman du berroneratze-jarduketak egiteko Bilboko erdigunean, hiri-bilbean integratzeko.

Portuaren Agintaritzak Zorrotzaurreko penintsularen portu-erabilerarekin lotutako lursailak kudeatzen ditu. Horiek, hirigintza-ikuspegitik, Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «Zorrotzaurreko penintsulako antolamendu geroratuko eremura» atxikita daude, baita hiri-lurzorua banatzeko 120. eremura ere. Horiek, elkarrekin, osatzen dute Zorrotzaurreko penintsula. Lursail horien azalera 242.800 metro karratukoa da gutxi gorabehera. Iparraldean eta mendebaldean Nerbioi ibaiaren ibilgu nagusiarekin egiten dute muga; ekialdean Deustuko ubidearekin eta Morgan bidearekin; hegoaldean, Bilboko Udaleko lursail publikoekin.»

Bigarrena.– Aipatutako hitzarmena betetzeko, Ministro Kontseiluak 2006ko abenduaren 22an hartutako akordioaren bidez, Sustapeneko ministroak egindako proposamena onartu zen. Proposamenak Bilboko Portuaren Agintaritzari desafektatutako lursailak besterentzeko baimena emateko eskatu zuen.

Hirugarrena.– Posta-zerbitzu unibertsalari, erabiltzaileen eskubideei eta posta-merkatuari buruzko abenduaren 30eko 43/2010 Legearen hamargarren xedapen gehigarriak honako aurreikuspen hau ezarri zuen:

«Hamargarren xedapen gehigarria. Bilboko Portuko jabari publikoan Zorrotzaurreko hirigintza-garapenerako proiektuetan jasotako material betegarria jartzeko baimena.

Salbuespen gisa baimena eman ahal izango da Bilboko portuko jabari publikoan material betegarria jartzeko, Zorrotzaurreko hirigintza garatzeko proiektuan jasotakoa; betiere horien helburua bada portuko jardueraren aurretik zegoen egoera fisikoa osorik edo partzialki lehengoratzea, portuko eremuak izateari utziko dioten eremuetan udalerriari zenbait lurzoru ingurumen-baldintza egokietan itzultze aldera.»

Lege-gaikuntza hori beharrezkoa zen. Izan ere, interes orokorreko portuetako araubide ekonomikoari eta zerbitzuak emateari buruzko azaroaren 26ko 48/2003 Legearen 94.1 artikuluak eta, aurrerago, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren indarreko 72.1 artikuluak (irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), ezarri zuten portuko jabari publikoa portuko eta itsas seinaleztapeneko erabilerekin bateragarriak diren jardueretara, instalazioetara eta eraikuntzetara bideratu behar dela. Horien artean, beraz, ez daude aurreikusita hirigintzako jarduerak edo erabilerak. Halaber, aipatutako 72.1 artikuluko laugarren atalak gehitu zuen inola ere ezin dela baimena eman portuko jabari publikoan portuko erabilerarako ez den material betegarririk jartzeko.

Beraz, aipatutako hamargarren xedapen gehigarriak xede-zentzu nabarmena du, betelan-obren ondoriozko lurzoruak ez baitu portu-xederik izango, Zorrotzaurreko hirigintza-proiektua garatzekoa baizik. Hala, xedapen horrek, helburua lortzeko bitartekoak aurretik juzgatu gabe, araudi-maila gorenean islatzen du Zorrotzaurreko proiektuaren atzean dagoen interes orokorra. Hain zuzen ere, hitzarmen hau sinatu duten alderdi guztiek laguntzen dute proiektua betetzea.

Laugarrena.– Lege-gaikuntza «Bilboko Portuko jabari publikoan» material betegarria jartzeko zen. Beraz, betelan-eremuak portuko zerbitzu-eremuaren barruan egon behar zuen, ondorioz, Bilboko Portuko erabilera eta espazioen mugaketaren barruan. Egitate hori, Zorrotzaurreko hirigintza-proiektuko eremuan aurreikusitako betelanari dagokionez, honako agindu honek egiaztatu zuen: Bilboko Portuko espazioen eta erabileren mugaketaren funtsezko aldaketa eta Bilboko Portuko Espazioak Erabiltzeko Plana onartu zuen uztailaren 20ko FOM/2492/2006 Agindua (181 zenbakiko BOE, 2006ko uztailaren 31koa) aldatu zuen urriaren 6ko FOM/2162/2015 Agindua (2015eko urriaren 17ko BOE, 249. zk.). Aginduak, halaber, ez-funtsezko aldaketak izan zituen 2009ko urtarrilaren 23an (2010eko urtarrilaren 30eko BOE, 26. zk.) eta 2011ko azaroaren 2an (2011ko abenduaren 12ko BOE, 298. zk.).

Bosgarrena.– 2012ko azaroaren 29an, Zorrotzaurreko Gune Mistoko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu zen (2013ko otsailaren 14ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala), eta Zorrotzaurreko gune osoaren antolamendu zehatza ezarri. Horretarako, hiri-lurzoru finkatugabeko eremua bi jarduketa integratutan zatitu zen (1. jarduketa integratua - 1.J.I. - eta 2. jarduketa integratua- 2.J.I. -).

Plan Bereziko A.9.3. atalean honako hau xedatu zen:

«Deustuko ubidearen ibilbide berriak eraginda, portuko gaur egungo jabari publikoa aldatzeak sortzen duen berezitasuna dela medio, jabari hori aldatzeko betetzeak egin behar dira. Horretarako, Deustuko ubidearen ibilbide berria osatuko duten kaien xedapen berri bat egin behar da, eta ibilera hori ubidearen ertzetan garatuko den hiri-diseinuaren beharretara egokitu beharko da.

Horregatik, hiri-antolamenduaren etorkizuneko aurreikuspenak aintzat hartuta, bistakoa da erabat egikaritzeko lurra-ura binomioaren eraldaketa fisikoko prozesu bat egin behar dela, eta, aldi berean, eraldaketa horren ondorioz, Erriberako linea, portuko jabari publikoa eta babes-zortasuneko eremua aldatu beharko dira; eskumeneko administrazio publikoak horretarako onartutako espediente administratiboen bitartez.

Adierazitakoa, jabari publikoaren gaur eguneko egoera eta jabari horren espazioa berriz zehazteko aurreikuspena kontuan hartuta, Zorrotzaurreko hiri-antolamenduko plan bereziak xede-antolamendua planteatu du, hiriaren espazio- eta hirigintza-kalitatearen emaitza hobea lortzeko hartutako hiri-antolamenduko irizpideekin bat eginez. Aldi berean, Zorrotzaurreko espazio-eremua bi jarduketa integratutan zatitzea aurreikusi du, itsasoko-portuko jabari publikoa eraldatu aurreko lehen fasean aukera eman dezaten proposatutako antolamenduko zati handi batean 1. jarduketa integratua egiteko, Kosta Legetik eratorritako oraingo baldintzak zorrozki beteta.

Aurrerantzean, lur idorreko forma eta ubidearen ibilbidea beharrezko obren bidez erregularizatu eta Erribera linea eta babes-zortasuneko eremua itsasoko-portuko jabari publiko bihurtu eta gero, lur idor bihurtutako portuko jabari publiko zaharreko lursailen desafektazioa barne, plan bereziko bigarren fasea edo 2. jarduketa integratua egin ahal izango da.»

Horrela, aldez aurretik, Deustuko ubidearen ibilbidearen aldaketa fisikoa egin beharko litzateke portuko jabari publikoan (1. jarduketa integratua), ur-laminen betelanen bitartez, erribera-linea berri bat osatzeko, baita zortasun-eremukoa ere. Horren guztiaren helburua da betelanen ondoriozko lursailak desafektatzea (plan bereziaren arabera, hiri-lurzoru finkatugabe gisa osatuko litzateke), 2. jarduketa integratuko aurreikuspenak gauzatu ahal izateko. Ondorioz, 2. jarduketa integratuaren programazioa Deustuko ubidearen ezkerreko ertzean betelanak egiteari lotuta dago (Plan Bereziko «Zorrotzaurreko jarduketa integratuak gauzatzea» DD2 atala).

2.– Jarduketa integratuak egikaritze eteneko unitate bat aurreikusi du, bi eremutan banatuta (Erribera ZZ2 eta Erribera Deustu 2), bizileku-erabilerarako (2. jarduketa integratuaren jabeek bere egin dezakete) eta ekipamendu publiko, berdegune eta espazio aske eta bideetarako (doako lagapena udalari). Bizileku-erabileraren banaketa horrela geratuko da:

– Erribera RZ2.– Hiru bizileku-partzela (RZ-12, RZ-14 eta RZ-16), bizileku-erabilerarekin etxebizitza kolektiboko araubidean (zazpi bloke, etxebizitza askeko, babestutako etxebizitza tasatuko, babes ofizialeko etxebizitzako eta merkataritzako erabilerak hartuta).

– Erribera Deustu 2.– Hiru bizileku-partzela (RD-13, RD-14 eta RD-15), bizileku-erabilerarekin etxebizitza kolektiboko araubidean (bost bloke, etxebizitza askeko, babestutako etxebizitza tasatuko eta merkataritzako erabilerak hartuta).

Seigarrena.– 2013ko irailaren 18an, behin betiko onartu zen Zorrotzaurreko Gune Mistoko 1. Jarduketa Integratuko Hirigintzako Jarduketa Programa (2013ko urriaren 8ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala), Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileak sustatuta.

Programa horretan aurreikusi da 2. jarduketa integratua hirigintza-jarduketako programa independente bateko xede izango dela. Horrek ez du esan nahi 1. jarduketa integratuko programak gune misto osoa urbanizatzeko kostuen baloraziorik egin ez duenik, eta jarduketa integratu bakoitzaren artean banatu ez dituenik. 2. jarduketa integratuaren urbanizazio-lanek 10.182.200 euroko kostua izango dutela kalkula da; lanon artean ez dira Deustuko ubidea betetzeko kostuak kontuan izan.

Zazpigarrena.– Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluarekin, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 186. eta 187.3 artikuluekin, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 55. artikuluarekin eta hurrengoekin, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondarearen Legearen testu bateginaren 118. artikuluarekin eta Euskadiko Lurzorua eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, aldeek uste dute hitzarmen bat beharrezkoa dela posta-zerbitzu unibertsalari, erabiltzaileen eskubideei eta posta-merkatuari buruzko abenduaren 30eko 43/2010 Legearen aipatutako hamargarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspena betetzeko aldeek bere gain hartu behar dituzten konpromisoak xedatzeko eta arautzeko; baita Zorrotzaurreko Gune Mistoaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian ezarritako aurreikuspenak betetzeko ere. Horretarako, adieraziko diren aurrekontuen eraginpean, behar diren jarduketa guztiak egingo dira, Deustuko ubidean egin beharreko betelan-obren eta hura Zorrotzaurreko penintsula urbanizatzeko prozesura gehitzearen ondoriozko lurzoruak eragite aldera.

Horretarako, adierazitakorekin bat eginez, aldeek gaitasuna aitortu diote elkarri dokumentu hau sinatzeko. Beren ordezkaritzan, eta, azken buruan, 43/2010 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspena betetzeko eta adierazitako araudi-aurreikuspenen arabera Zorrotzaurre urbanizatzeko prozesura ondoriozko lurzoruak gehitzeko interes orokor partekatuan oinarrituta, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, ondorengo hauen eraginpean dagoena.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen bidez, alde sinatzaileek Deustuko ubidean betelan-obrak (Zorrotzaurreko Gune Mistoaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. jarduketa integratua) egiteko behar diren jarduketak prestatu nahi dira, baita obren ondoren ondoriozko lurzorua Zorrotzaurreko hirigintzaren garapenean txertatzekoak ere (aipatutako planeko 2. jarduketa integratua). Horretarako, jarduketa horri dagokionez alde bakoitzak bere gain hartu behar dituen konpromisoak ezarri nahi dira, aipatutako plan berezia gauzatzeko; posta-zerbitzu unibertsalari, erabiltzaileen eskubideei eta posta-merkatuari buruzko abenduaren 30eko 43/2010 Legearen hamargarren xedapen gehigarria betetze aldera.

Bigarrena.– Bilboko Portuaren Agintaritzaren konpromisoak.

1.– Bilboko Portuaren Agintaritzak dagokion lehia eta lizitazio publikoko prozedura sustatuko du, indarreko araudiari jarraikiz, aurreko klausulan deskribatutako operazioa bete dadin.

Horretarako, balorazio independente bat egingo da, ondoriozko lurzorua besterentzearen balioaren inguruan, betelanak egitearen kostuak xurgatuko dituena.

2.– Betelanak egin eta gero, ondoriozko lurzorua erregularizatuko da fisikoki eta juridikoki, behar beste erregistrotan inskribatzeko aukera ematen dioten hirigintza-deskribapen beharrezkoen bidez, bereziki, Jabetza Erregistroan inskribatzeko; Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 136. artikuluan eta abuztuaren 28ko 1373/2009 Errege Dekretuak onartutako Administrazio Publikoen Ondareari buruzko Legearen 96. artikuluan aurreikusitakoarekin bat eginez.

3.– Bilboko Portuaren agintaritzak lurzoru beharrezkotasunik eza aitortuko du, eta irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 44.1 artikuluaren babesean, lurzoruaren desafektazioa sustatuko du, ondarera gehitzeko, eta kontratuaren esleipendunari besterentzeko aukera emateko.

4.– Kontratuaren hirugarren esleipenduna hirigintza-araudiak agindutako betekizun beste betetzera behartuta egongo da, eragindako lursailen gaineko eskubideen titularra delako. Aurreko horri kalterik egin gabe, lurzoru-eskualdatzea esleipendunarekin prestatuko da eskritura publikoaren bidez, eta lurzoru horrekin hari atxikitako hirigintza-eskubide eta -betebehar guztiak eskualdatuko dira formalki. Hirugarren esleipenduna, beraz, hirigintza-araudiak agindutako betebehar beste bete beharko ditu, titularra delako.

Hirugarrena.– Sustapen Ministerioaren eta Estatuko Portuak erakunde publikoaren konpromisoak.

1.– Sustapen Ministerioak eta Estatuko Portuak erakunde publikoak konpromisoa hartu dute beren eskumenen alorraren barruan ahal den guztian laguntzeko, hirugarren esleipendunari zenbait gauza errazteko, hala nola betelanak egitea, horien desafektazioa eta ondoko ondoriozko lurzoru-besterentzea.

2.– Estatuko Portuak erakunde publikoak konpromisoa hartu du hitzarmenaren xedea egoki betetzeko behar liratekeen akordioak egiteko, dagozkion izapideen berri emateko, ondasunen desafektazioa proposatzeko eta Bilboko Portuaren Agintaritzari baimena emateko ondoriozko lurzorua besterentzeko, baldin eta lurzoruaren salmenta-balioa (tasazio independente baten bidez xedatua) 3.000.000 euro baino handiagoa eta 18.000.000 euro edo gutxiago bada.

3.– Sustapen Ministerioak konpromisoa hartu du, Estatuko Portuak erakunde publikoak proposatuta (organismo horrek, halaber, Bilboko Portuaren Agintaritzak eskatuta proposamen hori sustatzeko konpromiso hartu du), ahalik eta azkarren ondoriozko lurzoruaren desafektazioa izapidetzeko, portuko erabilerarako haren beharrik eza 2006ko uztailaren 17ko hitzarmenean, aipatutako 43/2010 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian eta Bilboko Portuaren Agintaritzaren administrazio-kontseiluak horretarako egingo duen akordioan xedatuta dagoelako.

Halaber, Sustapen Ministerioak Ministro Kontseiluaren aurrean sustatuko du dagokion besterentzea egiteko baimena, baldin eta lurzoruaren salmenta-balioa (tasazio independente baten bidez xedatuko da) 18.000.000 euro baino handiagoa bada.

Laugarrena.– Bilboko Udalaren, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzailearen eta Zorrotzaurreko 1. Jarduketa Integratuko 1. Egikaritze Unitateko Itun Batzarraren konpromisoak.

1.– Bilboko Udalak, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileak eta Zorrotzaurreko 1. jarduketa integratuko 1. egikaritze-unitateko itun-batzarrak beren eskumen eta eskuduntzen alorraren barruan ahal duten guztian lagunduko dute, adierazitako premisen eraginpean eta bideragarritasun ekonomikoko irizpideei jarraikiz, betelanak errazteko, baita, hala badagokio, ondoriozko lurzorua besterentzeko eta erakunde eskuratzailearen hirigintza-prozesuan txertatzeko ere.

2.– Bilboko Udalak konpromisoa hartu du ahalik eta azkarren obra-lizentziak, jarduera-lizentziak edo betelanak egiteko behar beste hirigintza-lizentzia edo -baimen izapidetzeko, baita horien erregistro-inskribatzeak edo -erregularizazioak ere.

3.– Udalak nahiz itun-batzarrak edo batzorde kudeatzaileak konpromisoa hartu dute, hala badagokio, hitzarmena betetzen dela bermatzeko behar diren plangintza- eta kudeaketa-tresnak aldatzeko eta onartzeko izapideak egiteko, baita eragindako lurzoru berrien hirigintza-aprobetxamendua aitortzen dela bermatzeko ere, hitzarmena erabat betetzeko eta hirigintza-operazioaren bideragarritasun ekonomikoko irizpideei jarraikiz kudeatzeko. Hirigintza-kudeaketara eta -egikaritzera hirigintza-prozesuaren ondoriozko lurzoruaren erakunde titularra gehituko da. Beraz, Bilboko Portuaren Agintaritzak beharrean, erakunde horrek bere gain hartuko ditu aipatutako prozesuarekin lotutako eskubideak eta betebeharrak.

4.– Aipatutako korporazioak, adierazitako batzorde kudeatzaileak, eta, hala badagokio, itun-batzarrak Bilboko Portuaren Agintaritzari eman beharko dizkiote ondoriozko lurzoruaren eta hari lotutako hirigintza-aprobetxamenduen eta hirigintza-zamen xehetasunak, lurzoru horien titulartasunak ordezkatzen duen jabetza-ehunekoarekin lotutako ondoriozko lursailak adierazita.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Sailburutzaren konpromisoak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Sailburutzak bere eskumenen alorraren barruan ahal duen guztia egingo du betelanak zein, hala badagokio, ondoriozko lurzorua besterentzea eta erakunde eskuratzailea hirigintza-prozesuan txertatzea errazteko.

2.– Horretarako, honako konpromiso hauek hartu ditu berariaz:

– Indarrean diren sektoreko legerien arabera eska daitezkeen beste txosten ahalik eta azkarren egitea.

– Ondoriozko lurzoruaren titularra den hirugarren esleipenduna hirigintza-prozesuan erabat txertatzen dela bermatzeko behar diren plangintza- eta kudeaketa-tresnak aldatzea eta/edo onartzea bultzatzea, hitzarmenean adierazitako baldintzen eraginpean.

Seigarrena.– Hitzarmena betetzea eta eska daitekeen eginbidea.

1.– Hitzarmen hau nahitaezkoa eta betearazlea da, eta alde guztiek hartutako konpromisoek benetako eta berehalako eraginkortasuna dute. Edonola ere, alde bakoitzari dagozkion izapideak egitean gauzatuko dira, eragindako ondare-, hirigintza- edo ingurumen-operazioak betetzeko legeak aurreikusitako epeen erdian.

2.– Bilboko Portuaren Agintaritza prestatzeko erakunde gisa arituko da, Deustuko ubidean betelanak egitea errazteko, Zorrotzaurreko Gune Mistoko Hiri Antolamenduko Plan Bereziko xedapenak betetzea aldera, adierazitako araudietako aurreikuspen espezifikoen babesarekin, ondare-bermearen printzipioaren eraginpean arituz. Hortaz, eskumena duten administrazioko agintaritzek onartu dute Bilboko Portuaren Agintaritzak bere gain ez hartzea betelanen kostua, ez eta hirigintza-xedapenak betetzeak eragindako beste edozein gastu ere. Eremua urbanizatzeko prozesutik eratorritako betebeharrak ondoriozko lurzoruaren erakunde titularrak bakarrik bete beharko ditu, eta Bilboko Portuaren Agintaritza prozesu horrekin lotutako gastu oro ordaintzetik salbuetsita egongo da.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen araubide juridikoa.

1.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutakoak) 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzarmen honek ez du lege hori bete behar. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira, egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Edonola ere, hitzarmen honen interpretazioak Posta-zerbitzu unibertsalari, erabiltzaileen eskubideei eta posta-merkatuari buruzko abenduaren 30eko 43/2010 Legearen hamargarren xedapen gehigarria benetan betetzeari helduko dio, printzipio gidari gisa; betetzearen ondorioz sortutako lursailak Zorrotzaurreko penintsula urbanizatzeko prozesura gehitzeko. Alderdi guztiek agindu horrek dakarren ageriko interes publikoa onartu dute.

2.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. Kapituluan xedatutakoak arautzen du hitzarmen hau.

3.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka; beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, hurrengo klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

4.– Edozein aldek hitzarmen honetatik eratorritako betebeharrak betetzen ez baditu, eta klausula honetako 1. atalak aipatutako printzipioak aplikatzeari kalterik egin gabe, hitzarmena aldatu edo ebatzi ahal izango da. Horretarako, zortzigarren klausulan aipatutako terminoetan, jarraipen-batzordeak hitzarmena ez betetzearen ondorioak xedatuko ditu, baita, hala badagokio, aplikatu beharko liratekeen kalte-ordainen irizpideak ere.

Zortzigarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Aldeek adostu dute batzorde bat sortzea hitzarmen honi jarraipena egiteko eta, hala badagokio, hitzarmena aldatzeko, hitzarmena betetzeko neurriak proposatzeko, alde bakoitzari betekizun bereziak ezartzeko, eta, azken batean, hitzarmena interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen gatazkak konpontzeko.

2.– Jarraipen-batzordea sei kidez osatuta egongo da:

– Sustapen Ministerioaren ordezkari bat.

– Estatuko Portuak erakunde publikoaren ordezkari bat.

– Bilboko Portuaren Agintaritzaren ordezkari bat.

– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ordezkari bat.

– Bilboko Udaleko ordezkari bat.

– Zorrotzaurreko 1. Jarduera Integratuaren 1. Egikaritze Unitatearen Itun Batzarraren edo batzorde kudeatzailearen ordezkari bat.

3.– Bilboko Portuaren Agintaritzak hartuko du batzordearen presidentzia, eta horretarako pertsona bat izendatuko du. Halaber, bere erakundeko teknikari juridiko bat izendatuko du, idazkari lanak egin ditzan. Aldeek konpromisoa hartu dute hitzarmena sinatu eta hilabeteko epean aipatutako batzordean ordezkari izango duten pertsonaren berri emateko Presidentziari, baita beren bizilekuak adierazteko ere.

4.– Oro har, jarraipen-batzordeak akordioak hartzeko, gehiengoaren botoa beharko da, eta, berdinketa gertatuz gero, presidentearen botoak erabakiko du. Hitzarmen honen edozein klausula aldatzeko, alde sinatzaile guztiek ados egon beharko dute.

5.– Klausula honetan aurreikusi ez bada, Batzordearen araubide juridikoak Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluari eta hurrengoei edo hura ordezkatzen duen araudiari jarraituko die aplikazioko gaiei dagokienez.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren iraupena.

1.– Hitzarmen honek lau urteko iraupena izango du. Urte bateko epeetan luzatu ahal izango da, hitzarmena amaitu, hasi edo luzatutako eguna baino sei hil lehenago edozein sinatzailek idatziz eta era sinesgarrian hitzarmena salatzen ez badu.

2.– Hitzarmen honek eragina izango du behin Estatuko sektore publikoko organoen eta lankidetza-tresnen Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Eta horrekin bat egin dela frogatzeko, dokumentu honen zazpi kopia sinatu dira 2018ko urtarrilaren 23an.

Sustapeneko ministroa,

IÑIGO DE LA SERNA HERNÁIZ.

Estatuko Portuen Erakunde Publikoko presidentea,

JOSÉ LLORCA ORTEGA.

Bilboko Portuaren Agintaritzako lehendakaria,

ASIER ATUTXA ZALDUEGI.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Bilboko Udaleko alkate-udalburua eta Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordeko presidentea,

JUAN MARÍA ABURTO RIKE.

Zorrotzaurreko 1. Jarduketa Integratuko 1. Egikaritze Unitateko Itun Batzarreko (EU-1 JI-1) presidentea,

CARLOS QUINDÓS FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala