Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2018ko martxoaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1531

AGINDUA, 2018ko martxoaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten diena 2018-2019 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean zehaztutako estrategiari jarraitzen dioten Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei.

Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik, lehiakortasuna sortzen da, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunaren baitan dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.

Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, bai eta oinarrizko eta zeharkakoena ere; besteak beste, ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna.

Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.

Lanbide-heziketako zentroentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua sor dadin erraztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak Horretarako, sektore produktiboen –batez ere industriaren– premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai izanez, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea ekarriko dutenak.

Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, zentroen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duten gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETEei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.

Ildo horretan, 2014ko azaroaren 24an onartutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar dituen tresna den aldetik, beste helburu batzuen artean, hauxe ezartzen du 1. helburu gisa: «Lanbide-heziketa produkzio-sektoreen egungo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegarritasunera egokitzea, enpresek kualifikazio eta espezializazio gero eta handiagoen arloan dituzten premiei erantzuteko»; eta 4. helburu gisa: «Euskadiko enpresekin berrikuntza aplikatuko proiektuak babestea eta sustatzea, bereziki ETE-ekin, lanbide-heziketako ikastegien eta enpresa horien arteko harreman estuaren bidez, Euskadin lehiakortasunerako estrategikotzat jotako arloetan».

Era berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planak argi eta garbi egin du hazkunde jasangarri eta zentzuzkoa sustatzeko estrategia integralaren alde. Estrategiaren oinarrian, kapital intelektuala eta ezagutzaren kudeaketa efizientea daude, baita espezializazio eta berrikuntza aplikatua ere, enpresetan balioa sortzeko eta lehiatzeko abantailen iturri gisa eta, ondorioz, enplegua sortzeko iturri gisa.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, lanbide-heziketan berrikuntza eta ekintzailetza hobe dadin bultzatze aldera, dei egiten die itunpeko ikastetxe pribatuei, beren irakasleen bidez, irakasle-prestakuntza sendotzen duten proiektuetan parte har dezaten –prestakuntza horren xedea da ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatu eta konplexuagoetara egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea–, lanbide-heziketaren partaidetza bultza dezaten enpresetan –bereziki ETEetan–, suspertzen ari diren sektoreetan lan egin dezaten giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez, lanbide-heziketako ikastegien partaidetza susta dezaten ingurune konplexuetan lan egiten duten enpresen espezializazio-maila hobetzeko –bereziki ETEena– eta lanbide-heziketako ikastegien baitan modu proaktiboan sortzen diren berrikuntza aplikatuko proiektuak eta ekintzailetza-proiektuak bultza ditzaten.

Hezkuntza Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da deialdi hau.

Adierazitako helburua lortzeko, behar adina aurrekontu-kreditu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean. Ondorioz, eta honako hauetan xedatutakoekin bat etorriz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzen araubidea arautzekoa); Laguntzen eta diru-laguntzen arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimenari buruzko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluko III. kapituluan; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2018-2019 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planari lehentasunez jarraitzen dioten berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, eta, horrela, aldi berean, horietan ikasitakoak ikasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako gainerako zentroei eta enpresei, batik bat ETEei, helarazteko aukera ahalbidetu dadin.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2018-2019 ikasturtean.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen berrikuntza-proiektuen ezaugarriak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuek bat etorri beharko dute, lehentasunez, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean eta Gobernuaren Ekintzaren Plangintza Estrategikoko ekimenen barruko planetan zehaztutako espezializazio adimendunaren estrategiarekin. Lotura hori ebidentzien bidez frogatu beharko dute, proiektuaren fitxan, II. eranskinean; izan ere, hori izango da hautaketa-irizpideetako bat. Ikus 10.3.a) artikulua.

Diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuen artean, lehentasuna emango zaie arlo hauetako batekin lotuta daudenei:

a) Fabrikazio aurreratua. Prozesuen hobekuntzarekin eta horien simulazioarekin lotuta daudenak. Neurketa-elementuak jasotzen dira, bereziki prozesuko neurketak. Material berriak sartzea, bereziki konposite eta material arinak, bai eta horien eraldaketa- eta lotze-prozesuak ere. Fabrikazio-prozesu berriak, hala nola fabrikazio aditiboa, diseinutik bertatik fabrikazio eta post-tratamendura arte.

b) Fabrika digital eta konektatua. Hauekin lotutakoak: ekipo industrialetan sortutako informazioaren konexioa, monitorizazioa, trazabilitatea, kudeaketa eta tratamendua. Hauek barnean direla: konektibitatea, zibersegurtasuna, BIG DATA datu-tratamendua eta erabakiak hartzea. Produktu edo ekipoei adimena (funtzionalitateak) emateko teknologiak barnean direla. Gauzen Internetekin edo Makinen Internetekin lotutakoak.

c) Energia efizientzia. Energia-efizientziara eta energia-sorkuntzara bideratutako alderdiak. Bizitegi-sektorea sartzen bada ere, interes berezia jartzen da industria-prozesuetako energia-efizientzian eta sare adimendunen kudeaketan, eta, bereziki, energia-kontsumitzaile handietan.

d) Biozientziak eta nanozientziak. Bio eta nano soluzioen merkatuko aplikazio praktikoarekin lotutakoak. Bio-osasunean arreta berezia jarrita.

e) Ekonomia jasangarria. Jasangarritasunarekin eta bioekonomiarekin lotutakoak. Arlo hauetara bideratuta: nekazaritza, elikagaien industriak, egurra eta altzariak, eraikuntza eta obra zibilak, eta itsasoa eta arrantza.

f) Errealitate birtuala/fusionatua. Ikaskuntza-prozesuan tresna horiek erabiltzearekin lotuta daudenak, enpresetara bideratutako zerbitzu- eta ezagutza-sortzaile gisa.

g) Osasuna 4.0. Hauekin lotutakoak: elektromedikuntza-ekipoen mantentze-lanak, eta teknologia eta baliabide teknologiko berriak sartzea osasunaren zaintzan.

h) Eusko Jaurlaritzaren espezializazio-estrategiekin duten lotura froga dezaketen beste batzuk, zerrenda honetan egon ez arren.

2.– Proiektuak banan-banan gara ditzakete onuradun izan daitezkeenek, agindu honen 2. artikuluan zehaztu moduan; bestela, hainbat onuradunen artean ere gara daitezke, lankidetzan. Proiektu bat lankidetzakoa dela ulertuko da, baldin eta gutxienez bi onuradunek parte hartzen badute proiektua sortzen eta gauzatzen.

3.– Lankidetzako proiektuak badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da elkartutako kideek zein ordezkari edo ahaldun bakar izendatu duten, eta behar adina ahalmen izan behar ditu onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezingo da desegin harik eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

4.– Aurkeztutako proiektuen iraupena 209 ordukoa izan behar du gutxienez, eta 2.504 ordukoa gehienez.

5.– Bikoiztasunak saihesteko xedez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak beste programa edo deialdi batzuen bitartez lantzen dituen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Lanbide-heziketan beste programa edo deialdi baten bitartez dagoeneko lantzen ari den proposamen bat aurkezten bada, erabakiko da proposamen hori ez dela deialdiaren xedera egokitzen, eta horixe adieraziko da proposamenaren balorazioan. Ikus 10.3.a artikulua.

Hauek dira Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean jasota dauden eta beste programa batzuen bidez lantzen diren esparruak (beraz, deialdi honetan ezin izango dute diru-laguntzarik jaso):

– Heziketa integratuaren esparrua; helburuak: Egokitzapena eta espezializazioa, Berrikuntza pedagogikoa eta Bikaintasuna eta kalitatea.

– Ekintzailetza aktiboaren esparrua; helburua: jarduera ekintzailea indartzea.

– Nazioartekotzearen esparrua; helburua: lanbide-heziketa nazioartean zabaltzea.

– Lanbide-heziketako ikastetxeen esparrua; helburuak: Ikastetxe-eredu berriak, Ikastetxeak ezagutza-unitate gisa, eta Lanbide-heziketako ikastetxe espezializatuen sarea.

6.– Zenbait proiektu osagarriak direla edo antzeko helburuak dituztela ikusten bada, proiektuak batzea proposatuko da, proiektu bakarra garatzeko.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat etorriz, diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta horri lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.

2.– Diru-laguntza jaso dezaketen orduei dagokienez, lanaldi osoko liberazio baterako, gehienez ere, 726 eskola-ordu eta 526 ordu osagarri egotz dakizkioke proiektuari. Ordezko langileak kontratatzeko, hogeita hamabost (35) euro orduko izango da diruz lagundu daitekeen eta proiektuari egotz dakiokeen gehieneko orduko kostua, irakasleei dagokienez. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu-kopurua lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen estaldura-aldia diruz lagundutako jarduera hasten denetik amaitzen den arte zenbatuko da, betiere diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan, hau da, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra arteko aldian.

5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honen xede diren proiektuak diruz laguntzeko zenbateko osoa zazpiehun eta hirurogeita hamar mila eurokoa (770.000) izango da.

2.– Proiektuen balorazio-fasea amaituta, lehentasunaren arabera ordenatuko dira, handitik txikira, lortutako puntu-kopuruaren arabera. Berdinketarik gertatuz gero, handitik txikira ordenatuko dira proiektuak, honako artikulu hauetan ezarritako irizpideen arabera lortutako puntu kopuruari erreparatuz: 10.2.a), proiektuaren egokitasunari buruzkoa; 10.2.c), proiektuaren norainokoari eta eskalagarritasunari buruzkoa, eta 10.2.g), agindu honetan proposatutako helburuen koherentziari eta anbizioari buruzkoa. Oraindik ere berdinduta baleude, dagokion eskabideak erregistroan duen antzinatasunari erreparatuz ebatziko da.

3.– Proiektuak esan bezala ordenatuta, eta hala ezarritako lehentasunari jarraikiz, dagokion diru-laguntza esleitzeari ekingo zaio. Horretarako, ezarritako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko dira, deialdiaren zuzkidura agortu arte.

6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, betekizun hauek betetzen direla egiaztatu behar da:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2018-2019 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak ematea.

b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen duen zigor penal edo administratiboren baten eraginpean ez egotea sexu-diskriminazioa dela-eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun biek iraun behar dute emandako diru-laguntzak likidatu arte; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoeretakoren batean ez egotea.

e) Lankidetzako proiektuak badira, kide guztiek bete beharko dituzte betekizunok.

7. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen iraupena.

Diruz lagundutako proiektua 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartean egingo da.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Zentro interesdunen titularrek –lankidetzako proiektuak badira, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarrek– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz eskatuko, kontsultatuko eta egingo dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.

4.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/proyivpvfp/y22-izapide/es/

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, honako helbide honetako Nire kudeaketak atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (I. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta.

2.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da diru-laguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.

3.– Agindu honen 3.2 artikuluan zehaztutako lankidetza-proiektuak badira, elkarteko ordezkari edo ahaldun bakarrak aurkeztuko du eskabidea. Kide guztiek sinatu behar dute, eta horietako bakoitza hartuko da diru-laguntzaren eskatzailetzat.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.

b) Ez egotea diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, berariaz adierazita sexu-bazterkeriagatik izandakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

5.– Eskabidearekin batera, proiektu-fitxa aurkeztu beharko da. II. eranskina.

6.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

7.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, zentro interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio, aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.

10. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen proiektuak norgehiagoka-prozedura bidez zehaztuko dira, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 22. artikuluan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena) 51.4 artikuluan xedatutakoa betez; hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuz, horien lehentasuna ezartzeko, jarraian zehazten diren balorazio-irizpideen arabera, eta, erabilgarri dagoen kredituarekin, irizpide horiei jarraikiz balorazio handiena lortu dutenak esleitzeko.

2.– Proiektua deialdiaren xedearekin bat ez badator, hori adieraziko da, eta ez da baloratuko.

3.– Proiektuak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, dagozkien haztapenak eginda:

a) Proiektuak egokitasuna justifikatu du: Azken balorazioaren % 15. Atal honetan, baloratuko da nolako lotura daukan proiektuak Lanbide Heziketako IV. Euskal Planarekin eta/edo Gobernuaren Ekintzaren Plangintza Estrategikoko ekimenen barruko planekin.

b) Proiektuak proposatzen den teknologia erabil dezaketen enpresak aurkezten ditu, eta, gainera, enpresen babesa dauka: Azken balorazioaren % 15.

c) Proiektuak norainoko zabala eta eskalagarritasuna ditu: Azken balorazioaren % 15.

d) Proposatutako helburuen koherentzia eta anbizioa: Azken balorazioaren % 15.

e) Proiektuaren faktore berritzailea: Azken balorazioaren % 15.

f) Proiektuaren plangintza-maila: Azken balorazioaren % 10.

g) Beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentzia: Azken balorazioaren % 15.

4.– Irizpide bakoitzeko puntuazioak 1etik 10era bitarteko eskala batean adieraziko dira, dezimalik gabe: puntuaziorik txikienari 1 dagokio, eta, handienari, 10. Proiektu bakoitzaren azken balorazioa irizpideotako bakoitzean lortutako puntuazioen batuketa haztatuaren bitartez lortuko da.

5.– Lankidetzako proiektuak batera baloratuko dira. Lankidetzako proiektu bat aukeratuko balitz, dagokien diru-laguntza banan-banan eman eta ordainduko zaie kideei, bakoitzak justifikatzen dituen eta bakoitzari egotz dakizkiokeen gastuen arabera.

11. artikulua.– Prozedura bideratzea.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.

2.– Balorazio Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, edo haren ordezkoa.

b) Bokalak:

Txaro Díaz de Cerio Ruíz De Urra andrea, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna, edo haren ordezkoa.

Jon Labaka Intxauspe jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Lanbide Heziketaren esparruko Berrikuntza Aplikatuaren arloko zuzendaria, edo horren ordezkoa.

Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuen ere konpromisoak eta baldintzak egokitzeko eman daitekeen diru-laguntzara. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.

5.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, Balorazio Batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, diru-laguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

12. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako diru-laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar dira pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zer proiektu finantzatu den, eta zenbateko diru-laguntza eman zaion. Horrez gain, nortasunik gabeko elkarteak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; halere, eta herritarrak jakitun izan daitezen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, eta adieraziko dira ikastetxea, finantzatutako proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondoreetarako.

6.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.

13. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Diru-laguntzen justifikazioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, eta, zehazki, agindu honen xede diren diru-laguntzen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2019ko irailaren 13a baino lehen:

a) IV. eranskina, proiektuaren azken memoria, non, besteak beste, alderdi hauei buruzko informazioa jasoko baita: programatutako helburuak zenbateraino lortu diren; proiektuaren bilakaera, kontrol-prozesua eta jarraipena; hobetzeko proposamenak; lortutako eraginaren ebaluazioa, eta garatutako transferentzia-ekintza eta -baliabideak.

b) V. eranskina, Liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria. Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta zentroaren zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, "ProylVPVFP" gisa, diruz lagundutako proiektuan aritzen diren irakasleen liberazioa.

c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa.

d) Agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia autentikoa.

2.– Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire Kudeaketak atalaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Lankidetzako proiektuak badira, ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonaren ardura izango du jasotako diru-laguntzaren guztizkoa justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea. Horretarako, proiektuan parte hartzen duen kide bakoitzaren gastu diruz lagungarriak justifikatzeko dokumentazioa bildu beharko du.

4.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak jasotako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.

14. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak zatituta ordainduko dira, zehazki, hiru ordainketa eginez. Honela egingo dira ordainketak:

a) Lehen ordainketa onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20koa izango da, 17.1 artikuluan adierazitako epea igarotakoan, diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketan, onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 60 ordainduko da, 2019ko ekitaldian, proiektuaren % 50 garatu ostean, betiere Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldeko ebaluazioaren txostena egiten badu, eta ordezko irakasleen gastuen zerrenda 2019ko apirilaren 1ean aurkeztu ondoren (III. eranskina).

c) Hirugarren ordainketan, gainerakoa ordainduko da; hots, gainerako % 20a, diruz lagundutako proiektua amaitutakoan, izandako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko apartatu guztiak bete ostean.

2.– Hautatutakoak lankidetza-proiektuak badira, proiektua lankidetzan sortu eta garatu duten entitate guztiei banan-banan eman eta ordainduko zaizkie dagozkien zenbatekoak.

15 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira diru-laguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, diru-laguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki iritzitakoak egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako diru guztia eta diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duen 698/1991 Dekretuak.

3.– Lehen esandakoa alde batera utzi gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatu egin ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira.

4.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

2.– Betiere, 2018-2019 ikasturtean, ezingo dira bateratu deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuetan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzeko jasotako diru-laguntzak eta Hezkuntza Sailaren beste laguntza edo diru-laguntza batzuk, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.

17. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunek, proiektua egiteko, baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsen erabilpena frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzaren kontrolaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, dela zuzenean, dela TKNIKAren, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren, bitartez.

9.– Jasotako diru-laguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek euskarrietan, informatiko zein bestelakoetan, adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».

10.– Onuradunek eskatutako jarduera amaitu arte mantendu beharko dute jarduera horretarako liberatutako irakaslea. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu proiektua amaitu arte jarraitu, ikastetxeak hura ordezteko baimena eskatuko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, bai eta aldaketaren arrazoia ere.

11.– Diru-laguntza jaso duten onuradun guztiek eskola-ordurik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea proiektuaren fitxan adierazitako astegunetan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «ProylVPVFP» gisa.

12.– Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

18. artikulua.– Datuen babesa.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek euren tratamendua eta argitalpena bertan baimenduta– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Berrikuntza-proiektuetan parte hartzeak berekin dakar Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan araututako diru-laguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROIEKTUAREN FITXA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
JASOTAKO DIRU-LAGUNTZARI EGOTZ DAKIZKIOKEEN GASTUEN LABURPENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROIEKTUAREN AMAIERAKO MEMORIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
Liberatutako Eta Ordezko Irakasleen Ordu-Dedikazioaren Ziurtagiria
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala