Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2018ko martxoaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1530

AGINDUA, 2018ko martxoaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-n ikertzaile bisitari izateko laguntzaren deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-k hitzarmen bat izenpetu zuten, 2007ko otsailaren 26an, ikertzaile batek egonaldia egin dezan Oxfordeko Unibertsitatean.

Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College Gizarte Zientzien arloan ospe aitortua duen zentro bat da, bereziki eskualdeko eta nazioarteko diziplinarteko ikerketetan. Euskadirekin lotutako gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-ko Europar Ikasketen Institutuan izateak nabarmen lagunduko du Euskadiri buruzko ezagutza garatzen.

Kontuan hartu da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua (2016ko azaroaren 28ko EHAA), dekretu horrek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua. Izan ere, dekretu horrek zenbait eskumen esleitzen dizkio sail honi, zientzia-politikan eta ikerketa teorikoaren eta aplikatuaren sustapenean eta koordinazioan.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2018-2019 ikasturtean Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-n ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatzeko.

2.– Ikertzaile bisitariak diziplina hauetan lan egin dezake: historia modernoaren politika, nazioarteko harremanak, ekonomia, gizarte-zientziak, antropologia eta nazioarteko zuzenbidea.

2. artikulua.– Iraupena.

1.– Laguntza ikasturte oso baterako izango da (hiru hiruhileko, urritik ekainera). Nolanahi ere, egonaldia hasi baino lehen, data horiek alda daitezke, justifikatuta badago eta proiektua behar bezala garatze aldera, betiere egonaldiaren iraupen osoa aldatu gabe, eta Oxfordeko Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuko zuzendariak berariaz adostasuna agertzen badu.

2.– Hautagaiek egonaldi partzialak aukeratu ditzakete, hiruhileko batekoak edo bikoak, eta, hala eginez gero, beste hautagai batek edo batzuek aukera izango dute diru-laguntzak eskuratzeko.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hau lor dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutela 2017ko urtarrilaren 1ean. Hala ere, antzinatasun bera izanik, atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskadin izan bada.

b) Doktore gradua izatea.

c) Ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa izatea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.

d) Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabidea modu telematikoan beteko da, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuragarri jarritako inprimakiaren bidez. Hona hemen helbidea elektronikoa:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ikeroxford/y22-izapide/eu

Eskabideari atxikitako dokumentazioa harekin batera bidali beharko da, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta egin beharko du erabiltzaile gisa, eta aipatutako aplikazioan emandako argibideei jarraitu.

Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Behin eskabide telematikoa erabat bete denean eta aplikazioaren bitartez artikulu honen 8. atalean adierazitako dokumentuak erantsi direnean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesua gauza dezake, Egoitza Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoaren sistemetako edozeinen bidez.

Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.

3.– Paperez izapidetuz gero, aplikazioak sortutako eskabide-inprimakia inprimatu eta sinatu behar du eskatzaileak. Paperezko eskabideak artikulu honen 6. eta 7. apartatuetan adierazitako epean eta lekuan aurkeztuko dira.

4.– Eskabidearekin batera, Erantzukizunpeko Adierazpena aurkeztu behar da, hala xedatzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa). Adierazpenak egiaztatuko du hautagaiek betebehar hauek betetzen dituztela:

– Eskatzaileak helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo lortu dituen, edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribatu baten eskutik.

– Eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.

– Eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zigor penala edo administratiboa duen, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat duen.

– Eskatzaileak Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako beste debekuren bat duen.

– Konpromisoa hartzen duela Hezkuntza Sailaren Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen den baldintzaren bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

– Eskabide honetako datuak egiazkoak direla, eta bertako zehaztugabetasunek sor ditzaketen erantzukizunak bere gain hartzen dituela.

5.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak organo kudeatzaileari baimena ematen dio haren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzeko egiaztagiria zuzenean lortzeko.

Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera.

6.– Eskaerak aurkezteko epeak.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Eskabidea paperean izapidetuz gero, helbide honetara bidaliko da:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza Saila

Ikerketa Zuzendaritza

Erreferentzia: «Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College laguntza»

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Eskabideak toki hauetan ere aurkeztu ahal izango dira, bai eta informazioa eskatu ere: Herritarrei arreta emateko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta eskuratzeko, 012 zenbakira deitu daiteke.

Betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan ezartzen duena aplikatuko da. Eskabideak, halaber, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak) aipatzen dituen lekuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.

Eskabideak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskabidearen goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.

8.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabide-orriarekin batera, ondoren zerrendatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da aplikazioaren bitartez:

a) Doktore graduaren egiaztagiria.

b) Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.

c) Curriculum akademikoa eta zientifikoa ingelesez idatzita.

d) Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-n garatu beharreko ikerketa-proiektua, agindu honetako 1. artikuluan aipatutako diziplinetako edozeini buruzkoa eta ingelesez idatzia.

e) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, Zentroko arduradun legalak sinatutako dokumentua aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.

f) Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutunak ingelesez idatzita egongo dira, eta Ikerketa Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo arauzko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 8. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio laguntza hau kudeatzea.

7. artikulua.– Hautaketa Batzordea. Ikertzailea hautatzeko irizpideak.

1.– Behin aurkezteko epea, eta, hala badagokio, eskabideak zuzentzeko epea amaituta, Hautaketa Batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu, eta laguntzaren esleipendunak aukeratu. Batzordea honela osatuko da:

a) Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, edo hark izendatutako ordezkoa. Batzordeburua izango da.

b) Oxford Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuko zuzendaria, edo hark izendatutako ordezko. Kalitate-botoa izango du.

c) Bi aditu akademiko gehienez, bata Oxfordeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskadikoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute akordio honetako diziplina garrantzitsuetan, eta St Antony´s College-ko Europar Ikasketen Institutuko zuzendariak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren.

2.– Hautaketa Batzordeak bi fasetan egingo du hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideen ebaluazioa, irizpide hauei jarraikiz:

1.a.– Lehiaketa fasea.

Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

● Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutzaren transferentzia: 4 puntu.

● Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak: 3 puntu.

● Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

● Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

● Ikerlanaren emaitzek nolako inpaktua duten euskal gizartean: 3 puntu.

Ikertzailearen prestasuna: 5 puntu.

● Hiru hiruhilekoko egonaldia: 5 puntu.

● Bi hiruhilekoko egonaldia: 3 puntu.

● Hiruhileko bateko egonaldia: 0 puntu.

2.a.– Lehiaketa fasea.

Hautaketa Batzordearekin elkarrizketa izango dute eta proiektua aurkeztuko diote; ingelesez izango da: 10 puntu.

3.– Hautaketa Batzordeak aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzkoak. Era berean, hautagaiek ingelesa jakiteko baldintza betetzen dutela egiaztatuko du, 3.c) artikuluak adierazi bezala. Hautaketa Batzordeak lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa gehienez. Aitzitik, lehenbiziko bost hautagaietako bat elkarrizketara bertaratzen ez bada, elkarrizketatutako hautagaien kopurua handitu liteke, ordenari zorrozki jarraituz.

4.– Hautagaien ebaluazioa amaitu ondoren, Batzordeak onuradunak aukeratuko ditu, eta ordezkoen lehentasun-ordena ezarri, badaezpada esleipendunek uko egiten badiote edo laguntzarako eskubidea galtzen badute. Lehiaketaren bi faseetan puntu gehien lortzen dituena izango da esleipendun. Berdinketarik balego, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.

5.– Esleipendunak ezingo balu ikasturte akademiko osoa bertan egon, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari eskainiko zaio ikasturtea amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko aukera. Lehenengo bi hautagaiek hiruhileko bana bakarrik betez gero, hirugarren hautagaiari eskainiko zaio ikasturtea osatzeko aukera.

6.– St Antony´s College-ren Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko iritzia emango du, eta, bere irizpideen arabera eta arrazoiak emanez, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu.

7.– Hautaketa Batzordeak laguntza eman gabe utziko du, eskabiderik ez badago, edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Halaber, egonaldiaren epealdi partzialetako bat hutsik gera liteke.

8. artikulua.– Ebazpena eta esleipena.

1.– Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez emango da laguntza, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

2.– Ebazpenean, adieraziko dira pertsona onuradunen nortasuna, egonaldia hasi eta amaitzeko datak eta laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan jasotako kontzeptuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, ordezkoen identitatea eta horien lehentasun-ordena.

3.– Aipatutako ebazpena jakinarazteko, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da.

4.– Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

5.– Aipatutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburuaren aurrean.

6.– Ezarritako epean laguntza esleitzeko ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskabideak gaitzetsi direla ulertuko da. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilabetekoa izango da, oinarri hauen 1. apartatuan ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa 50.036 eurokoa izango da 2018-2019 ikasturte osorako, hau da, 9 hilabeteko egonaldi osoa egiteko. Kopuru hori honela banakatzen da:

a) 20.786 euro St Antony´s College-ri emango zaizkio, berak emandako laguntza material eta teknikoa ordaintzeko (laguntza administratiboa, lan-espazio bat erabiltzea, 12 «High Tables»etan parte hartzeko aukera, «Combine Common Room»a erabiltzea, Hall-a erabiltzea).

b) 4.500 euro, gehienez, ikertzaile bisitariak mintegi bat antola eta gara dezan. Egonaldi osoa edo sei hilabetekoa eginez gero baino ez da ordainduko kontzeptu hori.

c) 24.750 euro (2.750 euro/hileko), ikertzaile bisitariaren mantenuari dagozkion hileroko ordainketak egiteko.

Horrez gain, onuradunak istripuen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izango du, bai eta bidaian laguntzeko asegurua ere, egonaldiak atzerrian egiten badira. Azken horren kasuan, interesdunak eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak St Antony´s College-ri transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea den heinean. Ordainketa arau hauen arabera egingo da:

a) Behin deialdia ebatzita eta onuradunak emandako laguntza onartu duenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xedapen honen 9. artikuluan esleitutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio St Antony´s College-ri.

b) Bigarren ordainketa gainerako % 25a izango da, eta emandako laguntza osoaren gastua frogatu ondoren egingo da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo agiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.

St Antony´s College-k laguntza ordainduko dio onuradunari, arau hauen arabera:

a) St Antony´s College-k 9. artikuluaren c) letran adierazitako zenbatekoa ordainduko dio ikertzaileari, bederatzi hilerokotan. Lehenengo hileko ordainketa Oxfordera iristean egingo da.

b) Mintegiak antolatzearen ondoriozko gastuak ordainduko dikzio ikertzaileari St Antony’s College-k. Aldez aurretik, mintegiei buruzko azalpen zehatzak eman eta egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu ikertzaileak.

Behin egonaldia amaituta, administrazioak kostuen balantze ekonomiko xehatuaren kopia emango dio ikertzaileari, St Antony´s-ek emandakoa.

Onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

11. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hau bateraezina da helburu bererako ematen diren antzeko diru-laguntzekin.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutakotzat joko da. Diru-laguntza onartzeak esan nahi du agindu honetako arauak onartzen dituela.

b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.

c) Eskatutako argibide guztiak ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lanetan dihardutela.

d) Garatzen duen ikerlanarekin lotutako mintegia antolatzea, eta emaitzak liburuetan, artikulu zientifikoetan eta gainerako bitartekoetan hedatzea. Ikertzaileek, bederatzi edo sei hilabeteko egonaldia egiten badute, nahitaez antolatu beharko dute mintegia.

e) Oxfordeko Unibertsitateko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskadiren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hala eskatuta.

f) Egonaldia amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Oxfordeko Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuari txosten bat bidaltzea, ikerketaren egoerari eta Euskadin zein Oxforden burutu dituen gainerako jarduerei buruz.

g) Oxford Unibertsitateko St Antony’s College-ri eragindako gastuen azalpen xehatua eta egiaztagiri originalak bidaltzea, artikulu honen d) letran xedatutako kasuan.

h) Ostatu hartzeko izandako gastuen fakturak edo agiri baliokideak bidaltzea Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari, hilabeteko epean, egonaldia bukatzen denetik hasita.

i) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei buruzko antolamendu juridikoan ezartzen diren bestelako betebehar guztiak, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak diru-laguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz ezarritakoa eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak xedatutakoa.

13. artikulua.– Uko egitea.

1.– Onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.

2.– Onuradunen batek laguntzari uko eginez gero, Ikerketa Zuzendaritzak lehen ordezkoa izendatu dezake ikertzaile, laguntzaz baliatzeko geratzen den aldirako, betiere aldi hori gutxienez hiru hilabetekoa bada, eta hautagaiak St Antony´s College-ren Gobernu Kontseiluaren oniritzia badauka.

14. artikulua.– Ez betetzea.

1.– Onuradunak ez badu betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat, ebazteko eskumena duen organoak ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.– Onuraduna edo, kasuan kasu, erakunde laguntzailea konpromisoak erabat betetzetik benetan gertu dagoenean eta haien jarduera konpromiso horiek betetzera argi eta garbi bideratuta dagoela egiaztatzen dutenean, ordaindu beharreko zenbatekoa egindako egonaldiaren iraupenaren baitan behar bezala egiaztatutako denboraren araberakoa izango da, lehenik, eta, hala badagokio, behar bezala egiaztatzen diren mintegi-gastuen arabera, bigarrenik.

15. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Bekadunen laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago fitxategi hori (2010eko azaroaren 5eko EHAA), eta beraren helburua da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honek jasotako diru-laguntzak eta bertan xedatutakoa arautzean, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Tituluak ezarritakoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala