Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2018ko martxoaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1459

AGINDUA, 2018ko otsailaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie unibertsitateaz kanpoko ikasketak –heziketa-zikloak izan ezik– ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei hezkuntzaren bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuak egin ditzaten 2018-2019ko ikasturtean (Bikaintasunerantz).

Hezkuntza Sailak onartu duen Heziberri 2020 planak hauxe du helburu: Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen baita. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.

Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzako definitutako abiapuntuko profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, zenbait zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: arazoak konpontzeko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko behar direnak. Beste zenbait, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren arabera, hauek garatu behar ditu Oinarrizko Hezkuntzak era integralean: pertsonaren gaitasunak, eta norberaren errealizazio eta garapenerako bizi osoan zehar beharko dituen oinarrizko eskumenen lorpena, herritar aktiboak, gizarteratzea eta enplegua. Era berean, zehazten du ikasleek, Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako, hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzen jakiteko oinarrizko gaitasunak barneratu behar dituztela. Eta, hori lortzeko, konpetentzien profil egokia eduki behar dute euskal hezkuntza-sistemako irakasleek, baldintza onenetan bete ahal izateko beren egitekoak eta lanak. Honela, bada, irakasleen prestakuntzaren helburua da behar den konpetentzia-profila erdiestea ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten, eta hezkuntza-arloan eskumena duen sailak bultzatutako prestakuntza-jarduerak ezaugarrituko dira, besteak beste, bikaintasuna sustatzeko, hezkuntza berriztatzeko proiektuak sustatuta, eta profesionalen arteko lankidetza-prozesuak laguntzeko (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Plan horretan, euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak jaso, eta, bertan, garrantzi berezia izango dute konpetentziaren araberako eredua aplikatuz Oinarriko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek. Plan horretan jasotzen den ildo estrategikoetako bat da «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza» bultzatzea. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntzarako planaren lehentasuneko jardun-ildo bat ere bada. Nazioarteko ikerketek bat egiten dute esatean aldaketaren eragile nagusi baten, hau da, irakasleen mende dagoela hezkuntza hobetu asmo duen ekimen oro, irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzaren mende baitago hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza.

Zuzentasun eta bikaintasun hori lortzeko, etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetu behar da ikastetxeko heziketa-lana eta ikasketa. Eta hezkuntza-komunitate osoa, bai hezkuntza-zentroa, bai irakasleak eta gainerako profesionalak, baita familiak ere; izan ere, funtsezko eragileak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, eta etengabeko hobekuntza-prozesuaren eragile aktibo izan behar dute.

Horregatik, proposatzen da prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, inpaktu nabaria izan dezaten, hasierako egoera aldatzen dela ikusteko gisan. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta -esperientziek inpaktu handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitiete, eta antolaketa aldatzeko bidea izan daitezke. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak ikastetxe guztiak gonbidatzen ditu proiektuak aurkez ditzaten, irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntzaren bidetik eramateko, inpaktu positibo bat sorraraziz ikastetxearen ohiko dinamikan eta lan-praktika egokiak partekatuz, bai ikastetxean bertan bai beste ikastetxeekin, eta horrela «inter pares» prestakuntzaren balioa azpimarratuz.

Horiek horrela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin ere (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan), eta 2017ko Aurrekontu Orokorrak onetsi zituen apirilaren 11ko 5/2017 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez, eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da diru-laguntzak ematea 2018-2019ko ikasturtean zehar hezkuntza-sistemaren bikaintasuneranzko bidean jarraian zehaztuko den prestakuntza-proiektu motaren bat egiten duten unibertsitatez kanpoko edozein maila eta motatako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei –heziketa-zikloak soilik ematen dituztenei izan ezik–:

– Berrikuntza-proiektu integralak.

– Proiektuak eta curriculuma aberastea.

– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

2. artikulua.– Onuradunak.

Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila edo -motak emateko baimena badute, heziketa-zikloetako irakaskuntzak soilik ematen dituztenak izan ezik.

3. artikulua.– Deialdiaren hornidura ekonomikoak eta diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Helburu hori lortzeko, 480.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Hornidura hori honela banakatuta geratzen da, diruz lagun daitezkeen proiektu-modalitateen eta lurralde historikoen arabera:

a) 104.000 euro berrikuntza-proiektu integraletarako, lurraldeka honela banatuta: 16.000 euro Arabarako, 50.000 euro Bizkairako eta 38.000 euro Gipuzkoarako.

b) 25.000 euro curriculuma aberasteko proiektuetarako.

c) 351.000 euro hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 57.000 euro Arabarako, 167.000 euro Bizkairako eta 127.000 euro Gipuzkoarako.

3.– Lehiaketa bidezko prozeduraren bidez esleituko da lurralde historiko bakoitzeko eta diruz hornitu daitekeen proiektu-mota bakoitzeko zenbatekoa. Aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, lehentasunak finkatzeko, eta, horretarako, I. eranskineko balorazio-baremoa hartuko da kontuan. Honako hauek soilik hornituko dira diruz, betiere, agindu honek ezartzen duen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta: 14. artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntu-kopurua lortzen dutenen artean puntu gehien eskuratzen dituztenak. Balorazio-fasean lortzen duten puntu-kopuruari jarraituz hornituko dira diruz, goitik behera, onuradunen gehieneko muga bete arte edo, hala badagokio, dagokion prozedurari esleitutako diru-kopurua agortu arte. Berdinketarik badago, honako hauek izango dute lehentasuna: 2017-2018ko ikasturtean deialdi honen babespean finantzaketa ekonomikorik lortu ez zuten ikastetxeen proiektuek. Haien artean ere berdinketarik badago, honako hauek izango dute lehentasuna: ikasle bekadunen ehunekorik handiena duten ikastetxeek.

4.– Ebazpenaren helburu izango dira, lehenik, berriztatzeko proiektu integralei dagozkien prozedurak. Berriztatzeko proiektu integralei dagozkien prozedurak ebatziko dira lehenik eta behin, eta prozeduraren batean esleitutako diru-hornidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektu integral nahikoa aurkeztu ez delako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino baxuagoak direlako, sobera geratzen den zenbatekoa lurralde historiko horretako berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagokien hornidurari gehituko zaio. Bigarrenik, curriculuma aberasteko proiektuei dagokien prozedura ebatziko da. Aurreko prozeduran bezala, baldin eta prozeduraren batean esleitutako diru-hornidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektu integral nahikoa aurkeztu ez delako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino baxuagoak direlako, sobera geratzen den zenbatekoa lurralde historiko horretako berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagokien hornidurari gehituko zaio. Azkenik, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagozkien prozedurak ebatziko dira.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak proiektu mota bakarrerako finantzaketa eskuratuko du deialdi honen kontura (berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak). Nolanahi ere, 1. artikuluan jasotako modalitate bakoitzerako eskabidea aurkez daiteke. Kasu horretan, honela jardungo da:

– Baldin eta ikastetxe batek proiektu-mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta bi proiektuen edukia bera bada, hautaketa-prozeduretatik kanpo geratuko dira biak.

– Ikastetxe batek proiektu-mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta bi proiektuen edukia ezberdina bada, berrikuntza-proiektu integrala baloratuko da lehenik, eta, dirurik ematen bazaio, curriculuma aberasteko proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua ez dira sartuko balorazio-fasean, eta dagokien esleipen-prozeduratik kanpo geratuko dira.

2.– Zer proiektu finantzatzeko ematen den dirua, hura garatzeko eta gauzatzeko zuzeneko gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru-zuzkidura; nahi izanez gero, gastu guztiak ordaintzeko, hala nola hizlariak kontratatzekoak eta proiektuan parte hartzen duten irakasleek haren barruko jarduerak egitekoak. Prestakuntza-jardueraren gastu gisara hartu ahal dira honako hauek: prestakuntza-jardueraren kostua –prestakuntza ematen duen erakundearen aurrekontuaren arabera–, prestakuntzarako laguntza-material bibliografikoa eta hizlariaren lekualdatzeak eragindako dietak edo ostatu- edo jan-edanetarako gastuak, prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak.

3.– Proiektuari atxikita egon eta diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko da diruz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31 artikuluan xedatuaren arabera, gehieneko hauekin, betiere:

– 3.000 euro, berrikuntza-proiektu integral berrientzat eta curriculumak aberasteko proiektuentzat.

– 2.000 euro, 2017-2018ko deialdian modalitate horretarako dirua eskuratu zuten berrikuntza-proiektu integralen bigarren urtean burutzeko.

– 1.000 euro, 2016-2017ko eta 2017-2018ko deialdian modalitate horretarako dirua eskuratu zuten berrikuntza-proiektu integralen hirugarren urtean burutzeko.

– 2.000 euro, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako.

4.– 2018ko irailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitartean egin beharko dira gastu diruz lagungarriak. % 50ekoa izango da azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa. Azpikontratazio hori Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan (2003ko azaroaren 18ko BOE, 276. zk.) eta Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.) oinarrizko araudi izaerarekin aurreikusitakoari atxikiko zaio.

5. artikulua.– Baztertzeak.

Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, baita honako hauek ere:

a) «Eleaniztasunerantz» eleaniztasuna bultzatzeko lerroaren ildoko berrikuntza-proiektu integralak, curriculumak aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, lerro hori beste deialdi batzuen barruan baitago.

b) Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien integrazioa sustatzen duen «Sare_Hezkuntza Gelan» lehentasunezko lerroaren ildoko berrikuntza-proiektu integralak, curriculumak aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, lerro hori beste deialdi batzuen barruan baitago.

c) Ikastetxe batek aurkezten dituen berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta haien edukia bera bada.

d) Irakasleentzako jarduerak bakarrik garatzen dituzten eta irakaskuntza-lanaren ondorio diren berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta ikastetxeko ohiko jardunaren parte badira, eta ez irakaskuntza-ikaskuntza prozesuena.

e) Hiru ikasturtetan zehar garatu diren berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

f) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

g) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta aurkezten dituzten ikastetxeek horrelako proiektuak egiteko zuzkidurarik eskuratu bazuten aurreko bi ikasturteetan (2016-2017 eta 2017-2018) eta proiektua berria ez bada edo aurreko ikasturtean landutako gaiak garatzen ez baditu.

6. artikulua.– Berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak.

1.– Deialdi honetan, berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak honela ulertuko ditugu:

a) Ikastetxeak bultzatu nahi duen hezkuntza-ereduaz sakon hausnartzeko proiektuak dira hezkuntza berriztatzeko proiektu integralak, eta aldatu nahi den hezkuntza-jardueraren zeharkako alderdi nagusiei ekitea dute helburu. Garrantzitsuak izateagatik, ikasturte bat baino gehiago behar dute horrelako gaiek, baita hezkuntza-komunitatearen akordioa ere. Heziberri 2020 Planaren esparruan, berrikuntza-proiektu integralek prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta zentroaren hezkuntza-ereduaren gainean hausnartzeko aukera ematen diete ikastetxeei, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan beharrezko hobekuntzak sartzeko, gaitasunetan oinarritutako ikuspegitik. Bi ikasturte iraungo dute gutxienez, eta hiru gehienez.

b) Curriculuma aberasteko proiektuak dira ikasgelan metodologia aktiboak ezartzea, eta maila goreneko gaitasunak izan edo ez, ikasle guztien gaitasun bikainak edo berariazko talentuak antzemateko, ulertzeko eta aberasteko jarduera-programak garatzea helburu duten horiek, haien ikasteko eta lorpen pertsonala eta kolektiboa izateko motibazioa pizteko. Proiektuak eskolaz kanpoko jarduerak egiteko aukera ere jaso ahal izango du, baldin eta egiten diren jardueren % 25 baino gehiago ez badira.

Curriculuma aberasteko proiektuak hiru ikasturtetan egingo dira. Lehenengoan, irakasleek prestakuntza jasoko dute curriculuma aberasteari, gaitasun bikainei eta askotariko adimenei buruz eta ikastetxean ikaste-prozesuetan behar desberdinak dituzten ikasleei antzematen ikasiko dute. Bigarren urtean, proiektuak ikasleenganako arreta eta ikasgelan curriculuma aberasten lagunduko duten metodologia aktiboen garapena izango ditu ardatz. Hirugarren urtean, proiektuaren baliozkotzea eta emaitzen ebaluazioa egingo dira, proiektuan ezarritako adierazleen arabera.

2.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek ikastetxeko hezkuntza-proiektua eta hobekuntza-plana izango dute erreferentetzat –ebaluazio diagnostikoaren ondorio da ikastetxeko hobekuntza-plana–, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finkatutako oinarrizko gaitasun edo ildo nagusi bati edo gehiagori helduko diote. Interesa duen ikastetxeak bere esku ezarritako https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/ aplikazio informatikoan, proiektu integralaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak bete beharko ditu, eta ikastetxearen hobekuntza-plana erantsiko dio.

3.– Nola hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek hala curriculuma aberasteko proiektuek honako atal hauek izan beharko dituzte:

– Diagnostikoa.

– Helburu estrategikoak, proiektuaren iraunaldi osoan garatuko direnak.

– Helburu orokorrak, ikasturtean garatuko direnak.

– Hartzaileak.

– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

– Aurrekontua.

– Plangintza eta gauzatzeko egutegia – Garapen-faseak eta epeak.

– Proiektua ebaluatzeko irizpideak eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.

4.– 2016-2017ko edo 2017-2018ko deialdietan berriztatzeko proiektu integral bat egiteko diru-laguntza eskuratu zuten eta 2018-2019ko ikasturtean ere diru-laguntza eskuratu nahi duten ikastetxeek aurreko paragrafoan aipatutako atalak adieraziko dituzte luzapen-eskabidean, proiektuaren bigarren edo hirugarren urteari dagozkionak.

5.– Nola hezkuntza berriztatzeko proiektu integralean hala curriculuma aberasteko proiektuan sartuta egon behar du klaustro osoak. Proiektu bakoitzak gutxienez 45 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.

6.– Nahiz eta proiektu mota honen iraupena, hezkuntza-mailan, ikasturte bati dagokiona baino luzeagoa izan, eskatutako diru-laguntza 2018-2019ko ikasturterako bakarrik izango da. Beraz, hurrengo ikasturteetan proiektuak abiarazteko laguntza ekonomikorik beharko balitz, hori egiten diren urteroko deialdietan eskatu beharko da.

7. artikulua.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

1.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuen helburua da ikastetxean garatzen den hezkuntza-jardueraren arloren batean ekitea eta hor esku hartzea, ikasturte bakar baten barruan. Heziberri 2020 Planaren esparruan, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek zeharkako gaitasunak lortzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete ikastetxeei, eta, era berean, aukera eskaintzen diete ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukitik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko.

2.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek kontuan izango dute ikastetxearen hobekuntza globala, eta, hortaz, honako hauek izango dituzte erreferentzia nagusitzat: batetik, ebaluazio diagnostikotik sortzen den hobekuntza-plana eta, bestetik, Hezkuntza Sailak finkatutako ildo nagusiak. Gainera, arreta berezia jarriko dute irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan eta oinarrizko gaitasunen garapenean. Gutxienez hezkuntza-etapa batean aplikatuko da eta hango irakasleek parte hartu beharko dute. https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/ estekako aplikazio informatikoan, proiektu integralaren edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak adieraziko dituzte ikastetxeek, eta, hala badagokio, ikastetxearen hobekuntza-plana erantsiko dute.

Proiektuak honako atal hauek izan beharko ditu:

– Diagnostikoa.

– Helburu orokorrak.

– Hartzaileak.

– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

– Aurrekontua.

– Plangintza eta gauzatzeko egutegia – Garapen-faseak eta epeak.

– Proiektua ebaluatzeko irizpideak eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.

3.– Ez da eskabiderik onartuko baldin eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak 2015-2016ko, 2016-2017ko edo 2017-2018ko deialdietan ikastetxeek berek aurkeztutako proiektuen errepikapen soila badira.

4.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eragiten dien irakasleen % 80 inplikatu behar ditu gutxienez, eta proiektuko ataza bakoitzean parte hartzen duten pertsonak kontuan hartuko dira. Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.

8. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute erakundeek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 7. artikuluan xedatuarekin bat.

2.– Gainera, ezin izango dute eskatu eta ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa duten zentroak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

5.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak ezagutzen duela proiektua eta onartu egin duela.

– Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/

9. artikulua.– Proiektua aurrera eramateko laguntzak.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak proiektu integrala, curriculuma aberasteko proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua martxan jartzen direla zaindu behar du; eta ikasketa-burutzak koordinatu behar du garapen guztia, edo, bestela, irakasle bat jarri behar du koordinatzaile moduan. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak proiektuetan egiten duten lanera egokitu ahal izango ditu, nola eskola-orduen kopurua hala horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

3.– Proiektu integral bat, curriculuma aberasteko proiektu bat edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza proiektu bat onartuta duten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat izango dute gutxienez Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz. Gainera, curriculuma aberasteko proiektu bat onartuta duten ikastetxeetako irakasleek lehentasuna izango dute Berritzegune Nagusiak esparru horretan antolatzen duen prestakuntzan parte hartzeko.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hilabete egongo da eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta euskadi.net egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: https://www.euskadi.eus/. Ikastetxe bakoitzak eskabide bat aurkeztu ahalko du, hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektuaren modalitate bakoitzeko. Modalitate bererako eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, horiek guztiak ezetsiak izango dira.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da erabilgarri: 1. artikuluko proiektu-mota baterako edo gehiagorako eskabide egin ahalko dute ikastetxeek.

3.– Ikastetxe eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, eskabidea egin duen ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.

11. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak.

12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu.

– Hezkuntza Berriztatzeko Lurraldeburutzen arduradunek edo haiek izendatutako ordezkariek.

– Berritzeguneko zuzendari batek, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuta.

– Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuko teknikari batek, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.

13. artikulua.– Eskabideak hautatzea.

1.– Proiektuak aukeratzeko, I. eranskinean eskabideak baloratzeko finkatzen den baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

2.– Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahalko dizkio laguntza-zerbitzuei.

3.– Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dizkio. Onartzeko proposatzen diren berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eta «Partekatuz ikasi» esperientziak adieraziko ditu proposamenean, baita bakoitzari ematea proposatzen duen zenbatekoa ere. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean emango du deialdiari buruzko ebazpena.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie interesa duten ikastetxeei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

5.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

15. artikulua.– Ziurtagiriak.

Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta burutzeko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jasotzen duen bakoitzean, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio proiektu-mota bakoitzerako ezarritako orduak: 45 ordu, proiektu integrala bada; 30 ordu, hezkuntza berritzeko prestakuntza-proiektu bat bada. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, irakasle bakoitzak gehienez ere 90 orduren ziurtagiria jaso ahal izango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

16. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Diru-laguntza hauek ezin dira bateratu helburu bererako beste ezein laguntzarekin, iturri publikoetakoa zein pribatuetakoa izan.

17. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen berariazko betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Proiektua ikastetxearen urteko planean sartzea.

c) Zertarako ematen den zuzkidura, horretarako erabiltzea; hau da, onartutako berrikuntza-proiektu integrala, curriculuma aberasteko proiektua, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua edo «Partekatuz ikasi» esperientzia eta bertako jarduerak egiteko erabiltzea.

d) Tokiko Berritzegunearekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin lankidetzan jardutea, onartutako proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan.

e) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako dirua dela eta.

f) Proiektua gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea.

g) Berrikuntza-proiektu integralak edo curriculuma aberasteko proiektuak egiteko dirua esleitzen zaien ikastetxeei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin eta EHUrekin elkarlanean arituko dira, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntzeko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako ikasleak onartuz, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterreko praktiketako ikasleak ere.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehen ordainketa, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 70, zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, berariazko ukapenik egon ezean.

b) Bigarren ordainketa 2019an egingo da, hurrengo atalean aurreikusitako baldintzen arabera emandako diru-laguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.

2.– 2019ko ekainaren 15a baino lehen, proiektuaren garapenari eta haren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko dute zentro onuradunek http://www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunean.

Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

Justifikazio-kontuan jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Diru-laguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

3.– Hezkuntza Sailak justifikazio-kontuan aipatutako gastuen frogagiriak bidaltzeko eskatuko die proiektu integralak aurkeztu dituzten hiru zentro onuraduni (bat lurralde bakoitzeko) eta berrikuntzarako prestakuntza-proiektua aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (bi Arabakoak, hiru Bizkaikoak eta beste hiru Gipuzkoakoak), diru-laguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

19. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok eragin dezake hura emateko ebazpena aldatzea, baldin eta onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak –diru-laguntzei buruzko arauak ezarritakoak– errespetatzen badira, betiere. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

20. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du bikaintasuneranzko aukeratutako prestakuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten horiek Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.

2.– Baldin eta ikasturtean zehar gorabeheraren bat gertatzen bada hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetako edozeinen garapenean, eskualdeko Berritzeguneko Zuzendaritzak Lurraldeburutzari jakinaraziko dio eta egoki iritzitako txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek deialdi hau egoki betetzeko bidezko neurriak hartu ahal izan ditzan.

3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu onartuak; proiektu horiek ikastetxeko urteko planean jaso behar dira, eta, hala ez bada, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.

21. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Diru-laguntzen pertsona onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. edo 93. artikuluetan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

b) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Oro har, agindu honetan edo emate-ebazpenean, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

22. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Prestakuntza eta Berrikuntza Proiektuak» izeneko fitxategian sartuko dira, 19. zenbakiarekin, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Prozedurari dagokionez, agindu honetan arautu gabeko kasuetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala