Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2018ko martxoaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1326

593/2017 EBAZPENA, urriaren 4koa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentearena, deialdi bat argitaratzen duena, lehiaketa sistema bidez honako lanpostu hau betetzeko: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Ezkerraldeko Ortuellako Helduen Osasun Mentaleko Zentroko Osasun Mentaleko unitateburuaren lanpostua.

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean, Ezkerraldeko Ortuellako helduen osasun mentaleko zentroko osasun mentaleko unitateburuaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, zuzendaritza-gerentzia honek erabaki du lanpostu horren deialdi publikoa egitea lehiaketa prozeduraren bitartez betetzeko, honako araudi hauetan ezarritakoa kontuan izanda: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko Hirugarren Arau Komuneko 8. atala; Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. Eranskina; osasun zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea; apirilaren 12ko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 7/2007 Legearen 79. artikulua, eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua.

Ezkerraldea Eskualdeko buruaren eta Zuzendaritza Medikoaren menpean, eta lehenengoarekin lankidetzan, honako eginkizun hauek izango ditu:

– Zentroaren helburuak proposatu, adostu eta kudeatzea, baita helburu asistentzialak ere; eta horien lorpena ebaluatuko da.

– Zentroaren jarduera asistentziala zuzentzea.

– Zuzentzea zentroko taldeak eta pertsonak, eta eskura dituen baliabideak, nahi diren emaitzak lortzeko.

– Zentroari esleitutako prozesu asistentzialak eta antolamendukoak aztertu eta hobetzea.

– Hobekuntza-ekintzak aztertu eta proposatzea pazienteen gogobetetzeari dagokionez.

– Hobekuntza-ekintzak aztertu eta proposatzea bere zerbitzuko pertsonen gogobetetzeari dagokionez.

– Harremanak koordinatzea BOMSeko beste unitate batzuekin eta zerbitzuaren estrategia ondo garatzeko beharrezko diren bitarteko komunitarioekin.

– Taldekide guztien arteko talde-lana bultzatu eta erraztea.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak:

Deialdi honetan parte hartzen dutenek honako baldintza hauek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituztela egiaztatu behar dute:

a) Langile estatutupeko, funtzionario edo langile finkoa izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan edo Osasun Sistema Nazionaleko erakunde sanitarioetan; A1 lanbide-taldekoa izatea eta zerbitzu aktiboan egotea edo beste egoera administratibo batean egotea, eta lanbide-talde horretan lanpostuaren erreserba izatea.

b) Medikuntzan lizentziaren titulua izatea, psikiatriako espezialitatean.

c) Gutxienez, 3 urteko lan-esperientzia izatea psikiatriako espezialitatean.

Bigarrena.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 66 puntu).

Ebazpen honen I. Eranskinean jasotakoaren arabera egingo da balorazioa.

Honako aldi hauek izango ditu:

I Proiektua eta beronen defentsa (gehienez, 30 puntu).

II Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).

III Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Hirugarrena.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Interesdunek eskaerak honako helbide honetara bidali behar dituzte: Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Pertsonaleko Zuzendaritza, Maria Diaz de Haro kalea, 58, 48010 Bilbo - Bizkaia, 15 egun balioduneko epean, ebazpena EHAA eta BOE aldizkarietan argitaratzen den azken argitalpenaren egunetik hasita.

2.– Interesdunek eskaera aurkeztu behar dute datu pertsonal guztiak betez eta dokumentatutako «curriculum vitae» erantsiz Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko pertsonaleko zuzendaritzan. Halaber, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez daitezke eskabideak.

Dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) NAN, pasaportea edo gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Langile funtzionario edo estatutarioaren izendapenaren fotokopia konpultsatua, edo langile kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen dokumentuarena.

c) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua, medikuntzan lizentzia, psikiatriako espezialitatean.

d) Egindako zerbitzuen ziurtagiri originala, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eguneratua, eta kategoria adierazita.

e) Betetzeko deitutako zerbitzua kudeatzeko Memoria-Proiektua.

f) Balora daitezkeen merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da egiaztatu behar izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan CV informatikako aplikazio korporatiboan behar bezala balioztatuta dauden datuak. Hala ere, izangaiak eskaeran jaso beharko du CV-n daudela jasota datuak.

Laugarrena.– Onartu eta baztertuen zerrenda.

1.– Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerenteak ebazpena egingo du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta baztertuen kasuan, arrazoia adieraziko du; Osakidetzako web-orrian argitaratuko da, eta izangairik baztertzen ez bada, behin betikoa izango da.

Izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko aipatutako ebazpena argitaratzen den hurrengo egunetik hasita. Baztertzeko arrazoia zuzendu daitekeen huts bat bada, behin-behineko ebazpen hori argitaratzen denean, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute antzemandako hutsegiteak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak eransteko, ohartaraziz hala egin ezean, prozesutik behin betiko baztertuko direla.

2.– Erreklamazio horiek onartutzat edo ezeztatutzat joko dira Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentearen onartu eta baztertuen behin betiko ebazpenaren bitartez. Ebazpena Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.

3.– Behin betiko Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Osakidetzako Zuzendari Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean argitaratzen denetik.

Bosgarrena.– Balorazio-batzordea.

1.– Izendatzea eta osatzea.

Izangaien behin betiko ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Zuzendari Gerenteak, Osakidetzako web-orrian argitaratutako ebazpenaren bidez, esleituko ditu Balorazio batzordekideak. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Ente Publikoaren Zuzendari Nagusiaren aurrean. Ebazpena argitaratuko beharko da kudeaketa proiektuak jende aurreko saioan defendatzeko eguna baino 10 egun lehenago, gutxienez.

Balorazio-batzordeko burua BOMSeko zuzendari medikoa izango da eta kide hauek izango ditu: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu korporatiboko zuzendariorde medikoa edo zerbitzuburu korporatibo bat, BOMSeko pertsonaleko zuzendaria (idazkaria izango da, hitza eta bozkatzeko ahalmena izango du) eta hiru kide, hauetako bat IVAPek izendatua; hiru kide horiek baldintza hauek bete behar dituzte: izangaiei eskatzen zaizkien titulazioa eta espezialitatea izango dituzte, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izan behar dute, eta deitutako lanpostuaren maila hierarkiko bera edo goragokoa.

Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, aurrekoak huts eginez gero haren lekua hartzeko, eta kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. Aipatutako posturen bat ez baldin badago edo hutsik baldin badago, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da epaimahaiko kide.

Kideak norbanako moduan sartuko dira batzordean, eta ez dira inoren ordezkari izango. Funtzionamenduari dagokionez, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babespean jardungo dute, zuzenbidearen pean daudela alde batera utzi gabe.

Osaerak emakume eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, egoerek aukera ematen badute. Beraz, sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean ordezkapen orekatua dagoela iritziko da.

2.– Abstentzioa eta errekusatzea.

Batzordekideek abstenitu beharko dute, eta hala jakinarazi beharko diote izendatu dituen agintariari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada. Prozesuko parte-hartzaileek, halaber, edozein momentutan eska dezakete halako egoeretan dauden batzordekideak errekusatzeko, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Jarduteko arauak.

Batzordeak jardutean kontuan izango ditu urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura zehaztutako arauak.

Batzordeak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta horren objektibotasuna bermatzeko ardura izango du. Halaber, deialdiko oinarrien aplikazioan sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta aurreikusi gabeko kasuetan, zein irizpide ezarri finkatuko du. Gainera, izangaiak ebaluatu baino lehen, ebaluatzeko irizpide zehatzak akta batean jaso beharko ditu, eta bertan jasotako oinarriei eta merezimenduen baremoari jarraitu.

Balorazio-batzordekide guztiek hitza eta bozkatzeko ahalmena izango dute; bertan hartutako erabakiak gehiengoz izango dira eta akta batean jasoko dira.

Batzordearen saio bakoitzean akta jasoko da. Aktan izangaien izenak egongo dira, balorazioaren irizpideak, merezimenduen baremoaren atal bakoitzean emandako puntuazioak eta esleitutako guztirako puntuazioa.

Seigarrena.– Hautaketa-prozedura.

Lehiaketak hiru aldi izango ditu eta honako hauek baloratuko dira: proiektua eta beronen defentsa, beste merezimendu batzuk, eta euskararen ezagutza.

1.– Kudeaketako memoria-proiektua eta beronen defentsa.

Balorazio-batzordeak deialdia egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzeko eskariarekin batera aurkeztu duten memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egiteko. Deialdi hori gutxienez hamar egun lehenago egin beharko da, izangaien agerraldia noiz, non eta zer ordutan izango den adierazita, eta Osakidetzaren webgunean horren iragarkia argitaratu beharko da.

Orokorrean, aurkeztutako proiektuen jende aurreko defentsa egin aurretik, Balorazio-batzordeko kideek aztertuko dituzte abstenitzeko edo errekusatzeko batzordekideei eragiten dieten arrazoirik egon daitekeen eta, arrazoirik egonez gero, deitzen duen organoari jakinarazi beharko diote.

Horren ondoren, banaka deituko zaie izangaiei proiektuaren azalpena eta defentsa egin dezaten. Hori amaitutakoan, batzordekideek elkarrizketa bat egingo diete eta proiektuaren gaineko edukiei buruzko galderak egingo dizkiete hobeto argitzeko edo sakontzeko. Hori guztia jende aurrean izango da.

Izangaien jende aurreko azalpena amaitu eta gero, Balorazio Batzordekide bakoitzak banaka baloratuko du proiektuaren edukia eta jende aurreko azalpena, baremoan jasotako irizpideen arabera. Aldi honetan gehienez 15 puntu lor daitezke.

2.– Merezimenduak baloratzea.

Denboraz eta formaz izangaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du Batzordeak, eta dokumentazio horren gainean dituzten zalantzak argitzeko eska dezakete.

Ez dira inola ere baloratuko behar bezala eskaerak aurkezteko epea baino lehen eman eta egiaztatu ez diren merezimenduak.

Balorazioa eta puntuazioa egiteko eranskinean jasotako merezimenduen baremoaren 2. atala kontuan izango da.

Euskararen ezagutza baloratuko da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 6772003 Dekretuan eta Dekretu hori garatzen duten arauetan jasotakoaren arabera.

3.– Akta de izendapen-proposamena.

Epaimahaiaren aktan zehazki jaso beharko da Epaimahaikideek hautagai bakoitzari baremoaren atal bakoitzean emandako puntuazioa, baita Epaimahaiak ematen dieten puntuazio osoa ere, eta horrez gain, epaimahaiak puntuazioa emateko – bai hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa- oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat jaso beharko da aktan, baita beste ataletako puntuazio xehatua ere.

Deialdian, berdinketa hausteko irizpideak zehaztu daitezke, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa kontuan hartuta.

Deitutako lanposturako eskatutako gutxieneko puntuazioa 33 izango da, eta horietatik 15 izango dira, derrigorrez, Proiektua eta beronen defentsa baloratzeko.

Era berean, aktan, jasota geratuko da puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde balorazio-batzordeak egindako proposamena.

Zazpigarrena.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Batzordeak, kide guztiek sinatuta, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerenteari emango dio puntuazio handiena duen izangaia esleitzeko proposamena, eta atal bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuko du. Puntuazio hori eta beste izangaiena, beste izangairik egongo balitz, Osakidetzako web-orrian argitaratuko dira. Ez baldin badago deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik edo eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

2.– Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Zuzendaritza Gerentziak ebazpena egingo du proposatutako izangaia esleituz, berak uko egiten ez badio; uko eginez gero, puntuazio altuena lortu duen hurrengoa esleituko litzateke, eskatutako gutxieneko puntuazio bera edo handiagoa izanez gero, edo hutsik utziko du eta egoera zein izan den adieraziko du:

– Izangairik aurkeztu ez izana.

– Izangaiek baldintzarik ez betetzea.

– Izangaiak gutxieneko puntuaziora ez heltzea, eta eskatzen den gutxienetik behera egotea.

Aurretik aipatutako a) atalaren kasuan, Gerentzia Zuzendaritzak deialdia hutsi utzi ahal izango du, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, izapide gehiago egin behar izan gabe.

3.– Izendapenaren ebazpena, interesdunei jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, erakunde publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean eta epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.

Zortzigarrena.– Esleipenaren ondorioak.

Osasun Mentaleko unitateburuaren lanpostuak lau urteko aldi baterako izendapena izango du, eta epe hori luza daiteke (EHAA, 138.zk. uztailaren 21koa) Euskadiko Ordenamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Hirugarren Arauan, ezarritakoaren arabera.

Lanpostua betetzen duen langileak berau utziko du izendapenaren epea betetzen denean; luzapen egoeraren bat gertatuko balitz, izan ezik. Lehen aipaturiko, 8/1997 Legeak jasotzen duenaren arabera ezarritako kide anitzeko organoaren ebaluazio prozeduraren arabera egingo da luzapena.

Halaber, izendatutakoa lekuz aldatu ahal izango da epea amaitu baino lehen, aurrez kontraesaneko espedientea eginda, eta 8/1997 Legearen 28. artikuluak, 6. Atalean (Hirugarren Araua) leku aldatzeak egiteko aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Kargu uzte arruntak edo lanpostutik mugiarazteak beste lanpostu baterako lekualdatzea eragingo du. Egoera honetan interesatuak jatorrizko kategorian zeuzkan baldintza mantenduko dira.

Bederatzigarrena.– Errekurtsoak.

39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan jasotakoaren arabera, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Osakidetzako zuzendari nagusiari zuzendua. Izapide hau egiteko hilabeteko epea egongo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria edo Estatuko Aldizkari ofizialean argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera.

Bilbao, 2017ko urriaren 4a.

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentea,

CARLOS PEREIRA RODRIGUEZ.

I. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA

Merezimenduen balorazioak honako aldi hauek izango ditu:

1.– Proiektua eta beronen defentsa (gehienez, 30 puntu).

Memoria-Proiektua Kalifikatzen duen epaimahaiaren aurrean, jendaurreko azalpena egin behar da eta epaimahaikideen galderei erantzun BOMSeko Ortuellako Osasun Mentaleko Zentroko antolamendu eta funtzionamenduaren gainean.

Aldi honetako puntuazioa honako atal bi hauetan banatzen da:

a) Zerbitzua kudeatzeko aurkeztutako memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).

Kudeaketako Memoria-Proiektu horrek, gutxienez, honako atal hauek garatu behar ditu:

a.1.– Antolamendu eta kudeaketari buruzko atala (gehienez, 7 puntu).

Zentroaren organigrama, eta funtzioak adierazi, bai buruarena, bai zerbitzuari atxikitako beste lanpostuena.

Zerbitzuak erakundeko beste unitateekin dituen harremanak.

Burutzaren kudeaketa Plana: erakundearen helburuen definizioa, hobekuntza-arloak aztertu eta antzematea, eta hobekuntza-arlo horiek lortzeko behar diren neurriak identifikatzea. Horrez gain, baliabide materialak eta esleitutako giza baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko konpromisoa edo plana.

a.2.– Arlo asistentziala (gehienez, 5 puntu).

Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskripzioa.

Helburu eta adierazle asistentzialak ezarri eta horrekin batera, horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema.

a.3.– Irakaskuntza eta ikerkuntzaren arloa (gehienez, 3 puntu).

Irakaskuntzako planifikazio bat ezartzea zerbitzuan.

b) Planifikazioa jendaurrean azaltzea balorazio batzordearen aurrean (gehienez, 15 puntu).

Jendaurrean Memoria-Proiektuaren azalpena ebaluatzean baloratuko da defendatzean argitasuna eta zehaztasuna izatea, eta alderdi garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna. Dagokion aktan jaso beharko da izangai bakoitzari kide bakoitzak emandako puntuazioaren azalpena.

2.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

● Lan-esperientzia (gehienez, 13 puntu).

– Dagokion espezialitatean, fakultatibo moduan egindako hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

– Dagokion espezialitatean, atalburu moduan egindako hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

– Dagokion espezialitatean, zerbitzuburu moduan egindako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu

– Osasun administrazio publikoko zuzendari edo zuzendariorde mediko moduan egindako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Lan-esperientzia bezala kontuan izango dira Osakidetzan, Gizarte Segurantzan edo Autonomia Erkidegoetako osasun zerbitzuetan, edo edozein Administrazio Publikotan egindako zerbitzuak, baita Europako Elkarteko kide diren estatuetako sare publikoko osasun zerbitzuetan egindakoak ere.

Guztizko zenbaketan, lan egindako egun naturalak hartuko dira, eta baztertuko dira hilabete baino gutxiagokoak. Horrela, bada, hilabeteko epea izango da 30 egun naturaleko multzoa.

● Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutza zabaltzea (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua baino ez bada agertzen, puntuazioa 0,1 izango da kreditu bakoitzeko.

● Prestakuntza kudeaketan (gehienez, 3 puntu).

Kudeaketa sanitarioarekin zerikusia duen ikastaro bakoitzera joateagatik, honako iraupena kontuan izanda:

– 20 ordutik 30 ordura bitartekoa: 0,2000 puntu.

– 31 ordutik 50 ordura bitartekoa: 0,3000 puntu.

– 51 ordutik 100 ordura bitartekoa: 0,4000 puntu.

– 101 ordutik 200 ordura bitartekoa: 0,5000 puntu.

– 200 ordutik gorakoa: 1,2500 puntu.

Honako hauek eman eta aitortutako ikastaroak baloratuko dira: Erakunde Ofizialak, Unibertsitateak, Erakunde sanitarioak, Lanbide Elkargoak eta Elkarte Zientifikoak; baita Osakidetzan edo edozein Administrazio Publikotan sinatutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta aitortutako ikastaroak ere, baldin eta titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa plan batekoak ez badira.

● Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Lanpostuaren espezialitatearekin zerikusia duen ikastaro bakoitzera joateagatik, honako iraupena kontuan izanda:

– 20 ordutik 30 ordura bitartekoa: 0,2000 puntu.

– 31 ordutik 50 ordura bitartekoa: 0,3000 puntu.

– 51 ordutik 100 ordura bitartekoa: 0,4000 puntu.

– 101 ordutik 200 ordura bitartekoa: 0,5000 puntu.

– 200 ordutik gorakoa: 1,2500 puntu.

Honako hauek eman eta aitortutako ikastaroak baloratuko dira: Erakunde Ofizialak, Unibertsitateak, Erakunde sanitarioak, Lanbide-Elkargoak eta Elkarte Zientifikoak; baita edozein Administrazio Publikotan sinatutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta aitortutako ikastaroak ere, baldin eta titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa plan batekoak ez badira.

● Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu).

– Doktoregoa: 3 puntu.

– Doktorea cum laude: 4 puntu.

– Graduondoko Masterra: 2 puntu.

– Unibertsitateko aditua / espezialista: puntu 1.

– Ikertzeko Nahikotasuna edo ikasketa aurreratuen diploma: puntu 1.

– Doktorego-ikastaroa, doktorego- ikastaroetan, bikain edo ohorezko matrikula bakoitzarengatik (gehienez, 10 ikastaro): 0,1000 puntu.

Ez dira baloratuko Doktore, Doktore cum laude edo Ikertzeko Nahikotasuna edo ikasketa aurreratuen diploma ateratzeko programetako ikastaroak.

● Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).

Dagokion espezialitatearekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzea; txostenak, komunikazioak aurkeztea; hitzaldiak edo mahai-inguruak:

– Eskualde mailako txosten bakoitzarengatik: 0,2500 puntu.

– Nazio mailako txosten bakoitzarengatik: 1,0000 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzarengatik: 1,500 puntu.

– Eskualde mailako ahozko komunikazio/poster bakoitzarengatik: 0,1500 puntu.

– Nazio mailako ahozko komunikazio/poster bakoitzarengatik: 0,6000 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzarengatik: 1,0000 puntu.

– Eskualde mailako mahai-inguru bakoitzarengatik: 0,200 puntu.

– Nazio mailako mahai-inguru bakoitzarengatik: 0,7500 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzarengatik: 1,2500 puntu.

– Argitalpen bakoitzarengatik (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Argitalpen bakoitzarengatik (beste egile batzuk): 0,50000 puntu.

– Liburu bakoitzarengatik (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Liburu bakoitzarengatik (beste egile batzuk): puntu 1.

– Kapitulu bakoitzarengatik (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Kapitulu bakoitzarengatik (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Tesinarengatik: 1,5000 puntu.

● Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 3 puntu).

– Dagokion espezialitatean Medikuntzako Fakultatean Katedraduna (urteko): 1,0000 puntu.

– Dagokion espezialitatean Medikuntzako Fakultatean Irakasle titularra (urteko): 0,5000 puntu.

– Dagokion espezialitatean Medikuntzako Fakultatean Irakasle elkartua (urteko): 0,2500 puntu.

– Tutore kreditatua dagokion espezialitatean egoiliarren irakaskuntzan (urteko): 0,5000 puntu.

– Etengabeko prestakuntzan programa ofizialetan irakasle (orduko): 0,050 puntu.

3.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera baloratuko da.


Azterketa dokumentala