Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2018ko martxoaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1227

50/2018 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Fondoa – Lankidetzarako Euskal Udal Erakundeen Elkartearen arteko hitzarmena, «Eathink: bertokoa jan, mundua buruan» hezkuntza-programa finantzatzeko dena.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Fondoa – Lankidetzarako Euskal Udal Erakundeen Elkartearen arteko hitzarmena, «Eathink: bertokoa jan, mundua buruan» hezkuntza-programa finantzatzeko dena. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 16KO 50/2018 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKAL FONDOA – LANKIDETZARAKO EUSKAL UDAL ERAKUNDEEN ELKARTEAREN ARTEKOA, «EATHINK: BERTOKOA JAN, MUNDUA BURUAN» HEZKUNTZA-PROGRAMA FINANTZATZEKO DENA

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.

BILDU DIRA:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2.e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.

Maite Etxebarria Azpiolea andrea, Euskal Fondoa Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteko (hemendik aurrera, Euskal Fondoa) presidentea den heinean, haren izenean eta hura ordezkatuz jarduteko behar adinako boterea duela.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.

2014-2017 aldirako Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Planean hartutako konpromisoak betez, 2017ko martxoaren 3an publikoki aurkeztu zen (H)abian 2030 Eraldaketa sozialerako hezkuntzako euskal estrategia, herritar kritikoak eta justiziaren eta berdintasunaren aldeko praktika solidarioak bultzatu nahi dituen euskal agente instituzional eta sozialak biltzen dituena. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren kasuan, estrategia hori ARAR 2017-2020 Ekintza Planean gauzatu da.

Bigarrena.– Euskal Fondoa 1996an sortu zen euskal lankidetza deszentralizatua koordinatzeko eta babesteko tresna gisa, eta bertan biltzen dira Hegoaldeko instituzioekin, gizarte-erakundeekin eta komunitateekin harreman solidarioak garatzearen alde lan egiten duten toki-esperientzia guztiak. Euskal Fondoa, beste aktore sozial eta instituzional batzuekin elkarlanean, garapenerako hezkuntza- eta sentsibilizazio-programak bultzatzen ari da, udalerrien eta elkartutako toki erakundeen bitartez. Gainera, elikadura-subiranotasunari buruzko europar programa bat garatu du, Europako beste eskualde-erakunde batzuekin elkarlanean.

Hirugarrena.– Ikastetxeetan lan egitea lehentasuna da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarentzat, eta horrela jaso da (H)abian 2030 estrategian zein ARAR 2017-2020 ekintza-planean. Hezkuntza formaleko esperientziei buruz egindako ebaluazioek gomendatzen dutenez, hurbilketa egoki batek eskola-eremuko eta eskolaz kanpoko lan-esperientziak bilduko lituzke, askotariko agenteekin batera.

Hitzarmena proposatzen duena zein den eta elkartutako udalerrien babesa aintzat hartuta, hitzarmenak, hezkuntza-komunitatea ez ezik, inguruneko agenteak biltzeko ahalmena ere badauka, eta, ildo horretan, ikastetxeko eskolako eta eskolatik kanpoko proposamenak inguruneko jarduera osagarriekin uztartzeko aukera dago. Horretan datza hitzarmen honen indarra.

Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da euskal ikasle eta irakasleen artean garapen jasangarriarekiko sentsibilizazioa, kontzientzia kritikoa eta konpromiso aktiboa handitzen laguntzea. Euskal irakasle eta ikasleek garapen-erronka globalekin aktiboki parte hartzeko eta kritikoki ulertzeko aukerak hobetuz egingo da hori, elikadura-subiranotasuna, egungo elikadura-sistemaren interdependentzia globalak, elikadura-sistema jasangarriak eta eskala txikiko familia-nekazaritza ardatz gisa hartuta.

Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak eta emaitza horien titulartasuna.

1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:

E.1: Lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako irakasleek elikadura subiranotasuna tratatzeko hainbat gaitasun lantzen dituzte, aldez aurretik landutako baliabideekin eta garatutako esperientziekin harremanetan jartzeko aukera emanez.

E 2: Lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako ikasleek elikadura-subiranotasunari eta egungo elikadura-sistemaren interdependentziari buruzko gogoeta egiten dute, tailer eta jarduera osagarrien bitartez.

E 3: Baliabide didaktiko bat dugu eskura, elikadura-subiranotasuna metodologia ludiko-didaktiko batetik lantzeko aukera ematen duena Euskal Fondoaren eraginpeko udalerrietan eta interesatuta dauden beste udalerri batzuetan.

2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.

Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.

Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen denetik aurrera.

Laugarrena.– Alderdi sinatzaileen aurrekontu-ekarpenak.

– Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua ehun eta hirurogeita hamazazpi mila (177.000,00) euro da; kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.

– Euskal Fondoa aurreko klausuletan hitzartutako ekintza guztien egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz arduratuko da, eta baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian jasotakoen egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz ere.

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehun eta hirurogeita hamazazpi mila (177.000,00) euroko ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Euskal Fondoari:

• Laurogeita hamar mila (90.000,00) euro, hitzarmena sinatu ondoren.

• Hogeita zazpi mila (27.000,00) euro, diru-laguntzaren % 41eko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko zaio.

• Hirurogei mila (60.000,00) euro, diru-laguntzaren % 53ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko zaio.

Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.

Euskal Fondoa ES56 3035 0064 28 0640074074 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko berariazko kontu gisa (eurotan). Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.

Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.

1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Euskal Fondoaren jabetzakoak izango dira.

2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Euskal Fondoarena izango da.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.

Euskal Fondoaren bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.

2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.

3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.

4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.

Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.

Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.

Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Euskal Fondoak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.

1.– Hitzarmena sinatu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean eta 2020ko abenduaren 31ra bitarte luzatuko da.

2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita bukatu ahal izango da.

3.– Era berean, edozein alderdik bukatutzat eman ahal izango du hitzarmena bere aldetik, aldez aurretik idazki bidez abisatuz, eta beste alderdiari gutxienez hiru hilabete lehenago jakinaraziko zaio.

4.– Bi alderdiak ados jartzen badira, hitzarmena lau urtez luzatu ahal izango da gehienez ere, hitzarmena bukatu baino hilabete bat lehenago gutxienez.

Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY JAUNA.

Euskal Fondoa Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteko presidentea,

MAITE ETXEBARRIA AZPIOLEA ANDREA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala