Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2018ko otsailaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1037

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 13koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2018ko ekitaldirako diru-laguntzak emateko deialdia, euskal enpresak atzerrian sustatzeko eta ezartzeko jardueretan laguntzeko Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzen duen Aginduak ezarritakoarekin bat etorriz.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 6ko Aginduak euskal enpresak atzerrian sustatzeko eta ezartzeko jardueretan laguntzeko Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzen du (2016ko maiatzaren 9ko EHAA, 86. zk.).

Aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, han iragarritako diru-laguntzak emateko 2018ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta horretarako eman beharreko arau guztiak eman.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Ebazpen honen helburua da euskal enpresak atzerrian sustatzeko eta ezartzeko jardueretan laguntzeko Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzeko Aginduan xedatutako laguntzen –aurrerakin itzulgarrien– deialdia egitea 2018ko ekitaldirako.

2.– Laguntza horiek jaso ahal izateko, eskabidea aurkeztu baino lehen eginda izan beharko dira hauek: enpresa berrien eraketa, lehendik direnetan partaidetzak eskuratzea, eta zabalkuntzak.

Era berean, 2018. urtean eskaera egiten den urte berean hasi beharko dira diruz lagunduko diren inbertsioak; edonola ere, eskabidea aurkeztu ondoren.

3.– Xede horretarako, 5.000.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa bideratuko da, eta abenduaren 22ko 5/2017 Legean onartzen diren 2018ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleituriko kredituen kargura finantzatuko da.

2. artikulua.– Betekizunak.

Jarraian zehaztutako aginduan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileek konplitu egin beharko dituzte erreferentziako aginduko 3. artikuluan ezarritako betekizunak, eta ez dute egon beharko 4. artikuluan zehaztutako baztertze-kasuren batean: Agindua, Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzen duena, Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko.

3. artikulua.– Eskabideak.

1.– Laguntza deialdi honen eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako gestioak bide elektronikotik egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bide elektronikotik nola izapidetu, ebazpen honen eranskinetan zehazten da; eta horiek Interneteko http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/ edo www.euskadi.eus helbide elektronikotik bideratuko dira.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2018ko apirilaren 30eko 12:00etan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

13. artikuluko (Eskabideak aztertzea) Balorazio Batzordea honela osatuta egongo da:

Lehendakaria: Nazioartekotzeko zuzendaria, Ainhoa Ordarzabal Izaguirre.

Bokalak:

– SPRI taldeko nazioartekotzeko zuzendaria, Miren Madinabeitia.

– SPRI taldeko Enpresa Garapenerako Ataleko zuzendaria, Iñaki Tellechea.

– SPRI taldeko Ekintzailetza eta Garapen Ekonomikoko arduraduna, Imanol Cuétara.

– Industria Sailburuordetzako teknikaria, Iker Arruabarrena Fernandez.

– Industria Sailburuordetzako teknikaria, idazkaritza-lanak egingo dituena, Isabel Rodríguez Ruiz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 13a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

I. ERANSKINA
ESKAERA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EGINDAKO INBERTSIOEN AITORPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AUTOLIKIDAZIO TXOSTENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala