Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2018ko otsailaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
988

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 7koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeei laguntzak emateko deialdia, 2018ko ekitaldirako. Laguntza horiek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduak arautzen ditu (2015eko apirilaren 1eko Aginduak aldatua).

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren bidez (2015eko apirilaren 1eko Aginduak aldatua) arautzen da beka-programa hau martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako «Global Training» laguntza-programa, goi-mailako lanbide-prestakuntza edo unibertsitate-titulazioa duten gazteek atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egin ditzaten.

Aipatu aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2018ko ekitaldirako deialdia egiten da, eta, horretarako, eman beharreko arauak ematen dira.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritako ahalmena dela bide, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko apirilaren 1eko Aginduan (2014ko martxoaren 26ko Agindua aldatu zuena) aurreikusitako laguntzen 2018rako deialdia egitea. Agindu horren bidez arautzen da «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako laguntza-programa.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Iragarritako laguntza horiek finantzatzeko, guztira, 4.120.000 euro erabiliko dira, ekitaldi honetarako luzatutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren kargura; hori abenduaren 22ko 5/2017 Legearen bidez onartu zen.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Eskabideak behar bezala beteta aurkeztuko dira, eskatutako dokumentazio osagarriarekin batera. Horretarako, programa honetako parte-hartzaileek izapidetze elektronikoa erabiliko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatuarekin bat etorriz. Eskabide-eredua www.industria.ejgv.euskadi.eus web-orriaren bidez eskuratuko da, eta, era berean, web-orri horren bidez aurkeztuko da Administrazioan.

Eskabide-ereduak ebazpen honen III. eranskin gisa argitaratzen dira.

2.– Deialdiko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasiko da, eta 2018ko martxoaren 28ko 12:00etan amaituko.

Laugarrena.– Aginduan jasotako baldintzen arabera, erakunde laguntzaile bakoitzeko deitu beharreko «Global Training» beken kopurua ez da izan behar 40 baino txikiagoa, ez eta 60 baino handiagoa ere.

Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean zehaztutakoaren arabera haztatuko dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren 10. artikuluan (2015eko apirilaren 1eko Aginduaren bidez aldatua) aipatzen diren balorazio-irizpideak.

Onuradun izaera lortzeko, gutxienez 75 puntu eskuratu beharko dira.

1. balorazio-irizpidea – Proiektuen argitasuna: eskaintzen diren praktiketako bakoitzaren helmugaren identifikazio onena kontuan hartuz baloratuko da. Ondorioz, ponderazio onena izango du, eskabidean ahalik eta zehatzen azaltzen dituenak ondorengoak: helmuga geografikoa, enpresa edo nazioarteko erakundea, erreferentziako postua eta bekadunaren profil mota (30 puntu). Hobeto ebaluatzeko, deialdiaren ebazpenean agertuko den eredu-koadroa beteta aurkeztuko da.

Irizpide honen barruan komeni da erakundeak nazioartekoak izatearen garrantzia ponderatzea, ez atzerrian dauden erakunde nazionalak; erakundetzat erakunde publikoak eta enpresa-entitate publikoak hartuko dira. Azken horien kopurua eskaintza guztien % 10 baino handiagoa bada 1. irizpide honetako puntuazioa 10 puntutan murriztuko da.

2. balorazio-irizpideak –Bekaz baliatzeko aldiak luzatzea– erakundearen hautuz aurkeztutako proposamenen % 90 biltzen du. Azken deialdietako esperientziak erakutsi du zenbait diziplina akademikori ezin zaizkiola bekaz baliatzeko epeak luzatu, eta programa honetan diziplina guztiek lekua izan dezaten eskaintza egoki eta interesgarriekin, zehazten da aurkeztu diren eskaintzen % 10 ez dagoela balorazio-irizpide honi atxikia.

Aurkezten den proiektu-kopuruak % 10 hori gaindituz gero, zenbateko horretatik gorakoak ez dira baloratuko.

Hauek dira salbueste horretan aurreikusitako diziplinak: Ingurumen Zientziak, Biologia, Artea, Artearen Historia, Arte Ederrak, Geografia eta Historia, Kultura Kudeaketa, Filologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Psikologia.

V. eta VI. eranskinetan, proiektuen argitasuna zehazteko erakundeek bete behar dituzten taulak eta bekez baliatzeko aldiaren luzapen-aurreakordioaren ereduak ageri dira.

Ebaluazio-organoaren osaera VII. eranskinean jasota dago.

Seigarrena.– Iragartzen diren laguntzak arautzeko aginduaren 4. artikuluan xedatua betetzearren –diruz lagungarri diren gastuak zehazteari buruzkoa–, ebazpen honen I. eranskinean ezartzen da zein den eman beharreko prestakuntza espezifikorako ikastaroen Oinarrizko Programa, eta, II. eranskinean, aldiz, zenbat beka emango den eta zenbateko dotazioa emango zaien bekadunei hilean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 7a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala