Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2018ko otsailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
859

135/2018 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez onetsi dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Teknikari Espezialista Sanitarioen Lanbide-taldeko Erradioterapiako Teknikari Espezialista kategorian lotura estatutario finkoa eskuratzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2018ko otsailaren 5eko 103/2018 Ebazpenaren bitartez onetsi ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa eskuratzeko 2016an eta 2017an deitutako hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea, ekainaren 26koa; Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-estatutuaren 55/2003 Legea, abenduaren 16koa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretua, uztailaren 19koa; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaketa-probetarako deia egitea.

Bigarrena.– I. eranskinean jasotako oinarri espezifikoak onartzea; horien bidez arautuko da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Teknikari Espezialista Sanitarioen Lanbide-taldeko Erradioterapiako Teknikari Espezialista kategorian lotura estatutario finkoa eskuratzeko hautaketa-prozesua.

Hirugarrena.– Ebazpen honekin batera argitaratutako II. eranskinean eskainitako destinoen zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean jasotako merituen baremoa onartzea.

Bosgarrena.– Kategoriako gai-zerrenda onartzea, Ebazpen honen IV. eranskinean jasotakoa.

Seigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezartzen dutenaren arabera, Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 7a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN TEKNIKARI ESPEZIALISTA SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO ERRADIOTERAPIAKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA KATEGORIAN LOTURA ESTATUTARIO FINKOA ESKURATZEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEN DUTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK

1.– Deialdiko destinoak.

1.1.– Deialdi honetan sartzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Teknikari Espezialista Sanitarioen Lanbide-taldeko Erradioterapiako Teknikari Espezialista kategoriako destinoak, II. eranskinean jasotakoak.

1.2.– Deitutako destinoen artean, II. eranskinean jasotakoak, % 7 gordeko da desgaitasun bat duten langileek bete ditzaten, oinarri orokorren 1.3. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.

2.– Izangaien eskakizunak:

Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan aurreikusitako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak eta kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharrekoak, beste eskakizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Oinarri orokorretako 6.2.c) atalean adierazitakoari jarraiki, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak igorritako Erradioterapiako Teknikari Espezialista titulazioa edo horren baliokidea izatea, eskuratzen den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen dena, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera.

b) Kasu orotan bete beharko dira eskuratu nahi den lanpostuaren eskakizunak, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera, bai eta indarrean dagoen legeriak ezarritako beste edozein.

c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen Lanbide-taldearen arabera:

C1 taldea (C taldea zena): 15 euro

3.– Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

3.1.– Oposizioaldia.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAPi) egokituko zaio proba teorikoa egitea eta epaimahaiari iraupena zehaztea. Idatzizko proba izango da; zehazten den gehieneko denbora-tartean, izangaiek IV. eranskineko programako gaiei buruzko galdetegi bat erantzun beharko dute.

Esandako eranskinean, gainera, proba prestatzeko beharrezkoa den bibliografia agertzen da.

3.2.– Oinarri orokorren 14. atalean aurreikusitako puntuazio-ordenaren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ostean, I. eranskinean proposatutako izangaiek, 14.2 oinarrian zehaztutako dokumentazioaz gain, beste hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute:

– Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak igorritako Erradioterapiako Teknikari Espezialista tituluaren fotokopia konpultsatua edo horren baliokidea, eskuratzen den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen dena, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera.

3.3.– Lehiaketaldia.

Egiaztatutako merituak III. eranskineko merituen baremoaren arabera balioztatuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera.

3.4.– 1984ko ekainaren 14a baino lehenagotik Teknikari Espezialista gisa diharduten Erizaintzako laguntzaileak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Erizaintzako laguntzaileen kategorian lanpostu bat jabetzan duten Erizaintzako laguntzaileek, 1984ko ekainaren 14ko Agindua indarrean jarri zenetik Teknikari Espezialista Sanitario gisa aritu baldin badira eta eskabideak aurkezteko azken egunean Teknikari Espezialista Sanitarioaren titulua badaukate dagokion espezialitatean, Teknikari Espezialista lanpostua lortuz gero, aukera izango dute dauden lanpostu eta destino horretan geratzeko, lanbide-kategoria berria kontsolidatuz.

Modalitate honetan parte hartu nahi dutenek berariaz adierazi beharko dute dagokion eskabidean.

II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: ERRADIOTERAPIAKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA

Osakidetzako zuzendari nagusiaren 103/2018 Ebazpenak onetsitako oinarri orokorren 1. oinarrian ezarritakoaren arabera, honako destino hauek deitu dira:

● Barne-sustapeneko txandaren deialdia: 1 destino.

Sarbide orokorra: 1.

Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 0.

– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.

– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.

● Txanda irekiaren deialdia: 3 destino.

Sarbide orokorra: 3.

Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 0.

– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.

– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.

Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupora gehituko dira.

Desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.

2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratzean zehaztuko dira.

III. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN OSASUN TEKNIKARI ESPEZIALISTEN LANBIDE TALDEKO ERRADIOTERAPIAKO TEKNIKARI ESPEZIALISTEN KATEGORIAREN MEREZIMENDUEN BAREMOA

1) Lan esperientzia: 60 puntu, gehienez.

Eskabideak aurkezteko azken egunera arte izangaiek aitortuta duten zerbitzu-denbora zenbatuko da.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko, Gizarte Segurantzako edo autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, edozein herri administraziotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere, dena delako espezialitatean teknikari espezialista gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,22 puntu.

Barne-sustapeneko txandan lehiatzen direnei honela zenbatuko zaizkie aurretiko zerbitzuak:

a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,08 puntu hilabete bakoitzeko.

b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.

c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.

d) Lehiatzen den lanpostu berean egindako zerbitzuak: 0,22 puntu hilabete bakoitzeko.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoriako funtzioetan eskainitako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.

Halaber, zerbitzu berezietako egoeran eskainitako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira.

2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza (20 puntu, gehienez):

Atal honen barruan ondokoaren arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

a) Graduatu aurreko prestakuntza:

Dagokion espezialitatean teknikari espezialisten ikasketetan edo baliokideetan ateratako ohorezko matrikula edo bikain bakoitzeko (honako gai hauetan ateratakoak ez dira kontuan hartuko: erlijioa, etika, heziera politikoa, heziketa fisikoa eta hizkuntza):

– Ohorezko matrikula bakoitzeko: 0,6 puntu.

– Bikain bakoitzeko: 0,4 puntu.

d) Etengabeko prestakuntza:

Eskatutako destinoko kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:

(Ikus .PDF)

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua besterik adierazten ez den kasuetan, puntuazioa emateko orduan, era honetan erabakiko da kreditu eta orduen arteko baliokidetasuna:

● ECTS Europako kreditu sistemako kreditu bakoitzeko, 25 ordu.

● Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen kreditu bakoitzeko, 10 ordu.

Alderantziz, kreditu eta orduen arteko baliokidetasun hori bestelakoa denean, edo ikastaroaren ziurtagirian adierazitako kredituak ez direnean aurreko atalean zehaztutako berak, edota agirian ez bada zehazten ikastaroaren iraupena edo kreditu kopurua, epaimahaiak, aurkeztu zaizkion ziurtagiriak eta ikastaroaren edukiak aztertu ondoren, dagokion puntuazioa emango dio izangaiari; betiere, 0,50ekoa edo hortiko gorakoa.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

e) Irakaskuntza jarduera:

Irakaskuntza etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.

f) Jarduera zientifikoak eta ezagutza hedatzekoak:

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak, txosten-aurkezpenak, komunikazioak, hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:

Txosten bakoitzeko: 2 puntu.

Ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1 puntu.

Mahai-inguru bakoitzeko: 1 puntu.

Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.

h) Informatika ezagutzak (2 puntu, gehienez).

3) Euskara.

2. HE: 18 puntu.

1. HE: 9 puntu.

IV. ERANSKINA
ERRADIOTERAPIAKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA

I.– Gai-zerrenda orokorra.

1.– Goi-mailako teknikariaren funtzioak Erradioterapian eta Dosimetrian. Kode deontologiko, etiko eta legala.

2.– ETE-paziente harremana. Komunikazioa/Humanizazioa. Kontzeptua, Komunikazio-prozesua eta komunikatzeko eta harremana ezartzeko estiloak. Osasun arloko komunikazioaren faktoreak eta oztopoak. Pazienteen egoera psikologikoak egoera berezietan. Gizakiaren mina eta sufrimendua, gaixotasunaren bizipena. Pazientea, bere gaixotasunaren subjektu gisa. Gaixotasunarekiko erreakzioak eta sufrimendua.

3.– Lehen sorospenak erradioterapiako zerbitzuan. Nola jardun larrialdiko egoeren aurrean: bihotz-gelditzea, odoljarioak, erreakzio alergikoak. Erradioterapiako teknikari espezialistaren erantzukizuna.

4.– Gaixotasun transmitigarrien epidemiologia. Infekzio nosokomiala. Barrera higienikoak. Eskuak garbitzea. Asepsia eta esterilizazioa. Sepsia, asepsia, esterilizazioa eta desinfekzioa. Garbiketa, desinfekzioa eta esterilizazioa erradioterapian. Garbiketa eta desinfekzioa erradioterapiako ekipoetan.

5.– Segurtasun klinikoa: pazientearen segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Segurtasun-gorabeheren jakinarazpena.

6.– Materiaren egitura atomikoa. Molekulak eta atomoak. Eszitazio eta ionizazio atomikoa, energiaren unitate atomikoak, masa eta karga. Erradiazioaren kontzeptua eta bere izaera. Erradiazioaren intentsitatea. Erradiazioaren energia, adierazpen-modua eta unitateak. Erradiazioen fisika: kontzeptuak eta erradiazio ionizatzaile motak. Erradiazio ionizatzailearen eta materiaren arteko elkarrekintza. Erradioterapiako unitatean erabilitako erradiazio ionizatzaileen iturri eta ekipo sortzaileak. Magnitude eta unitate erradiologikoak. Protoiak.

7.– Bizkortutako elektroien eta materiaren arteko elkarrekintzaren ondorioa. Frenatze-erradiazioa eta erradiazio karakteristikoa. Elektroi-sorta. Diagnostikorako X izpien hodiak: osagaiak, funtzionamendu-oinarriak eta sortutako erradiazioaren ezaugarriak.

8.– Erradiazioa arintzea: xurgapena eta barreiatzea. Materia biziak erradiazioa xurgatzea. Energiaren xurgapenean eragiten duten faktoreak. Aipatutako xurgapenaren ondorioa. Erradiazioen detekzioa eta neurriak: oinarriak.

9.– Erradiobiologia. Erradiazioaren efektuak eremu zelular, tisular eta organikoan. Zelulen erantzuna irradiazioari. Ehun normalen eta ehun tumoralen erantzuna erradiazioari. Dosia zatitzea eta zatitzeko modu ezberdinak. Irradiazioa zatitzearen efektuak eta zelulen biziraupena. Zelula-sentikortasunaren aldaketa. Erradiazioaren efektu genetikoak. Irradiazio akutuaren SD orokorra. Efektu estokastikoak eta ez estokastikoak.

10.– Babes erradiologikoa. Babes erradiologikoko arauak. Ekipoen eta RX sorten ezaugarri fisikoak. Babes erradiologiko operazionala unitate ezberdinetan. Eremuen sailkapena: Barrerak, gailuak eta babesteko jantziak. Material erradiaktiboaren eta hondakinen kudeaketa. Nazioko eta nazioarteko araudia.

11.– Dosimetria sistemak eta ospitale eremuan erradiazio detektatzea. Dosimetria-sistemen sailkapena, haien erabileraren arabera. Dosimetria-sistemak erradiazio-sortan. Ingurumen-erradiazioko monitoreak. Kutsaduraren monitoreak. Dosimetro pertsonalak. Dosien muga. RT estandarreko neurtzeko ekipoen kalitate kontrola. 1566/1998 ED, uztailaren 17koa, erradioterapia egiteko kalitate-irizpideak zehazten dituena.

12.– Erradioterapiaren kontzeptua eta xedea. Erradiazio ionizatzaileen tratamenduaren etapak: simulazioa, planifikazioa, exekuzioa, egiaztapenak. Dokumentazioa eta tratamenduaren erregistroa. Ekintza-liburua erabiltzea. Teknikari espezialistaren erantzukizunak.

13.– Erradioterapiako ekipoak. Kilotentsioko X izpien ekipoak. Kobalto-60 unitatea. Elektroien azeleragailu lineala.

14.– Lokalizazio eta simulazioko ekipoak. Ohiko simulagailua. Simulagailu birtuala. Immobilizazioko gailua. Babesak eta moldeak egitea teleterapiarako eta brakiterapiarako.

15.– Irudia eratzeko ekipoak. Irudi portala eratzeko gailu elektronikoak. Beste sistema batzuk. Irudi bidez zuzendutako erradioterapia.

16.– Dosimetria klinikoa. Pazientearen posizioa. Pazientearen datuak lortzea. Anatomiaren definizioa. Bolumenak delineatzea. Bolumen-motak. Dosimetria fisikoa. Fotoien erradiazio-sorta baten parametro eta funtzio nagusiak. Elektroi-sorta baten funtzio nagusiak.

17.– Teknika berezia kanpoko erradioterapian. Konformatutako erradioterapia tridimentsionala (3DRT). Intentsitatearen modulazioa (IMRT) Modulatutako intentsitatearen arkoterapia bolumetrikoa (VMAT) Erradiokirurgia. Erradioterapia estereotaxikoa. Ebakuntza barneko erradioterapia. Gorputz osoaren erradiazioa eta gorputz osoaren gainazaleko erradiazioa. Irudia erradioterapian: IGRT.

18.– Brakiterapia. Endokabitarioa. Interstiziala. Metabolikoa Kontzeptuak eta unitateak.

Iturrien zehaztapena. Iturriak biltegiratzea, manipulatzea eta kontrolatzea (piluletan eta piluletan ez daudenak). Iridio 192 eta Zesio 137ren ezaugarriak eta aplikazioak. Planifikazio dosimetrikoko teknikak. Iturriak kalibratzea.

19.– Tratamenduen planifikazioa. Kanpo erradioterapia: irradiazioko bolumenak definitzea: ICRU irizpideak. GTV, CTV, ITV, PTV eta Kontzeptuak Arrisku-organoak. Tratamendua planifikatzea: teknika eta hauen erabilera hautatzea: ziriak, bolusak, konpentsagailuak eta konpentsatzeko segmentuak. Brakiterapia: bolumenak eta arrisku-organoak mugatzea prostatako, bularreko eta ginekologiako brakiterapian.

20.– Preskripzio medikoa. Xurgatutako-erantzun dosia zehaztea (TCP-NTCP), dosiak zatitzea (moduak). OAR motak: kontzeptuak eta motak, haien jasangarritasuna. Preskripzioko isodosia (D95 D90 D50 irizpideak). Dosi-bolumen histograma: motak eta erabilera. Digitalki berreraikitako erradiografia (RDR): kontzeptua eta erabilera.

21.– Premiazko tratamenduan erradioterapian (muin-konpresioa, atelektasiak, goiko bena kabaren sindromea, hemostasiak). Tratamendu aringarriak.

22.– Buruko eta lepoko tumoreen tratamendua otorrinolaringologi (ORL) eta aurpegi-masailetakoa. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

23.– Tumore torazikoen eta mediastinikoen tratamendua. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

24.– Tratamendua hestegorrian, urdailean, gibelean eta pankrean. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

25.– Minbizi urologikoaren, ginekologikoaren eta kolon eta ondestekoaren tratamendua. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

26.– Tratamendua bularrean. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

27.– Tratamendua haurren tumoreetan. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

28.– Tratamendua tumore hematologikoetan eta linfatikoetan. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

29.– Nerbio sistema zentralaren eta periferikoaren tratamendua. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

30.– Hezurreko, larruazaleko eta atal bigunetako tumoreen tratamendua. Bolumen zuria lokalizatzeko teknikak, anatomia eta erradiologia. Immobilizatzeko teknikak, simulazioa eta tratamendua. Arrisku-organoak eta toxikotasuna.

31.– Protoiak erabiltzen dituen erradioterapiarekin eginiko tratamenduak.

32.– Kalitate irizpideak Erradioterapian. 1566/1998 ED, uztailaren 17koa. Kalitate kontrola alderdi klinikoetan. Ekipamenduen kalitate kontrola.

II.– Gai-zerrenda komuna

1.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren xedapen orokorrak. Euskadiko Osasun-sistema: Araudia eta Herritarren eskubideak eta betebeharrak.

2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren definizioa. Helburuak. Zuzendaritza-antolakuntza: zerrendatzea. Zuzendaritza Nagusia: sormena. Zerbitzu-erakundeak: lege-aitorpena.

3.– Pertsonen eskubideak eta betebeharrak Euskadiko osasun-sisteman.

4.– Eusko Legebiltzarraren 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko Aurretiazko Borondateena.

5.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesarena. Datuen babesaren printzipioak.

6.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legearen xedea. Printzipio orokorrak. Jazarpen sexista.

7.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak 2017-2020.

8.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.

9.– Osakidetzaren Erronka eta Proiektu Estrategikoak 2017-2020.

10.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia Osakidetzan 2013-2016.

11.– 2017-2020 Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak.

12.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko jardun-eremuak eta neurriak: Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana. 2013-2019: Irudia eta Komunikazioa eta Kanpo-harremanak.

GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA

1.– Elementos de radiofísica para técnicos superiores en radioterapia y dosimetría. Elservier. Nuñez Martín. 2016.

2.– Técnico superior en radioterapia y dosimetría Argitaletxea: Aran. Modulu hauek:

– Dosimetría física y clínica.

– Tratamiento con teleterapia.

– Tratamiento con Braquiterapia.

– Fundamentos físicos y equipos.

– Simulación del tratamiento.

– Protección radiológica.

3.– Uztailaren 17ko 1566/1998 Errege Dekretua, erradioterapia egiteko kalitate-irizpideak zehazten dituena.

4.– 783/2001 ED, erradiazio ionizatzaileen kontrako osasun-babesari buruzko erregelamenduarena. -Kanpo sortetan RTan xurgatutako dosia zehaztea. IAEA TRS-398 (Viena, 2001).

5.– Practical Guidelines for the implementation of a quality system in Radioteherapy (ESTRO Gomendioak).

6.– Medios humanos y materiales necesarios en un programa de control de calidad de Radiofísica Hospitalaria. SEFM 1999.

7.– Protocolo para control de Calidad en sistemas de planificación de terapia con radiaciones ionizantes. SEFM 2005.

8.– Protocolo de control de calidad en sistemas de planificación de terapia con radiaciones ionizantes. SEFM 2005.

9.– Recomendaciones para el control de calidad de equipos y técnicas de radioterapia guiada por la imagen. IGRT. SEFM. Ed ADI 2013.

10.– Promoción de Salud y Apoyo Psicológico al paciente. Fernando. Ballano eta Angélica Esteban Arroyo. Argitaletxea: Editex S.A (Erdi-mailako heziketa-zikloa). 2017ko edizioa.

11.– Infekzio nosokomiala kontrolatzeko arauen eskuliburua. 1. eranskina. Inoz Batzordea Osakidetza. 1997.

12.– 2013-2016ko Osakidetzako Pazientearen Segurtasunaren Estrategia. Osakidetza; 2013. Hemen dago eskuragarri:

Https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/publikoa/SeguridadPacienteEu.pdf

13.– 38/2012 Dekretua, martxoaren 13koa:

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2012/03/1201512e.pdf

GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA

1.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11. artikuluak).

2.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena. (1, 3, 6, 9 eta 13. artikuluak).

3.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena. (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 20 eta 21. artikuluak).

4.– Eusko Legebiltzarraren 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko Aurretiazko Borondateena. (1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7. artikuluak).

5.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa (4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11 eta 12. artikuluak).

6.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako dena. (1, 3 eta 43. artikuluak).

7.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak 2017-2020.

Http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_departamento/eu_def/adjuntos/stp/ildo-estrategikoak.pdf

8.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.

Http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_salud_2013_2020/eu_def/adjuntos/Osasun_plana_2013_2020%20Euskera.pdf

9.– Osakidetzaren Erronka eta Proiektu Estrategikoak 2017-2020.

Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/buen_gob_planes/eu_def/adjuntos/PE_2017_2020_web_EUS.pdf

10.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia Osakidetzan 2013-2016.

Https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/publikoa/SeguridadPacienteEu.pdf

11.– Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak 2017-2020.

http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/Prioridades_estrategicas_17_20_eus.pdf

12.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana 2013-2019.

Https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_euskera/eu_osk/adjuntos/euskararenPlanaEu.pdf


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana