Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

32. zk., 2018ko otsailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
829

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez aireko eta lurpeko linea elektriko hau: 132 kV-ko linea elektrikoa, zirkuitu bikoitzekoa, aurrez badauden 132 kV-ko Hernani-Azpeitia 1 eta 2 linea elektrikoen adarra, GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak sustatua, eta horri lotutako Zubietako TA transformazio-azpiestazioa, Iberdrolak sustatua, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Donostia udal-mugarteetan eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten den.

AURREKARIAK

2017ko maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak jendaurrean jarri zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, 132 kV-ko linea elektrikoa, zirkuitu bikoitzekoa, aurrez badauden 132 kV-ko Hernani-Azpeitia 1 eta 2 linea elektrikoen adarra, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Donostia udal-mugarteetan eraikitzeko proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko. Izapide horri zegokion iragarkia 2017ko ekainaren 5ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2017ko maiatzaren 31n Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Era berean, aipatutako artikulu horrekin bat etorriz, 2017ko maiatzaren 22an Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak jendaurrean jarri zuen Donostia udal-mugartean egin beharreko 132/30 kV-ko Zubietako TA transformazio-azpiestazioaren proiektua. Izapide horri zegokion izapidea 2017ko ekainaren 23an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2017ko ekainaren 8an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Organo substantiboak, jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, zenbait alegazio jaso direla adierazi du, eta horien edukia espedientean jasota dago. Alegazioek ez dute ingurumen-alderdirik.

Horrez gain, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatzen dena betetzeko, 2017ko maiatzaren 31n eta ekainaren 6an Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei aipatutako proiektuen gainean. Ildo horretan, organo substantiboak adierazi du eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitza ez dela izan garrantzitsua prestatutako ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzeari dagokionez, eta sustatzaileak horiek kontuan hartu dituela.

2017ko abenduaren 12an, organo substantiboak 132 kV-ko linea elektrikoa, zirkuitu bikoitzekoa, aurrez badauden 132 kV-ko Hernani-Azpeitia 1 eta 2 linea elektrikoen adarra, eta horri lotutako Zubietako TA transformazio-azpiestazioa eraikitzeko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Eskaerak dokumentazio hau hartzen du barne:

– 132 kV-ko linea elektrikoa, zirkuitu bikoitzekoa eraikitzeko proiektuaren dokumentu teknikoa eta 132/30 kV-ko Zubietako TA transformazio-azpiestazioa eraikitzeko proiektuaren dokumentu teknikoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa bera dago bi proiektuetan, 2017ko irailekoa.

– Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueraren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. 132 kV-ko linea elektrikoa, zirkuitu bikoitzekoa, eraikitzeko proiektua arau horren I.B) eranskinaren 3.4 epigrafean dago sartuta. Halaber, 132/30 kV-ko Zubietako TA transformazio-azpiestazioa eraikitzeko proiektua ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparruan dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluko 1.d letran ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar dela aipatu behar da. Gainera, ebazpen honetan lehendik dagoen linea baten euskarri bat aldatzeko proiektuaren eta Zubietan transformazio-azpiestazio bat eraikitzeko proiektuaren sinergiak ingurumenaren gainean dituen eraginak hartu dira kontuan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, organo substantibo gisa, linea elektrikoa eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako proiektu hauen ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea: aireko eta lurpeko 132 kV-ko linea elektrikoa, zirkuitu bikoitzekoa, aurrez badauden 132 kV-ko Hernani-Azpeitia 1 eta 2 linea elektrikoen adarra, eraikitzeko proiektua, GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak sustatua, eta horri lotutako Zubietako TA transformazio-azpiestazioarena, Iberdrolak sustatua.

Jarduera horiek Donostia, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietan (Gipuzkoa) egingo dira.

Proiektuaren bidez, 132 kV-ko linea elektriko bat, zirkuitu bikoitzekoa, eraikiko da gaur egun dagoen Hernani-Azpeitia 1 eta 2 lineatik Zubietako etorkizuneko azpiestazioarekiko loturaraino. Trazadura berriak 5.501 m inguruko luzera du eta 21 euskarri ditu. Gehien bat airetik doa, baina lurpeko zati bat ere aurreikusita dago; aireko linearen 21. euskarritik abiatuko da hori eta Zubietan egingo den 132/30 kV-ko transformazio-azpiestazioaren bi posizioekin lotuko da.

Halaber, ebazpen honetan proposatutako proiektuak garatzeko behar diren beste jarduera batzuen eragin sinergikoak ere hartu dira kontuan, hala nola 132 kV-ko Hernani-Azpeitia 1 eta 2 linearen 8. euskarria aldatzea Zubietako transformazio-azpiestaziorako adarra lotzeko, dagoen euskarritik euskarri berrira desmuntatu beharreko eroaleen mugimenduak, sare-hedapen berrirako behar diren lanak, 30 kV-ko Aduna-Usurbil 1 eta 2 linea indartu, egokitu, moldatu edo eraberritzeko lanak eta abar.

Aurretik aipatutako jardueren ondorioz lur-mugimenduak, landare-mozketak eta -garbiketak, lurzoruaren okupazioa eta erabilera-aldaketa, paisaiarako eraginak eta abar egongo dira.

Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Ebazpen honen aurreko atal batzuetan aipatu bezala, dagoen linea elektrikoa aldatzearen eta proiektatutako linea elektriko berria lotuko den azpiestazio elektrikoa eraikitzearen ondoriozko afektazioak hartu dira kontuan, baita dauden lineak sare-hedapen berrirako aldatzearenak ere. Kontuan hartu dira, ondorioz, eremu horretan gauzatu nahi dituzten beste jardueran batzuekin sor litezkeen sinergia- eta metatze-eraginak.

Bestalde, proiektu honen ingurumen-inpaktuaren azterketan honako egoera hauek nabarmendu daitezke:

C.1.– Garatu beharreko proiektuak eragina izango du Batasunaren intereseko habitatetan; zehazki, lehentasunezko habitat hauetako azalerak moztu eta/edo inausiko dira: 91E0* Haltz beltzen eta lizar arrunten baso alubialak, 4030 Txilardi lehor europarrak, 6510 Altitude txikiko sega-belardi xumeak.

Aurrekoaz gain, zaindu beharreko bertako zuhaiztiei eragitea ere aurreikusten da (harizti azidofiloak eta baso misto atlantikoak).

C.2.– Trazaduraren zati bat akuiferoen urrakortasun oso handiko eremu batetik doa Hernaniko lurpeko uren sektorearen barruan.

C.3.– Proiektatutako linea elektrikoa Oria ibaiaren eta Lekunaene eta Latxaga erreken ibilguarekin gurutzatuko da.

C.4.– Jardun-eremuan Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako hainbat lurzati daude.

C.5.– Proiektua gauzatzeko beharrezko jarduketen eragin-esparruan, Kalifikatutako Kultura Ondasunaren Erroldan edo Euskal Ondarearen Inbentario Orokorrean inskribatzeko proposatutako hainbat kultura-ondareko elementu daude; halaber, badira udalerri-mailako zaintzarako proposatutako beste zenbait ondasun ere.

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bitartez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendien kudeaketan eskumena duten organoek ezarritakoa alde batera utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

D.1.1.– Oro har, garapen-maila handienean linearen segurtasunari eragingo dioten zuhaitzak baino ez dira moztuko. Gainerako zuhaitzak eta egungo zuhaixka-geruza dauden-daudenean utzi beharko dira. Ez dute landaretza kenduko euskarriak, segurtasun-lerroa, sarbideak edo muntatze-plataformak eraikitzeak zuzenean eragitea aurreikusten ez diren eremuetan.

D.1.2.– Eremu ahulenetan eta natura-balio handikoetan (bertako baso-masak, babestutako flora-espezieak dauden eremuak, faunarako interes berezia duten eremuak eta abar), bideragarria bada, inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak; moztu, linearen segurtasunerako ezinbestekoa denean baino ez dira moztuko. Hori bereziki kontuan hartuko da erreken eremuetan, eta alturako mozketa lehenetsiko da inausketaren aldean; bereziki eremu horietan, kableak eskuz ezarriko dituzte, eta baztertu egingo dute ibilgailuak igarotzea eta materialak lekualdatzea.

D.1.3.– Zuhaitzak moztea edo soiltzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landaredia ez kaltetzeko.

D.1.4.– Moztu beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

D.1.5.– Obrak hasi aurretik eta horien zuinketa egiten den bitartean, proiektuak eragindako azaleran ibilbide zehatzak egingo dira, aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten eta kontserba daitezkeen zuhaitzak antzeman eta markatzeko; obratik gertuen dauden eta makinen kolpeak jasateko arriskua duten aleak babestu egingo dira.

D.1.6.– Era berean, leheneratu egin beharko dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lur-zoru okupazioak eta abar). Landareztatze-prozesuan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

Hala ere, proiektuaren sustatzaileak, bertako zuhaiztien galera konpentsatzeko, espezie berberak landatu beharko ditu, zuhaitzak moztu diren eremuaren 1:2ko azalera batean, gutxienez (deuseztatutako azalera: leheneratutako azalera). Proiektuaren eremutik gertu narriatutako eremuan leheneratuko dira, ahal izanez gero.

Horretarako, lanak egiten diren bitartean moztutako bertako zuhaiztien azalera kuantifikatu behar da, eta moztutakoa berriz landatzeko proiektu bat egingo da, non zehaztuko den zer konpentsazio-neurri gauzatuko diren, proiektu honetan aurreikusitako ekintzekin batera, edo ekintza horiek burutu eta gero. Konpentsazio-neurriak burutu ondoren, ingurumen-organo honetara bidali beharko da dokumentu bat, non informazioa egongo den neurri horiek gauzatzeko erabili den moduari buruz.

D.1.7.– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutakoarekin bat etorriz. Trazadura berriko sarbideak eta ditugun sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina murriztuz; halaber, ibilguak ubideratzea edo zuzentzea baztertuko dute.

D.1.8.– Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.1.9.– Kontu handiagoz jardungo dute flora eta faunako espezie mehatxatuen populazioak daudela uste den eremuetan. Halaber, leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, ustekabeko eraginak ekiditeko.

D.1.10.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

D.1.11.– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezingo dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

D.1.12.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako D.10 atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.13.– Ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko eta aldi baterako metatzeko eremuak zein muntatzeko eta maniobrak egiteko eremuak. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Obrak hasi aurretik, obrarako sarbideek, euskarriak muntatzeko plataformek, obrako materialek, baita hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek ere, okupatzen dituzten eremuak behar bezala zehaztuko dira xehetasunezko kartografian. Muga hori Lanen Zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, Ebazpen honen D.10 atalean aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

D.1.14.– Balio handieneko landaredia dagoen eremuetan, euskarriak muntatu eta altxatzeko lanak garabi-besoa edo antzeko teknika erabiliz egitea aztertuko da landarediaren gaineko eraginak arintzearren.

D.1.15.– Ibai eta erreketen inguruko eremuetan kontu handiagoz arituko dira makinak mugitzeko orduan, sastraka alferrik ken ez dadin.

Lanak egin bitartean erriberako landarediari edo ibaiertzei eraginez gero, erriberak leheneratzeko eta ibaiertzak babesteko behar diren lanak egin beharko dituzte ibilgua hasierako egoerara itzul dadin.

D.1.16.– Oraingo linearen euskarriak desmuntatzeko beharrezko diren laneko plataformak soil-soilik linearen segurtasun-kalean sortuko dira, eta horrela ekidin egingo da linea horrek gainetik hegaldatzen duen landareari erasatea.

D.1.17.– Goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, txoriak salbatzeko gailuak ezarriko dituzte, bai trazadura berrian bai eroalea ordezten duten lehengo zatietan.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere hartu beharko dira obra-fasean:

D.2.1.– Ez dute inolako isurketarik egin jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-zortasunean, eta horiei ere ez diete eragingo lur-mugimenduen soberakinek edo mozketa edo inausketen hondakinek.

D.2.2.– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta lurzorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

D.2.3.– Sarbide berriak ireki beharra badago edo lurrak mugitzea dakarten antzeko ekintzak egin behar badituzte, horrelakoek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak eduki dituzten lurzatiei eragin diezazkieketenean, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko dute.

D.2.4.– Makinek eta ibilgailuek ez dituzte inola ere gurutzatutako linearen trazaduran eta haren sarbideetan dauden ibilguak.

D.3.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-isuriak murrizteko neurriak

D.3.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.3.2.– Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

D.4.– Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak:

D.4.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorrari, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, zarata egiten den ordu kopurua murrizteari, obretan erabilitako tresnak egiten duten zarata kontrolatzeari, eta abar.

D.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak:

D.5.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea horiek balorizatzea. Behar bezala egiaztatu beharko da hori horrela dela.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak Dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Ebazpen honetako bigarren ataleko D.11 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.5.4.– Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), obra horietarako eraikitze-material gisa zuzentzen badira, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako edukigailuak edo ontziak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

D.5.6.– Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.5.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

D.5.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak:

D.6.1.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuan ageri diren prebentzio-neurriak gauzatuko dira, eta, hala dagokionean, eskudun organoak ezarritakoak ere bai.

D.6.2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.7.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak oneratzeko neurriak:

D.7.1.– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek eragindako lur-sailaren oneratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

D.7.2.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

D.7.3.– Oneratze-lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

D.7.4.– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

D.7.5.– Aurreko ataletan aipatu dugun bezala, bertako zuhaiztien galera berdindu beharko dute azalera batean espezie berak landatuz; azalera hori mozketek eragindakoaren 1:2-koa izango da gutxienez. Proiektuaren eremutik gertu narriatutako eremuak leheneratuko dira, ahal izanez gero.

D.8.– Eremu elektromagnetikoetarako azalpenaren inguruko kautelazko neurriak.

Linea eta azpiestazio elektrikoa funtzionatzen ari direnean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ezingo dituzte Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan adierazitako erreferentziako mugak eta oinarrizko mugaketak gainditu. Gomendio hori, pertsonek eremu elektromagnetikoekiko (0 Hz-tik 300 GHz-ra) duten esposizioari buruzkoa da.

D.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Egin daitezkeen errausketatik, kofratuak kentzetik, inausketatik edo, oro har, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta Ebazpen honetako bigarren ataleko D.5 puntuan xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.

D.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

Horrenbestez, beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, era horretan honako helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, natura-interes handiko landaretza-eremuetarako eragina kontrolatzea, ibilguetarako eta haien erriberako landaredirako eragina kontrolatzea, hondakin-isurketa saihestea, lurzorua edo urak olioak isurtzeagatik eta lur-mugimenduengatik kutsatu daitezen saihestea, eta proiektuaren eragin-eremuko biztanleguneetako bizilagunei zarata eta hautsagatiko eragozpenak saihestea.

D.11.– Lanak egiteko programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpiataletan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duenak, 5.1 artikuluan xedatzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko denak, 7. artikuluan xedatzen duena, ebazpen honetako d.5.2 atalean aurreikusitakoaren arabera.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatu aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena jasoko da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa hartuko.

E.3.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratzearen bermealdia amaitu ondoren egingo dute hori, hau da, leheneratu eta bi urteren buruan. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan aditua den erakunde batek egindako txostena ere bidali behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak bilduko ditu datuak euskarri egoki batean, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Ebazpen honen aurreko ataletan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Aipatuko diren agiriak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera:

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak amaitzen direnean zenbatzen hasita, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honetako D.5 puntuan adierazitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnean zenbatzen hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen bigarren ataleko E.1 puntuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasi sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla eta, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Laugarrena.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala