Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2018ko otsailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
767

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez, formulatzen baita ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Markina-Xemeingo udalerrian sustatutako Ibazeta zundaketaren eta Iparragirre EUTEren arteko lotura-proiektuarentzat.

AURREKARIAK

2017ko urriaren 18an, Markina-Xemeingo udalerriko Ibazeta zundaketaren eta Iparragirre EUTEren arteko lotura-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen Bilboko Ur Partzuergoak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren arabera (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea), arau horren 7.2.b artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2017ko azaroaren 21ean eta abenduaren 12an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, informazioa biltzeko.

Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendaritza (Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza) eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza (bi horiek Bizkaiko Foru Aldundikoak); URA Uraren Euskal Agentzia; Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa; IHOBE, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkartea.

Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Kultura Zuzendaritza eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusia (bi horiek Bizkaiko Foru Aldundikoak); IHOBE, Uraren Euskal Agentzia eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa. Kontsulten emaitza espedientean jasota da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen-arloko indarreko legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Markina-Xemeingo udalerrian sustatutako Ibazeta zundaketaren eta Iparragirre EUTEren arteko lotura-proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da, eta, beraz, baita ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio aplikatu behar zaion ala ez ere.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Markina-Xemeingo udalerrian sustatutako Ibazeta zundaketaren eta Iparragirre EUTEren arteko lotura-proiektuari, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Proiektuaren xedea da Ziortza-Bolibar, Markina-Xemein, Aulesti, Etxeberria udalerriek eta Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen zati batek udan jasaten duten ur-horniduraren defizita estaltzea. Horretarako sustatzen da Ibazeta zundaketaren eta Iparragirre edateko ura arazteko estazioaren (EUTE) arteko lotura-proiektuaren egikaritzea. Ustiaketa (Ibazeta zundaketako ur-bilketa) aldi baterakoa izango da, eta urtean 3 hilez emari batetik 9 l/s eurauztea aurreikusten da; urtean, gehienez 68.895 m3-ko bolumena biltzea espero da. Elementu hauek osatzen dute proiektua, nagusiki: 10 l/s ur ateratzeko gai den ponpa urperagarri batekin eta gainezkaldirako kutxatila batekin ekipatzea egun Ibazetan dagoen zundaketa; ponpaketa-etxola bat eraikitzea koadro elektrikoa eta emari-neurgailua dauden putzutik 12 bat metrora; 252 metro luzeko linea elektriko bat egikaritzea, ponpaketa-estazioari zerbitzua emango diona; 2.058 metro luzeko ur-hoditeria bat egikaritzea, eta hoditeria hori EUTErekin lotzea.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da Ibazeta zundaketaren eta Iparragirre edateko ura arazteko estazioaren (EUTE) arteko lotura egitea, Markina-Xemeinen, udan gertatzen den ur-horniduraren defizita estaltzeko. Urtean 3 hilez emari batetik 9 l/s eurauztea aurreikusten da; ondorioz, urtean, gehienez 68.895 m3-ko bolumena biltzea espero da Ibazetako zundaketan.

Hauek dira proiektuaren ekintzak:

– 10 l/s ur ateratzeko gai den ponpa urperagarri batekin eta gainezkaldirako kutxatila batekin ekipatzea erreka.

– Ponpaketa-etxola bat eraikitzea, koadro elektrikoa eta emari-neurgailua dauden putzutik 12 metro bat metrora.

– 252 metro luzeko linea elektriko bat egikaritzea, ponpaketa-estazioari zerbitzua emango diona; suhiltzaile-etxearen ondoan lehendik badagoen transformadore batekin lotzen da linea, eta bulkatzeko kutxatila batekin amaitzen. Transformadore-zentro berri bat ezarriko da egungo transformadorean.

– 2.058 metro luzeko ur-hoditeria bat egikaritzea. 125 mm-koa da hoditeriaren diametroa, eta metro bat sakon duen zanga batean dago. Traza kale, bide edo pistetatik igarotzen da zatirik handienean (1.900 m), eta gainerakoak zelai bat igarotzen du, non sartutako pasabide bat egiten baita Artibai ibaiaren adar den Zapalea errekaren azpian, metro bateko sakoneran emariaren azpian. Zati horrek 30 metroko luzera du. Artibai ibaia ere zeharkatzen du hoditeriak, zubi batetik gertatzen da gurutzaketa, eta hoditeria espaloiaren pean ezartzen.

– Lotura EUTEren instalazioetan: EUTEn lehendik badauden beste sarrera-hoditeriak dauden gunean sartzen da hoditeria.

18 hilekoa da obrak egikaritzeko epea.

Gunerako irisgarritasuna ona da, eta ez da sarbide berririk behar. Induskatutako zangen lurrak betegarri gisa erabiltzea aurreikusten da, nahiz eta soberakinak sortu. Bestalde, obrak 48060-00007 lurzatiaren ondoan egingo dira, zeina irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren lurzoruaren inbetarioan sartuta baitago. Dekretu hori lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Ibazetako zundaketa eta Iparragirre edateko ura arazteko estazioaren (EUTE) arteko loturak, Markina-Xemeingo udalerrian (Bizkaia), ZEC ES2130011 «Río Artibai/Artibai Ibaia» zeharkatzen du, eta Artibai ibaia eta haren ibaiadarrak bisoi europarra kudeatzeko planaren interes bereziko eremu gisa katalogatuak daude. Gainera, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak Balio Estrategiko Handiko Landazabaleko gune gisa sailkatutako zati baten gainetik igarotzen da proposatutako lotura, 200 metrotan.

Halaber, hornidura-kanalizazioaren ardatzarekiko 100 metroko banda batean, Arkeologia Ondareko ustezko arkeologia-gune zenbait eta Ondare Arkitektonikoaren katalogoan barne hartutako ondasunak eta higiezinak inskribatzen dira.

Azkenik, ohartarazi behar da proiektua, zati txiki batean, kostako Donejakue Bidetik igarotzen dela eta Markina-Xemeingo alde zaharraren mugaketan ere sartzen dela. Monumentu Multzo kategoriarekin Kalifikatutako Kultura Ondasunak dira biak.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasearen eta ustiaketa-fasearen ondorioz sortuko dira:

– Obra-fasea: zoruak eta espaloiak suntsitzearen, zangak irekitzearen eta lurpean sartzearen ondorioz gertatuko dira; inpaktu hauek nabarmentzen dira:

– Gerta liteke uren kalitatea txikitzea obrak egikaritzean, makinen joan-etorriagatik eta ustekabeko isuriengatik. Prebentzio- eta zuzentze-neurri egokiekin minimizatzen dira uren kalitatea txikitzen duten afekzioak, eta aldi baterako, itzulgarri, berreskuragarri eta bateragarri gisa hartzen da inpaktua.

– Faunaren eta fauna-intereseko eremuen gaineko eragina: lanak egiteko azalerak okupatzearen ondoriozko habitataren kalitatea txikitzeak, sortutako zaratak eta makinen joan-etorrien ondoriozko emisio posibleek eragindakoa, nagusiki. Proiektuaren eremua interes bereziko gunea da bisoi europarrarentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoan kudeaketa-plan bat duten espezieak. Obren iraupena, afekzio horiek minimizatzeko aurreikusi diren neurriak eta bisoi europarrari ez eragiteko proposatu diren neurri gehigarriak kontuan hartuta, inpaktua bateragarria izango da.

– Espazio natural babestuen gaineko afekzioa: zehazki ZEC ES2130011 «Río Artibai/Artibai Ibaia»ren gainekoa, Artibai ibaiaren gaineko bulkatzeko eroanbidearen gurutzaketatik. Hiri-bilbearen barnean egiten da gurutzaketa, eta lehendik badagoen zubi batetik, ibaian inongo obrarik egin gabe, eta, beraz, KBEa kontserbatzeko helburuen gaineko zuzeneko afekzioak baztertzen dira.

– Landaredia naturalaren gaineko afekzioa: zehazki bi belardi-gunetan, zeinak 6510 habitatean barne hartuak baitira, 210 metro eta 45 metroko zatietan, hurrenez hurren, Trantsizioko Landa Paisaiako Zona bati dagozkionak, Nekazaritza eta Abeltzaintzako LPSren arabera. Inpaktua aldi baterakoa, itzulgarria, berreskuragarria da, eta bateragarri gisa hartzen da.

– Kultura ondarearen gaineko afekzioa: uste da prebentzio- eta zuzentze-neurriekin minimizatzen direla Arkeologia Ondareko afekzioak eta Ondare Arkitektonikoaren katalogoan barne hartutako ondasunak eta higiezinak.

– Ustiaketa-fasea, 0,07 hm³/urteko ur-bolumena eurauztea barne hartzen du proiektuak. Aintzat harturik urteko 3 hiletan soilik erabiliko dela baliabidea, urte osoan funtzionatuz gero, 0,315 hm³-koa litzateke gehieneko gaitasuna (oso behetik dauden mugak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion lur-azpiko urak biltzeko proiektu baterako). Erauzketa honek bermatzen du Plan Hidrologikoan ezarritako emari ekologiko minimoen mantenimendua, URAren txostenean zehaztutakoarekin bat.

– Artibaiko KBEaren gaineko afekzio posiblea: Artibai ibaiaren emariarekin erlazionatua, Ibaizeta-A zundaketako ur-bilketaren ondorioz. Proiektuaren sustatzaileak egindako azterketa hidrogeologikoarekin bat, ez da Ibazeta-A zundaketak Artibai ibaiaren emariari eragingo diola esateko ebidentziarik, eta, beraz, LPSren integritatearen gaineko afekzio posibleak baztertzen dira.

Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gain, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Natura-ondarea babesteko neurriak

– Eskumena duen foru-organoak ezartzen dituen baldintzetan burutuko dira Bisoi Europarra (Mustela lutreola) Kudeatzeko Planaren esparruan garatzen diren jarduketak, eta beti bisoi europarra ugaltzeko aldi kritikotik kanpo (maiatzaren 15a eta uztailaren 15a bitartean).

– ZEC ES2130011 «Río Artibai/Artibai Ibaia»ren esparruko lanen zuinketa- eta egikaritze-fasean, obren gunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuko dira, ustekabeko afekzioak saihesteko.

– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egikaritu behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makinak uzteko, materialak bolada batean biltzeko edo pilatzeko, sortutako hondakin-tipologia ezberdinak kudeatzeko edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jardun gauzatzeko, ingurumen-eragin txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira gune horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaredia, lehentasunezko intereseko habitatak), ezta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan, hezeguneetan eta urak har ditzakeen eremuetan ere.

– Obren Zuzendaritzak onartu beharko du eremu horiek non dauden zehatz, egokitzapen-lanak hasi baino lehen. Kasu bakoitzean, aurretik in situ balizatu beharko da.

– Proiektua egikaritzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik.

– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

– Ur-eroanbidea instalatzeko zanga induskatzeko jarduketak modu hautakorrean egingo dira, lurzoruaren horizonteak xehetasunez bereiziz eta bilduz, gero lurzoruaren jatorrizko profila lanak abiarazi aurreko egoerara lehengoratzeko.

– Indusketetan, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu hautakorrean kenduko dira, eta horiek berehala birbanatu edo, posible ez bada, pilatu egingo dira. Pilaketa ibaiaren uholde-arrisku handieneko gunetik kanpo egin beharko da. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia leheneratzeko lanetan edo landatutako laborantza-guneetan.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak

– Obrek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obren fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

Lurzoru kutsatuetarako neurriak

– Trazatuarekin muga egiten du 48060-00007 kodearekin inbentariatutako lurzatiak, metalen galdatzeko jarduera jasan baitu. Kutsadura-zantzuak atzemanez gero, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 22. artikulua betez, horren berri eman behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari.

Hondakinak kudeatzeko neurriak

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Hala badagokio, gune jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrek dirauten artean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Araudi hau betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Kultura-ondarea babesteko neurriak

– Igorritako dokumentazioan adierazitakoari jarraikiz, hornidura-kanalizazioa aurreikusten da zenbait ustezko arkeologia-gunetan, zeinek bat egiten baitute kostako Donejakue Bidearekin eta Markina-Xemeingo alde zaharrarekin. Gune horietan, kontrol arkeologiko bat egin behar da, eta jarduketa horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren aldez aurretiko baimena izan behar du.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.

– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Proiektuan inplikatutako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako babes- eta zuzentze-neurriek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Markina-Xemeingo udalerrian sustatutako Ibazeta zundaketaren eta Iparragirre EUTEren arteko lotura-proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Bilbao-Bizkaiko Uren Partzuergoari eta Markinako Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala