Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2018ko otsailaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
736

43/2018 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, poliziaren jardun arloan elkarlanean aritzeko eta jardun arlo horretako egitekoak koordinatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, poliziaren jardun arloan elkarlanean aritzeko eta jardun arlo horretako egitekoak koordinatzeko dena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Ebazpen honen eranskinean dago hitzarmenaren testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 2a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 2KO 43/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEGURTASUN SAILAREN ETA EUDEL-EUSKADIKO UDALEN ELKARTEAREN ARTEKOA, POLIZIAREN JARDUN ARLOAN ELKARLANEAN ARITZEKO ETA JARDUN ARLO HORRETAKO EGITEKOAK KOORDINATZEKO DENA

Bilbon, 2018ko otsailaren 1ean.

ALDERDIAK

Alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz.

Bestetik, Imanol Landa Jauregi jauna, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko lehendakaria, elkarte hura ordezkatuz, elkartearen estatutuen 21. artikuluak xedatutakoaren arabera. Alderdiek honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.– EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea da Euskadiko Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuan ordezkaritzarik handiena duen udalerri elkartea. Hala dio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak 2016ko maiatzaren 26an emandako Aginduak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz emanikoak.

EUDELen estatutuetan jasotzen denez, elkarteak, besteak beste, honako helburu hauek ditu: tokiko autonomia sustatzea eta defendatzea; udal kideen interes orokorrak instituzio publikoen, gizarte-eragileen eta euskal gizartearen beraren aurrean defendatzea eta batera ordezkatzea; elkartearen jarduketa-arloan bertan, erakunde arteko lankidetza sustatzea; Euskadiko udalen artean, espiritu europarra eta nazioarteko lankidetza sustatzea eta garatzea, eta, horretarako, Europako zein nazioarteko erakundeetan dauzkan partaidetza nahiz ordezkaritza bultzatzea eta hobeto garatzea.

II.– Euskadiko Polizia autonomia-erkidegoko Administrazioaren aginduetara eta Euskadiko toki-erakundeen aginduetara jarduten duten polizia-kidegoek osatzen dute.

III.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari dagokio Udaltzaingoen jarduna koordinatzea, nahiz eta, organikoki zein funtzionalki, toki erakundeen menpe dauden. Koordinazio-lanak honako hauek hartzen ditu: informazioa elkarrekin partekatzeko bitartekoak eta metodoak finkatzeko jardun sistemak; giza baliabideen nahiz baliabide materialen dotazioen homogeneitatea; lanbide-prestakuntza jasotzeko aukera-berdintasuna; eta jardun bateratua.

IV.– Hori horrela izanik, bi erakundeok lankidetza-hitzarmen bat izenpetu genuen elkarren arteko koordinazio-lana bultzatzeko. Hitzarmen haren ondorioz, udalok eta Segurtasun Sailak parte hartu genuen lan-taldeak sortu ziren. Lan-talde horiek, besteak beste, honako jardun arlo hauetan aritu izan dira lanean: hautaketa eta prestakuntzaren homogeneizazioan, funtzio publikoan, poliziaren jardun prozeduretan, bitarteko eta baliabideetan (informatika, komunikazioak eta jantziak), edo polizia kidego bakoitzaren barne araubideen arau markoa zehazten.

V.– Arlo horretan izenpetutako azken hitzarmena Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea onetsi aurretik eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea onetsi aurretik izenpetu genuen. Hori dela eta, alderdiok beharrezko ikusten dugu hitzarmen hartan aurreikusi genituen lankidetza mekanismoak eguneratzea, kontuan izanik ordutik hona lege aldaketa bat edo beste izan dela eta bidean pilatutako eskarmentua. Bide batez, jarraipena ematen diogu udaltzaingoak koordinatzeko eginiko lanari.

VI.– Talde bakoitzari esleitu zaizkion funtzioei dagokienez, ereduaren koherentzia sustatzeko, beharrezkoa da polizia-kidegoak elkarren osagarri izateko formulak bilatzea, elkarrekiko harremana eta lankidetza erraztuko duten mekanismoak ezarriz.

VII.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 42. artikuluaren eta ondorengoen arabera, betebehar hauek dituzte bi polizia-kidego horiek: elkarri laguntza eta informazioa ematea; biek erabiltzeko komunikazio-sare bat sortu eta mantentzea eta komunikazio-zentralen interkonexioa erraztea; Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzeko neurriak hartzea; polizia-instalazioen erabilera partekatuari eta zerbitzu komunak sortzeari bidea ematea eta dokumentu, inprimaki eta formulario komunen erabilera sustatzea. Lankidetza hori errazteko tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen figura sortu zuen lege horrek, eta polizia-lankidetzako hitzarmena sinatzea aurreikusi zuen.

VIII.– Horiek horrela, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren nahia da bi administrazio horien menpe dauden polizia kidegoei atxikitako egitekoen betearazpenean ahal denik eta lankidetza mailarik handiena lortzea. Horretarako, elkarlanean aritzeko hitzarmen markoaren eredu hau onesten dugu Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazioak eta hitzarmen eredu hau izenpetu nahi duten udalek, Ertzaintza eta Udaltzaingoak elkarlanean aritzeko.

IX.– Hitzarmen markoaren eredu hau Ertzaintzaren eta dena delako Udaltzaingoaren arteko harremanei aplika dakiekeen lankidetza eredua da, bai bere izaera irekiarengatik bai herri bakoitzeko errealitateari eta beharrizanei malgua zaielako. Hori horrela izanik, alderdiok errealitate eta beharrizan horiek aintzat hartuko ditugu adosten ditugun alde biko protokoloetan, udaltzaingo bakoitzaren dimentsioa kontuan hartuz.

X.– Ertzaintzaren eta lurralde historikoetako hiriburuetako udaltzaingoen arteko lankidetzak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 44.4 artikuluan jasotako berezitasunak ditu, eta, horregatik, egoki jotzen dugu alde biko hitzarmenak edo akordio espezifikoak izenpetzea, eta horien edukia zehazteko akordio marko honetan finkatutako gidalerroak eredu legez hartzea.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiok lankidetza-hitzarmen hau izenpetzen dugu, jarraian azaltzen diren klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea lankidetza-esparru egonkor bat eratzea da Euskadiko Autonomia Erkidegoko Segurtasun Sailaren eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen artean, poliziaren jardun arloan elkarlanean aritzeko eta jardun arlo horretako egitekoak koordinatzeko.

Bigarrena.– Lankidetza-eremua.

EUDELen eta Segurtasun Sailaren arteko lankidetzak honako jardun esparru hauek hartuko ditu:

a) Udaltzaingoen antolaketa- eta funtzionamendu araubideak bateratzeko azterlanak.

b) Udaltzaingoen egituraketa, langile zerrenda, baliabide teknikoak, armak, ekipamendua, jantziak eta Udaltzaingoen lanbide egiaztagiriak homogeneizatzea.

c) Udaltzaingoen hautaketa prozesuen eta lanbide prestakuntzaren hobekuntza eta homogeneizazioa bultzatzea.

d) Udaltzaingoetako langileen araubide juridikoari dagozkion alorrak eguneratzea proposatzea.

e) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun politikak bultzatzea udaltzaingoetan.

f) Lan prozedurak homologatzeko irizpideak bultzatzea.

g) Udalerrien arteko elkarlana bultzatzea egoera berezietan edo ez ohiko egoeretan gerta daitezkeen beharrizanei aurre egiteko.

h) Hitzarmen honen eranskin moduan atxikita doan elkarlanerako hitzarmen markoaren eredua bultzatzea. Eredu horrek Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko polizia lankidetza gauzatzeko moduak eta prozedurak arautzen ditu, lurraldeko polizia baliabideak hobeto erabili eta herritarren segurtasun publikoko beharrizanei zerbitzu hobea emateko.

Hirugarrena.– Konpromisoak.

1.– Bi alderdiek beren gain hartzen dute aurreko estipulazioan zehaztutako jardun esparruetako batekin lotutako edozein gai arloren garapenean aktiboki elkarlanean aritzeko betebeharra.

Lankidetza aktibo hori ezar daitezkeen lan mekanismoetan modu erreal eta eraginkorrean esku hartuz gauzatuko da; hala nola, lan-taldeetan edo lan mahaietan esku hartuz, aditu taldeetan esku hartuz edo hitzarmen honen xedea behar bezala betetzen dela bermatzeko alderdiek adostu litzatekeen beste edozein lan taldeetan esku hartuz.

2.– Lankidetza hori behar bezain eraginkorra suertatzen dela ziurtatzeko, EUDELek hitzarmen hau garatzeaz arduratuko den pertsona bat izendatuko du.

Segurtasun Sailari dagokionez, udaltzaingoak koordinatzeko zuzendaritza eskuduna arduratuko da hitzarmen hau garatzeaz.

3.– Udaltzaingoak koordinatzeko zuzendaritza eskudunak EUDELi aurkeztuko dio hitzarmenean adostutako konpromisoak garatzeko lan egitamuaren proposamena. Egitamu horretan, alderdiek bigarren estipulazioan zehaztutakoarekin bat datozen lankidetza eremuak identifikatuko dituzte. Ondoren, lan egitamua bateratzeari ekingo diote.

4.– EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gain hartzen du hitzarmen honi atxikita doan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko elkarlana bultzatzeko lankidetza hitzarmenaren eredua elkarteko kideei ezagutzera emateko konpromisoa. Halaber, udalerriek hitzarmen horrekin bat egin dezatela bultzatuko du.

5.– Era berean, bi alderdiek beren gain hartzen dute Ertzaintzaren eta Lurralde Historikoetako hiriburuetako udaltzaingoen arteko elkarlana sustatzeko lankidetza hitzarmen bereziak izenpetzea bultzatzeko konpromisoa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 44.4 artikuluan jasotakoari jarraikiz.

Laugarrena.– Betearazpena eta jarraipena.

Hitzarmen honen betetze mailaren jarraipena egiteko, jarraipen batzordea eta idazkaritza teknikoa sortzen dira.

Jarraipen batzordea hiru kidek osatuko dute, hitzarmena izenpetzen duen alderdi bakoitza ordezkatzen dutenak. Batzordearen egitekoak honako hauek dira: lan egitamu bateratua ezagutzea eta txostenak ematea; lan egitamu bateratu hori hobetzeko ekintzak proposatzea; eta lan egitamuaren garapenaren jarraipena egitea. Halaber, Idazkaritza Teknikoan ordezkatuta dauden alderdiek idazkaritzan lantzen dituzten gaien gaineko desadostasunik badute, eztabaidagai diren gai horiei buruzko txostena ematea dagokio Idazkaritza Teknikoari. Hitzarmena izenpetzen duen alderdietako edozeinek eskatzen duen bakoitzean elkartuko da, eta, gutxienez, sei hilean behin.

Idazkaritza Teknikoaren egitekoa da lan egitamu bateratua betearazten dela ziurtatzea. Idazkaritza Teknikoko kideak Jarraipen Batzordeko kideen artetik izendatuko dira, kide bana hitzarmena izenpetzen duen alderdi bakoitzeko. Idazkaritza Teknikoko kideak erakunde bakoitzak izendatutako ordezko kideek ordezkatu ahal izango dituzte.

Bosgarrena.– Auziak ebaztea.

Hitzarmen hau aplikatzean sor litezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ebatziko dira.

Seigarrena.– Indarraldia eta azkentzea.

Hitzarmen hau aldeek izenpetzen dutenean jarriko da indarrean, eta lau urteko indarraldia izango du. Epe hori amaitu aurretik, alderdiek edozein mementotan adostu dezakete indarraldia beste lau urtez luzatzea, edo, bestela, hitzarmena azkentzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Hitzarmena azkendu ahal izango da, aldeek edozer mementotan hala adosten badute.

Hitzarmen hau indarrean jartzearekin batera, indargabetuta geratuko da 2010eko maiatzaren 14an Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak izenpetu zuten lankidetza-hitzarmena.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko lehendakaria,

IMANOL LANDA JAUREGI.


Azterketa dokumentala