Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2018ko urtarrilaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
555

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, hirugarren herrialdeetan mahastizaintza eta ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programak eta -ekintzak egiteko eta ardogintza eta mahastizaintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako laguntzen 2018ko deialdia egiteko dena.

Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta haien ardoen kalitatea finkatzeko, mahastizaintza eta ardogintzako merkatuaren erakunde komun bat ezarri da. Erkidegoko Erregelamenduak ezarritako babes-neurrien artean, erkidegoko ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetako merkatuetan sustatzea jasotzen da.

Merkatuen erakunde komun hori (MEK), egun, honako erregelamendu hauen arabera arautzen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna sortzen duena eta erregelamendu hauek baliogabetzen dituena: 922/72 (EEE), 234/79 (EE), 1307/2001 (EE) eta 1234/2007; Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatua (EB), zeinaren bidez osatzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua (EB) mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez, eta aldatzen baita Batzordearen 555/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), zeinaren bidez ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduko (EB) zer xedapen aplikatu behar diren mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez.

Estatuan, 2018ko urtarrilaren 13an, argitara eman zen urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretua, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023ko programako neurriak aplikatzekoa. Errege Dekretu horren II. kapituluko 1. sekzioan, «Hirugarren herrialdeetako merkatuetarako sustapena» neurria jasotzen da, eta 4. sekzioan, «Inbertsioak» neurria.

Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuak ezartzen ditu Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak (227/2014 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoaren laguntza-neurriak aplikatu eta garatzekoa). Arau horrek abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua indargabetu eta ordeztu du, hain zuzen ere laguntza hauek arautzen dituzten arau substantiboetan egindako aldaketak txertatzea ahalbidetzeko.

Bestalde, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 22ko 5/2017 Legeak ahalbidetu egiten dute aurtengo laguntzetarako deialdia egitea (1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen da, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzen da; 5/2017 Legearen bidez, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira).

Hori dela bide, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da ardogintzako produktuen sustapen- eta informazio-ekintzak eta -programak hirugarren herrialdeetan egiteko eta inbertsioetarako laguntzen 2018ko deialdia egitea, betiere abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2, 9., 17.2 eta 19. artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.

1.– Hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuen sustapen- eta informazio-programak eta -ekintzak egiteko eta inbertsioetarako 2018ko laguntzak jasotzeko eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzendu beharko zaizkio, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako eta moduetako batean.

2.– Agindu hau argitaratu eta biharamunean hasiko da ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta haiei buruzko informazioa emateko ekintza eta programetarako laguntza-eskabideak aurkezteko epea, eta 2018ko otsailaren 15ean bukatuko da.

3.– Inbertsioak egiteko laguntza-eskabideak aurkezteko epea, berriz, agindu hau argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2018ko apirilaren 13an bukatuko da.

4.– Halaber, agindu honetan jasotako laguntzetarako eskabide-eredua onartzen da. Agindu honetako IV. eta V. eranskinetan jasota dago, eta web-orri honetan eskuratu ahal izango da: http://www.euskadi.eus. Eskabidea informatikoki bete eta grabatu beharko da, http://www.euskadi.net web-orrian, eta gero, sinatuta aurkeztu Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan.

Halaber, ekintzak amaitutakoan gastuak egiaztatzeko PDF fitxategiak eta laburpen-txostenak ere helbide honetan egongo dira eskuragarri: http://www.euskadi.eus

Hirugarrena.– Egokitzapena.

1.– Laguntza hauek xedapen eta erregelamendu hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamendua (EB) (apirilaren 15eko 2016/1149 EB Erregelamendu Delegatuak osatua), Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), martxoaren 8ko 2016/1150 (EB) Betearazpen Erregelamendua, urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretua –denak ere Espainiako estatu osoan bete beharrekoak–, eta abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua.

2.– 2018ko laguntzak arautzen dituen araudia ezagutarazteko, abenduaren 9ko Dekretuaren 7.2 eta 17.2 artikuluetan xedatutakoa betez, agindu honen I. eta II. eranskinetan jasotzen da araudia, ekitaldi honetan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.

Laugarrena.– Bateraezintasunak.

1.– Agindu honen deialdiko laguntzak ezin dira bateratu xede bereko beste laguntza batzuekin, eta, are gutxiago, irailaren 23ko 179/2015 Dekretuak araututako diru-laguntzekin. Dekretu horren bidez, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzen dira (Lehiatu Sustapena Programa).

2.– Halaber, laguntza hauek ezingo dira bateratu otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren bidez deitutakoekin. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen da. Laguntza hauek bereziki bateraezinak dira programa horretako «Lehiatu Berria» laguntzekin.

Bosgarrena.– Inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena.

Agindu honetako IV. eranskinean jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena, urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 68.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Zazpigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 24a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ARDOGINTZAKO PRODUKTUAK HIRUGARREN HERRIALDEETAN SUSTATZEKO ETA HAIEI BURUZKO INFORMAZIOA EMATEKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA

I.– Ekintza-motak eta programen iraupena.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 45. artikuluan aipatutako neurria urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren I. eranskinean zerrendatutako edozein ekintzatan eta jardueratan aplika daiteke.

2.– Halako ekintzak programa baten barruan gauzatu beharko dira, hala zehazten baita urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 2.h) artikuluan.

3.– 2019-2023 programazio-aldian, programak hiru urtekoak izango dira gehienez, onuradun jakin batentzat, hirugarren herrialde batean edo hirugarren herrialde bateko merkatu batean. Hala ere, programaren efektuek hala justifikatzen badute, programak luzatu ahal izango dira –behin, bi urtez gehienez, edo bi aldiz, urtebetez gehienez luzapen bakoitzean–, aurretik horretarako eskabidea eginda, hala xedatzen baita urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 8.4 artikuluan.

II.– Onuradunak.

1.– Hirugarren herrialdeetan sustapen-neurriak finantzatzeko laguntza-eskabideak honako hauek aurkez ditzakete:

a) Ardogintzako enpresak.

b) Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, eta erakunde horiek biltzen dituzten elkarteak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 152. eta 156. artikuluei jarraituz definituak.

c) Lanbidearteko erakundeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 157. eta 158. artikuluen arabera definituak eta maila nazionalean aitortuak, eta Espainian aitortuak Nekazaritzako elikagaien lanbidearteko erakundeak arautzen dituen abenduaren 30eko 38/1994 Legean xedatutakoari jarraituz.

d) Erakunde profesionalak: halakotzat hartuko dira gehienbat ardoaren sektorean jarduten dutenak, eta maila nazionalean aitortuta daudenak indarreko araudiarekin bat etorriz, betiere beren estatutuetako helburuen artean sustapen-jarduerak egitea jasota badute.

e) Ardogintzaren adierazpen geografiko babestuen eta jatorri-deitura babestuen kudeaketa- eta ordezkaritza-organoak eta haien elkarteak.

f) Bi ekoizle edo gehiago biltzen dituzten aldi baterako elkarteak edo elkarte iraunkorrak, baldin eta beren helburuen artean ardoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekimenak garatzea badute.

g) Erakunde publikoak, legez ezarritako eskumena dutenak produktuak eta merkatuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko jarduerak garatzeko.

Bi ekoizle edo gehiago biltzen dituzten aldi baterako elkarteek edo elkarte iraunkorrek ordezkari bat izendatu beharko dute, ahalmen nahikoa izango duena elkarteak laguntzen onuradun den aldetik izango dituen betebeharrak konplitzeko, hala ezartzen baita azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 11.3 artikuluan. Elkarteko kide guztiak onuradun izango dira, eta elkartean jarraitu beharko dute eskaera egiten denetik azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritako finantza-kontroleko betebeharrak bukatu arte.

2.– Onuradunek, langile-kopuruaren, enpresaren tamainaren eta azken urteetako lan-esperientziaren arabera, frogatu beharko dute gaitasun tekniko nahikoa dutela hirugarren herrialdeekiko merkataritza-harremanen eskakizunei aurre egiteko, eta badaukatela baliabide finantzario eta langile nahikoa bermatzeko neurria ahalik eta modurik eraginkorrenean aplikatzen dela. Horretaz gain, bermatu beharko dute aski produktu dutela, kantitate nahiz kalitatean, egindako sustapenaren ondorioz sor daitezkeen eskaerei epe luzeko erantzuna ziurtatzeko, behin sustapena bukatuta.

III.– Produktu eta herrialde onargarriak.

1.– Sustapen-neurriak aplikatu ahal izango zaizkie urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren II. eranskinean zehaztuta dauden zuzeneko kontsumorako kalitatezko produktuei, baldin eta hirugarren herrialdeetan merkataritza-irteera berriak edo esportatzeko aukera badituzte eta kategoria hauetako batean sartzen badira:

a) Jatorri-deitura babestua duten ardoak.

b) Adierazpen geografiko babestua duten ardoak.

c) Ardogintzako mahats-aldaera zehaztua duten ardoak.

2.– Hirugarren herrialde guztietan egin daitezke sustapen-neurriak, baina lehentasuna emango zaie urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren III. eranskinean zehaztutakoei.

IV.– Ekintzen eta programen ezaugarriak.

1.– Ekintzek eta programek oso argi definituta egon behar dute, eta, bereziki, zehaztuko dira zer hirugarren herrialde edo merkatu duten helburu, zer ardo-mota landuko dituzten, zer ekintza eta jarduera gauzatu nahi diren eta haietako bakoitzak zer kostu izango duen gutxi gorabehera.

2.– Ekintzak 12 hilabeteko epeetan banatuko dira, urte bakoitzeko ekainaren 1etik hasita.

3.– Mezuak produktuaren berezko ezaugarrietan oinarrituko dira, eta helburu dituzten hirugarren herrialdeetako araudi aplikagarrira egokitu beharko dira.

4.– Kalitate bereizgarria duten ardoen kasuan, produktuaren jatorria zehaztu beharko da, informazio- eta sustapen-kanpainaren barruan.

5.– Alde batera utzi gabe urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoa, markei buruzko erreferentziak mezuaren parte izan daitezke, hala badagokio.

6.– Urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoak informazio- eta sustapen-kanpainei buruzko jarraibideak ezar ditzake urtero, neurriaren koherentzia eta eraginkortasuna bultzatzeko asmoz; jarraibide horiek sekzio horretan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

V.– Balorazio-irizpideak.

Aurkeztutako eskabideen balorazioa bi fasetan egingo da:

1.– Onargarritasuna egiaztatzeko fasea: egiaztatuko da eskabideek betetzen dituztela Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 10. artikuluko eskakizunak (erregelamendu horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua (EB) osatzen da, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez, eta Batzordearen 555/2008 Erregelamendua (EE) aldatzen da). Horretarako, dokumentazioak behar besteko zehaztasuna izan behar du. Ez dira onartuko eskakizun horiek betetzen ez dituzten eskabideak.

2.– Lehenespen-fasea: aurreko fasea gainditu duten programei baino ez zaie aplikatuko. Puntuazioa emateko, urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira. Bazter utziko dira 25 puntu lortzen ez duten programak.

3.– Gainera, urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren V.3.a eranskinean ezarritako irizpideari Euskal Autonomia Erkidegorako interesgarritzat iritzitako balorazio-irizpide hauek aplikatuko zaizkio:

a) Kalitate-ikurren bati lotutako produktuak dituen programaren bat izatea. 6 puntu.

b) ETEek egindako programak, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat etorriz: 4 puntu.

c) ETE ez direnek egindako programak, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat etorriz: 2 puntu.

VI.– Ekintzak eta programak aldatzea.

1.– Azken ordainketa egiteko eskaera aurkeztu aurretik, azken ordainketaren aurretik tokian bertan egiten diren kontrolen aurretik, eta, betiere, programa egiten amaitu aurretik, hasieran hautatutako programetan aldaketak aurkez ditzakete onuradunek, baldin eta ez badituzte kolokan jartzen osotasunean programen helburuak, ez badituzte garestitzen programen aurrekontuak, ez badute aldaketarik sortzen onargarritasunean, ez badute puntuazioa jaisten, ondo justifikatzen badira, agintari eskudunek finkatutako epeen barruan jakinarazten badira eta agintari eskudunek aldaketa horiek egiteko baimena ematen badute.

2.– Hala ere, baimena eman daiteke aldaketa txikiak egiteko, automatikoki eta organo kudeatzailearen aldez aurretiko baimena izan gabe, indarrean den azken ebazpenean baimendutako laguntzaren zenbatekoan, betiere aurreko paragrafoko eskakizunak beteta.

3.– Bigarren apartatuan adierazitako ondorioetarako, aldaketa txikiak honako hauek izango dira, besteak beste:

a) Onartuta dagoen programa bateko ekintzen arteko finantza-transferentziak, indarrean den azken ebazpenean ekintza bakoitzerako baimendutako zenbatekoaren ehuneko 20koak gehienez, betiere programarako baimendutako laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe.

b) Indarrean den azken ebazpenean baimendutako programaren aurrekontua merkatzeko aldaketak, ehuneko 20ko mugaren barrukoak, baldin eta aurrekontu-aurrezpenen ondoriozkoak baino ez badira, eta ekintza guztiak egiten badira; aldaketa horiek onargarriak izango dira nahiz eta programaren puntuazioa txikiagotu.

Inguruabar horiek behar bezala egiaztatuko dira, eta organo kudeatzaileari jakinaraziko zaizkio.

4.– Gutxienez, jarduera gauzatu baino 15 egun lehenago jakinarazi beharko dira aldaketa guztiak. Betiere, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko azken eguna 2019ko apirilaren 15a izango da.

5.– Autonomia-erkidegoek Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko diote, urte bakoitzeko otsailaren 1a baino lehen, nolako aldaketak izan diren, betiere abian diren urterokoei eragiten badiete.

6.– Urte anitzeko programetan, hasi gabeko urterokoei eragiten dieten aldaketak otsailaren 15a baino lehen jakinarazi beharko zaizkio, urtero, autonomia-erkidegoan eskumena duen organoari, onar ditzan, eta organo horrek, era berean, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko dizkio, apirilaren 15a baino lehen.

VII.– Finantzaketa.

1.– Hautatutako programen finantzaketan Europar Batasunak duen partaidetzak ezin izango du gainditu diruz lagun daitezkeen gastuen % 50. Bi edo hiru urteko iraupena duten programetan, exekuzio-urte bakoitzean aplikatuko da gehieneko muga hori.

Indarrean den azken ebazpenean onartutako laguntza-ehunekoa emango da, baldin eta ebazpenaren xede den programaren aurrekontuaren ehuneko 70 exekutatu bada. Aurrekontuaren exekuzioa % 50 eta % 70 bitartean badago, intentsitate-tarte hauek ezarriko zaizkie diruz laguntzeko moduko gastuei:

a) Laguntzaren ehuneko 40ko intentsitatea, exekuzioa ehuneko 65ekoa edo hortik gorakoa eta ehuneko 70etik beherakoa bada.

b) Laguntzaren ehuneko 30eko intentsitatea, exekuzioa ehuneko 60koa edo hortik gorakoa eta ehuneko 65etik beherakoa bada.

c) Laguntzaren ehuneko 20ko intentsitatea, exekuzioa ehuneko 55ekoa edo hortik gorakoa eta ehuneko 60tik beherakoa bada.

d) Laguntzaren ehuneko 10eko intentsitatea, exekuzioa ehuneko 50ekoa edo hortik gorakoa eta ehuneko 55etik beherakoa bada.

Ez da laguntzarik emango eta gordailututako bermea exekutatuko da baldin eta exekuzio-maila ehuneko 50etik beherakoa bada.

2.– Onuradun bakoitzak eskatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa ezin izango da izan eranskin honetan araututako neurri horretara bideratutako aurrekontu osoaren ehuneko 5 baino handiagoa, dagokion ekitaldirako laguntza-programako finantzaketa-fitxa kontuan hartuta. Urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 5.a) artikuluan aipatzen diren onuradunei baino ez zaie aplikatuko muga hori.

3.– Onuradunen ekarpen ekonomikoa nahitaezko kontribuzioetatik edo tarifetatik etor daiteke.

VIII.– Aurrerakinak.

1.– Onuradunak, erakunde publiko ez bada, aurrerakin-eskabide bat aurkez diezaioke Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, Europar Batasunaren urteko kontribuzioaren zenbatekoaren ehuneko 80ra irits daitekeena.

2.– Ez da aurrerakinik ordainduko, ez bada erakunde ordaintzailearen aldeko berme bat osatzen, aurrerakinaren ehuneko 100ekoa, betiere Batzordearen martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuarekin bat etorriz. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutuko dira bermeak.

IX.– Ordainketak.

1.– Badago eskatzea Europar Batasunaren urteko kontribuzioa ordainketa bakarrean edo bitarteko ordainketen bidez jasotzeko. Egindako eta ordaindutako ekintzei burukoak izango dira eskabideak.

2.– Ordainketa guztiak horretarako bakarrik sortutako banku-kontu bakar baten bidez egingo dira, salbu eta autonomia-erkidegoko organo eskudunak edo, eremu nazionaleko erakunde publikoetarako, FEGAk ezarritako salbuespen-kasuetan.

3.– Bitarteko ordainketen eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan aurkeztu behar dira, edo, eremu nazionaleko erakunde publikoak badira, FEGAren aurrean, lau hilabeteko aldi bakoitza bukatzen den hilabetearen hurrengoa bukatu baino lehen, eta ekainaren 1etik hasita.

Hamalaugarren artikuluan aurreikusitako ordainketa aurreratuak eta tarteko ordainketek ezingo dute gainditu, guztira, Europar Batasunaren kontribuzio osoaren ehuneko 80.

4.– Urteroko bakoitzaren ekintzak bukatu ondoren, eta uztailaren 1a baino lehen, onuradunak laguntzaren saldoa ordain diezaioten eska dezake Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan edo, hala badagokio, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren aurrean.

5.– Autonomia-erkidegoak edota Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak, gehienez, 75 eguneko epean burutuko dute ordainketa, ordainketa-eskabidea osorik jasotzen duten egunetik hasita.

6.– Ordainketa-eskabide guztiekin batera, auditoretza-txosten bat aurkeztuko da, eta, han, epigrafe honen hurrengo apartatuan oro har adierazten diren egiaztapen guztiak jasoko dira gutxienez. 300.000 euroko edo hortik gorako diru-laguntza onartua duten programak badira, txostenak finantza-egoerari buruzko ziurtagiri baten tankera izango du.

Auditoretza-txosten horretan eta finantza-egoeren ziurtagirian, zehaztuko da zer-nolako egiaztapenak egin diren, eta adieraziko dira onuradunak laguntza jaso ahal izateko betekizunak eta arau aplikagarriak betetzen ez dituela pentsarazten duten gertakari eta salbuespen guztiak. Beraz, informazio hori zehatz eta argi eman beharko da, organo kudeatzaileak modua izan dezan hurrengo apartatuan adierazten diren puntuen gaineko erabakia hartzeko. Betiere, egiaztatutako atal guztietan ateratako ondorioak adieraziko dira, bai eta ez-betetzeak eta/edo aukeratu ezineko gastuak zein diren ere.

Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako kontu-auditore batek egingo ditu auditoretza-txostena eta finantza-egoeren ziurtagiria, Kontu Auditoretzaren uztailaren 20ko 22/2015 Legearen 27. artikuluan adierazitako finantza-bermea ematearren, eta egokiro frogatu beharko du proposatutako gastuak diruz laguntzeko modukoak eta benetakoak direla.

7.– Auditoretza-txostenetan eta finantza-egoeren ziurtagirietan, oro har, honako egiaztapen hauek bilduko dira:

a) Onuradunak bere gain hartutako gastuak diruz laguntzeko modukotzat hartzen dira urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren I. eranskinean, eta bat datoz Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin.

b) Aurkeztutako gastuen kontzeptuak bat datoz sustapen-programaren indarreko azken ebazpenean onartutako jarduerekin.

Salbuespenak:

c) Fakturetako eta gainerako gastu-egiaztagirietako gastuak benetan egindakoak dira.

d) Aurkeztutako gastuen faktura eta egiaztagiri guztiek zerga- eta gizarte-lege aplikagarriak betetzen dituzte, eta adierazten dute zein diren zenbatekoak, BEZaren banakatzea (hala badagokio), data, kontzeptua, zenbakia eta hornitzailea.

e) Justifikatzen diren gastuak ordaintzeko, kontu bakar eta esklusiboa erabili da.

f) Ordaintzeko erabilitako kreditu-txartelak kontu bakar eta esklusibo horri lotuta daude.

g) Onuradunak kontu bakar eta esklusiboaren banku-laburpena aurkeztu du, eta, han, jasota daude justifikatutako ordainketa guztiak, laguntza ordain dakiola eskatzeko oinarri direnak.

h) Hirugarrenen bati eta/edo zerbitzu-hornitzaileei azpikontratatutako sustapen-ekintzak justifikatuta daude zein bere fakturarekin eta ordainketa-agiriarekin.

i) Onuradunak bere gain hartutako gastuak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak dauzka, eta enpresaren kontabilitate-erregistroetan jasota daude.

j) Egindako sustapen-jardueretan izandako joan-etorrien bidaia-txartelak eta/edo ontziratze-txartelak aurkeztu dira, honenbestean aurkeztutako dietenak izan ezik (taxia, busa...).

k) Justifikatutako sustapen-jarduera guztiak egin dira aldi hautagarriaren barruan, hau da, 2018ko ekainaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra.

l) Egindako sustapen-jarduerek euskarri teknikoak dituzte: CDak, argazkiak, liburuxkak, bideoak, prentsa-oharrak, dastaketa-koadernoak, edo antzekoak, bai eta erabilitako sustapen-materiala helmugara heldu delako ebidentziak ere. Ondorioa:

m) Arduraldi esklusiboko eta ez-esklusiboko langileen gastuek egiaztagirien bidez justifikatu dira, urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren VII. eranskinean adierazitakoarekin bat etorriz.

n) Aurkeztutako administrazio-gastuetarako, kontuan hartu da urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren VII. eranskinean adierazitakoa.

Gainera, 300.000 euroko edo hortik gorako eskaeretan:

o) Proposatutako gastuak identifikagarriak eta egiaztagarriak dira: esaterako, kontsignatuta daude sustapen-ekintzak egiten dituen onuradunaren edo erakundearen kontabilitatean, eta zehaztuta daude onuradunari edo erakundeari aplika dakizkiokeen kontabilitate-arauen arabera.

p) Proposatutako gastuak zentzuzkoak eta justifikatuak dira, eta finantza-kudeaketa onaren irizpidea betetzen dute, bereziki ekonomiari eta efizientziari dagokienez.

8.– Era berean, ekintzak teknikoki justifikatzeko, onuradunari eska dakioke sustapen-ekintzak egin izana egiaztatzeko frogabideak aurkezteko.

9.– Oro har, tributuak diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, baldin eta onuradunak benetan ordaindu baditu. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak. Beraz, finantzaketatik kanpo geratuko dira BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga) eta IGICa (Kanarietako zeharkako zerga orokorra), kengarriak diren heinean.

10.– Ordainketa-eskaera kasu honetan soilik eman ahal izango da ontzat: onuradunak egiaztatzen duenean egunean dituela zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak, bai eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharra ere.

11.– Onuraduna elkarte bat izanez gero, ez da diru-laguntzarik ordainduko, baldin eta elkarteko kideren batek aurreko puntuan ezarri diren betebeharrak egunean ez baditu.

X.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Oro har, diruz laguntzeko moduko gastuak izango dira: zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin.

2.– Halaber, diruz lagunduko dira:

a) Onuradunaren administrazio-gastuak, baldin eta programaren errekapitulazio-aurrekontuan berariazko partida batean kontsignatuta badaude. Gastu horiek barne hartuko dute, hala badagokio, finantza-egoeraren ziurtagiriari dagozkionak.

b) Langileen kostuak, baldin eta diruz lagundutako eragiketa zehatza prestatzeko, egiteko eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sortu badira. Langileen kostuen barruan daude: onuradunak eragiketa horretarako berariaz kontratatutako langileen kostuak eta onuradunaren langile iraunkorrek eragiketa horretan emandako lanorduen proportzioari dagozkion kostuak.

Gastu horiek eta beste zenbait diruz laguntzeko baldintzak urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasota daude.

3.– Gastu bat diruz lagunduko da:

a) baldin eta gastua eragiten duen sustapen-jarduera programaren urtealdian egin bada, hau da, ekainaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean, eta

b) baldin eta onuradunak justifikazio-epea bukatu baino lehen ordaindu badu gastua, hau da, uztailaren 1a baino lehen.

4.– Aitzitik, ezingo dira diruz lagundu urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean aipatutako kostuak.

XI.– Bermeak kentzea.

1.– Abenduaren 5eko 597/2016 Errege Dekretuaren 14. artikuluan jasotako bermea kenduko da erakunde ordaintzaileak aitortzen duenean aurreratutako zenbatekoa jasotzeko behin betiko eskubidea.

2.– Abenduaren 5eko 597/2016 Errege Dekretuaren 11. artikuluan jasotako bermeak saldoa ordaindu arte izango du balioa, eta autonomia-erkidegoko erakunde ordaintzaileak berme hori bertan behera uztea erabakitzen duenean kenduko da.

XII.– Materiala egiaztatzea.

Laguntzaren onuradunek ziurtatu beharko dute programen esparruan informaziorako eta sustapenerako prestatutako materiala bat datorrela bai Europar Batasuneko araudiarekin bai programa garatzeko hirugarren herrialdeko legediarekin. Horretarako, onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bar aurkeztu beharko dio Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari edo, hala badagokio, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsari, eta, han, adierazi beharko du materiala egokia dela, behar den araudi aplikagarria betetzen dela eta hartzaileak hirugarren herrialdean erabilitako sustapen-materiala helmugara heldu delako ebidentziak badaudela, helmugako herrialdeaz beste merkatu batean erabil ahal bada behintzat.

II. ERANSKINA
INBERTSIOETARAKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA

I.– Aplikazio-eremua.

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko enpresen errendimendua oro har hobetzeko, merkatuaren eskarira egokitu daitezen laguntzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko, laguntza finantzarioa emango zaie ardogintzaren eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan egindako inbertsio ukigarri eta ez-ukigarriei, bai eta merkaturatze-egitura eta -tresnetan egindakoei ere. Laguntza finantzarioa emango da, halaber, energia-aurrezpena, efizientzia energetiko orokorra eta prozesu iraunkorrak hobetzeko.

Inbertsio horiek mahastizaintzako eta ardogintzako zenbait produktu ekoizteko, merkaturatzeko edo bietarako izango dira; zehazki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak, Espainiako lurraldean ekoitzi direnak.

II.– Onuradunak.

Inbertsioaren gaineko neurriaren onuradun izango dira:

a) Mahastizaintzako eta ardogintzako enpresak, baldin eta, eskabidea egiten duten unean, honako erregelamendu honetan jasotako produktuak ekoitzi edo merkaturatzen badituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II zatian. Onuradun izan daitezke, orobat, laguntza-eskaeraren xede den eragiketa gauzatzearen ondorioz halako produktuak ekoizten edo merkaturatzen hasi diren enpresak. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute enpresek.

b) Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 152. artikuluari jarraituz aitortuta badaude.

c) Ekoizle bi edo gehiago biltzen dituzten elkarteak, baldin eta nortasun juridikoa badute eta lehenago adierazitako erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak ekoizten badituzte. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute elkarteek.

d) Lanbidearteko erakundeak.

Dena den, jarduera bakartzat merkaturatzea duten enpresak badira, itxitako azken ekitaldiko fakturazioaren % 80, gutxienez, honako produktu hauek merkaturatzetik atera beharko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian zehaztutako produktuak.

Ez zaie laguntzarik emango zailtasun-egoeran dauden enpresei, betiere aintzat hartuta Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Jakinarazpenean halako enpresei buruz jasotako definizioa.

III.– Iraunkortasuna.

Laguntza eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira, bost urteko epean, onuradunak azken ordainketa jasotzen duenetik hasita, baldin eta abenduaren urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 71. artikuluan adierazitako gorabeheraren bat gertatzen bada, hala ezarrita baitago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 50. artikuluko 5. apartatuan, zeinak ezartzen baitu honako artikulu honen mutatis mutandis aplikazioa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 71. artikulua.

Era berean, laguntzaren xede den ekoizpen-jarduera eta horrekin lotutako azpiegiturak eskualdatzen diren kasuetan, eskuratzaileei ere eskatuko zaie iraunkortasuna, eta agintari eskudunen aurrean behar bezala egiaztatu beharko dute horren berri dutela eta onartzen dutela. Hala egin ezean, laguntza itzultzeko eskatu ahal izango zaio laguntzaren jatorrizko onuradunari.

IV.– Eragiketen xedeak.

Laguntzaren xede diren eragiketek lagundu behar dute urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren XVI. eranskinean bildutako helburu estrategietako bat lortzen, gutxienez.

Helburu estrategiko horiek lortzeko, eragiketa bakoitzean helburu orokor bat edo batzuk identifikatu beharko dira. Helburu horietako zenbait, baina ez denak, zerrendatuta daude abenduaren urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren XVII. eranskinean. Eragiketa jakin baten helburu orokorretakoren bat jasota ez badago zerrenda horretan, eskatzaileak zehaztu beharko du zein den helburu hori.

V.– Eragiketen ezaugarriak.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea Feagaren zer ekitalditan amaitzen den, ekitaldi horren osteko ondoz-ondoko bi aurrekontu-ekitaldiei eragingo diete gehienez eragiketek. Eskaera aurkezten den egunetik has daiteke eragiketak gauzatzen, eta, hala badagokio, eragiketak hasi gabe daudela dioen akta egiten denetik aurrera.

Urteko eragiketetarako eskaerak kasu honetan bakarrik onartuko dira: gastu-kontzeptuak mugatzen badira deialdiko laguntza-eskabideak aurkezteko epea bukatzen deneko Feaga ekitaldiaren ondoko ekitaldira.

Feagaren bi ekitalditan laguntza jasoko duten eragiketek onartu diren gastu-kontzeptuen zenbatekoaren % 50 izan behar dute, gutxienez, hau da: deialdiaren xede diren laguntza-eskabideak aurkezteko epea Feagaren zer ekitalditan amaitzen den, ekitaldi horren ondoko lehen ekitaldian sartutako gastu-kontzeptuen zenbatekoaren % 50.

VI.– Eskabideak onartzeko irizpideak.

Eskabideak irizpide hauen arabera aztertuko dira:

1.– Inbertsio-eragiketak argiro zehaztuko dira, ekintzak eta haien iraupena azalduz, eta ekintza bakoitzaren gastu-kontzeptuak eta aurreikusitako kostuak zehaztuz.

Zehaztuko da, orobat, eragiketa bakoitzak nolako helburu estrategiko eta orokorrak bete nahi dituen.

2.– Bermatuko da proposatutako eragiketaren kostuek ez dituztela gaindituko merkatuaren prezio normalak, eta kostuen moderazioa betetzen dela.

Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak (XVI. eranskinean jasota daudenak) ezartzeak ez du esan nahi kostuen moderazioa ebaluatu behar ez denik.

Agintari eskudunek uste badute kostuek merkatuaren prezio normalak gainditzen dituztela edo ez dela betetzen kostuen moderazioa, eskatzaileari eskatuko diote eskabidea zuzentzeko edo behar bezala justifikatzeko.

Kostuen moderazioa ebaluatzeko, sistema hauetako bat edo haien konbinazioa erabiliko da:

a) Zenbait eskaintzaren konparazioa.

Oro har, eskatzaileak hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko ditu gutxienez, zerbitzua eman baino lehen edo produktua entregatu aurretik.

Gutxienez, honako alderdi hauek ebaluatuko dira: eskaintzen independentzia; eskaintzen elementuak konparagarriak izatea, eta eskaintzen deskribapenaren argitasuna eta zehaztasuna.

Eskaintzen artean hautaketa egiteko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, eskaintza merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatik, bai eta, hala badagokio, zergatik ez dagoen hornitzaile nahikorik. Alderdi hori berdin aplikatuko da, halaber, gauzatutakoa ez badator bat onartutakoarekin.

b) Erreferentzia-kostuak.

Agintari eskudunek erreferentzia-prezioen datu-base bat ezarri edo erabiltzen dute. Datu-base hori osoa eta behar bezain zehatza izan behar da, aldian-aldian eguneratu beharko da, eta bermatu beharko du prezioak merkatuaren prezioen isla direla.

c) Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzorde bat eratzen bada edo merkatu-azterlan bat egiten, kontuan hartu beharko da batzordekideek dagokion arloan esperientzia izan behar dutela. Batzordearen lana behar bezala dokumentu beharko da.

3.– Eskatzaileak frogatzen du eskura dituela baliabide teknikoak eta finantzarioak, eragiketa zuzen gauzatzeko adinakoak, eta enpresa ez dagoela krisi-egoeran Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren 50. artikuluko 2. apartatuaren hirugarren zenbakian ezarritakoari jarraituz.

Eskatzaileak frogatu beharko du enpresa ekonomikoki bideragarria dela, non ez den, estatutuei jarraituz, irabazi asmorik gabeko erakunde bat.

Ekoizle bi edo gehiago (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatzen diren ekoizleak) biltzen dituen eta nortasun juridikoa duen elkarte bat baldin bada eskatzailea, elkarteko ekoizle bakoitzak frogatu beharko du gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko, inbertsioan duen partaidetzaren arabera, edo, bestela, elkarteak gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko.

Honako egoera hauetan ulertuko da alderdi horiek frogatu gabe geratu direla eta, ondorioz, eskatzailea ezin dela diru-laguntzaren onuradun izan:

a) Krisialdian baldin badago, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Jakinarazpena).

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin badu, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota badago, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badago (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen mende badago edo uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badago, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatu ez badu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduan ezarritako eran.

4.– Eskatzaileak proposatutako estrategien eta finkatutako helburuen arteko koherentzia, eta eragiketak izan dezakeen eragina eta arrakasta eraldaketaren edo merkaturatzearen errendimendu orokorra hobetzeko, eskatzailearen instalazioak merkatuaren eskarietara egokitzeko eta lehiakortasuna areagotzeko.

Ez da inolako laguntzarik emango, laguntza-eskabideetan inkoherentzia-egoerak atzemanez gero, edo haietan aurreikuspenak behar bezala dokumentatuta ez badaude.

VII.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Honako ekintza hauen kostuak lagundu daitezke diruz:

a) Ondasun higiezinak eraiki, erosi eta hobetzea.

b) Makina eta ekipo berriak erostea, produktuaren merkatu-balioraino.

c) a eta b letretan jasotako gastuen kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak eta bideragarritasun-azterlanak, betiere inbertsio-eragiketarako onartutako aurrekontuaren % 8ko muga dutela.

d) Ordenagailuetarako euskarri logikoak erosi edo garatzea, patenteak, lizentziak eta egile-eskubideak erostea eta marka kolektiboak erregistratzea.

Urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren XVIII. eranskinean adierazitako kontzeptuetarako, inbertsio-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoek ezingo dituzte gainditu eranskin horretan adierazitako mugak. Hala, eragiketa batean muga horiek gainditzen badira, gaindikina ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

Ezingo dira diruz lagundu urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekreturen XIX. eranskinean ezarritako gastuak.

VIII.– Eragiketak aldatzea.

1.– Onuradunak eskatu ahal izango du hasiera batean onartutako inbertsio-eragiketa aldatzea, hala ezarritako baitago Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 53. artikuluaren 1. apartatuan. Eragiketan egindako edozein aldaketa Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, gauzatu aurretik onar dezan.

2.– Aldatutako inbertsioen ordainketa Feagaren zer ekitalditan eskatu behar den, ekitaldi horretako otsailaren 1a baino lehen jakinarazi beharko zaio aldaketen berri Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan.

3.– Aldaketei onespena emateko, aintzat hartuko dira ondoren adierazten diren baldintzak eta mugak:

a) Ez da onartuko aldaketarik, eragiketa onartzeko aurkeztu ziren helburu estrategiko edo orokorrak aldatzen dituenik.

b) Ez da onartuko aldaketarik, hautagarritasun-baldintzak edo lehenespen-irizpideak aldatzen dituenik.

c) Ez da onartuko aldaketarik, behar bezala justifikatuta ez dagoenik.

d) Ez da onartuko aldaketarik, onuraduna aldatzea dakarrenik, kasu hauetan izan ezik: onuradun berria bat-egite- edo salerosketa-prozesu baten ondoriozkoa bada, edo sozietate-motaren edo nortasun juridikoaren eraldaketa baten ondoriozkoa, eta, betiere, laguntza ematerakoan aintzat hartu ziren baldintzak aldatzen ez badira.

e) Ez da onartuko aldaketarik, ordainketak Feagaren ekitaldi batetik beste batera pasatzea dakarrenik.

f) Ez da onartuko aldaketarik, laguntzaren xede den eta hasieran onartu zen inbertsioaren % 40tik gorako murrizketa dakarrenik.

4.– Artikulu honetan adierazitakoa gorabehera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak salbuespenez baimena eman dezake aurreko apartatuetan adierazitako baldintzekin bat ez datozen aldaketak egiteko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan zehazten diren salbuespenezko inguruabarretan edo ezinbesteko kasuetan.

5.– Onartutako aurrekontuak murriztea dakarten aldaketek emandako diru-laguntzaren murrizketa proportzionala ekarriko dute.

6.– Onartutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek ez dute ekarriko onartutako diru-laguntza handitzea.

IX.– Aurreko apartatuaren salbuespenak.

1.– Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 53. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, onartutako eragiketa bateko ekintzen arteko finantza-transferentziak egin ahal izango dira, ekintza bakoitzerako hasieran onartutako zenbatekoaren % 20koak gehienez, ordainketa-eskaera egin aurretik baimenduta egon gabe, betiere eragiketarako onartutako laguntzaren zenbateko osoa gainditzen ez bada. Halaber, aldaketak egin ahal izango dira, ekintza bakoitzerako onartutako zenbatekoaren % 20ko aurrezpen globala dakartenak gehienez, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Ez badute oztopatzen eragiketaren atal guztiak onartzea, eta ez badiete eragiten helburu estrategiko eta orokorrei.

b) Behar bezala justifikatzen badira.

c) Ez dute eragiten ordainketak Feagaren ekitaldi batetik beste batera pasatzea.

2.– Halaber, XXII. eranskinaren B atalean ezarritako aldaketak onartu ahal izango dira ordainketa-eskaeraren aurretik baimenduta egon gabe.

X.– Finantzaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza mota % 40koa izango da, kontuan hartuta 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 50.4 artikuluan jasotzen diren inbertsio-kostu onargarriak.

2.– Gainera, laguntza-mota horri honako kontsiderazio hauek aplikatuko zaizkio:

A) 1. apartatuan adierazitako laguntza motak mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaizkie, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan halako enpresei buruz ematen den definizioari jarraituz.

B) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresen kasuan –750 langile baino gutxiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea 1) apartatuan aipatzen den laguntzaren % 50ekoa izango da.

C) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresen kasuan –750 langile edo gehiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik gorako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea 1) apartatuan aipatzen den laguntzaren % 25ekoa izango da.

3.– Kasu guztietan, baita enpresa handietan ere, eskatzaileen langile-kopurua eta negozio-bolumena zehazteko, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan finkatutako kalkulu-irizpideak erabiliko dira.

4.– Eskatzailea bi ekoizle edo gehiago biltzen dituen eta jarduera ekonomikorik ez duen nortasun juridikodun elkarte bat baldin bada, eta ekoizle horien produktuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskineko II. atalean aipatzen direnak badira, laguntza kalkulua ekoizle bakoitzak inbertsioan duen partaidetzaren proportzioari jarraituz egingo da, betiere ekoizle bakoitzak bere aldetik izango lukeen laguntza-motarekin bat etorriz.

XI.– Ordainketak.

1.– Inbertsioa, gehienez, Feagaren bi ekitalditan justifikatu eta ordaindu beharko da.

Onuradunek ekitaldi bakoitzaren apirilaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute laguntza Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan.

Onuradunek, exekuzio-egutegiari jarraituz, laguntza ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan, eta zuzendaritza horrek, inbertsio-eragiketan aurreikusitako ekintzak gauzatu direla egiaztatu ondoren, ordainketa egiteko ebazpena eman eta ordainketa egingo du onuradunen alde, gehienez 12 hilabeteko epean, ordainketa-eskaeraren egunetik hasita.

Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira, gutxienez:

a) Exekuzioaren memoria baloratua, non gastuak, fakturak eta ordainketak justifikatzeko agiriak jaso eta zerrendatuko diren. Horiez gain, exekuzioaren memoriak honako hauek ere jasoko ditu: aurreikusitako lanen eta egindakoen artean diren aldeak, eta, beharrezko bada, ezinbesteko edo aparteko kasuen justifikazioa.

b) Honako hauen gaineko deklarazioa, onuradunak egindakoa: inbertsio bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso ez izana, eta diru-laguntzak itzultzeko prozesuren baten barruan ez egotea.

c) Diru-laguntzaren zenbatekoa jaso nahi den banku-kontuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

e) Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak, eta ordainketen ziurtagiriak.

f) Onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

g) Bete behar den arautegian exijitutako beste edozein dokumentu, eta emakida-ebazpenean adierazitakoak, laguntza emateko beharrezko diren baldintza eta zirkunstantzietako batzuk egiaztatzeko.

Diru-laguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek egiaztatu egin beharko dira, hain zuzen ere Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duten kontu-auditore baten edo auditoria-sozietate baten bitartez; halakorik ezean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko ditu aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horretan, laguntza-espediente bakoitzaren gainean in situ ikuskapen bat egingo da, gutxienez.

2.– Behin eragiketa osorik exekutatuta, ezin bada egiaztatu diruz lagundu daitekeen inbertsioa hasieran onartutakoaren % 60koa dela gutxienez, ez da inolako laguntzarik ordainduko.

3.– Laguntzaren azken ordainketa egin baino lehen, egiaztatu beharko da osorik exekutatu direla laguntza-eskaerak –onartuak edo aldatuak– estaltzen dituen eragiketa globalaren ekintza guztiak, eta ekintza horien gainean administrazio-kontrolak eta tokian bertakoak egin direla, salbu eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan zehazten diren salbuespenezko inguruabarretan edo ezinbesteko kasuetan.

Kontroletan egiaztatuz gero laguntza-eskaerak –onartuak edo aldatuak –estaltzen duen eragiketa globala ez dela osorik exekutatu, eta arrazoiak ez direla Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan zehazten diren salbuespenezko inguruabarrak edo ezinbesteko kasuak, eta laguntzak ordaindu baldin badira eskaeran jasotako eragiketa globalaren parte diren zenbait ekintza indibidualengatik, ordaindutako zenbatekoak eta dagozkion interesak itzultzeko eskatuko da, eta, hala behar bada, hasiera emango zaio dagokion zehapen-prozedurari.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala