Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2018ko urtarrilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
338

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 242/2017 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako lehen auzialdiko 3 zenbakiko epaitegia.

Judizioa: 242/2017 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Demandatzailea: Juana Maria Cortez Aviles.

Abokatua: Pedro Ramon Sanz Vicente.

Prokuradorea: Javier Cifuentes Aranguren.

Demandatua: Celbyn Humberto Turcios Valladares.

Gaia: guraso eta seme-alaben arteko neurriak arautzea.

Aipatu judizioan, epaia eman da 2017-12-27an, eta honako hauek dira xedapenak:

Partez baiesten dut Cifuentes auzitegietako prokuradoreak Juana Maria Cortez Aviles-en izenean eta ordez aurkeztu duen demanda, Celbyn Humberto Turcios Valladares-en aurkakoa. Horrenbestez, honako neurri hauek hartzen ditut, XXXXX seme adingabeari dagokionez:

1.– Guraso-ahala. Bi gurasoek izango dute adingabearen guraso-ahala; nolanahi ere, aita absente dagoenean, amak bakarrik baliatuko du.

Amak, guraso-ahal esklusiboki baliatzen duenean, aukera izango du adingabeari buruzko erabaki garrantzizkoak hartzeko, aitari adostasuna eskatu beharrik izan gabe. Guraso-ahalaren esparruan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

b) Ikastetxea aukeratzea eta, hala behar denean, ikastetxea aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).

e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Adingabearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzea izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin eta larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.

2.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. Adingabearen zaintza eta jagoletza Juana Maria Cortez Aviles amari esleitzen zaizkio.

3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da ezartzen aitaren eta semearen arteko bisita-araubiderik. Aitak borondatea agertzen badu semearekiko harremanari berriz ekiteko, gurasoen arteko adostasunez finkatuko dira bisitak, eta, adostasunik ez badago, neurri hori aldatzeko eskatu ahal izango dute horretarako legez ezarritako prozeduraren bidez.

4.– Mantenu-pentsioa. Aitak seme adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean 250 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; indizea abendutik abendura zenbatuko da, eta lehen eguneratzea 2019ko urtarrilaren batean gauzatuko da.

5.– Ezohiko gastuak. Gurasoek erdibana ordainduko dituzte semearen ezohiko gastuak, ados baldin badaude eta gastuak agiri bidez egiaztatuta geratzen badira. Bi gurasoen adostasunez erabakiko da halako gastuak egitea, edo, ados ez badaude, epaile batek baimena emanda, eta, betiere gastuak egin baino lehen. Kontzeptu horretatik kanpo, zenbait gastu utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira). Beste zenbait gastu, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.

Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo adingabearentzat oso komenigarria bada eta familiaren egoerari egokitzen bazaio. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Ezohiko gastuak ordaindu beharra amaitu egingo da semea, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe 150. eta 152. artikuluetan betebeharra amaitzeko adierazten diren kausak.

6.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.

Berariaz ez da kosturik ezartzen.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Celbyn Humberto Turcios Valladares demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.

Interesdunak eskuragarri du jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, auzitegi honetako bulego judizialean.

Donostia, 2017ko abenduaren 27a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala