Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2018ko urtarrilaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
178

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialaren 8. aldaketa puntualaren inguruko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2017ko abuztuaren 9an, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialaren 8. aldaketa puntualaren inguruko ingurumen-txosten estrategikoaren prozedura izapidetzen hasteko eskabidea osatu zuen Vitoria-Gasteizko Udalak. Eskabidearekin batera, hainbat agiri aurkeztu zituen, hala nola, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-agiri estrategikoan, agiri hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko urriaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarri hartuta. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza –guztiak Eusko Jaurlaritzakoak–; Ura-Uraren Euskal Agentzia eta Arabako Ekologistak Martxan. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalari.

Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iruditzen zaizkion ingurumen arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzeko helburua izanik.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialaren 8. aldaketa, zeina ebazpen honen aztergai baita, ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean –ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak jasotzen du, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien planen eta programen aldaketa txikiei ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaiela –horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua–, betiere aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Agiri teknikoak eta Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialaren 8. aldaketa puntualaren inguruko ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko nahikoa judizio-elementu du, eta ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialaren 8. aldaketaren inguruko ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, plana), Vitoria-Gasteizko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xede-eremua Vitoria-Gasteizko «Arkaiate» 12 sektorearen barnean dago, Salburuaren hedapenaren ekialdereneko gunean, Elorriaga nukleoaren hegoaldean eta Arkaia nukleoaren iparraldean. 413.791 m2-ko hedadura du sektoreak, eta bizitegi-erabilera du, nagusiki.

«Arkaiate» 12 sektorearen azaleraren parte bati eragiten dio planak, zehazki, 14.367 m2-ko azalerako partzela bati; egun, landare-lurra biltzen da bertan, eta horren perimetroa erabat urbanizatua dago.

Planaren xedea da oinezkoentzako pasagune baten eraikuntza baimentzea, zeinak lotuko baititu Nebera gaina eta Arkaia herria Errekaleor ibaiaren korridorearekin eta, oro har, 12. sektorearekin. Indarreko plan partzialak aurreikusitako ordenamendu xehatua aldatzera behartzen du pasabidearen ainguratzeak. Aldaketa hauek sartzen dira ordenamenduan, nagusiki:

– 5.542 m2-ko gune berde bat sortzen da.

– Ekipamendu komunitarioen azalera txikitzen da (8.898 m2-tik 3.080 m2-ra).

– RCP17 bizitegi-partzela ipar-mendebaldeko izkinatik hego-ekialdekora lekualdatzen da, pasabidetik igarotzea ez oztopatzeko; zuzkidura-partzela, aurrekoa baino azalera txikiagokoa, hasieran RCP17rentzat aurreikusitako gunea okupatzera igarotzen da.

Bestelako parametroak ez dira aldatzen, eraikigarritasuna, dentsitatea eta eraikigarritasun haztatua, besteak beste.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusirik, proposatutako aldaketak ez du ezartzen ingurumen-inpaktua egin behar zaien proiektuak baimentzeko esparrua. 12. sektorean garatzeko proiektuen etorkizuneko baimenerako kokapen, ezaugarri, dimentsio edo funtzionamenduari dagokionez, besteak beste, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Plan Partziala bera dira baldintzatzaileak dituzten tresnak. Aztertutako aldaketa Plan Partzialaren ordenamendu xehatua aldatzera eta oinezkoentzako pasabide baten egikaritzea barne hartzera mugatzen da, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako batekoa ere ez den jarduketa.

b) Beste plan edo programa batzuekin duen zerikusia: «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialean ezarritako ordenamendu xehatua aldatzen du planak, beraz, baiezta daiteke ez duela inongo eraginik izango beste planen edo programen gainean eta bateragarria dela sektoreko edo lurraldeko plan konkurrenteekin.

c) Plana edo programa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Planaren zehaztapenak onartzearen azken ondorioa da hiri-kalitatea hobetzea, gune berdeetarako espazio libreak handitzen baitira, eta elementu bat gehitzen da, pasabidea, zeinak oinezkoentzako lotura bultzatzen baitu sektorearen eta alboko espazio libreen artean, Errekaleor ibaiaren korredorearekin, bereziki.

Gainera, eraikigarritasuna gutxitzen du planak etxadiaren iparraldean, akuiferoen kalteberatasun altu edo oso altuak eragindako gunean, horren gaineko eragina gutxituz gisa horretan.

Hori dela eta, Plan Bereziaren helburua egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Plana egoki jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legeria txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

ZEC/ZEPA ES2110014 Salburua Babes Eremu Periferikoan dago planaren eraginpeko eremua, Natura 2000 Sareko espazioa. Gainera, hauetan barne hartuta dago Salburuko hezegunea: nazioarteko garrantzia duten hezeguneei buruzko Ramsar hitzarmeneko zerrendan, Espainiako hezeguneen inbentarioan eta Ebroko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan.

Babes Eremu Periferikoaren mugaketa-irizpidea geologikoa/hidrologikoa da, eta funtsean bat egiten du Vitoria-Gasteizko kuaternarioko akuiferoaren lurrazpiko birkarga-guneekin. Barne hartzen ditu, beraz, kuaternarioko akuiferoaren guneak, zeinaren drainatzeak elikatzen baititu hezeguneak (lurrazpiko birkarga) eta, etengabe edo aldizka, hezegunean ura ateratzen duten erretenak. Hezeguneko erreka influenteak ere barne hartzen ditu.

Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialak jadanik barne hartzen ditu Vitoria-Gasteizko kuaternarioko akuiferoaren dinamikaren, eta, ondorioz, erlazionatutako hezeguneen gaineko eragina minimizatzeko neurri zuzentzaile batzuk. Hauek dira funtsean aipatu neurriak, baliabide hidrologikoen kalitatea eta kantitateari eustera bideratuak:

– Lurrazpiko uren kalitateari eragiteko arriskua minimizatzeko neurriak, bereziki saneamendu-sarearen estankotasuna bermatzea eta neurriak hartzea bideetan ustekabeko isuriak saihesteko, zeinak akuiferoari eragin baitiezaiokete.

– Akuiferoaren drainatzea saihesteko neurriak, eta lurrazpiko fluxuari hesiak ezartzea. Horretarako, saneamendu-sarea, ahal den guztietan, akuiferoaren maila piezometrikoaren gainean jarriko da, akuiferoan zehar drainatzea saihesteko. Halaber, zoladuraren azpian (putzu edo baltsa iragazleak edo antzekoak) iragazte-elementuak izango dira, zeinetara lotura izango baitute erakinetatik jaisten diren euri-urek. Gainera, akuiferoaren eragin-eremuaren zorupean eraikitzea mugatzen da, eta eraikinen kanpo aldeko perimetro-drainadurako sistemak debekatzen dira, akuiferoaren gaineko eragin posibleak saihesteko, sotoen estankotasuna bermatuz.

Planeko proposamenak aztertuta, ez da aurreikusten bizitegi-partzelen, gune berdeen eta ekipamenduen kokapenak akuiferoaren gaineko eragin negatiboa izan dezakeenik. Baztertzen da, halaber, pasabidea egiteak eragin nabaria izan dezakeenik ez akuiferoaren gainean, ez Salburuarako ibaiadarren uren kalitatearen gainean. Gainera, proposatutako aldaketak eraikigarritasuna pixka bat gutxitzen du etxadiaren iparraldean, akuiferoen kalteberatasun altu edo oso altuak eragindako gunean, horren gaineko eragina gutxituz gisa horretan.

Inpaktu akustikoaren azterketak erakusten du ez direla betetzen kalitate akustikoaren helburuak trenbiderantz bideratutako guneetan eta sektoreko kale nagusietan, eta bide nagusietan zirkulazioko gehienezko abiadura 30 km/h-ra jaisteko eta trenbidearen trazan zehar altura handiko soinu-pantailak ezartzeko bideraezintasun teknikoa eta ekonomikoa jasotzen da. Beraz, babes akustiko bereziko eremu deklaratu behar da.

Halaber, bete beharko dira, orobat, etxebizitzen edo bizitegi-erabilerako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplikatu beharreko zarata eta bibrazioetarako soinu-kalitateko helburuak, zeinak aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko B eta C tauletan adierazita baitaude.

Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: ez da aurreikusten Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «Arkaiate» 12 sektorearen Plan Partzialaren 8. aldaketak eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala