Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2017ko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6297

136/2017 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, euskal hezkuntza-sistemaren diagnostiko-proiektua garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, euskal hezkuntza-sistemaren diagnostiko-proiektua garatzeko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 20KOA 136/2017 EBAZPENARENA.
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINSITRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, EUSKAL HEZKUNTZA-SISTEMAREN DIAGNOSTIKO-PROIEKTUA GARATZEKO.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 19an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo, Hezkuntzako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Hitzarmen hau sinatzeko baimena duena, Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 5ean egindako bileraren ondorioz.

Bestetik, Miren Nekane Balluerka Lasa, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean UPV/EHU) errektorea, unibertsitate horren izenean eta haren ordezkaritzan, UPV/EHUren Estatutuek emandako eskumenen babesean.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– UPV/EHU Zuzenbide Publikoko instituzioa da, gizartearen zerbitzura dagoena, eta goi-mailako irakaskuntza-zerbitzua eskaintzen du irakaskuntzaren, ikerketaren, azterketaren eta kultura- eta unibertsitate-proiekzioaren bitartez.

UPV/EHUren helburuen artean daude ezagutzen sorkuntza, kritika eta transmisioa; euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberasten parte hartzea; garapen ekonomikoan eta gizarte-ongizatean parte hartzea; unibertsitatea ezagutaraztea eta zabaltzea; hori guztia, batez ere, desberdintasun sozial eta kulturalak murriztera orientatuta eta bizitza politiko, kultural eta sozialean hobeto parte hartzea ahalbidetzen duten baldintzak sortzera bideratuta.

UPV/EHUko Analisi Ekonomikoaren Oinarriak II izeneko Sailak baditu adituak, ikertzaileak, esperientzia eta partaidetza proiektuaren xede diren alorretan, eta ikerketa-proiektu hori esparruko erreferente bihur dadin helburua du, hartara, lagungarri izateko UPV/EHUren garapenean eta unibertsitate ikertzailean, mundura irekita baina lurraldean eta kulturan errotuta dagoen unibertsitatean. Sailak, gainera, Eusko Jaurlaritzak bikaintasunezkotzat kalifikatutako 2 talde ditu.

Bigarrena.– Hezkuntza Sailak Autonomia Estatutuan ezartzen diren ahalmenak ditu irakaskuntzaren alorrean, araubide orokorrekoak zein araubide berezikoak, etapa eta maila desberdinak barnean direla, baita goi-mailako hezkuntza eta bizitza osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere. Hori guztia Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuaren arabera.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta UPV/EHUk zenbait lankidetza izan dituzte politika publikoen esparruan.

Bi instituzioek lankidetza-hitzarmen bat ezartzeko interesa dute, euskal hezkuntza-sistemaren diagnostiko-ikerketa egiteko proiektua garatzeko eta, horri esker, hezkuntza-esparruko helburuak hobeto betetzea eta garatzea ahalbidetzeko. Proiektu hori esparruko erreferente izan dadin xedearekin jardungo dute.

UPV/EHUk, helburuak betetzeko, autonomia-erregimenean jardunez eta Estatutuekin eta gainerako lege-esparruarekin bat, giza kapital garrantzitsua du ikertzaileei, administrazio eta zerbitzuetako langileei eta baliabide materialei, instalazioei eta azpiegiturei esker, zenbait baliabide aipatzearren.

Bestalde, Hezkuntza Sailak, hezkuntzaren ikuspegi osotik abiatuta, euskal hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzen jarraitzeko beharra du, ekitatea, gizarte-kohesioa, balioetan heztea, pluraltasuna errespetatzea eta pentsamendu- eta sinesmen-askatasuna sustatuz, orobat giza eskubideak eta aniztasunaren defentsa bultzatuz. Azken urteetan aldaketa handiak egon dira hezkuntzan, eta horiei erantzuteko, bada, komeni da hezkuntzaren gainean dugun ikuspegia eguneratzea eta berritzea. Bikaintasuneranzko urratsak eman behar dira, ekitatearen oinarrian eta kalitatea mantenduz. Ahalegin horretan, euskal hezkuntza-sistemaren diagnostikoa egiteko proiektua apustu estrategiko biziki garrantzitsua da.

Horregatik, aipatutako lana gauzatzeko, UPV/EHUren lehiaketa erabakigarria izango da, ezagutza aditua sortzeko erreferentziazkoa izateagatik eta baita nazioarteko ikuspegiak sendotzeko eta barne hartzeko duen ahalmenarengatik ere.

Adierazitako guztiagatik, erakunde bien artean aipatutako lankidetza gauzatzeko helburuz, dokumentu honetan biltzen den lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dute bi aldeek. Hona hemen hitzarmenaren:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza arautzea da, Euskal Hezkuntza Sistemaren diagnostiko-proiektua garatzeko.

Proiektu horren bidez, Euskal Hezkuntza Sistemaren diagnostiko zehatza lortuko da, ikuspegi eta aldagai ekonomiko zein irakaskuntzazkoak jasoz eta erlazionatuz, gaia modu osoan tratatzeko moduan, honako bi lan-ildo hauekin:

– Irakaskuntzarako Gastu eta Zerbitzu Publikoaren analisia, hezkuntzako gastu publikoaren eraginkortasuna eta ekitatea sakon azaltzeko. (Eboluzio xehakatua, nazioarteko konparazioa, gastuaren ezaugarriak ekitatearen oinarrian, banaketa, euskal hezkuntza-sektorearen helburuen arabera eta abar).

– 2009. urteaz geroztik egin diren Diagnostiko Ebaluazioetatik ondorioztatzen den informazioa konparatzeko azterketa (euskal hezkuntza-ereduaren ahidura-faktoreak identifikatzeko proben luzetarako izaera; jardunbide egokiak identifikatzea, balio erantsiko eredu estatistikoak erabiliz; eskolako errepikapenek ikaskuntzan duten inpaktu kausala ebaluatzea, egindako kanpo ebaluazio diagnostikoetako lagin-desberdintasunak erabiliz, besteak beste).

Bigarrena.– UPV/EHUren konpromisoak.

Honako hauek dira UPV/EHUk Hitzarmen honi dagokionez hartuko dituen konpromisoak:

– Proiektuko ikerketa- eta dibulgazio-jarduerak sustatzea eta egitea, adostutako jarduera-planaren eta aurrekontuaren arabera.

– Hezkuntza Sailari bere ekarpenaren jomuga justifikatzea. Horretarako, Hitzarmena amaitu aurretik, proiektuaren kostua justifikatuko duen Memoria ekonomikoa aurkeztuko da, eta erantsi egingo dira fakturen eta zazpigarren klausulan aipatzen diren gainerako justifikazio-dokumentuen kopia.

– Hezkuntza Sailari lan-ildo bakoitzean eta ikerketa-proiektu globalean prestatzen diren argitalpen edo material ororen aleak helaraztea formatu digitalean.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak.

Honako hauek dira Hezkuntza Sailak hartutako konpromisoak, hitzarmen honi dagokionez:

– Analisiaren oinarri gisa, Ikastegien eta ikasleen Hezkuntza Errolda eskaintzea, ikastegi bakoitzaren informazio orokorra, langile irakasle eta ez-irakasleak zein horien ezaugarriak, ikasleak eta hezkuntza-etaparen ezaugarriak eta ikastegiaren bestelako ezaugarriak aurkeztuz.

– Ikastegietako eta zerbitzu osagarrietako gastuaren datuak eskaintzea.

– ISEI-IVEI Institutuko diagnostiko-ebaluazioetako datuak eskaintzea.

– Proiektua garatzeko jarduketen segimenduan parte hartzea.

– Proiektua garatzeko beharrezko finantzaketa eskaintzea.

Laugarrena.– Hitzarmenaren egikaritzaren segimendua.

Alderdiek ordezkari bana izendatuko dute hitzarmen honen egikaritzaren segimendua egin ahal izateko, eta hitzarmenaren garapenean sor litekeen desadostasun oro modu lagunkoian interpretatu eta ebazteko.

UPV/EHUren ordezkaria Analisi Ekonomikoaren Oinarriak II Saileko Katedraduna izango da, Sara de la Rica.

Hezkuntza Saila ordezkatuz, Kabinete eta Komunikazioko zuzendariak jardungo du.

Bosgarrena.– Alde sinatzaileen ekarpenak.

Hezkuntza Sailaren ekarpen ekonomikoek eta UPV/EHUk egindako ekarpen ez-diruzkoek finantzatuko dute proiektua, baita aurreikusitako jardueren esparruan lor litezkeen diru-laguntzek, laguntzek eta beste finantza-iturri batzuek ere.

a) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ekarpenak:

Hezkuntza Sailak 45.000 euroko guztizko zenbateko maximoa esleituko du hitzarmen honetan aurreikusten diren ekintzak gauzatzeko; hori 2017ko aurrekontuan definitutako «Hezkuntza-difusioko jarduerak diruz laguntzea» aurrekontu sortan kargatuko da: 07 4231 01 45499 003.

Horrez gain, eta konpromisoen klausularekin bat, Sailak UPV/EHUren eskura jarriko ditu ikastegi eta ikasleen Hezkuntza Errolda, ikastegi eta zerbitzu osagarri bakoitzeko gastuen datuak eta ISEI-IVEI institutuaren diagnostiko-ebaluazioetako datuak.

Hezkuntza Sailaren ekarpen ekonomiko hau bateragarria izango da beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk –izan Estatukoa, izan Europar Batasunekoa edo izan nazioartekoa– eman litzakeen helburu bereko diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere, diruz lagundutako jardueren kostua gainditzen ez bada eta aldi berean jaso daitezkeen diru-laguntzen araudiak gaiari buruz ezar dezakeenaren kalterik gabe.

b) UPV/EHUko Analisi Ekonomikoaren Oinarriak II Sailaren ekarpenak:

UPV/EHUk proiektuaren eskura jarriko ditu beharrezkotzat jotzen dituen baliabide pertsonalak eta materialak, proiektua garatu beharreko jardueren arabera gauzatu dadin.

Seigarrena.– Ordaintzeko modua.

UPV/EHUk, aurreikusitako jarduerak egiteko, beti aurretiazko finantzaketa izan dezan nahi denez, hitzarmen hau sinatu ostean eta izendatutako alderdiek Hitzarmenaren egikaritzaren segimendua egiteko jarduera-plana onartu ostean ordainduko da Hezkuntza Sailak emango duen eta bosgarren klausulan aipatzen den zenbatekoa.

Zazpigarrena.– Justifikazioa.

Jarduera-plana aurretiaz onartu ostean, hitzarmen honen xede diren ekarpen ekonomikoak justifikatzeko, benetan egindako gastuen zerrenda aurkeztuko da, honako agiri hauen bidez:

1.– Lan-ildo bakoitzean edota ikerketa-proiektu globalean egiten den argitalpen edo material ororen kopia, formatu digitalean, hitzarmen honetan jasotako jarduerak eta lortutako emaitzak betez.

2.– Txosten edo memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauez osaturik:

– Hitzarmenaren xedeak lortzeko egindako gastuak frogatzen dituen memoria, baita sailkatutako zerrenda (Excel formatuan) ere, hartzekoduna, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data adierazten dituena, gastu bakoitzaren euskarri-dokumentuaren erreferentzia jasota. Euskarria faktura bat izango da, edo merkataritzako esparru juridikoan baliokide den dokumentu bat, edo administratiboki eraginkorra den bat.

– Jarduerak finantzatu dituzten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita, halakorik balego.

Unibertsitateak jasotako diru-laguntzen zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek, Estatukoek zein nazioartekoek, emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak batuta, ez da inoiz ere diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izango.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren iraupena. Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldiak sinatzen den unetik hasi eta 2018ko abenduaren 31ra arte iraungo du.

Bederatzigarrena.– Izaera eta interpretazioa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta administrazio-zuzenbidearen bidez interpretatu eta garatuko da.

Hamargarrena.– Gatazkak ebaztea.

Aldeek hitzarmen hau betetzean sor daitezkeen ezadostasun guztiak konpontzeko konpromisoa hartzen dute, dauzkaten bitartekoak erabiliz, elkarrizketaren eta negoziazioaren bitartez.

Gatazkarik badago, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoei dagokie sortuko diren auzigaien berri izatea.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena salatzea eta indargabetzea.

Alderdi sinatzaileetako edozeinek hitzarmena ez betetzea hitzarmena indargabetzeko arrazoia da. Hitzarmena indargabetzeko, beste alderdiari gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio, idatziz.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdientzat, hauek izango dira hitzarmena indargabetzeko arrazoiak: hitzarmeneko klausulak eta hitzarmenaren izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian dagoen beste edozein klausula ez betetzea.

Nolanahi ere, hitzarmenaren salaketa jakinarazten duten unean abian diren ekintzak bukatzeko konpromisoa hartzen dute alderdiek.

Hitzarmen honen edukiaren interpretazioak, aldaketak, ondorioek eta indargabetzeak sor ditzaketen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ezagutu beharko ditu, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoari jarraiki.

Hamabigarrena.– Aldaketak.

Hitzarmen honi egindako edozein aldaketa ez-funtsezko lehendabizi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta UPV/EHUri jakinarazi beharko zaie eta haiek oniritzia eman beharko diote; horrez gain, bi erakundeetako dagokien organoek onartu beharko dute.

Aldeek, ados daudela adierazteko, lankidetza-hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan aipatutako lekuan eta egunean.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

MIREN NEKANE BALLUERKA LASA.


Azterketa dokumentala