Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2017ko abenduaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6112

AGINDUA, 2017ko azaroaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Fundación Enrique Lartundo» fundazioaren azkentzea eta likidazioa berretsi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko abuztuaren 9an, «Fundación Enrique Lartundo» fundazioaren azkentzea eta likidazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea jaso zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu baten bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan hala ezarrita baitago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legeko 40., 41. eta 51.2 artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 46. artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan, eta fundazioaren estatutuetan.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea «Fundación Enrique Lartundo» fundazioaren Patronatuak 2017ko uztailaren 20ko bileran hartutako erabakia, zeinaren bidez azkentzen eta likidatzen baita «Fundación Enrique Lartundo» fundazioa eta zehazten baita fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoaren destinoa. Erabaki hori 2017ko uztailaren 20an Donostiako Enrique García Jalón de la Lama notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez gauzatu zen (protokolo-zenbakia: 1161).

Bigarrena.– Fundazioa azkentzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Hirugarrena.– «Fundación Enrique Lartundo» fundazioaren likidazio-prozesua amaitutzat jotzea, eta beraren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta Fundazioari bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 30a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala