Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2017ko abenduaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
6110

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 30ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2018ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei diru-laguntzak emateko deialdia egin eta diru-laguntza horiek arautzen dituena. Diru-laguntza horiek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa ahalbidetzeko emango dira.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Aipatu helburuak lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, eta bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen daude-eta. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak tokiko administrazioaren eskumenak zehazten ditu 7. artikuluan. Horien artean, 1.c) atalean, honako hauek aipatzen ditu: «toki-eremuan programak egitea, Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruaren barruan». Bestalde, 15.3 artikuluak dio udalek berdintasunerako planak edo programak onetsiko dituztela, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta gidalerroekin bat.

Horri dagokionez, legegintzaldi bakoitzean EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana tokian tokiko esparruan gauzatzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasun-planak abiatu ditu Plana bultzatu eta sustatzeko, bultzatzaile izatea baitagokio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 5.e) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 5.k) artikuluan, egiteko hau ezarri dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari, kasu honetan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari: «Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-erakundeei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea».

Esandako guztia dela-eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beharrezkotzat jotzen du udalerriei, koadrilei, udalerri-multzoei eta mankomunitateei laguntzea, laguntza teknikoa lortzeko diru-laguntzen bidez diagnostikoak egin ditzaten eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egin eta ebaluatu ditzaten. Horretarako arautu dugu diru-laguntzetarako deialdi hau, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera.

Ebazpen honetan, egokitzat jo da diagnostikoak eta/edo planak indar handiagoz sustatzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak garatzen hasi diren eta oraindik udalbatzak onartutako planik ez duten udalerri, udalerri-multzo, koadrila eta mankomunitateetan; hori dela-eta, laguntza ekonomikoak esleitzerakoan lehentasuna emango zaie, lurralde-oreka handiagoa lortzeko xedez. Hori horrela izango da baldin eta tokiko erakundeek hasitako berdintasun-politiken jarraipena bermatzeko konpromisoa agertzen badute. Mankomunitate, koadrila eta udalerri-multzoek elkarturik proiektuak egiteari lehentasuna emango zaio, politika publikoek beren ingurunean garrantzi eta oihartzun handiagoa dutelako. Berdintasunerako teknikariaren kontratua luzatzeari eta/edo zuzeneko kontratazioari ere lehentasuna emango zaio.

Bestetik, deialdi hau 2017ko azaroaren 27an onartutako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren babespean egiten da. Era berean, diru-laguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategiaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta lege horren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2018ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2018an Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei eta 4.3 artikuluan aipatzen diren elkarteei emango dizkien diru-laguntzak arautzen dira ebazpen honen bidez, eta horien deialdia egiten da. Emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoa egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko emango dira diru-laguntzak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.3 artikuluan ezarritakoa betez eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. Diru-laguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatuko dira, aurrekontuko IV. kapituluko kredituetan zehaztutako mugen barruan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa, hasieran behintzat, hirurehun eta hirurogei mila (360.000) eurokoa izango da.

2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da xede horretarako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko dira, 10.1 artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Puntu gehien lortzen dituen eskaeratik hasi eta aurreko artikuluan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte emango dira diru-laguntzak.

2.– 10.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuek soilik jaso dezakete laguntza, betiere, 11. artikuluan ezarritako gehienezko muga gainditu gabe: 15.000 euro, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek programa bateratu bat aurkezten badu.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz, diagnostikoak eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egin eta ebaluatu nahi dituzten EAEko udalerri, koadrila, mankomunitate eta udalerri-multzoek eska ditzakete ebazpen honetan araututako diru-laguntzak. Laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili beharko dute diru-laguntza. Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, honako hauek batez ere:

– Egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz, salbu eta eskatzaileak baimena berariaz ukatzen badu.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere organo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Ez dira onuraduntzat hartuko lehenengo atalean sartutako erakundeen menpe edo horiei lotuta dauden edo horietan partaidetza duten pertsona juridikoak, zuzenbide publikokoak edo pribatukoak.

3.– Koadrila, mankomunitate eta bi udalerriren edo gehiagoren multzo batek diru-laguntza programa bateratu bat egiteko eskatzen badu, proiektuko udalerri guztien berariazko baimena jaso beharko da eskabidean. Horietan sartuta dauden udalerriek ezingo dute euren kabuz laguntzarik eskatu multzoak, koadrilak edo mankomunitateak eskatutakoaren antzeko proiektu baterako. Gainera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

Era berean, proiektu batzuk zenbait udalerrik elkarrekin egitekoak badira, udalerri horietako batek edo batzuek ezingo dute proiektua zatituta aurkeztu.

Halaber, udalerri-multzoen kasuan, udalerri bat izendatu beharko da diru-laguntzarako programa kudeatzeko eta ordaintzeko ekintzak balioz gauzatzeko.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Erakundearen helburuekin bat etorriz, laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira diru-laguntzak. Laguntza teknikoa, bestalde, EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz, tokian-tokian emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasun planak egin eta ebaluatzeko izango da, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 16ra arte.

Jarduera horretan sartzen dira diagnostiko eta plan orokorrak egitea (udal jardueraren zati handiena hartzen dutenak) eta diagnostikoak eta plan sektorialak eta/edo estrategikoak egitea, indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko protokoloak barne direla, bai eta horiei dagozkien ebaluazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzak egitea ere.

Deialdi honen helburua ez da planetan aurreikusitako ekintzen betearazpena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza teknikoa ematea ere.

2.– Diagnostikoa egiteko edo berdintasun-plana egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabil daitezke laguntzak. Zehazki, gastu hauek onartuko dira:

– Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzeagatiko gastuak edo berariaz lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzeagatiko gastuak.

– Laguntza teknikorako kontratatutako pertsonen eta aholkularitza-enpresen gastuak. Horiek, era berean, partez bakarrik azpikontratatu ahal izango dute, proiektuaren guztizko zenbatekoaren % 20 gainditu gabe.

– Aparteko zailtasunak dituzten pertsonek edo askotariko bereizkeria jasaten dutenek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.

3.– Diruz lagundutako proiektua garatzeko, aholkularitza-enpresek izendatzen dituztenek eta/edo kontratatu diren edo kontratatuko diren teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza dutela egiaztatu beharko da; zehazki, gutxienez izan beharko dute 150 orduko ikastaro bat –administrazio publiko batek edo unibertsitate batek emana edo egiaztatua–, eta/edo urte biko esperientzia profesionala berdintasun-teknikari lanetan.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko urtarrilaren 30ean amaituko da (egun hori barne).

2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/2018/udaletxeak/y22-izapide/eu

3.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

4.– Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko. https://www.euskadi.eus/informazioa/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/

5.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, 14.f) artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.1.– Eskabide-eredua, zinpeko adierazpenekin batera, honako hauek egiaztatzeko:

Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.

Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

Erakunde eskatzaileak egunean dituela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den eran.

Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

1.2.– Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera.

1.3.– Koadrila edo mankomunitatearen estatutuen fotokopia. Mankomunitate-elkartearen izaera juridikoa eta jarduera-mota adierazi beharko dira.

1.4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntzaren fotokopia eta/edo esperientziaren egiaztagiria (5.3 artikulua).

1.5.– Lan-prozesua jasotzen duen proiektuaren deskribapena; lana, gehienez, 2018ko abenduaren 16an bukatu beharko da (II. eranskinaren arabera).

1.6.– Laguntza teknikorako diru-laguntza udalbatzak edo dagokion osoko bilkurak onartutako planik ez duen udalerriak, koadrilak, mankomunitateak edo udalerri-multzoak eskatzen badu, hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa agertu beharko du organo eskudunak. III. eranskina – Berdintasunaren alorrean hasitako politikekin jarraituko delako konpromisoa.

1.7.– Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzen denean edo lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzen direnean, horren egiaztagiria, agintari eskudunak egina. IV. eranskina – Zuzeneneko kontratazioak egiteko edo kontratua luzatzeko konpromisoa.

1.8.– Proiektua koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek egiten badu, udalerri bakoitzaren onarpen adierazia jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da, 4. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera. V. eranskina – Proiektua elkarlanean egiteko konpromisoa.

1.9.– Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.

2.– Ondoren aipatzen diren agiriak ere aurkez daitezke, merezimendutzat baloratuko baitira (10.1.B artikulua):

2.1.– Udalerrietan, koadriletan, mankomunitateetan eta udalerri-multzoetan aukera-berdintasuneko agente plazak daudela edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza duten langile kontratatuak berdintasunerako politiketan lanean jarri direla frogatzen duen ziurtagiria. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.

2.2.– Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko udalerri bakoitzak 2018. urterako aurrekontuan jarritako ehunekoa egiaztatzen duen agiria. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.

2.3.– Udalerri, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzoko Emakumearen Toki Kontseiluaren edo parte hartzeko organoaren erregelamenduaren (edo, hori izan ezean, beste egiaztagiri baten) kopia. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.

3.– Era berean, nahi izanez gero, «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia ere aurkeztu ahal izango da. Inprimaki hori ez da aurkeztu beharko erakundea Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda baldin badago. Beharrezkoa izango da inprimaki hori aurkeztea aldaketaren bat egonez gero (kontu zenbaki desberdina, edo ordezkaritza aldatzea mankomunitatean, koadrilan edo udalerri-multzoan).

4.– Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hona hemen kideak:

Batzordeburua: Zuriñe Elordi Romero, idazkari nagusia.

Bokalak:

– Rafael Junguitu Uribe, Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

– Ander Bergara Sautua, Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna.

– Goiatz Mínguez Mugertza edo María Sierra Armas, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko teknikariak.

– Izaskun Fernández Otegi, Aholkularitza Juridikoko Arloko arduraduna.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna izango da idazkaria.

10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko, hautaketa-batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. 65 puntu gehienez.

– EAEn indarrean dagoen Berdintasunerako Planarekin bat etortzea, bere testuinguruari eta egiturari dagokienez. 10 puntu gehienez.

– Udal errealitatera egokituta egotea; proposamenak zein neurritan hartzen duen kontuan udalerriaren eta udalerria osatzen duten pertsona eta taldeen ezaugarriak (berariaz aintzat hartuta aniztasun soziala, kulturala, ekonomikoa...) eta non kokatzen den udalaren berdintasun-egitura eta -politiken garapenean. 15 puntu gehienez.

– Proiektua argi azalduta egotea (planteatutako lan-prozesua, helburuak eta metodologia, alderdi berritzaileak, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema, etab.) eta proiektua bideragarria izatea, garatu beharreko lan-prozesuaren ezaugarriak eta horretarako proposatutako aurrekontu eta lan-egutegia kontuan hartuta. 40 puntu gehienez.

B) Genero-ikuspegia zenbateraino dagoen instituzionalizatuta (berariaz berdintasun-politikarako zenbat langile eta zenbaterako aurrekontua dagoen, emakumeek parte hartzeko organo iraunkorrak egotea). 15 puntu gehienez.

C) Aparteko zailtasunak edo askotariko bereizkeria duten emakumeen parte-hartzea bermatzeko neurriak. 5 puntu gehienez.

D) Berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzea edo udalerri, koadrila edo mankomunitateko teknikaren kontratua luzatzea. 10 puntu gehienez.

E) Proiektua mankomunitate, koadrila eta/edo udalerri-multzoen bidez elkarte bat osatuta egitea. 5 puntu gehienez.

F) Diagnostikoa eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana lehenengo aldiz egin behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, koadrilek edo mankomunitateek 15 puntu izango dituzte, baldin eta hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa hartzen badute. Ez zaie punturik emango plan sektorialei, ez eta soilik barrurako direnei eta berdintasunerako ordenantzei ere.

2.– Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza eskatzen den jardueretarako onartutako aurrekontuaren % 75 izango da diru-laguntzaren zenbatekoa. Proiektu bakoitzeko 15.000 euro emango dira gehienez, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek aurkezten badu.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada.

Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, prozedura horren ebazpena Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari dagokio, Hautaketa Batzordearen proposamenaren arabera, eta interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.

2.– Hartzen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman den kasuetan, laguntza jaso duten erakundeen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatuen kasuan, erakunde eskatzaileen izena, jarduera-proiektua eta zergatik ukatu den adieraziko da.

3.– Ebazpen horretan, hala badagokio, ordezko erakundeen zerrenda bat jasoko da (puntuazio-hurrenkeraren arabera), onuradunek laguntzari uko egiten dioten kasuetarako.

Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

4.– Puntuazioan berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko honako irizpideen arabera ezarriko da hurrenkera. Irizpide hauek hurrenez hurren aplikatuko dira:

– Lehen diagnostiko edo plana izatea.

– Proposamenaren argitasun eta bideragarritasunean puntuazio handiagoa izatea.

– Puntuazio handiagoa izatea EAEn indarrean dagoen berdintasunerako planari egokitzeari dagokionez.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskaera egin duten udalerriei, koadrilei, mankomunitateei edo udalerri-multzoei, urriaren 1eko 39/2015 Legeko 40.etik 43.era bitarteko artikuluetan ezarritakoaren arabera eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Era berean, orokorrean herritar guztiei jakinarazteko asmoz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako diru-laguntzen, ordezkoen eta ukatuen zerrenda (emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako inbertsio proiektuak, eta ukatzeko arrazoiak adierazita).

6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da –gehienez ere–, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek, ebazpen hau dela bide, ondoren adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte beti, bai eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoak ere.

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela ulertuko da.

b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia aurkeztu behar dute, baldin eta erakundea dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda ez badago edo eskaerarekin batera aurkeztu ez bada. Beharrezkoa izango da inprimaki hori aurkeztea aldaketaren bat egonez gero (kontu zenbaki desberdina, edo ordezkaritza aldatzea mankomunitatean, koadrilan edo udalerri-multzoan).

c) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

e) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko. Beste edozein laguntza edo diru-laguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.

f) Diruz lagundutako jardueren publizitatea egiterakoan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da. Horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, zeina hedatu beharreko publizitate-euskarrian jarriko baita, marka hori inprimatzeko edo ikusteko moduan izan dadin, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (EHAA, 205. zk., 1999-10-26koa). Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan.

g) Hizkuntza ofizial biak –gaztelania eta euskara– erabili behar dituzte diruz lagundutako proiektua egitetik ondorioztatzen diren dibulgazio-jardueretan eta materialak editatu eta/edo argitaratzean.

h) Hizkera ez sexista erabili behar dute, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea duten irudiak erabili beharko dituzte diagnostikoari edota planari buruzko komunikazio edota zabalkunde ekintza guztietan.

15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza; horretarako, 2018ko abenduaren 16a baino lehen –egun hori barne–, agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Diru-laguntza jaso duten jarduerak direla-eta egindako gastuak justifikatzeko, jatorrizko fakturak, nominak edo soldata justifikatzen duten agiriak; edo diru-laguntza jaso duten jarduerei dagokienez egindako gastua justifikatzen duten jatorrizko egiaztagiriak, udalerriko idazkariak edo esku-hartze zerbitzuko arduradunak eginak. Faktura edo agirietako gastuen data 2018ko abenduaren 16koa izango da, gehien jota. Egiaztagiria eta kasuan kasuko diruz lagundutako jarduera lotzen dituzten agiri osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak, nominak...).

– Egindako lan-proiektua justifikatzeko memoria. Memoria horretan nahitaez deskribatu beharko dira lortutako helburuak, erabilitako metodologia (egindako lan-prozedura, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta berrikuntzak) eta egindako gastuen eta lortutako sarreren banakatzea, udal ekarpena zehaztuta (VIII. eranskina – Justifikazio-memoria). Era berean, sexuka banakatuta, zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua jasoko da (politikariak eta toki-erakundean lan egiten dutenak), baita zeharka onuradun direnena ere (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak eta proiektua diseinatu eta gauzatzeko kontratatzen den erakunde edo enpresa osatzen dutenak eta bertan lan egiten dutenak).

– Diagnostiko, plan eta/edo ebaluazioaren kopia, euskaraz. Baldintza berezi hori bete ezean, diru-laguntzaren zenbatekoa % 15 jaitsi ahal izango da. Agiri horietan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da, eta, horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, ebazpen honen 14.f) artikuluan jasotzen denez.

2.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

3.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatu badira –betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada– eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du eta, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Aipatu ebazpenak administrazio-bidea amaituko du.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako ez-betetzeetako bat izan dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.– Deialdian jasotako betebeharrak partez bakarrik betetzen badira, eta konpromisoak betetzera bideratu badira, jasotako zenbatekoen zati bat itzuli behar izango da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.n) eta 37.2 artikuluekin bat etorriz. Graduazio-irizpide gisa ezartzen dira ondoren jasotako baldintza osagarrien ez-betetzeak; izan ere, emandako zenbateko osoaren % 20rainoko gutxitzea ekar dezakete, proportzionaltasun printzipioa errespetatuz, betiere.

a) Diruz lagundutako jardueretan egin nahi den edozein bariazio edo aldaketa ez jakinaraztea idatziz.

b) Diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza ez adieraztea (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarrita).

c) Ez erabiltzea hizkuntza ofizial biak –gaztelania eta euskara– diruz lagundutako proiektua egitetik ondorioztatzen diren dibulgazio-jardueretan eta materialak editatu eta/edo argitaratzean.

d) Hizkera sexista erabiltzea, eta emakumeen eta gizonen presentzia ez-orekatua eta estereotipatua duten irudiak erabiltzea diagnostikoari edota planari buruzko komunikazio edota zabalkunde ekintzetan.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez direla eta, emandako diru-laguntza ezeztatu eta, hala badagokio, diru-laguntza itzultzeko jarraituko den prozedura honako honi lotuko zaio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Ebazpenaren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 30a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala