Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2017ko abenduaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
6002

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizen (Araba) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko planta bat instalatzeko Pellets Álava SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2017ko ekainaren 27an, Pellets Álava SL merkataritza-sozietateak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzan osatu zuen Vitoria-Gasteizen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko planta bat instalatzeko Pellets Álava SLk sustatutako proiektuari buruzko eskabidea, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren arabera. Arau horren 7.2.a artikuluan xedatuta dago proiektuari prozedura hori aplikatu behar zaiola.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, 2017ko uztailaren 26an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar ote zaion zehazte aldera, interesekoa izan daitekeen informazioa biltzeko.

Horrela, bada, hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza –biak Eusko Jaurlaritzakoak–; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirolaren Zuzendaritza; Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa (IHOBE); Vitoria-Gasteizko Udal Urak SA (Amvisa); Vitoria-Gasteizko Udala, eta Arabako Ekologistak Martxan.

Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza –biak Eusko Jaurlaritzakoak–; Museo eta Arkeologia Zerbitzua eta Ondare Historiko Arkitektoniko Zerbitzua –biak Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailekoak–; Amvisa, eta IHOBE. Kontsulten emaitza espedientean jasota da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei. Ebazpen honek aztergai duen jarduera aipatutako legearen II. eranskineko 9. taldearen b) letran jasota dago: «I. eranskinean barne hartu gabe dauden hondakinak balorizatu edo deuseztatzeko instalazioa, jarduerok industrialde bateko nabe baten barnean garatu ezean, edo edukiera edozein izanik ere, baldin eta industrialdeen kanpoaldean edo gune horietatik kanpo egiten bada jarduera». Horrenbestez, ingurumen-arloan indarreko legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Vitoria-Gasteizen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko planta bat instalatzeko Pellets Álava SLk sustatutako proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da, eta, beraz, baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eman behar du ingurumen-inpaktuaren txostena (zeina eskuduna baita hauen arabera: otsailaren 27ko 3/1998ko Legea, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ingurumenean, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko planta bat instalatzeko Pellets Álava SLk sustatutako proiektuari, ondoren adierazitakoaren arabera:

A) Aztergai den proiektuaren xedea da hondakin ez-arriskutsuak, zehazki, egurretik datozen hondakinak kudeatu eta balorizatzeko planta bat abian jartzea Vitoria-Gasteizko Jundizko industrialdean dagoen partzela batean.

B) Proiektu horren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Egur-hondakinak birrinketaren bidez kudeatu eta balorizatzean datza jarduera, zeina, gerora, egur konglomeratuetan erabiliko baita.

Kode hauei dagozkien hondakinak erabiliko dira: LER 030101, 030105, 150103, 170201, 191207 eta 200138. Urteko 21.360 tonakoa da aurreikusitako ekoizpen-gaitasuna (96 t/egunean).

Egur-hondakinak, jaso eta gero, biltegiratzetik kanpoko zelai batean deskargatzen dira. Zelai hori hormigoizko zolata eta lixibiatuen bilketa-sistema batekin egokitua dago, zeinak bi tratamendu-puntutara (hidrokarburoen bereizlea eta solidoen dekantatzailea) bideratzen baitu; bertan, olio eta koipeak eta partikulak bereiziko dira industrialdeko kolektorera isuri baino lehen.

Hondakinak tratatu baino lehen, hautsa sortzea minimizatzeko xedez, aspertsoreen bidez ureztatu behar dira hondakinok. Ondoren, hondakinak aurre-birrinduko dira olagarro baten bidez, eta, gero, bi birringailutara garraiatuko dira (bata edo bestea erabiliko da, birrintzeko materialaren tamainaren arabera).

Materiala, birrindu eta gero, aldi baterako metatuko da; ondoren, kudeatzaileei bidaliko zaie egur konglomeratuak egiteko.

2.– Proiektuaren kokapena:

Pellets Álava SLk Hierros Ezquerro SAren instalazioak dauden partzela berean egingo du bere jarduera, Jundizko industrialdean. Partzela osoki zolatua eta zerbitzuz hornitua dago (hornidura, saneamendua, uren sareak, etab.), eta, beraz, Pellets Álava SLren jarduera berria ezartzeak ez du eskatzen ez lur-mugimendurik, ez egungo instalazioen egokitze-lanik.

Jarduera ezarriko den partzela barne hartuta dago bai irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan –lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioak nola egin arautzekoa–, eta bai eguneratze-zirriborroan; 01059-01471 partzela da, zeinetan txatarra eta metalaren hondakinak birziklatu baitira aurretik. Bestalde, akuiferoen kalteberatasun handiko eremu gisa kalifikatutako eremua da.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak ikusirik, jardueraren beraren garapenetik eratorriko dira inpaktuak. Hauek azpimarratzekoak:

• Airearen kalitatea txikitzea, egurraren birrintze-prozesuan eta horren garraio- eta biltegiratze-lanetan sortutako hautsen isuri lausoen ondorioz.

• Makinariak sortutako zarata materialaren garraioan, manipulazioan eta birrinketan.

• Jardueratik beretik hondakinak sortzea, hondakin ez-arriskutsuak zein arriskutsuak, zeinak haien izaeraren arabera kudeatuko baitira.

• Isuria ekoiztea, batez ere egurra birrindu baino lehen ureztatzeko erabiliko diren aspertsoreetatik datozen izaera industrialeko hondakin-urak.

• Isurien ondorioz lurzorua kutsatzeko arriskua, ustekabeko isurtzeengatik edo iragazgaiztutako azalera narriatzeagatik.

Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira baldintza hauek:

– Airearen kutsadurari dagokionez, atmosfera kutsa dezakeen jarduera bat denez, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan xedatutakoari atxikiko zaio. Errege-dekretu horrek atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu zituen. Gainera, arreta berezia jarriko zaio hautsa sortzea minimizatzeari; horretarako, neurri hauek izango dira kontuan:

• Uda-garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean, kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

• Ziurtatuko da alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela birrintzeko materiala eta iraganbideak bustitzeko aspertsoreak, eta jarduerak eskatzen duen besteko maiztasunarekin lan egingo dutela.

• Plantako aspertsore-sistema aldizka berrikusiko da, aspertsoreak egoera onean mantendu daitezen. Horri dagokionez, Legionellosia prebenitu eta kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.

• Ureztatzearen eraginkortasuna areagotzeko, gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da.

• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

• Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, saihestu beharko da haizeak hondakinak arrastatzea, baita hondakinaren edo haren osagaien beste edozein galera ere. Metaketen altuera kontrolatuko da.

• Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, partikulak atmosferan esekitzea minimizatzeko.

• Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

– Kutsadura akustikoari dagokionez:

• Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikieneko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, hau da, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen duten teknologiak, eta kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta. Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita dauden kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak beteko dira, betiere.

• Jardueran erabiltzen diren makina eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute, eta, batez ere, Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Horri dagokionez, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Lurzorua babesteari dagokionez:

• Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea. Aipatu legeriarekin bat, lurzoruaren egoeraren atariko txostena aurkeztu beharko zaio dagokion ingurumen-organoari.

• Bestalde, plantan horretarako egokituko den gunean egingo dira mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

– Urak babesteko neurriei dagokienez: arazketa-sistemaren mantentze-lanak egingo dira, sistemak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko; horrela, dagokion isuri-baimenean ezarritako uraren kalitateko helburuak betetzen direla ziurtatuko da.

– Hondakinak sortzea minimizatzeko edo sortutako hondakinak kudeatzeko neurriei dagokienez, jarduerak izan behar dituen baimenak edozein izanik ere:

• Jardueran sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarreko legeria betez.

• Bestalde, eta irizpide orokor gisa, ahalik eta hondakin gutxien sortuko dira.

• Sortutako hondakinak uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio-mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa balitz, ingurumenean eragina izatea saihesteko gisan deuseztatuko dira hondakinak, edo ahalik eta kalterik txikiena eraginez.

• Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakin-tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jaso eta biltegiratzeko bitarteko egokiak izango dira erabilgarri, nahasketak saihesteko eta, gero, kudeatzaile baimenduaren esku uzteko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.

• Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira haien tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitzaren gainean, eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistemekin; halaber, biltegiratze-mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.

• Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira botatzeko diren olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, hondakin horiek barnean eduki dituzten ontziak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

• Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.

– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarreko legediaren arabera.

Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu garrantzitsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu, lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela instalazioak, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Vitoria-Gasteizen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko planta bat instalatzeko Pellets Álava SLk sustatutako proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari eta proiektuaren sustatzaileari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 27a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala