Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2017ko abenduaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA SAILA
5945

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, EAEko langile langabetuei eta landunei zuzendutako prestakuntza-programazioa egiteko.

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andreak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa.

Eta, bestetik, Cristina Uriarte Toledo andreak, Hezkuntzako sailburuak,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, bere xedeen artean ezartzen du, batetik, langile langabetu eta landunei bizitzan zehar prestakuntza erraztea, eta lan-merkatuaren egungo beharrei egokitutako kualifikazioa, enpresen produktibitateari eta lehiakortasunari zein sustapen profesionalaren eta garapen pertsonalaren asmoei erantzuteko. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Bigarrena.– Helburu hori lortzeko, aipatutako maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak 23. artikuluan langabetuei zuzendutako prestakuntza-eskaintza arautzen du, honako hau ezarriz:

a) Langile langabetuentzako prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua haiek laneratzea da.

b) Prestakuntza-eskaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen beharrak bete behar dituzte, eta lan egiteko moduan dauden pertsonei beren lan-proiektua garatzeko behar dituzten gaitasunak eman behar zaizkie. Horren haritik, profesionaltasun-ziurtagiriak dira prestakuntza-eskaintza honen oinarria; dena den, Dekretuak aukera ematen du profesionaltasun-ziurtagirien sortan agertzen ez diren kualifikazioa lortzeko programazioa eta zehar-programazioa baliatzeko.

Bestalde, Dekretu horren 25. artikuluak lanean ari diren pertsonei zuzendutako prestakuntza-eskaintza arautzen du, hau ezarriz:

a) Lanean ari diren langileentzako prestakuntza-eskaintzaren lehentasunezko xedea da prestakuntza bat ematea, honako hauei erantzungo diena: enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei; produkzio-sisteman dauden aldaketetara egokitzeko beharrizanei eta langileen lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako aukerei. Prestakuntza horren bidez, lanbide ezberdinetarako kualifikazioa izango dute, eta haien enplegagarritasuna hobetu egingo da.

b) Prestakuntza-eskaintza honek enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak beteko ditu, eta harekin batera emango dira, modu osagarrian, prestakuntza-programen bidez. Programa horiek sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak hartuko dituzte barne. Modulukako prestakuntza-eskaintza bat ere erraztuko du, egiaztagiri partzial metagarriak erraztekoa, bai eta lan-esperientziak emandako gaitasunak onartzeko aukera emango duten prozedurak ere.

Hirugarrena.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak EAEko jarduera-eremura transladatzen du irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan-eremuan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duena, lan-eremuan enplegurako lanbide-heziketaren sistemaren planifikazioa eta finantzaketa arautzekoa, prestakuntza-ekintzen programazioa eta gauzatzea, kontrola, jarraipena eta zehapen-erregimena, bai eta sistemaren informazio-sistema, ebaluazioak kalitatea eta gobernantza ere.

Laugarrena.– Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, bosgarren xedapen gehigarrian (Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzeko martxoaren 11ko 4/2011 Lege organikoak berridatzia) adierazten du hezkuntzako eta laneko administrazio eskudunek hezkuntza-sisteman lanbide-heziketa emateko baimenduta dauden eta beharrezko eskakizunak betetzen dituzten ikastetxeentzat prozedura bat ezarriko dutela, enplegurako lanbide-heziketa ere eman dezaten, eta hezkuntza-sistemako eta enplegurako lanbide-heziketa integratuta eskaintzen duten eta funts publikoekin sustengatuta dauden ikastetxeek garatzen dituzten enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-baliabideak lor ditzakete, hezkuntzako eta laneko administrazioek adosten dituzten lankidetza-mekanismoen arabera.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 24/2016 Dekretuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika eta, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako arloarekin koordinatuta, enplegurako lanbide-prestakuntza.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailari atxikitako egonik, enplegua, enplegu-prestakuntza eta autoenplegua eta enpresa-sorkuntza sustatzeko zeregina du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikulua betez. Enplegurako prestakuntzaren barruan sartzen dira, eskaintzen den prestakuntzari lotuta, lehentasunez langabeei eta landunei zuzentzen zaizkien prestakuntza-ekintzak.

Seigarrena.– Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua betez, sail horri dagokio bizitzan zehar kualifikazioak hartzea edo areagotzea dakarren lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta jarraibideak egitea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetza estuan jardunez, hari dagozkion erantzukizunetan.

Zazpigarrena.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) eta EAEko Lanbide Heziketako IV. Planak, 2014-2016 aldikoak, nabarmentzen dute lanbide-heziketako eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko ikastetxe-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan.

Zortzigarrena.– Bestalde, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak 13. artikuluan berariaz aurreikusten du enplegurako lanbide-heziketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematea, Eusko Jaurlaritzaren zentroetan, kudeaketako atxikipen-akordioak izenpetuz, eta titulartasun publikoko Lanbide Heziketako Zentro Integratuak bere ikastetxe gisa hartuta.

Xedapen hori betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko langileei gaitasunen beharrei erantzunez eta efikazia-arrazoiak nahiz erabilgarri dauden baliabide publikoen erabilera optimizatzeko arrazoiak kontuan hartuta, kualifikazio profesionala lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute, espezifikoki Hezkuntza Sailaren mendekoak diren Eusko Jaurlaritzaren lanbide-heziketako zentro publikoen sarean.

Hartara, lan-merkatuaren egoera aintzat hartuta, eta enpresa-sarearen beharrizanak eta zentro publikoen sarearen prestakuntza-gaitasuna ikusita, Lanbide erakunde autonomoak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politikak eta Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zentroekin garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza garatu dute, eta kudeaketa-gomendio hau izenpetzea hitzartu dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutako esparruarekin bat etorriz. Hona hemen akordio hori arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Akordio honek arautzen duen kudeaketa-gomendioaren xedea da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren titulartasunekoak diren prestakuntza-zentroek prestakuntza-programazio bat egitea, hauei zuzendua:

a) Akordio honen I. eranskinean biltzen diren langabetuak.

b) Akordio honen II. eranskinean biltzen diren landunak.

Agindu honen xede diren prestakuntza-jarduerek osatzen duten programazioari 2017 ekitaldian emango zaio hasiera, eta, gehienez, 2018ko irailaren 28an amaituko da.

Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintzaren plangintza egitea.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan bildutako prestakuntza-eskaintza diseinatu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuei eta landunei zuzendua izango dena, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mende dauden lanbide-heziketako prestakuntza-zentro publikoetan gauzatuko dena. Prestakuntza-eskaintza horrek bi xede ditu: batetik, langabetuen kualifikazio-beharrizanak asetzea, eta, bestetik, eskuragarri dauden baliabide publikoak ahal den ondoen erabiltzea.

Prestakuntza-eskaintza zehazteko, aintzat hartu dira EAEko lurralde eta eskualdeetako lan-merkatuaren eta industria-sarearen egoera, hezkuntzaren eremutik eta enplegurako lanbide-heziketatik egiten den lanbide-kualifikazioei buruzko prestakuntza-eskaintza orokorra, eta egun dagoen zentro publikoen sarea eta zentro horietako bakoitzak duen prestakuntza-gaitasuna, betiere aldez aurretik identifikatuta zentroek eman ditzaketen profesionaltasun-ziurtagiriak, haien instalazioak, ekipamenduak eta irakasleak kontuan hartuta.

Horrez gain, Hezibi eta Lehen Aukera programetan parte hartu duten prestakuntza-zentroak ere kontuan hartu dira.

Hirugarrena.– Prestakuntza-planak.

1.– Prestakuntza Plantzat hartuko da prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko prestakuntza-zentro bakoitzak egin beharreko prestakuntza-ekintzen multzoa, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren onuradunen gaitasunak eta haien enplegagarritasuna nabarmen hobetzen direla.

2.– Prestakuntza-planak hasitzat hartuko dira haien baitako lehen ekintza hasten denean.

3.– Planak profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzekin, izaera berritzaileko prestakuntza-ekintza ez-formalekin edo oinarrizko gaitasunetan landunei prestakuntza ematera bideratutako sektore produktibo jakin bateko berariazko edo/eta zenbait jarduera-sektoretako gaitasun horizontal eta zeharkako beste batzuekin osatuko dira.

Laugarrena.– Finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak.

Agindu honen xede diren prestakuntzaren programazioa finantzatzera bideratutako kredituaren guztizkoa zortzi milioi laurogeita hemezortzi mila seiehun eta berrogeita hamabost euro eta laurogeita bi zentimo (8.098.655,82) eurokoa da; eta horietatik:

– 5.998.837,60 euro lanik gabe dauden langileen prestakuntza-ekintzetara bideratuko dira; horietatik 1.999.412,57 euro 2017ko kredituaren ordainketari dagozkie, eta 3.999.425,03 euro, 2018ko konpromisozko kredituari.

Finantza-baliabide horiek Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz finantza daitezke, EAEko 2014-2020 EGF Programa Operatiboaren esparruan edo Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

– 2.099.818,22 euro lehentasunez landunei zuzendutako prestakuntza-ekintzak finantzatzera bideratuko dira; eta horietatik 524.954,55 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 1.574.863,67 euro 2018ko konpromiso-kredituari.

Bosgarrena.– Prestakuntza-programazioa eta hartarako zuzkidura ekonomikoa.

1.– Hiru lurraldeetako zentro publikoetan egin beharreko prestakuntza-planeko prestakuntza-programazioa I. eta II. eranskinetan jasota dago, eta haietan adierazi dira eman beharreko prestakuntza-ekintzak, zer prestakuntza-espezializaziori dagozkien, zer prestakuntza-zentrok emango dituen, ordu-kopurua, ikasle-kopurua eta zuzkidura ekonomikoa identifikatuta.

2.– Prestakuntza-zentro batek eman beharreko prestakuntza-ekintzek osorik finantzatuko den Prestakuntza Plan bakar bat osatuko du.

3.– I. eta II. eranskinean jasotako prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko zenbatekoa parte-hartzaileen eta prestakuntza-orduen kostuaren mende dago, modulu ekonomikoen arabera; haien konposizioa eta kalkulua III. eranskinean daude zehaztuta.

Aplikatu beharreko modulu ekonomiko bakoitzak hiru modulu ditu: A modulua, langileen kostu zuzenei buruzkoa; B modulua, funtzionamenduaren kostu zuzenei buruzkoa; eta C modulua, zeharkako kostuei buruzkoa.

Seigarrena.– Alta ematea Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan.

I. eta II. eranskinetan jasotako programazioan parte hartzen duten zentroak ofizioz egiaztatuko edo/eta inskribatuko ditu Lanbidek eman duten prestakuntza-espezialitatean, eta datuak Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistrora igorriko dira.

Zazpigarrena.– Zuzeneko harremana izatea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketa zentroen artean, eta ordaintzeko modua.

1.– Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren antolamendu ekonomiko-finantzarioarekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bakoitza emateko esleitu den diru-zenbatekoa sartuko du sail horren lurralde-ordezkaritzen kontuetan.

Ordainketen erregimena hau da:

a) Lehen ordainketa 2017 ordainketa-kredituaren kontura.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren arteko akordioa argitaratu ondoren ordainduko da, Prestakuntza Planaren lehen prestakuntza-ekintza hasi ondoren, 2017ko abenduaren 31 baino lehen.

Zentro bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa hau da: zentroaren Prestakuntza Planaren langabeentzako prestakuntza-ekintzen multzoaren % 33,33 gehi landunentzako prestakuntza-ekintzen multzoaren % 25.

b) Bigarren ordainketa 2018ko konpromiso-kredituaren kontura.

2018ko aurrekontuak indarrean sartzean ordainduko da, Prestakuntza Planaren garapena egokia dela egiaztatu ondoren.

Zentro bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa zentroaren Prestakuntza Planaren langabeentzako prestakuntza-ekintzen multzoaren % 26,67 gehi landunentzako prestakuntza-ekintzen multzoaren % 35 izango da.

c) Hirugarren ordainketa 2018ko konpromiso-kredituaren kontura.

Gainerako % 40a, langabetuentzako prestakuntza-ekintzen multzoa zein landunentzako prestakuntza-ekintzen multzoa, ekitaldi horretako konpromiso-kredituaren kontura, egotzitako jarduerak eta Prestakuntza Plana finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak likidazioa justifikatu ondoren, hamargarren klausularen 1.t) atalean zehaztutako terminoetan.

Zortzigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.

1.– Programazio honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan hauek har dezakete parte:

1.1.– Langabetuei bideratutako ekintzetan: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena eman duten langabeek. Ez da beharrezkoa izango enplegu-eskatzaile gisa izena ematea berariazko arau batek hala zehazten duenean, eta, bereziki, Gazte Bermerako Sistemaren fitxategian izena emandako gazteen kasuan, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 11.3 artikuluan ezarritakoa betez.

1.2.– Lehentasunez landunentzat bideratutako ekintzetan: EAEko langile guztiak. Horrelako ekintzetan, hauek ere parte har dezakete: mendeko pertsonen arretarekin lotutako prestakuntza-eskaintzan mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten zaintzaile ez-profesionalek, eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, Planeko landunentzako ekintzen multzo osoko ehuneko 10 arte gehienez.

Ekintza horietan, Enplegu Zerbitzu Publiko batean eskatzaile gisa izena emandako landunen partaidetza % 30 izango da gehienez prestakuntza-ekintza bakoitzean. Zentzu horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira baldin eta trebakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude, eta Lanbideko izena emanda dauden pertsonek lehentasuna izango dute.

2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek haietan sartzeko eskakizunak bete beharko dituzte, eta prestakuntza hastean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa izena emanda egon behar dute, edo, lana badute, dagokien eskaera aurkeztu behar dute.

Bederatzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

a) Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurrehautaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du ikastaro bakoitzean parte hartzeko hautagaien artean.

Hautagaiak bide hauetatik etor daitezke:

– Ikastaroaren eskatzaileak, eskaera aurrez aurre Lanbidek herrialde bakoitzean duen bulego-sarearen bidez edo Lanbideren webgunearen bidez (www.lanbide.euskadi.eus); hain zuzen, han argitaratuko dira prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epeak eta eskatzaileek bete beharreko eskakizunak, prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapen eta ezaugarriez gain.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Orientazio Zerbitzuak prestakuntza-ibilbidearen baitan ikastaroa agindu dien enplegu-eskatzaileak (eta DSBE jasotzen dutenak).

– Prestakuntzako Zentro Publikoetatik edo orientazio-zerbitzuetatik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bideratutako ikastaroen eskatzaileak.

Prestakuntza Ekintzen Kudeaketa Lanbideren prestakuntzako aplikazio informatiboaren (LAN-F) bidez egingo da.

b) Azkenik ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen aukeraketa Prestakuntza Zentroen esku egongo da eta haien instalazioetan egingo da, Lanbideren bitartez izena emandako hautagaien artean; eta beharrezkoa den prestakuntza-ekintza guztietan aukeraketa-proba bat egingo da, ekintzaren aprobetxamendua segurtatzeko eta aurretiko ezinbesteko ezagutzen benetako maila jakiteko, 2. eta 3. kualifikazio profesionaleko mailen profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluetako prestakuntzan hasteko behar diren oinarrizko gaitasunak barne.

Prestakuntza-zentroetako arduradunek zehaztuko dute zer bitarteko tekniko eta material behar diren aukeraketa egiteko, ikasleek Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzeko errege-dekretuetan eskatutako sarbide-eskakizunak betetzen dituztela segurtatuz.

Prestakuntza-ekintza batean profesionaltasun-ziurtagiri oso bat programatzen bada, egiaztatutako prestakuntza-modulu bakar bat ere ez duten pertsonek soilik izango dute parte hartzeko aukera.

Profesionaltasun-ziurtagiri batekin lotutako prestakuntza-ekintza bat moduluka programatzen bada, profesionaltasun-ziurtagiriaren gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek izango dute lehentasuna, profesionaltasun-ziurtagiriaren prestakuntza-ibilbidea osatzeko. Horrelakoetan, gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonak sartuko dira, lehenik eta behin, prestakuntza-ekintzan, eta, bigarrenik, ziurtagiriaren gainerako moduluen ikastarorik egin ez duten pertsonak.

Baldin eta, laneko esperientzia bidezko eta/edo prestakuntza ez-formal bidezko Gaitasuna Aitortzeko Egituraren deialdiren batean, Aholkularitza- edo Ebaluazio-fasean, prestakuntza-premiak antzematen badira, eta premia horiek direla-eta prestakuntza-ekintza bat programatzen bada, ekintza horretan parte hartzeko lehentasuna izango dute prestakuntza-premia hori antzeman eta preskribatu zaien pertsonek.

Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta dagokien hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:

1) Langabeentzako ikastaroetan:

– Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna dutenak; langabezia-saria agortuta duten eta berriz profesionalki gaitzeko Prepara programan eta Enplegua Aktibatzeko Programan (EAPn) parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Txertaketako Errenta Aktiboaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak; terrorismoaren biktimak eta Genero Indarkeriaren biktimak.

– Bigarrenik, lan-esperientzia aitortzeko prozeduretan eta ikaskuntza ez-formaletan parte hartu duten pertsonak, dagokien profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko behar diren prestakuntza-ekintzak egiteko.

– Hirugarrenik, etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko libre badaude.

– Laugarrenik, gainerako langabeak, oro har.

2) Lehentasunez landunei zuzendutako ikastaroetan.

– Pertsona landunak, plazen % 70 osatu arte, gutxienez.

– Langabeak, plazen % 30 osatu arte, nahikoa bete ez badira.

Pertsona batek ezingo ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaro horiek egiteko beste eskabide batzuk badaude, eta eskatzaileak langabetuak badira (betiere, sarbide-eskakizunak betetzen badituzte).

Aukeraketa amaitu ondoren, Prestakuntza-zentroek 7 egun balioduneko epea izango dute emaitza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren (Lan-F) aplikatiboan mekanizatzeko.

c) Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Iragarpen-bitarteko horiez gainera, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek alderdi horien berri emateko ikasleei. Prestakuntza-zentroek ordainduko dute hautaketa-prozesuen emaitzen berri emateko bitarteko osagarri horien kostua, halakorik balego.

Hamargarrena.– Aldeen betebeharrak.

1.– Prestakuntza emango duten zentroek betebehar hauek izango dituzte:

a) Agindu zaizkien prestakuntza-ekintzak, akordio honen I. eta. II. eranskinean adierazitakoak, gauzatu behar dituzte, aurreikusitako ordu eta egunetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea prestakuntza-jardueren hasiera, LAN-F aplikazio informatikoaren bitartez.

c) Segurtatu behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Ikastaroak ematen dituen ikastetxeak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraikiz. Halaber, Lan-F programan sartuko da ikastaroa hasi baino lehen.

d) Ikastaroen hasieran, gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei:

– Eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena,

– Ikastaroa garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta ezinbestekoak diren babes-elementuak.

Prestakuntza-ekintzek berariaz jakinarazi behar dute Europako Gizarte Funtsak material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuk diruz lagundu dituela.

e) Lanbide-informazioa eta -orientazioa eman behar diete prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak programa honen arabera emandako prestakuntza-ekintzetarako finantzaketa komunikazio-ekintzetan argitaratzea, publizitatea egitea eta hedatzea.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritu behar dute, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatu egin behar dute aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela ikastaroetako sarbide-eskakizunak.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei eman behar diete haiek ikastaroen egoerari buruz eskatzen dieten informazio guztia.

i) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio batutzailea egin behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoan Profesionaltasun Ziurtagiriak Garatzeko eta Aplikatzeko 2016-2017. urteko jarraibideekin bat etorriz, eta plangintza eta banakako ebaluazioa Lan-F bidez jakinarazi.

j) Aldian-aldian jakinarazi behar dituzte, Lan-F kudeaketarako informatika-aplikazioaren bidez, ikastaroetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

k) Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri eman behar diete erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatu behar dute bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko, eta Profesionaltasun Ziurtagirien kasuan modulu guztiak osa ditzakete.

l) Praktikak lantokian egiteko prestakuntza-moduluak aurreikusi behar dituzte ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.

m) Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, hain zuzen ere ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek praktikak lantokian egiteko prestakuntza-modulua behar adinako bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.

n) Praktikak lantokian egiteko prestakuntza-moduluen tutoreak izendatu behar dituzte. Tutoreen ardura izango da enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko du. Horretarako, ikusi eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.

o) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eraman behar dute.

p) Baja emango diete ikasleei, baldin eta baztertze-egoera hauetakoren batean badaude:

– Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25ean ez-bertaratzea ekintzara, arrazoia edozein izanik, justifikatuta zein ez.

– Prestakuntza ematen duen zentroaren edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea, edo portaera egokirik ez izatea, eta horietan sartzen dira higiene eta osasungarritasunaren arloan exijitu daitezkeen arauak.

Prozedura hau beteko da ikasle bat baztertzea erabakitzeko:

1) Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela; hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du. Horren ostean, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendariak baztertzeko prozedura hasteari buruzko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez 15 eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean.

Ikasleren baten ez-asistentziek % 25ean gainditzen badute prestakuntza-ekintzaren iraupen-ordu kopurua, prestakuntza-zentroak horren berri espresuki emango dio prestakuntzako teknikariari, ikaslearen baja egiteko. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-asistentziak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), baloratu ahalko da pertsonak geratzen den modulua egitea.

2) Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

q) Ikasleei gogoraraztea, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak telematikoki bete beharko dituztela.

r) Lanbideko teknikariek bisitaldiak egitea erabaki dezakete intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko, eta zentroek erraztu egin behar dituzte bisitaldi horiek.

s) «Bukaerako Ebaluazioari buruzko Akta» egin behar dute. Horretarako, Lan-F informatika-aplikazioa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei eskuratuko dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa emaitza positiboarekin gainditzen ez badu, berriz, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.

t) Egin diren agindutako ekintzak justifikatzea eta diruz lagunduko diren baliabide ekonomikoak aplikatzea. Horretarako, 15 eguneko epea (amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita) egongo da, eta III. eranskineko C atalean ezartzen den bezala eta bertan zehaztutako agiriekin egingo da.

u) Frogaketa- eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, zehazki Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak ere; baita Europako Gizarte Funtsaren (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia) kofinantzaketarekin lotutako kontrol-eskabideak ere. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

Horren haritik, eta araudi komunitarioak ezartzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsetatik eratorritako eskakizunak betetzen diren egiaztatzeko.

v) Diruz lagundutako gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean laguntzarekin loturiko transakzioak zehaztu beharko ditu, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

w) Ikastaroak eman dituzten zentroek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako ikastaroen emaitzen aktak gordetzea eta zaintzea, bai eta finantzatutako jarduerari buruzko dokumentazio guztia ere, 2023ra arte agindu hau betetzeko konpromisoak eta betebeharrak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak honako hauek dira:

a) Kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu behar ditu.

b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritu behar du, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman behar ditu hautagaien zerrenda, bai eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa ere; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

c) Gertatzen diren intzidentziak konpontzen lagundu behar die ikastaroak ematen dituzten zentroei.

d) Ikastaroetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak erregistratu behar ditu.

e) Profesionaltasun-ziurtagiriak egin eta entregatu behar ditu.

f) Prestakuntza-ekintzetako diplomen eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratu egin behar du.

Hamaikagarrena.– Hezibi eta Lehen Aukera programa sustatzea kudeaketa-gomendioaren bidez.

Lanik gabe dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroek gazteentzako txandakako prestakuntza sustatuko dute, eta, horretarako, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak –kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak– Hezibi proiektu bihurtuko dituzte. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bateratuak arautzen ditu proiektu horiek, eta prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

Agindu horretan ezarritako eran kudeatuko dira proiektu horiek.

Era berean, prestakuntza-ikastetxeek 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko du Lehen Aukera programaren bidez.

Hamabigarrena.– Europako kofinantzaketatik eratorritako gardentasunerako betebeharrak.

Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko da.

Hamahirugarrena.– Aginduaren indarraldia.

Onartutako programaziorako eta diru-dotazioarekin beteko da kudeaketa-gomendio hau.

Hamalaugarrena.– Kudeaketa-aginduak ez dakar ez eskumenen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak) titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-agindu honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-agindua formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 1a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala