Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2017ko abenduaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5944

AGINDUA, 2017ko azaroaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez beka-deialdia egiten baita nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko 2017-2018 ikasturtean honako ikastetxe hauetan: Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxean; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren betekizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta 15.1.u) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio «nekazaritzako eta arrantza eta nautikako prestakuntza eta arlo horietako prestakuntza profesionala sustatzea». Bestalde, 18.1.ń) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio «arrantzako eta nautikako gaitasun profesionala sustatzea».

Eskumen-esparru horren barruan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko, hain zuzen ere, egin dugu beken deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Horrekin lotuta, 2016ko ekitaldian, argitara eman zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Agindua, zeinaren bidez beka-deialdia egin baitzen 2016-2017 ikasturtean nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko honako ikastetxe hauetan: Blas de Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxean; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean (2016ko abenduaren 5eko EHAA, 231. zk.).

Halaber, deialdi honetan, berriz ere aukera ematen da lantokiko prestakuntzako moduluei bekak emateko, heziketa-zikloen parte diren aldetik (B eta C mailak), betiere 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten badira, hala ezartzen baita Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez; Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 1.– Beka-deialdia egitea 2017-2018 ikasturtean nautikari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko honako ikastetxe hauetan: Blas de Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxean; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Bekak honako gastu hauetarako erabiliko dira:

– Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak.

– Ikastetxera joan-etorriak egiteak eragindako gastuak.

– Mantenu-gastuak.

– Ikasketa-materialetarako gastuak.

Hirugarrena.– Hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira bekak, eta puntuazioa horretarako izendatutako Balorazio Batzordeak ezarriko du. Hautagaiek behar bezala matrikulatuta egon beharko dute 2017-2018 ikasturtean, nautikari eta arrantzari buruzko ikasketen edozein ikastetxetan. Pertsona bakoitzari puntuazioa esleitzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1.– Egin beharreko ikasketen maila:

* A maila – Arrantzako kapitaina: 8 puntu.

* B maila – Goi-mailako heziketa-zikloak: 8 puntu.

* C maila – Erdi-mailako heziketa-zikloak: 6 puntu.

* D maila – Kostako patroi balioaniztuna: 6 puntu.

B eta C mailetan, eskatzaile hauek bakarrik izan ahalko dira beken onuradun: 2018ko urtarrilaren 1ean 23 urte beteak dituztenak eta, beraz, ikasleak eskolatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren beka- eta laguntza-deialditik kanpo geratzen direnak (Agindua, 2017ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egiten duena 2017-2018 ikasturterako; 2017ko uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.). Kostako patroi balioaniztuna tituluari buruzko D mailan (36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, Arrantza-sektoreko lanbide-tituluak arautzen dituena – 2014ko otsailaren 17ko BOE, 41. zk.), ikasketa teorikoak egiteko bekak eman ahal izango zaizkie beka horiek eskatzen dituzten eta baldintzak betetzen dituzten guztiei, adina gorabehera.

Beste alde batetik, B eta C mailetan, agindu honetan deitutako bekak jaso ahal izango dituzte prestakuntzaren zati praktikoa (lantokiko prestakuntza) jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan 3. zerrendan inskribatuta dauden arrantza-ontzietan egingo duten pertsona guztiak, adin-mugarik gabe, hala ezarrita baitago Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.). Kasu horietan, pertsona bakoitzari puntuak esleitzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

B maila – Goi-mailako heziketa-zikloak: 4 puntu.

C maila – Erdi-mailako heziketa-zikloak: 3 puntu.

2.– Ohiko bizilekuko herritik ikastetxea dagoen herrirako distantzia: irizpide honen kalkulua egiteko, kontuan hartuko da herrigunetik ikastetxera dagoen distantzia, eskala honi jarraituz:

* 1. taldea, 50 kilometrotik gorakoa: 16 puntu.

* 2. taldea, 31 eta 50 kilometro artekoa: 8 puntu.

* 3. taldea, 11 eta 30 kilometro artekoa: 4 puntu.

* 4. taldea, 5 eta 10 kilometro artekoa: 2 puntu.

3.– Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:

* Ezkontidearengatik (ez badu ordaindutako lanik egiten): 2 puntu.

* Seme-alaba bakoitzarengatik: 2 puntu.

* Anai-arreba bakoitzarengatik (baldin eta adingabeak eta ezkongabeak badira, edo langabezian badaude eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan): puntu 1.

4.– Eskatzaileak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, edo haren familiak lortutakoak, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada:

* 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak: 8 puntu.

* 6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak: 4 puntu.

* 12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak: 2 puntu.

Laugarrena.– Beka hauen onuradun izan ahal izango dira diru-laguntza jasotzea dakarren egoeran dauden pertsonak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako inguruabarrak betetzen dituztenak, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

Onuradunek egunean ordainduta izan beharko dituzte diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak, bai bekadun izateko, bai emandako diru-laguntza likidatu arte egoera horretan jarraitzeko, eta, horregatik, bekak emateko eta ordainketak egiteko unean alderdi hori egiaztatuko da.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordeak esleituko die puntuazioa hautagaiei, aurreko puntuan azaldutako irizpideei jarraikiz egiten duen balorazioaren arabera.

Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Joseba Andoni Idoiaga Uribe, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Egitura Zerbitzuaren arduraduna.

Idazkaria: Beatriz Guinea Aramendi, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako aholkulari juridikoa.

Kideak: Mikel Arrieta Irigoien, Karmele San Miguel eta Mikel Santiso, Pasaia, Bermeo eta Ondarroako ikastetxeetako zuzendariak, hurrenez hurren.

Seigarrena.– Agindu honen eranskinaren arabera aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, Balorazio Batzordeak baldintzak betetzen dituzten lagunak hautatuko ditu, dagokien puntuazioa esleituko die, eta ebazteko proposamena helaraziko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, zeinek ebazpen bidez esleituko baititu agindu honen bidez deitutako bekak, hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Ebazpen horretan, onuradunen zerrenda bilduko da, puntuazioa eta emandako bekaren diru-zenbatekoa zehaztuta eta urteka xehatuta; ebazpenean, halaber, ukatutako eskabideen zerrenda jasoko da, eskatzaileen izena eta ukatzeko arrazoiak adierazita. Interesdunei jakinarazpena egiteko, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez ere 10 eguneko epean, deialdia ebazteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori igarota jakinarazpenik jaso ez duenak eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Nolanahi ere, Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra dauka. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean.

Zazpigarrena.– 1.– Gehienez ere, 135.260 euro baliatuko dira 2017-2018 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

2.– Agindu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Bekak 2.404,05 eurokoak izango dira gehienez, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera eta proportzioan kalkulatuko dira. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako zenbatekoa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua, agindu honen hirugarren puntuan ezarritako irizpideen arabera.

3.– Beken onuradunek honako xedapen hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak. Ildo horretatik, onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio guztia ematea, betiere erakunde horiek laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

Zortzigarrena.– Bekaldiak 2017-2018 ikasturtearen iraupena izango du.

Bederatzigarrena.– 1.– Beka eskatzeko inprimakia agindu honen eranskinean dago jasota, eta, harekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo AIZren fotokopia.

b) Eskatzaileak administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du Foru Ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

d) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.

e) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

Datuak egiaztatzeko sistemaren bidez kontsultatu daitezkeen agiriak aurkeztu beharrik ez dago, hala ezarrita baitago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan. Hala ere, horretarako, interesdunak baimena eman beharko du, Herritarrek zerbitzu publikoak eskuratzeko sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Beka-eskabideak, beharrezko agiriak erantsita, ikastetxe hauetan aurkeztu beharko dira:

– Blas de Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxea

Marinos, 2 – 20110 Pasaia (Gipuzkoa)

– Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola

Ongintza z/g - 48370 Bermeo (Bizkaia)

Hamargarrena.– 1.– Ikasketa teorikoen kasuan, beka bakoitzari dagokion zenbatekoa gorabehera, emandako laguntza bi zatitan ordainduko da: lehenengo ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 25, ikasturteko lehenengo hiruhilekoa amaitzean egingo da; eta bigarrena, guztizko zenbatekoaren % 75, ikasturtea amaitzean, betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatutako modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu.

Laguntza ordaintzeko, bekadunak hirugarrenei alta emateko inprimakia aurkeztu beharko du. Inprimaki hori beka-eskabidearekin batera aurkez daiteke.

2.– Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuetara mugatuko da, eta, alde horretatik, onuradunak egindako gastu horien ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, originalak edo kopia konpultsatuak, hilabeteko epean, ikasturtea amaitzen den egunetik hasita. Ordaintzeke dagoen zenbatekoa ez da ordainduko, harik eta ziurtagiri horiek aurkeztu arte, eta agindu honen bigarren ebazpenean jasotzen diren gastuei erreferentzia egingo du: ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak, ikastetxera joan-etorriak egiteak eragindako gastuak, mantenu-gastuak eta ikasketa-materialetarako gastuak.

Hamaikagarrena.– Beka-eskabidea aurkezteak berekin dakar beka-deialdia egiteko agindu honetan ezarritakoa formalki onartzeko konpromisoa. Bekadunak arau honetan ezarritakoa urratuz gero, esleitu eta eman zitzaion zenbatekoa itzuli beharko du, bai eta diru-laguntzen arloan ezarritako berandutze-interesak ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela-medio bekari uko eginez gero, bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoen parte bat itzuli beharko du. Itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da garatzeke geratzen den bekaldia eta bekaren zenbatekoa.

Hamabigarrena.– 1. Eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Ez-bertaratzea honela neurtuko da:

– Ikaslearen ez-bertaratze faltek eskola-orduen % 15etik gora egiten badute, beka galtzea ekarriko dio, eta, horretaz gain, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

– Justifikatutako falten kasuan, falta-kopuruak eskola-orduen % 30etik gora egiten badu, goiko lerroaldean zehaztutako ondorioak sortuko dira. Betiere, klasera bueltatzen den unean bertan aurkeztu beharko du ikasleak eskolara joan ez izanaren justifikazioa.

2.– Ikasturtea errepikatzen ari diren ikasleek, hala balegokie, ohiko bekaren % 50eraino lortu ahalko dute, baldin eta aurreko ikasturteari probetxua atera ez izana justifikatzen badute eskolaz kanpoko arrazoi larriak agertuta; arrazoi horiek kasuan kasu baloratuko ditu agindu honen ebazpen-zatiaren 4. paragrafoan ezarritako batzordeak.

3.– Halaber, ikasleek galdu egingo dute lantokiko prestakuntzarako beka jasotzeko eskubidea, baldin eta ez badute modu sinesgarrian egiaztatzen prestakuntza hori egin dutela. Horretarako, prestakuntza praktikoa egin den arrantza-ontziko armadorearen idazki bat aurkeztu beharko dute.

4.– Beka galduz gero, jasotako kopuruak itzuli beharko dira, bai eta kopuru horiei dagozkien berandutze-interesak ere.

Hamahirugarrena.– Ezin da aldi berean baliatu ikasteko beka hau eta funts publikoen kontura helburu bererako ematen den beste edozein laguntza, eta, horrenbestez, eskatzaileak, agindu honetan deitutako beketako bat esleitzen badiote, laguntzetako bati uko egin beharko dio.

Hamalaugarrena.– Bekadunak beka galduko du, eta jasotako zenbatekoa eta diru-laguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehienez ere bi hilabeteko epean, baldin eta agindu honetan eskatutako betekizunen bat, edozein dela ere, bete ez duela egiaztatzen bada, onuradunak aurkeztu zuen dokumentazioan jasotako datuak okerrak edo faltsuak badira, eskolari probetxurik atera ez badio edo ez bada klasera joan, edo beste ez-betetzeren bat egin badu, bai bekaren xedeari dagokionez, bai eta laguntza emateko eskatutako baldintzei dagokienez ere. Horrelakorik gertatzekotan, ikastetxeko zuzendaritzek ziurtatu beharko dute. Hori guztia honako hauetan xedatutakoaren arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen baita; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Onuradunak ia-ia erabat bete baditu bekaren baldintzak, eta konpromisoak betetzeko jokabide zalantzagabea egiaztatzen badu, honako xedapen honetan ezarritako irizpideei jarraituz zehaztuko da itzuli beharko duen zenbatekoa: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17. artikuluko 3. atalaren n) letra.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 15a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala