Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2017ko abenduaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
5819

253/2017 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Eusko Jaurlaritzaren larrialdien eta babes zibilaren arloko sariei buruzkoa.

Apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, 67. artikuluan ezartzen du Eusko Jaurlaritzak larrialdietan esku-hartzeko zerbitzuetako langileen jarduketa aipagarriak jendaurrean aintzatesteko sariak sortuko dituela, bai eta arrisku kolektibo larriko, hondamendiko edo lazeria publikoko egoeretan pertsonak, haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko funtsezko lanean herritarren inplikazioa eta aipatutako zerbitzuei emandako laguntza aintzatesteko sariak ere.

Horregatik guztiagatik, aipatutako jarduketetan beren ekintzengatik merezimenduz nabarmentzen diren pertsonak eta erakundeak saritzeko xedearekin, ezinbestekoa da erregelamendu-arau baten bidez, batetik, garatzea zein sari mota emango diren larrialdietan esku-hartzeko zerbitzuetako langileen jarduketa aipagarriak jendaurrean aintzatesteko, bai eta herritarren inplikazioa eta zerbitzu horiekiko lankidetza aintzatesteko ere, eta, bestetik, sari horiek emateko prozedura ezartzea.

Gaur egungo euskal ordenamenduan ez dago horrelako jarduketak saritzeko ohorezko saririk, Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren ikuspegitik.

Ondorioz, beharrezko txosten guztiak jasota, Euskadiko Babes Zibileko Batzordearena ere bai, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa ados egonda, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 21eko bilkuran eztabaidatu eta onartuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren sariak sortzea eta horiek emateko prozedura arautzea da.

2. artikulua.– Helburua.

Sari horien helburua da Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren oinarrizko zerbitzuak eta zerbitzu osagarriak, eta bertako langileak, jendaurrean aintzatestea eta saritzea, hala merezi dutenean, baita Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten bestelako pertsona eta erakundeak jendaurrean aintzatestea eta saritzea ere.

3. artikulua.– Sari-motak.

1.– Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren barruan sari hauek sortzen dira:

a) Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina.

b) Larrialdietako eta babes zibileko plaka-diploma.

c) Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen lana aintzatesteko diploma.

2.– Sari horiek ematearen ondorioak ohorezkoak baino ez dira izango, eta saritua izan den pertsona fisiko edo juridikoari ez diote inolako ondorio edo eskubide ekonomikorik ekarriko.

3.– Sari horiek bateragarriak dira merezimenduzko egitate edo jarduketa berberak direla-eta emandako beste sari edo aintzatespen batzuekin.

4. artikulua.– Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina.

1.– Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren dominaren helburua da larrialdien eta babes zibilaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan zein kanpoan egindako jarduketengatik edo jarduerengatik modu indibidualean nabarmentzen diren pertsona fisikoak saritzea.

2.– Domina hori jaso dezakete Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren zerbitzuetako langileek, hau da, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa den ekainaren 28ko 15/2012 Legeak 60. artikuluan definitzen dituen oinarrizko zerbitzuetako zein zerbitzu osagarrietako langileek; baita larrialdien eta babes zibilaren helburuen ikuspuntutik merezimenduzkoa edo nabarmentzekoa den ekintza, egitate edo jarduketa egiten duen beste edozein pertsona fisikok ere.

3.– Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina bi motatakoa izan daiteke:

a) Bereizgarri gorriko domina.

b) Bereizgarri berdeko domina.

5. artikulua.– Bereizgarri gorriko domina.

1.– Larrialdietako eta babes zibileko bereizgarri gorria daukan merezimenduaren domina eman ahal izango da pertsonak edo ondasunak arriskuan dauden larrialdi-egoera batean norbaitek ohiz kanpoko ekintzak edo jarduketak egiten dituenean, eta horietan berebiziko balioak –bere burua osoki eskaintzea, ausardia, gizabidea edo gizartearenganako elkartasuna– erakusten baditu.

2.– Domina emateko erabakia diskrezionala da, baina alderdi hauek guztiak baloratuko dira:

a) Egindako ekintza, jarduketa edo egitateen inguruabarren zailtasuna.

b) Egindako ekintza, jarduketa edo egitateen nekagarritasuna.

c) Herritarrak herritar gisa edo osatzen duen kolektiboaren parte izateagatik dituen betebeharrak zorrotz betetzean eskatu ohi zaizkion oinarrizko jarduketa-estandarrak gainditzea.

d) Ekintzen, jarduketen edo egitateen eragina, arriskuan dauden ondasunak edo pertsonak babesteko edo larrialdien ondorioak murrizteko.

e) Ekintza, jarduketa edo egitate horrek Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren irudiaren edo prestigioaren gainean daukan eragina.

6. artikulua.– Bereizgarri berdeko domina.

Larrialdietako eta babes zibileko bereizgarri berdea daukan merezimenduaren domina eman ahal izango da merezimenduzko ekintza edo jarduketa hauengatik:

a) Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren oinarrizko zerbitzuetako zein zerbitzu osagarrietako langileek emandako zerbitzuak, baldin eta zerbitzuok bikainak, arrakastatsuak edo merezimendu handikoak badira, zailtasun edo garrantzi handikoak.

b) Herritarrek egindako merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak direnean, horrekin Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dietela.

c) Larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena daukaten agintariekin lankidetzan aritzea, aurreikuspen-, prebentzio-, planifikazio-, esku hartze- edo berreskuratze-ekintzak burutzeko, betiere eskatu ohi diren betebeharrak zorrotz betetzetik harago.

d) Larrialdien eta babes zibilaren kudeaketa burutzeko eta hobetzeko nabarmen laguntzea edo lankidetzan aritzea, azterlan zientifiko edo teknikoen bidez edo hainbat arlotako berrikuntzen bidez (antolakuntza-teknikak, baliabideak edo materialak, material pedagogikoak edo dibulgaziokoak, etab.).

7. artikulua.– Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma.

1.– Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diplomaren helburua da, aurreko artikuluetan ezarritakoaren barruan, larrialdien eta babes zibilaren arloan beren jarduketa edo jardueragatik nabarmentzen diren pertsona juridikoak, publikoak zein pribatuak, saritzea.

2.– Plaka-diploma eman dakioke, modu diskrezionalean, Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman parte hartzen duen edozein erakunderi, entitateri edo zerbitzuri; halaber Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemari laguntza edo lankidetza ematen dioten erakunde, entitate edo zerbitzuei, eta aintzatespena justifikatzen duten merezimenduak dituen beste edozein pertsona juridikori, publikoa zein pribatua izan.

8. artikulua.– Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen lana aintzatesteko diploma.

1.– Egindako zerbitzua aintzatesteko diploma Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen toki-erakundeetako boluntarioei eman dakieke:

a) Bereizgarri zurikoa, baldin eta zerbitzuan 10 urtetik gorako ibilbidea egiaztatuta badaukate.

b) Bereizgarri gorrikoa, baldin eta zerbitzuan 25 urtetik gorako ibilbidea egiaztatuta badaukate.

2.– Diploma horiek eman dakizkieke orobat Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena duten Euskadiko babes zibileko erakunde laguntzaileetako boluntarioei, baldin eta erakunde laguntzaile horiek, hitzarmen bidez eta beren borondatez, larrialdietan eta babes zibileko zereginetan boluntarioek emandako urteak egiaztatzeko datuak emateko konpromisoa hartu badute, betiere boluntarioen aldez aurretiko berariazko baimena dutela eta aintzatespen-diplomak emateko xedez.

3.– Egindako zerbitzua aintzatesteko bereizgarri gorriko diploma eman dakieke Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen toki-erakundeei eta Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena duten Euskadiko babes zibileko erakunde laguntzaileei, baldin eta zerbitzuan 25 urtetik gorako ibilbidea egiaztatuta badaukate.

9. artikulua.– Boluntarioak aintzatesteko diplomak ematea.

1.– Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen lana aintzatesteko diplomak ofizioz eman eta bidaliko dira, inolako proposamenik egiteko premiarik izan gabe, eta Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibileko boluntarioen erakunde laguntzaileen erregistroan azaltzen diren datuak egiaztatu ondoren.

2.– Diploma emateko ebazpena larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena daukan sailburuordeak emango du.

10. artikulua.– Domina edo plaka-diploma emateko prozedurari hasiera ematea.

1.– Domina edo plaka-diploma emateko espedienteari ofizioz emango zaio beti hasiera, urtero, segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan sailburuak erabakia hartu ondoren eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den agindu baten bidez.

2.– Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren oinarrizko zerbitzuak edo zerbitzu osagarriak beren mende dituzten administrazio publiko, erakunde, entitate, profesionalen edo boluntarioen organizazio edo elkarte, enpresa publiko nahiz pribatuek sari horiek emateko proposamen arrazoituak egin ahal izango dituzte, hilabeteko epean Aldizkari Ofizialean prozeduraren hasiera argitaratzen denetik kontatzen hasita. Dena den, prozedura hasi aurretik jasotako proposamenak ere kontuan hartuko dira.

3.– Proposamenetan datu hauek jaso behar dira, eta haiekin batera dokumentazio hau aurkeztu:

a) Proposamena egiten duen entitatearen identifikazioa.

b) Saria jasotzeko proposatzen den pertsona fisikoaren edo juridikoaren datuak.

c) Eskatzen den saria eta, domina bada, bereizgarri mota zehaztuta.

d) Proposamena egiten duenaren eta proposatzen den pertsonaren jakinarazpenetarako helbidea.

e) Proposatzen den saria merezi izatea justifikatzen duen memoria, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo jarduerak modu zehatzean jaso eta saria merezi izateko arrazoiak adierazten dituena.

f) Proposamena egiten duenak egokitzat jotzen duen beste edozein dokumentu.

11. artikulua.– Izapideak.

1.– Batzorde batek aztertuko ditu proposamen guztiak, jasotzen direnak zein segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan saileko organoek ofizioz egiten dituztenak. Batzorde horretako kideak hauek izango dira:

a) Larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena daukan sailburuordea; batzordeko lehendakaria izango da.

b) Larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena daukan zuzendaria.

c) Segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan sailburuak izendatutako hiru pertsona.

d) Segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan saileko funtzionario bat; idazkaria izango da, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

2.– Batzorde horren osaeran gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bermatzeko modua sustatuko da.

3.– Batzorde horrek ebazpen-proposamena egingo du eta ebazteko eskumena daukan organoari igorriko dio.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan sailburuak ebatzi behar du larrialdietako eta babes zibileko bereizgarri gorriko merezimenduaren domina ematea.

2.– Larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena daukan sailburuordeak ebatzi behar du larrialdietako eta babes zibileko bereizgarri berdeko merezimenduaren domina eta larrialdietako eta babes zibileko plaka-diploma ematea.

3.– Ebazpena emateko eta hori jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, hasteko erabakia hartzen denetik kontatzen hasita.

4.– Saria emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

13. artikulua.– Dominak, plaka-diplomak edo diplomak entregatzea.

1.– Domina jartzeko edo plaka-diploma zein diploma eskura emateko ekitaldia ahalik eta solemnitate gorenarekin egingo da, saria ematea eragin duten merezimenduak eta gaitasunak nabarmentzeko asmoz. Ekitaldi hori 1-1-2ren Europako Eguna ospatzen den egunean izango da, salbu eta aukera- edo presa-arrazoiengatik beste une batean egitea egokiagotzat jotzen bada.

2.– Domina jarri edo plaka-diploma edo diploma eskura ematearekin batera, saria ematea arrazoitzen duten merezimenduzko egitateak irakurriko dira.

3.– Saria jaso behar duen pertsona fisikoa hilda badago, domina edo diploma honako hauei emango zaie, ordena preklusiboari jarraituta: bizirik dagoen ezkontideari edo bikotekideari, hildakoaren ondorengoei adinaren araberako hurrenkeran, edo hildakoaren gurasoei, edo haren anaia, neba, arreba edo ahizpei adinaren araberako hurrenkeran.

14. artikulua.– Sarien Erregistro-liburua.

1.– Babes Zibileko Sarien Erregistro-liburu Elektronikoa sortzen da, larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena daukan Zuzendaritzari atxikita eta haren kudeaketapean.

2.– Erregistro-liburuan hauek jasoko dira, ofizioz:

a) Sari-mota.

b) Onuradunaren datuak; pertsona fisikoa bada, haren sexua zehaztuko da.

c) Emateko agindua eta haren data.

d) Beharrezkotzat jotzen diren beste datu batzuk.

3.– Datu pertsonalak babesteko araudian onartuta dauden eskubideak, hau da, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak, erregistro honetako datuekin erabili nahi izanez gero, erregistro hau adskribatuta dagoen organora jo behar da.

4.– Erregistro honetako datuak ezin zaizkio beste inori laga, salbu eta datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusten diren kasuetan. Datu horiek ikerketa estatistikoetarako erabili ahal dira, modu despertsonalizatuan.

15. artikulua.– Sarien erabilera.

1.– Domina modu indibidualean jasotzen duten pertsona fisikoek, zerbitzua uniformez jantzita ematen badute, domina erabili ahal dute uniformean, betiere pertsona horren kidegoari dagokion araudiak horri buruz ezartzen duena betez.

2.– Domina modu indibidualean jasotzen duten pertsona fisikoek, baldin eta administrazio publikoetako, erakunde edo enpresetako suteak itzaltzeko, salbamenduko, babes zibileko edo larrialdietako zerbitzuekin funtzionario-loturarik edo lan-loturarik ez badute, domina jantzi ahal izango dute, salbu eta pertsonaren lan-harremana arautzen duen araudiaren arabera hori egitea posiblea ez denean.

3.– Domina modu indibidualean jasotzen duten pertsona fisikoek beren jantzian eraman ahal izango dute papar-hegaleko domina, laneko zereginetan ez dihardutenean.

16. artikulua.– Saria errebokatzea.

1.– Saria eman duen organo berak errebokatuko du, aldez aurretik kontraesaneko espedientea izapidetuta, baldin eta delitu penal bategatik kondena irmoa ezartzen bazaio saridunari, edo larrialdien eta babes zibilaren arloko arau-hauste administratibo larri edo oso larri bat egiteagatik zehapen irmoa ezartzen bazaio.

2.– Errebokatzeko ebazpena, irmoa denean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2018. urtean dominak jarri eta plaka-diplomak edo diplomak eskura emateko ekitaldia 1-1-2ren Europako Egunarekin batera izan dadin, edo egokitasun-arrazoien ondorioz egun horretatik gertu, domina edo plaka-diploma emateko espedientea hasteko aginduak hamar egunera laburtu ahal izango du dekretu honen 10.2 artikuluan ezarritako epea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoan larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena daukan sailburuaren agindu baten bidez arautuko dira dekretu honetan aurreikusten diren sarien deskribapena eta forma.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko azaroaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala