Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2017ko azaroaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5795

1398/2017 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, fakultatibo mediko eta teknikarien lanbide taldeko (lanpostu funtzional hauek izan ezik: (fakultatibo espezialista familia-medikua-LMAT eta fakultatibo espezialista Pediatriako medikua-LMAT) eta zehazten diren osasun-zerbitzuetako erakundeetan destinoak izateko lekualdatze-lehiaketa deitzen da.

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2017ko azaroaren 9ko Erabakiaren bidez aurreikusitako 2017rako lekualdatze-lehiaketaren deialdia, ebazpen honen bidez Erabaki hori betearazten da, lekualdatze-lehiaketa hau deituz.

Horregatik, eta aurreko paragrafoan aipatutako erabakian ezarritakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honen deialdia egiten dugu, eta horrela aukera ematen diegu Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko langile finkoei nahiz Gizarte Segurantzako erakunde sanitarioetako eta osasun-zerbitzu autonomikoetako estatutupeko langile finkoei mugitzeko eskubideaz baliatzeko, deialdia aukera hori emateko xedeaz egiten baita.

Horiek horrela, ondoko hauek babes harturik, ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; abenduaren 16ko 55/2003 Legea, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-estatutuarena, azaroren 11ko 255/1997 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena eta martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretua, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen kategoria profesionalen baliokidetzen katalogo homogeneoa arautzen duena; eta indarrean dagoen legediak langileriaren gainean ematen dizkidan ahalmenez baliaturik, eta, halaber, arlo honetako sindikatuei entzun ondoren, hau

EBAZTEN DUT:

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zerbitzu-erakunde sanitarioetan destinoa izango duten fakultatibo mediko eta teknikarien lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketaren deialdia egitea, ondoren jasota dauden oinarrien arabera

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.– Arau orokorrak.

1.1.– Deialdia eta oinarri hauek lotesleak dira deialdia egiten duen administrazioarentzat, lehiaketa epaitu behar duen epaimahaiarentzat eta parte hartzen dutenentzat. Oinarri hauetan xedatuta ez dagoena arau-xedapen aplikagarriek arautuko dute.

1.2.– Lan harremanaren izaera juridikoa. Destino berri bat oinarri hauetan ezarritakoaren arabera lortzeak ez du batere aldatuko lehiatzaileak lehendik duen lan-harremanaren izaera juridikoa, hau da, harreman estatutarioa, funtzionarioa edo lan-kontratupekoa.

1.3.– Lan-baldintzak. Lekualdatze-lehiaketa honen ondorioz destinoa okupatzera pasatzen den pertsonalari Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea (ekainaren 26ko 8/1997 Legea) eta indarrean dagoen Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa aplikatuko zaizkio, eta esleituko zaion destinoko osasun-zerbitzuetako erakundean indarrean dauden lan-baldintzak onartu beharko ditu, dagozkion ordainsariak jasoz.

1.4.– Destinoen ezaugarriak.

Deialdi honen lanpostu funtzionalak eta zerbitzu-erakundeetako destinoak, zein kategoriatakoak diren eta, halaber, betetzeko eskatzen den espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna oinarri hauekin batera dagoen I. eranskinean eta II. eranskinean jasotzen dira.

2.– Betekizunak.

2.1.– Hemen arautzen den prozesuan parte hartzeko, izangaiek deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunean bete behar dituzte eskatutako baldintzak, eta, hala badagokio, destinoaz jabetzeko esleipena egin arte mantendu, euskararen ezagutza bete beharreko baldintzatzat jotzen denean izan ezik. Hori kontuan hartuko da baldin eta euskararen ezagutzaren jabe baldin bada eta hamar egun balioduneko epean egiaztatzen badu, destinoen esleipenaren behin-behineko ebazpena Osakidetzako web orrian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.2.– Bete beharreko baldintzak.

2.2.1.– Honako egoeraren batean egotea:

a) Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko osasun-zerbitzuetako edozein erakundera atxikita egotea, lortu nahi duen zentroa ez den beste batean, jabetzako izendapena daukan estatutupeko langile moduan nahiz karrerako funtzionario moduan nahiz lan-kontratudun finko moduan parte hartzen duen kategorian.

Lanean hasteko, kategoria batean ofizialki onartutako espezialitate jakin bat izatea eskatzen denean, kategoria berekoak direla ulertuko da espezialitate berea duten lanpostu funtzional guztiak, baldin eta asistentzia-eremu berekoak badira (lehen mailako atentzioa edo atentzio espezializatua).

Kategoria desberdintzat joko dira espezialitate jakin bat eskatzen ez duten kategoriak eta bertan sartzea hautaketa-prozedura desberdinen bidez egiten denean.

b) Kategoria bereko estatutupeko langile finkoa izatea eta Gizarte Segurantzako erakunde sanitarioetako edo osasun-zerbitzu autonomikoetako destino batean jardutea edo destinoa gordeta edukitzea. Orobat, aipatu erakunde horietako destino batetik etorrita, zerbitzu aktiboaz besteko egoeran egotea.

2.2.2.– Administrazio-egoera.

Deialdi honetan parte hartzeko, pertsonalak ondorengo egoeraren batean egon beharko du:

a) Zerbitzu aktiboan dauden edo destinoa gordeta daukaten langileak.

b) Destinoa gordeta ez daukan pertsonala sektore publikoan zerbitzuak egiteko eszedentzian edo borondatezko eszedentzian dagoelako. Kasu horretan langileek deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunean bete beharko dituzte zerbitzu aktiborako itzultzeko ezargarri den legediaren arabera bete beharreko baldintzak, baina ez da beharrezkoa izango zerbitzura itzultzeko baimena lehenagotik eskatua eta lortua edukitzea.

c) Behin-behineko atxikipena duten langileak.

Ebazpen hau argitaratzen den egunean Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako edozein erakundetako destino bati behin-behinekoz atxikirik dagoen langile orok nahitaez parte hartu beharko du lekualdatze-lehiaketa eta gutxienez destinoa behin-behinekoz betetzen duen osasun-barrutian deitutako destino guztiak eskatu beharko ditu, betiere destino horietan aritzeko eskatzen diren baldintzak betetzen baditu. Destinorik lortzen ez badute, osasun-barrutian deituriko destino guztiak eskatu ez izanagatik, borondatezko eszedentzia egoera aitortuko zaio ofizioz, horretarako baldintzak beteko balitu, eta, hala ez balitz, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuan duen langile finkoaren izaera galduko luke.

Dagokion lehen mailako arretako edo arreta espezializatuko modalitatean deitutako lanpostu huts guztiak eskatu badituzte, destinoa behin-behinekoz okupatzen duen osasun-barrutian, eta lekualdatze-lehiaketa honetan destinorik lortuko ez balute, beste destino batean behin-behinekoz atxikiko lituzkete, haiek aurretik hala eskatuz gero. Destino hori destinoen behin betiko esleipenaren ondoren zehaztuko zen, lanpostu funtzional era barruti berekoa; hau da, eszedentzia eman zitzaion horretan edo lehiatzeko betebeharra sortzen duen egoera ematen den horretan, lanpostuan aritzeko eskatutako baldintzak betetzen badituzte, lehiaketan parte hartzeko eskabidean egoera hori gertatuz gero borondatezko eszedentziara igaro nahi dutela zehaztu ez badute.

2.2.3.– Esleitutako destinoaz jabetu aurreko data duten derrigortasun-datadun destinoak aukeratu nahi dituztenek dagokion hizkuntza-eskakizuna izan eta egiaztatu behar dute hamar egun balioduneko epean, destinoen behin-behineko esleipenaren Ebazpena Osakidetzako web orrian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.2.4.– Edozein kasutan ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak bete behar dira, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretuak, uztailaren 19koak, ezarritakoaren arabera eta lehiatzen deneko lanpostua betetzeko indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozeinen arabera.

2.2.5.– Beharrezkoa izango da arlo zehatz bateko ezagutza espezifikoak egiaztatzea, hala eskatzen duten destino batzuk aukeratu ahal izateko.

Destino horiek II. eranskinean zerrendatzen dira.

III. eranskinean eskatutako ezagutza espezifikoak eta baita horiek egiaztatzeko modua ere deskribatzen dira.

3.– Eskabideak.

3.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu. Deialdi honetako lehiaketan parte hartu nahi dutenek eskabidea Interneten bidez egin beharko dute, Osakidetzaren web orrialdean dagoen eskabidea betez. Horretarako helbidea hauxe da: www.osakidetza.euskadi.eus

Aipatutako helbidean eskura dagoen 2017ko lekualdatze-lehiaketaren aplikazio informatikoan izangaiei esango zaie zein pasahitz erabili behar duten parte hartzeko eskabidea betetzeko.

Eskabideak ondorengo atalak izango ditu:

– Datu pertsonalak.

– Baremoko datuak: Izangaiek eskabidean nahitaez bete beharko dute merituen baremoko datuak jasotzen dituen atala, ebazpen honen V. eranskinean dagoena.

Izangai guztiek aplikazio informatikoak erakusten dien curriculum vitae atala bete beharko dute.

– Destinoak aukeratzea: Izangaiek nahi beste destino aukeratu ahal izango dute I. eta II. eranskinetan eskaintzen direnen artean, haien kategorian eta, kasua bada, lanpostu funtzionalean.

Derrigorrezko mugikortasun prozesuren batean egondako izangaiek, lehenengoaren araudi espezifikoak destinoa lortzeko lehentasunezko eskubidea dutela eta hori lekualdatze-lehiaketa honetan efektiboa izan daitekeela ezarri badu, eskabideak aurkezteko epean alegatu beharko dute 2017ko lekualdatze-lehiaketako web orrian argitaratuko den eredu baten bidez eta horretaz gain, nahi badute alegazio hori jasotzen duen beste edozein idatzi aurkeztu ahalko dute. Edonola ere, lehentasunezko eskubide hori justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Aurreko paragrafoetan adierazitako moduan eskabidea egiteko behar diren informatika-baliabideak eta langileak jarriko ditu Osakidetzak, dituen zerbitzu-erakundeen bitartez.

Prozesuan onartua izateko, aldez aurretik garaiz eta forman epe barruan bete behar da dagokion eskabidea, eta 3.6 oinarrian aurreikusten den dokumentazio justifikatzailea aurkeztu.

3.2.– Epea.

Eskabidea, 3.1 oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo 15 egun balioduneko epean aurkeztuko da. Epe hori azkeneko eguneko 14:00etan amaituko da.

Parte hartzeko eskabidea aurkeztu duten baina eskabideari uko egin nahi dioten izangaiek horretarako aukera izango dute Osakidetzako web orrian destinoak behin-behinekoz esleitzeko lehenengo ebazpena argitaratu baino hamar egun baliodun lehenagora arte edozein unetan. Une horretatik aurrera ezingo dute lehiaketa utzi. Horretarako, gutxienez hamabost egun balioduneko aurrerapenarekin argitaratuko da Osakidetzako web orrian ebazpen horren argitalpen-data zein izango den.

Izangaiek aukera izango dute, ezkontideak edo izatezko bikote-kideak ere lehiaketan parte hartzen badu, familiako bizikidetza dela medio, beren eskabidea haienaren arabera baldintzatzeko. Baldintza hori eskabidean agertu beharko dute berariaz jarri diren tokietan. Destinoak esleitzeko behin-behineko ebazpenean lehiatzaile biek osasun- barruti berean destinoa lortu ezean, horrela baldintzaturiko eskabideak baliogabe geratuko dira, salbu eta erreklamazioak aurkezteko aldian kontrakoa adierazten badute.

3.3.– Datuen zehaztasuna.

Lehiaketara aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan datu faltsurik aurkituz gero, ezereztu egingo da eskabidea, bestelako lege-neurriak hartzeari uko egin gabe.

3.4.– Eskabidean jarritako jakinarazpen- eta komunikazio-baliabideak.

Eskabidean ageri den helbidea bakarrik hartuko da kontuan jakinarazpenetarako.

Eskabidean helbide elektronikoa edo sakelako telefonoko zenbakia adierazten duten izangaiek hori erabiltzeko baimena ematen diote Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuari prozesuan zehar egin ditzakeen jakinarazpenetarako.

Izangaiarena berarena bakarrik izango da erantzukizuna, baldin eta adierazitako helbidean, helbide elektronikoan eta telefono-zenbakian akatsak badaude eta, horiek aldatu arren, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuari jakinarazten ez badizkio.

3.5.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.

Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean bilduko da eta hori prozesua kudeatzeko bakarrik erabiliko da. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua lege hauetan araututakoaren arabera egingo da: Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.

Fitxategi horren arduraduna Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Giza Baliabideetako Dibisioa izango da eta sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezeztatzeko eskubideak Giza Baliabideetako zuzendariaren aurrean erabiliko dira, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz.

Prozesu honetan eskabidea aurkezten dutenek onartu egiten dute euren datu pertsonalak oinarri hauetan ezarritako helbururako eta azaldutako eran tratatuko direla.

3.6.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Izangaiek, dokumentazioa aurkeztu behar badute, eskabidearen frogagirian erantsi beharko dute (datu pertsonalak eta destino-hautaketa), 3.2. oinarrian aurreikusitako epean Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietariko edozeinetan.

3.6.1.– Osakidetzako pertsonala zerbitzu aktiboan:

Zerbitzu aktiboan dauden Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko langileek ez dute dokumentazio hau aurkeztu behar izango, nahiz eta hori prozesuko edozein unetan eska ahalko zaien:

a) Kategorian destinoa jabetzan betetzeko, pertsonal funtzionario edo estatutupekoaren izendapenaren fotokopia konpultsatua.

b) Jabetzan betetako azken destinoaren lanpostuaz jabetzearen diligentziaren fotokopia konpultsatua.

c) Euskara-ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua, baldin eta ezagutza hori eskabidea egiteko erabilitako aplikazio informatikoan jasota badago.

d) Emandako zerbitzuen jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko fotokopia, baldin eta zerbitzu horiek eskabidea egiteko erabilitako aplikazio informatikoan jasota badaude.

Aplikazio informatikoan jasota ez baleude, datorren ataleko e) letran deskribatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

e) Baloratu daitezkeen merituak egiaztatzeko dokumentazioaren fotokopia konpultsatua, baldin eta horiek eskabidea egiteko erabilitako aplikazio informatikoan balioztatuta badaude.

II. eranskinean zerrendatutako destinoren bat lortu nahi duten eta aktiboan dauden Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko langileek lanpostu horretan eskatutako ezagutza espezifikoak egiaztatzeko III. eranskinean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Derrigorrezko mugikortasun prozesuren batean egondako izangaiek, lehenengoaren araudi espezifikoak destinoa lortzeko lehentasunezko eskubidea dutela eta hori lekualdatze-lehiaketa honetan efektiboa izan daitekeela ezarri badu, aipatutako araudiaren fotokopia aurkeztu beharko dute eta baita Zerbitzu-erakundearen egiaztagiri bat. Horretan, lehentasunezko eskubidea dutela eta behin betiko barne-mugikortasuneko prozesu batean efektiboa egin ez dela jasota egon behar da.

3.6.2.– Beste egoera batzuetan dauden langileak:

Agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Kategorian destinoa jabetzan betetzeko, pertsonal funtzionario edo estatutupekoaren izendapenaren fotokopia konpultsatua.

b) Jabetzan betetako azken destinoaren lanpostuaz jabetzearen diligentziaren fotokopia konpultsatua.

Izangaiek a) eta b) ataletan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuan zerbitzu-eginkizunetan badaude eta beste osasun-zerbitzu batean lanpostua gordeta badute.

c) Eszedentzian dagoenak eszedentzia eman zion Ebazpenaren fotokopia arrunta aurkeztu beharko du.

Beste osasun-zerbitzuetatik datozen eta eszedentzian dauden langileek deialdi hau argitaratzen den egunean eszedentzia-egoeran jarraitzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

d) Euskara-ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua, ezagutza hori Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuak aitortua egon ezik, 3.6.3 oinarrian aurreikusitako terminoetan, eta eskabidea egiteko erabilitako aplikazio informatikoan jasota egon ezik.

e) Emandako zerbitzuen jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko fotokopia. Egiaztagiriak zehaztapen hauek jaso beharko ditu: kategoria, lotura juridikoa, taldea, lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu sanitarioetako erakundeak edo organo eskudunek emandakoa beharko du izan, ebazpen honen IV. eranskineko ereduari jarraituz edo agiria eman duen organoak horretarako duen ereduaren arabera, baina betiere lan egindako aldien hasiera-amaierak arestian ezarri den bezala xehaturik. Ez da beharrezkoa izango egiaztagiri hori aurkeztea emandako zerbitzuak eskabidea egiteko erabilitako aplikazio informatikoak jasota badaude.

Osakidetzatik kanpo egindako zerbitzuei dagokienez, horiek hartu dituen erakundearen izaera publikoa egiaztatu beharko da, horri lotutako administrazio organoak egindako egiaztagiriaren bidez.

Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuei buruzko ziurtagirietan ez bada hitzez hitz adierazten parte-hartzaileari interesatzen zaion kategorian/lanpostu funtzionalean izandako esperientziaren izendapena, zerbitzu sanitarioetako erakundeko Zuzendaritzak edo Administrazio Publikoko organo eskudunek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eginkizunak eta zereginak, lanbide-taldea eta lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa adierazten dituena.

Dena delako kategorian sartzeko eskatzen den titulazioa lortzen den egunetik aurrera egin diren zerbitzuak baino ez dira baloratuko.

f) Baloratu ahal diren merituak justifikatzen dituen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua, aplikazio informatikoak erakusten dien curriculum vitaean balioztatuta ez badaude.

g) Destinoko lanpostuan eskatutako ezagutza espezifikoak egiaztatzeko III. eranskinean ezarritako dokumentazioa, II. eranskineko destinoak lortu nahi badira.

3.6.3.– Euskara-ezagutza egiaztatzetik salbuestea:

Ez dute euskararen ezagutza egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuak aitortutako hizkuntza-eskakizuna dutenek; beste Herri Administrazio batek igorritako hizkuntza-eskakizuna baliokidetuta dutenek; edo ikasketa ofizialak euskaraz egin dituztelako euskara-ezagutza egiaztatzetik salbuetsita daudenek.

3.6.4.– Eskabide baldintzatua:

Izangaiek lekuz aldatzeko eskabidea ezkontidearen edo izatezko bikote-kidearen eskabidearen arabera baldintzatu badute, 3.2. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz, beren eskabidearekin batera ezkontide edo izatezko bikote-kidearenaren fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, ezkontidea izanez gero, familia-liburuaren fotokopia konpultsatua ere bai, edo, izatezko bikote-kidea izanik, bikotea bizi den udalerriko udalak edo, halakorik egonez gero, elkartze zibilen udal erregistroak emandako bizikidetzako jatorrizko egiaztagiria.

3.6.5.– Dokumentuak aurkezteko modua:

Jatorrizko egiaztagiriak berariaz eskatzen direnean izan ezik, jatorrizkoaren kopiaren bidez aurkezten diren dokumentuen konpultsak ondorengo informazioa jaso beharko du: data eta konpultsatu duenaren izen-deiturak, nortasun agiria eta irakur daitekeen izenpea.

Lan eta argitalpen zientifikoei dagokienez, argitaratze-aipamena jaso beharko da horien fotokopietan, edo, hala badagokio, horiek agertzen diren aldizkari zientifikoaren edo informazio-aldizkariaren web orria aipatu beharko da. Bilera zientifikoetara egindako ekarpena izan, baina ekarpen hori argitaratu gabe badago, ordea, ekarpen horren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztuko da, zentro edo erakunde antolatzaileak emana.

Dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako batean egin ez bada, dagokion zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 15 39/2015 Legearen 1. artikuluarekin bat etorriz.

Merituek balioa izango dute izangaiak onartuak baditu deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunean, horretarako eman zaion dokumentu baten bidez eta epe horren barruan egiaztatu baditu.

4.– Lehiaketaren nondik norakoa.

4.1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osakidetzak aztertuko du izangaiek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten, eta onartu diren eskabideak epaimahai kalifikatzaileari bidaliko dizkio lehiaketaren merituak baloratzeko.

4.2.– Euskararen ezagutza baloratzea:

Euskararen ezagutza betekizuna ez den lanpostuetarako, deitutako lanpostuek izango dituzten hizkuntza-eskakizunak Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira.

Hizkuntza-eskakizunok baloratzean emango zaien puntuazioa Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko 67/2003 Dekretuak, martxoaren 18koak, 24. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da, prozesu osoan guztira lor daitekeen puntuazioa aintzakotzat hartuta.

Era berean, aurreko paragrafoarekin bat etorriz, dagokion lanbide-taldeari ezarritakoa baino baxuagoak diren hizkuntza-eskakizunen agiriari dagokion ehunekoa emango zaio.

Edozein kasutan ere, euskararen ezagutza baloratzeko muga izango da dagokion lanpostu funtzionalaren hizkuntza eskakizunari ematen zaion ehunekoa, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Hizkuntza-eskakizun horien baliokidetza-erregimena apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 41. artikuluan jasotakoa izango da, eta baita azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan jasotzen dena ere.

Izangaiek titulazioaren edo egiaztagirien fotokopia konpultsatua aurkeztuko dute eskabidearekin batera eta 3.6 oinarriak ezarritako moduan.

Goian xedatutakoaren babespean, hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten izangaiei dagokien puntuazioa emango zaie.

4.3.– Ingeles, frantses edo alemanaren ezagutza baloratzea:

Ingelesa, frantsesa edo alemana ezagutzea baloratuko da: hizkuntza bakoitzeko gehienez 1,5 puntu lortuko dira.

Meritu hori egiaztatzeko, dagokion hizkuntza-eskolak emandako ziurtagiria aurkeztu behar da, 3.6 oinarrian aurreikusten den moduan.

I.– Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren eta haren baliokideen C-2 eta C-1 mailako tituluengatik 1,5 puntu emango dira.

II.– Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren eta haren baliokideen B-2 mailako tituluengatik puntu bat (1) emango da.

III.– Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren eta haren baliokideen B-1 mailako tituluengatik 0,5 puntu emango dira.

IV.– Ingeles, frantses eta alemaneko filologietako lizentziaturei dagokion hizkuntzari esleitutako gehienezko puntuazioa emango zaie.

Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-2, C-1, B-2 eta B-1 mailen baliokideak dira ebazpen honen VI. eranskinean jasotzen diren tituluak.

Hizkuntza bereko titulu batzuk egiaztatuz gero, maila handiena duena baino ez da balioztatuko.

4.4.– Merituak baloratzea.

Interesdunak garaiz eta behar bezala aurkezten duen dokumentazioaren arabera baloratuko ditu merituak epaimahaiak, lekualdatze lehiaketako deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunera arteko merituak zenbatuz.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik aurkeztu eta egiaztatu ez diren merezimenduak ez dira baloratuko.

Ebazpen honen V. eranskinaren bidez onartzen da Merituen Baremoa, honako atalekin:

a) Esperientzia profesionala:

Merituen baremoan ezarritakoaren arabera baloratuko da.

b) Prestakuntza:

Merituen baremoan ezarritakoaren arabera baloratuko da.

c) Euskararen ezagutza:

4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera egiaztatzen den euskara-ezagutza baloratuko da, merituen baremoan aurreikusitakoaren arabera.

4.5.– Berdinketak guztizko puntuazioetan.

Berdinketaren kasuan, emakumeei emango zaie lehentasuna dagokien kategoria eta lanpostu funtzionaletan, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4. artikuluan araututakoari jarraituz.

Berdinketak jarraitzen badu, atal bakoitzean eta horien hurrenkeraren arabera guztira punturik gehien duen izangaiaren alde erabakiko da.

Berdinketak jarraitzen badu, zerbitzu aktiboan egun kopuru handiena duen edo parte hartzen dueneko kategorian lanpostuaren erreserba duen hautagaiaren alde ebatziko da.

Azkenik, aurreko irizpideak aplikatu ostean oraindik berdinketa desegin ez bada, lehenago jaio denaren alde erabakiko da.

5.– Destinoak esleitzeko prozedura.

Destinoak izangaiaren eskaeraren eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko zaizkie izangaiei, betiere, nahitaezko mugikortasun-prozesua izan duten langile finkoek haien lanpostu funtzionalari dagokion destinoa lortzeko duten lehentasuna errespetatuz, prozesu horiek araudi espezifikoak hala ezarri duenean lekualdatze-lehiaketa honetarako, baldin eta lehiaketa hau haien lanpostu berrian modu eraginkorrean lanean hasi direnetik deitu duten lehenengoa bada eta lehentasun hori behin betiko barne-mugikortasuneko prozesu batean eraginkorra egin ez bada.

Ezagutza zehatzak eskatzen dituzten destinoak, ezagutza horiek egiaztatzen dituzten izangaien artean esleituko dira aurreko paragrafoan ezarritako moduan.

5.1.– Destinoak esleitzeko behin-behineko ebazpena.

Epaimahaia eratutakoan, horrek lanpostu funtzional bakoitzaren destinoen behin-behineko esleipena jasotzen duen zerrenda onartu eta Giza Baliabideetako Zuzendaritzari helaraziko dio.

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak aginduko du destinoen behin-behineko esleipenaren zerrenda hau argitaratzeko, onartuen eta baztertuen zerrendarekin batera, baztertzeko arrazoiak adierazita.

Zerrenda hori ebazpen baten bidez argitaratuko da, eta hiru eranskin izango ditu:

– I. eranskinean onartutako langileen zerrenda agertuko da, lortutako guztizko puntuazioaren hurrenkeran.

– II. eranskinean lehiaketatik baztertuak izan direnak agertuko dira, baztertzeko arrazoia adierazita.

– III. eranskinean deialdi honetako I. eta II. eranskinetan eskainitako lanpostu funtzionalen destinoak lortu dituen pertsonal esleipendunaren zerrenda agertuko da, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

Ebazpen horren aurka izangaiek erreklamazioa aurkeztu ahal diote Giza Baliabideetako zuzendariari, Osakidetzako web orrian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita hamar egun balioduneko epean.

Epearen barruan eta behar bezala aurkeztutako erreklamazioak behin betiko ebazpenaren bidez onartu edo baztertuko dira.

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren 90.1 artikuluarekin bat etorriz, Gizarte Segurantza osasun-erakundeetatik edo erkidegoetako osasun-zerbitzuetatik datozen edo zerbitzu aktiboa ez den beste administrazio-egoera batean dauden langile esleipendunek, III. eranskinean daudenek, azterketa medikoa igaro beharko dute; Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak igorritakoa, esleitutako destinoan behar bezala aritzeko beharrezko gaitasun psikofisikoa dutela egiaztatzeko. Horretarako, zita eskatu beharko dute Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak zehaztutako zerbitzu-erakundean hamar eguneko epean destinoen behin-behineko esleipenaren Ebazpena Osakidetzako web orrian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Destinoen behin betiko esleipenaren Ebazpenak baliogabetuko du egindako destino esleipena dituen mugak edo egokitzapenak bateraezinak badura esleitutako lanpostuaren eginkizunekin.

5.2.– Destinoen behin betiko esleipenaren Ebazpena.

Epaimahaiak lanpostu funtzional bakoitzaren destinoen esleipena jasotzen duen behin betiko zerrenda onartu eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari helaraziko dio.

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiak aginduko du destinoen esleipeneko behin betiko zerrenda hau argitaratzeko, onartuen eta baztertuen zerrendarekin batera, baztertzeko arrazoiak adierazita. Zerrenda hori ebazpen baten bidez argitaratuko da, eta hiru eranskin izango ditu:

– I. eranskinean onartutako langileen zerrenda agertuko da, lortutako guztizko puntuazioaren hurrenkeran.

– II. eranskinean lehiaketatik baztertuak izan direnak agertuko dira, baztertzeko arrazoia adierazita.

– III. eranskinean deialdi honetako I. eta II. eranskinetan eskainitako lanpostu funtzionalen destinoak lortu dituen pertsonal esleipendunaren zerrenda agertuko da, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Lanpostuaz jabetzea.

Emandako destinoari ezin zaio uko egin, salbu eta interesdunak beste destino bat lortzen badu eta horrek lanez aldatzea eskatzen badu beste osasun-zerbitzu edo herri administrazio batek deituta borondatez behin betiko mugitzeko prozedura baten bidez edo izendapen askearen bitartez.

Destinoa lortzen duten izangaiek betetzen ari diren destinoa utzi beharko dute, destinoen behin-betiko esleipenaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun balioduneko epearen barruan.

Langileek, izaera orokorrarekin, aurreko destinoa utzi eta hiru eguneko epean jabetu beharko dira lanpostuaz, baldin eta plazak herri berean badaude; bost eguneko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri batean badaude; eta hilabeteko epean, aurreko destinoa utzi duten egunetik hasita, langileek osasun-zerbitzua aldatu behar badute. Langileak, emandako destinoaren bidez zerbitzu aktibora itzultzen bada, hilabeteko epea izango du lanpostuaz jabetzeko, destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Lanpostuaz jabetzerakoan, esleipenduna Osakidetzan zerbitzu-eginkizunetan, aldi baterako barne-sustapenean edo behin-behineko atxikipenean badago, aurreko paragrafoan aurreikusten den epea izango du lanpostuaz jabetzeko. Hala ere, hori zenbatzeko, okupatzen duen destinoa ere kontuan hartu beharko da, azken horren esleipendun ez bada behintzat. Horrela izanez gero, lanpostuaz jabetu da EHAAn destinoak behin betiko esleitzeko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunean behin behineko atxikipenean badago edo kargua utzi eta hurrengo egunean zerbitzu-eginkizunen eta aldi baterako barne-sustapenaren kasuetan.

Lehiaketa erabakitzeak zerbitzu aktibora itzultzea dakarrenean izan ezik, destinoaz jabetzeko epea edo epe horren luzapena, halakorik bada, zerbitzu aktibotzat joko da eta dagozkion lan-sariak jasoko dira destinoko zentroaren kargutan.

Lanpostuaz jabetzeko unean, pertsona esleipendunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, baldin eta destinoko Zerbitzu-erakundeak aurretik ez badu:

– NANa, pasaportea edo gidabaimena.

– OTI edo Gizarte Segurantzako afiliazio-txartela.

– Lortutako azken destinoaren izendapena eta jabetza.

– Zinpeko deklarazioa eta betetako konfidentzialtasun-konpromisoa. Hori aurkezten ez bada, destinoko Zerbitzu-erakundeak aurkeztuko du.

– Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuak emandako azterketa medikoaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako edo Osasuneko autonomia zerbitzuetako Erakunde Sanitarioetatik edo zerbitzu aktiboa ez den beste administrazio-egoera batetik datozen pertsona esleipendunen kasuan.

– Erantzukizunpeko deklarazioa, Adingabekoaren Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzearen eta Sexu-delitugileen erregistro zentraletik egiaztagiria eskuratzeko baimena, hori aurkezten ez bada, destinoko Zerbitzu-erakundeak emango baitu. Bestela, Sexu-delitugileen erregistro zentralak ziurtagiri negatiboa eman beharko du, destinoko Zerbitzu-erakundeak identifikatutako adingabekoekin ohiko harremana inplikatzen duen destino bat esleitzen bazaio esleipendunari, Osakidetzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenarekin bat etorriz.

– Kargu-uztearen kopia, hala badagokio.

Langile bat borondatezko mugikortasuneko prozedura batean destinoaz jabetzen ez bada, ezarritako epeen barruan edo lege edo arauen arabera epe horiei dagozkien luzapenetan, ulertuko da estatutupeko langile gisa interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia eskatzen duela, eta egoera horretan deklaratuko du zerbitzuak egiten zituen osasun-zerbitzuak.

Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuak hala erabaki badu interesdunak aurretik eskatutako entzunaldian, egoera hori indargabetu ahalko da. Kasu horretan, destinoa berrian hasi beharko da lanean une horretan eragotzi zioten arrazoiak desagertuko bezain laster.

7.– Epaimahaia.

7.1.– Izendapena.

Osakidetza- Euskal osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiak izendatuko du ebazpen honen bidez deitutako lekualdatze-lehiaketaren epaimahai kalifikatzailea.

7.2.– Osaera.

Epaimahai kalifikatzaileak 7 kide izango ditu. Horien artean Presidentzian eta Idazkaritzan egongo diren pertsonak esleituko dira eta besteak Epaimahaikideak izango dira. Kide bakoitzak ordezko bat izango du.

Epaimahaikide guztiek herri administrazioetako edo osasun-zerbitzuetako karrerako funtzionarioak edo estatutupeko finkoak, edo Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako lan-kontratuko langileak izan beharko dute, baldin eta haien lanpostuan edo kategorian jarduteko hautaketa-prozesuko kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eskatzen bada.

Epaimahaikideak banako gisa arituko dira.

Idazkaria Osakidetzako langile finkoen artean, lehentasunez, edo, beharrezkoa balitz, edozein Herri Administrazioko langileen artean izendatuko da eta eginkizun administratiboak izango ditu, eta goi-mailako titulazioa eta epaimahaikide izango da, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.

Epaimahaiaren osaketan, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten gizonezko eta emakumezkoen arteko ordezkapen orekatua bermatuko da, eta epaimahaikideek inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak beteko dituzte.

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bidez jakinaraziko du epaimahaia nork osatuko duten. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Epaimahaiak, egokitzat hartuz gero, kideekin lankidetzan jardungo duten aholkulari berezien laguntza izan dezake. Aholkulari horiei ere epaimahaikideei eskatutako titulazio baldintza bera eskatuko zaie. Bakoitza bere espezialitate teknikoetan arituko da, eta horretarakoxe bakarrik jardungo dute elkarlanean organo kalifikatzailearekin.

7.3.– Abstenitzea eta errefusatzea.

Epaimahaia osatzen duten pertsonek ezingo dute jardun eta deitutako agintaritzari jakinaraziko diote, horretan Sektore Publikoko Erregimen Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat ematen denean. Kasu horietan ere, prozesuan parte hartzen duten pertsonek, edozein unean, ezezpena eman ahalko dute, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

7.4.– Jarduteko arauak.

Epaimahaiak bere jarduna Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 22.era bitarteko artikuluetan ezarritako arauei egokituko die.

Nolanahi ere, epaimahaiburuaren aginduz bilduko da, idazkariak deituta, eta eratu ahal izateko epaimahaiburuak eta idazkariak, edo horien ordezkoek, eta gutxienez kideen erdiak bertaratu beharko dute.

Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.

7.5.– Ahalmenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta horren objektibotasuna bermatzeko arduraz.

Halaber, oinarriak ezartzerakoan agertzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta jaso gabeko kasuetarako irizpideak finkatuko.

7.6.– Zerbitzuak eragindako kalte-ordainak.

Epaimahaikideek zerbitzua dela kausa dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, asistentziak barne, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan arauturik dagoenarekin bat etorriz. Era berean, Epaimahaiari aholkatzen diotenek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek.

8.– Argitaratzea.

Deialdi hau EHAAn argitaratuko da.

Halaber, prozedura hau garatzeko emango diren ebazpenak eta EHAAn argitaratu daitezenak, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko web orrian argitaratuko dira.

9.– Oinarrien interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioa deialdi honetako epaimahai kalifikatzaileari dagokio.

10.– Egoitza.

Deialdi honetatik sortzen diren eragin eta jarduera guztietarako, baita jurisdikzio-eskumenaren ahalmenari dagokiona ere, egoitza Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia izango da: Araba kalea 45 (01006 Vitoria-Gasteiz).

11.– Errekurtsoak.

Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta baita Osakidetzako Estatu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen honen aurka eta, behin betiko, hori garatzeko emango direnen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hurrengo modu hauetan:

Giza Baliabideetako zuzendariaren behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiari.

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiaren behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Administrazio Kontseiluari.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 10a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA

FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE-TALDEA

I.– Laneko esperientzia: gehienez, 50 puntu.

Kontuan hartuko da izangaiek aitortuta duten zerbitzu-denbora, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunera artekoa, hain zuzen ere.

Nahiz Osakidetzako, nahiz Gizarte Segurantzako, nahiz autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, nahiz edozein administrazio publikotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere eskatutako destinoaren lanpostu funtzional berean zerbitzu aktiboan edo lanpostua gordeta egindako hilabete bakoitzeko: 0,1667 puntu

Halaber, horrela ere zenbatuko da medikuntzako lizentzia, eta kasua bada dagokion espezialitatea, edukitzea beharrezkoa den zuzendariordetzako eta buruzagitzako postuen kasuan.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko dugu.

II.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena: gehienez 25 puntu.

a) Graduondoko prestakuntza eta etengabeko prestakuntza.

1) Graduondoko prestakuntza:

  • Cum laude doktorea: 7,5 puntu.
  • Doktorea: 6,25 puntu.
  • Graduondoko masterra: 3,125 puntu.
  • Unibertsitate Espezialista aditua: 2 puntu.
  • Ikertzeko nahikotasuna/Diplomako ikasketa aurreratuetan: 2 puntu.
  • Lizentziako gradua (bikaina edo ohorezko matrikula): 1,25 puntu.
  • Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (10, gehienez): 0,20 puntu.
  • Lotutako goi-mailako beste titulazio bat: 1,5 puntu.

Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo diplomako ikasketa aurreratuetan lortzeko balio duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.

2) Etengabeko prestakuntza.

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten ikastaro berezietara joatea:

  • 9 ordura artekoa: 0,15 puntu.
  • 10 - 19 ordu: 0,35 puntu.
  • 20 - 29 ordu: 0,75 puntu.
  • 30 - 49 ordu: puntu 1.
  • 50 - 99 ordu: 1,5 puntu.
  • 100 - 249 ordu: 2 puntu.
  • 250 - 599 ordu: 2,5 puntu.
  • 600 ordu edo gehiago: 3 puntu.

Ikastaroen egiaztagirian kreditu-kopurua bakarrik jasota dagoenez, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:

  • ECTS Europako kreditu sistemako kreditu 1: 25 ordu.
  • Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen kreditu bakoitzeko: 10 ordu.

Ikastaroaren ordu-kopurua eta kreditu-kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,15 puntu baino gutxiago emango.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.

b) Prestakuntza espezializatua:

1) Lortu nahi den lanpostu funtzionalera sartzeko espezialitatean egoiliar gisa prestakuntza-epealdi osoa bete duten goi-mailako tituludunak: 4 puntu.

2) Lortu nahi den lanpostu funtzionalera sartzeko espezialitatean egoiliar gisa prestakuntza-epealdi osoa atzerriko zentro batean, espezialitate horretako graduatu ondorengo irakaskuntza-programa duten batean, bete duten goi-mailako tituludunak, titulua Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak baliokidetuta badu: 4 puntu.

3) Lortu nahi den lanpostu funtzionalera sartzeko eskatutako titulazio espezializatua aurreko bi paragrafoetan aurreikusten ez diren beste bideetatik (irailak 24ko 1497/1999 Errege Dekretua eta beste batzuk) lortu duten goi-mailako tituludunak: 1,5 puntu.

4) Lortu nahi den lanpostu funtzionalera sartzeko espezialitatea ez den beste batean egoiliar gisako prestakuntza-epealdi osoa bete duten goi-mailako tituludunak: Puntu 1.

c) Irakaskuntza-jarduerak:

  • Fakultateko / Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 0,125 puntu.
  • Fakultateko/Unibertsitate Eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,0625 puntu.
  • Dena delako espezialitatean egoiliarrentzako irakaskuntzan akreditatutako tutorea (urteko): 0,125 puntu.
  • Irakaskuntza etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,025 puntu.

d) Jarduera zientifikoak eta ezagutzaren hedapena: eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren.

  • Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,15 puntu.
  • Estatuko txosten bakoitzeko: 0,25 puntu.
  • Nazioarteko txosten bakoitzeko: 0,35 puntu.
  • Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,05 puntu.
  • Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,10 puntu.
  • Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,20 puntu.
  • Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,10 puntu.
  • Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,20 puntu.
  • Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 0,30 puntu.
  • Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): puntu 1.
  • Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,50 puntu.
  • Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,5 puntu
  • Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): puntu 1
  • Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): puntu 1.
  • Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,50 puntu.
  • Tesina bakoitzeko: 1,25 puntu

e) Ingeles, frantses eta/edo alemanaren ezagutza:

Hizkuntza bakoitzeko 1,5 puntu baloratuko dira.

III.– Euskararen ezagutza:

  • 2. Hizkuntza-eskakizuna: 7,5 puntu.
  • 1. Hizkuntza-eskakizuna: 3,75 puntu.
VI. ERANSKINA
HIZKUNTZEN EUROPAKO ERREFERENTZIA MARKO BATERATUKO C-2, C-1, B-2 ETA B-1 MAILEN TITULU BALIOKIDEAK

I.– Titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-2 mailaren baliokideak dira:

– Ingelesa:

1.– Certificate of Proficiency in English (CPE).

2.– PTE General Pearson Test of English (Level 5).

3.– Trinity Collage ISE 4.

– Frantsesa:

1.– Diplôme Approfondi de Langue Française DALF C2 (CIEP).

2.– Diplôme de Hautes Etudes Françaises (DHEF) (AF).

3.– DAFA (Diplôme Approfondi de Français des Affaires).

4.– DFP Affaires C2,

– Alemana:

1.– Zentrale Oberstufenprüfung (ZOP).

2.– Kleines Deutsches Sprachdiplom (KDS).

3.– Grosses Deutsches Sprachdiplom (GDS).

4.– Wirtschaftsdeutsche Deutsch (WD).

II.– Hurrengo titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailaren baliokideak dira:

– Ingelesa:

1.– HEO Gaitasun-maila.

2.– Certificate in Advanced English (CAE).

3.– PTE General Pearson Test of English (Level 4).

4.– Trinity Collage ISE 4.

5.– BEC Business English Certificate-Cambridge (Higher Good & Exceptional).

– Frantsesa:

1.– HEO gaitasun-maila.

2.– DALF.

3.– Diplôme Approfondi de Langue Française DALF C1 (CIEP).

4.– Diplôme Supêrier d´Etudes Française Modernes (DS) (AF).

5.– DSLCF (Diplôme Supêrieur de Langue et Culture Françaises).

6.– DFA2 (Diplôme de Français des Affaires 2).

7.– DFP Affaires C1 (Diplôme de Français Professionnel dans le Monde des Affaires C1).

– Alemana:

1.– HEO gaitasun-maila.

2.– Goethe-Zertifikat C1 (ZMP).

3.– Prüfung Wirtschaftsdeutsch International.

4.– Zentrale Mittelstufenprüfung (ZMP).

III.– Titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailaren baliokideak dira:

– Ingelesa:

1.– HEO maila aurreratua.

2.– First Certificate in English (FCE).

3.– PTE General Pearson Test of English (Level 3).

4.– Trinity Collage ISE 2.

5.– BEC Business English Certificate-Cambridge (Vantage Good & Exceptional)

– Frantsesa:

1.– HEO maila aurreratua.

2.– DELF 2e degré.

3.– Diplôme d`Études en Langue Française DELF B2 (CIEP).

4.– Diplôme de Langue Française (DL) (AF).

5.– DFA1 (Diplôme de Français des Affaires 1).

6.– CFJ (Certificat de Français Juridique).

7.– DFP Affaires B2 (Diplôme de Français Professionnel dans le Monde des Affaires B2).

8.– DFP Juridique B2.

9.– DFP Médical B2.

10.– DFP Secrétariat B2.

– Alemana:

1.– HEO maila aurreratua.

2.– Goethe-Zertificat B2.

3.– Zertifikat Deutsch.

4.– Zertifikat Deutsch für den Beruf.

5.– Deutsch für den Beruf (ZDFB).

6.– TELC Deutsch B2.

7.– Mittelstufe Deutsch (MD).

8.– TestDaf Niveaustufe 3. maila.

IV.– Titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 mailaren baliokideak dira:

– Ingelesa:

1.– HEO tarteko maila.

2.– Preliminary English Test (PET).

3.– PTE General Pearson Test of English (Level 2).

4.– Trinity Collage ISE 2.

5.– BEC Business English Certificate-Cambridge (Preliminary Good & Exceptional).

– Frantsesa:

1.– HEO tarteko maila.

2.– DELF 1er degré.

3.– Diplôme d`Études en Langue Française DELF B1 (CIEP).

4.– Certificat d´Etudes de Français Pratique 2 (CEFP2) (AF)

5.– CFP2 (Certificat de Français Professionnel 2).

6.– CFS (Certificat de Français du Secrétariat).

7.– CFTH (Certificat de Français du Tourisme et de l´Hôtellerie).

8.– CFST (Certificat de Français Scientifique et Technique).

9.– DFP B1 (Diplôme de Français Professionnel B1).

10.– DFP Secrétariat B1.

11.– DFP Scientifique et Technique B1.

– Alemana:

1.– HEO tarteko maila.

2.– Zertifikat Deutsch (ZD).

3.– Zertifikat Deutsch als Fremdsprache (ZDaF).

4.– TELC Deutsch B1 Beruf.


Azterketa dokumentala