Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2017ko azaroaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5567

EBAZPENA, 2017ko urriaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «La Sier» sektorearen plan partzialaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Güeñesko Udalak sustatua.

AURREKARIAK

2017ko maiatzaren 19an, Güeñesko Udalak eskabidea aurkeztu zuen «La Sier» sektorearen plan partzialaren aldaketa puntualaren –aurrerantzean, Plana– ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu ziren. Ingurumen-agiri horretan, agiri hori egin duten pertsonak nor diren zehazten da, sinatuta dago, eta, bertan, amaiera-data jasotzen da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko ekainaren 23an, egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi, ingurumen-organo horrek dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari egin zitzaien kontsulta –biak Eusko Jaurlaritzakoak–.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, kontsulta egin zitzaien bi erakundeen txostena jaso zen; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

«La Sier» sektorearen plan partzialaren aldaketa puntuala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da, zeinetan ezartzen baitira zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen hamahirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «La Sier» sektorearen plan partzialaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Güeñesko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A.– Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

«La Sier» sektorearen antolamendu xehea 2002an onartutako plan partzial batean definitu zen; familia bakarreko etxeetarako partzelen loteek osatzen dute sektore hori. Zehaztu behar da plan partzial hori erabat garatua dagoela bizitegi-partzeletan, baina ez dotazioetarako udalerriari lagatako partzeletan; azken horiek morfologikoki trinkoa den unitate batean biltzen dira, eta 2.185 m2 dagokie espazio libreetarako eta 1000 m2 irakaskuntzarako erabilerarako. Azken partzela horrek aldaketa bat jasan zuen 2010eko abenduan: ekipamendu orokorrerako erabilera bat eman zitzaion, eta irakaskuntzarako erabilera kendu; gainontzeko hirigintza-parametroei berdin eutsi zitzaien. Plan partzialaren aldaketa berri honekin, partzela dotazionalen, «ekipamenduaren» eta «espazio libre eta gune berdeen» mugaketa birdoitu nahi da, haien azalera aldatu gabe, «ekipamenduaren» partzelan, dotazio publiko bat hartuko duen eraikin berezi bat eraikitzeko xedearekin. Gainera, jatorrizko plan partzialean ezarritako antolamendu xehatua osatuko du aldaketak, lerrokadurak eta sestrak antolatzeari dagokionez.

B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen du proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Planak aldatzen du aurretiaz ezarritako antolamendu xehatua, eta horrek urbanizatze-proiektua aldaraziko du.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak soilik aldatzen ditu indarrean dagoen plan partzialean ezarritako antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk; beraz, esan daiteke ez duela eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. Organo sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan, zenbait neurri proposatzen da ingurumen-jasangarritasuna handitzeko eta Planak klima-aldaketan izan dezakeen eragina txikitzeko. Horien artean dago eraikinak «EAEko etxebizitzetarako eraikuntza iraunkorrerako gidaliburua»n ezarritako efizientzia-neurrien arabera diseinatzea eraikinak.

d) Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean berean jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Güeñesko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoa babestea: era berean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira ingurumen-jasangarritasuneko eraikuntzarako dagokion gidan jasotako gomendioak, eraikinetan energia aurrezpena eta efizientzia zein energia berriztagarriak sustatzeko.

Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, ez dela aurreikusten «La Sier» sektorearen plan partzialaren aldaketa puntualak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Güeñesko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala