Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2017ko azaroaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5528

118/2017 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Mexikoko Estatu Batuetako Gobernazio Idazkaritzaren arteko Memoranduma. Helburua da emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta guztiz desagerrarazteko ideien eta esperientzien trukea sustatzea eta sendotzea.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak elkar aditzeko Memoranduma sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea elkar aditzeko Memoranduma, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Mexikoko Estatu Batuko Gobernazio Idazkaritzaren artean sinatutakoa, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta guztiz desagerrarazteko ideien eta esperientzien trukea sustatze eta sendotze aldera. Memorandumaren testua eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEŃA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 9KO 118/2017 EBAZPENARENA
MEXIKOKO ESTATU BATUETAKO GOBERNAZIO-IDAZKARITZAREN ETA EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO ELKAR ADITZEKO MEMORANDUMA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA PREBENITZEKO ETA GUZTIZ DESAGERRARAZTEKO IDEIEN ETA ESPERIENTZIEN TRUKEA SUSTATU ETA SENDOTZEKO DENA

Mexikoko Estatu Batuetako Gobernazio Idazkaritzak (aurrerantzean, «Idazkaritza»), Emakumeen aurkako Indarkeria Prebenitzeko eta Desagerrarazteko Batzorde Nazionalaren bidez (aurrerantzean Conavim), eta «Emakunde»-Emakumearen Euskal Erakundeak (biei «Sinatzaileak» deituko zaie);

Aintzat hartuta, Emakunde sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legeari jarraikiz, Emakunde Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoari dagokiola berdintasun-politikak –emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta desagerraraztekoak barne– diseinatzea, bultzatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, eta haien inguruko aholkularitza ematea, baita gizartea sentsibilizatzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko.

Aitortuta Emakunderi dagokiola Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen kontrako indarkeriaren arloko zerbitzu eta programen eraginkortasuna eta helmena ebaluatzea.

Aitortuta Emakunderi dagokiola Espainiako Estatuko beste autonomia-erkidegoetako eta nazioarteko komunitateko erakunde analogoekin harremanak eta partaidetza bideak sortzea.

Kontuan hartuta Mexikoko Estatua Emakumeen aurkako Bereizkeria oro Deuseztatzeari buruzko 1979ko abenduaren 18ko Konbentzioko eta Emakumearekiko Indarkeria Prebenitzeko, Zigortzeko eta Desagerrarazteko Herrialde Amerikarren arteko 1994ko ekainaren 9ko Konbentzioko kidea dela eta, horrenbestez, bi betebehar dituela: bata, emakumeen erabateko garapena eta aurrerapena ziurtatzeko behar diren neurri egoki guztiak ezartzea, emakumeek giza eskubideak berdintasunean baliatzea eta gauzatzea bermatzeko; eta bestea, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, zehatzeko eta desagerrarazteko politikak onartzea.

Aitortuta, Emakumearekiko Indarkeria Prebenitzeko, Zigortzeko eta Desagerrarazteko Herrialde Amerikarren arteko Konbentzioaren 8. artikuluko i) tartekian xedatzen denez, estatu-kideek adostu zutela pixkanaka, «indarkeria jasaten duten emakumeak babestearren, ideiak eta esperientziak trukatzeko eta programak gauzatzeko nazioarteko lankidetza sustatzeko» neurri zehatzak hartzea, baita programak ezartzea ere.

Aitortuta Mexikoko Estatu Batuetako Konstituzio Politikoaren 1. artikuluko 3. zenbakiak xedatzen duela agintari guztiek, dagozkien eskumenen arloan, giza eskubideak sustatzeko, errespetatzeko, babesteko eta bermatzeko betebeharra dutela, unibertsaltasun-, independentzia-, zatiezintasun- eta progresibitate-printzipioei jarraikiz, eta horrenbestez, Mexikoko Estatuak giza eskubideen urraketak prebenitu, ikertu, zehatu eta erreparatzeko beharrezko neurri guztiak hartu behar dituela.

Gogoan izanda 2011ko ekainaren 11n Mexikoko Estatu Batuetako Konstituzio Politikoa erreformatu zutela, Mexikoko Estatuak sinatutako nazioarteko hitzarmenek biltzen dituzten giza eskubideei konstituzio-maila emate aldera, eta giza eskubideen arauak erarik ahalik eta zabalenean aplikatzeko pro persona interpretazio-printzipioa barne hartu zutela.

Aintzat hartuta Mexikoko esparru legalean, emakumeen giza eskubideen, genero berdintasunaren eta emakumearen kontrako indarkeriaren eremuan, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lege Orokorraren onarpena nabarmentzen dela (DOF-Federazioko Egunkari Ofizialean argitaratua, 2006ko abuztuaren 2an), zeinaren helburuak emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bermatzea eta emakumeen ahalduntzea eta generoan oinarritutako diskriminazioaren kontrako borroka sustatzea baitira. Orobat nabarmentzen da Emakumeek Indarkeriarik gabeko Bizitza Izateari buruzko Lege Orokorra (DOFean argitaratua, 2007ko otsailaren 1ean), zeinak finkatzen baititu Federazioaren, federazio-erakundeen eta udalerrien artean emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, zehatzeko eta desagerrarazteko koordinazio-oinarriak.

Aitortuta, Emakumeek Indarkeriarik gabeko Bizitza Izateari buruzko Lege Orokorraren 2. artikuluak adierazten duenez, Federazioak eta federazio-erakundeek, nor bere eskumenen esparruan, hartu beharko dituztela emakumeei indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea bermatzeko dagozkien administrazio-neurriak, Mexikoko Estatuak berretsi dituen emakumeen giza eskubideei buruzko nazioarteko tratatuei jarraikiz.

Aintzat hartuta 2013-2018rako Garapen Plan Nazionala (GPN) betetzeko konpromisoa dagoela, zeinak, genero-ikuspegia zeharkako estrategia gisa ezartzeaz gain, aurreikusten baitu emakumeen eskubideak bermatzeko eta genero-desberdintasunek desparekotasuna, bazterkeria edo diskriminazioa sortzea saihesteko ekintza bereziak egitea.

Aintzat hartuta 2014-2018rako Emakumeen Aukera Berdintasunerako eta Diskriminazio ezerako Programa Nazionalak (Berdintasunaren aldeko Programa) berdintasunaren eta diskriminazio ezaren betebeharra zeregin publiko guztietan barne hartzea indartzeko eta ordena juridiko nazionalak arlo horretako nazioarteko estandarrekin bat egitea sustatzeko helburua duela. Eta gainera, helburuen barruan, emakumeen eta nesken kontrako indarkeria prebenitzea, arreta ematea, zehatzea eta desagerraraztea eta haiei justizia afektiboa bermatzea dagoela.

Aintzat hartuta 2013-2018ko Gobernazio Programa Sektorialaren 3. helburuan nabarmentzen denez emakumeen giza eskubideak defendatu eta babestera eta haien kontrako bazterkeria eta indarkeria murriztera bideratutako Estatu-politika bat formulatu behar dela. Era berean, 3.6 estrategian zehazten denez, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko prebentzio-, arreta- eta zehapen-politika nazional bat koordinatu behar dela, eta 3.6.1 eta 3.6.2 ekintza-ildoetan adierazten denez, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, arreta emateko, zehazteko eta desagerrarazteko politika integral bat diseinatu eta koordinatu behar dela eta gobernu-ordenetan emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, arreta emateko, zehatzeko eta desagerrarazteko elkarlan-mekanismoak ezarri behar direla, hurrenez hurren.

Aintzat hartuta elkar aditzeko memorandum honek emakumeen kontrako indarkeria prebenitzen eta desagerrarazten laguntzeko helburua duela, baita genero-berdintasuna sustatzekoa ere.

Sinetsirik elkar aditzeko memorandum honek Sinatzaileen eskumen-eremuan esfortzuak batzeko modua emango duela, emakumeen giza eskubideak errespetatzearen eta genero-indarkeria desagerraraztearen aldeko aldaketa bat sustatze aldera.

Honako hau erabaki dute:

I
HELBURUA

Elkar aditzeko memorandum honen helburua da Sinatzaileen artean lankidetza-mekanismo bat sortzea, berdintasunaren eta sentsibilizazioaren arloko politika publikoak sustatu, bultzatu eta defendatzeko, emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzearren, baita emakumeei indarkeriarik gabeko bizitza bermatzearren ere.

II
AKORDIO MOTA

Elkar aditzeko memorandum hau nazioarteko akordio bat da, baina Sinatzaileen estatuei ez die Nazioarteko Zuzenbidearen eremuko inolako betebehar juridikorik ezartzen.

III
PROGRAMAK, PROIEKTUAK EDO JARDUERA BATERATUAK

Sinatzaileek elkar aditzeko memorandum honen helburua lortzeko jarduerak eta proiektua garatzeko laneko egutegiak, programak eta ekintzak idatziz adostuko dituzte, kasu bakoitzari dagokionaren arabera.

Sinatzaileek, beren eskumen-esparruaren barruan, jarduera eta proiektu bateratuak egingo dituzte, adibidez, jarraian, batzuk aipatzearren baina besterik baztertu gabe, adieraziko direnak:

a) Emakume eta nesken kontrako mota guztietako indarkerien aurrean arreta integrala eman ahal izateko politika publiko berriak ezartzeko metodologiak partekatzea.

b) Emakumeentzat segurtasun-, gizarteratze- eta berdintasun-maila handiagoko inguruneak sendotu ahal izateko esku-hartze estrategiak partekatzea.

c) Mexikon, Conavimen bidez, politika publiko eta esku-hartze estrategia berrien («Programak») ezarpenean izandako esperientzia dokumentatzea.

d) Eta, EAEn, Emakunderen bidez, Programen ezarpenean izandako esperientzia dokumentatzea.

e) Eginkizun bateratuak abiaraztea, Sinatzaileetako bakoitzak horietarako aurrekontua duen heinean.

IV
AKORDIO ZEHATZAK

Jarduera eta proiektuak gauzatzeko, Sinatzaileek akordio zehatzak egingo dituzte. Akordio horietan honakoa jasoko da, idatziz eta xeheki deskribatuta:

a) Garatzekoak diren jarduera edo ekintzen deskribapen zehatza.

b) Lanerako egutegia, iraupena eta lekua.

c) Langileak, bitartekariak eta koordinatzaile edo arduradunak.

d) Baliabide teknikoak eta materialak.

e) Ondasunen edo zerbitzuen transferentzia, hala badagokio.

f) Finantzaketa.

g) Emaitzak argitaratzeko eta hedapen-jarduerak egiteko modua, dagokion kasuan.

h) Ebaluazio- eta segimendu-kontrolak.

i) Egile-eskubideen eta jabetza intelektualeko eskubideen babesa.

j) Beren asmoak eta irismena zehazteko behar diren alderdi eta elementu guztiak.

Akordio zehatzak, sinatutakoan, tresna honen parte izango dira, eranskin independente gisa, eta IX. puntuan adierazitakoari lotuta egongo dira.

V
SINATZAILEEN KONPROMISOAK

Alderdiek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

a) Norberaren ardurak betetzea, elkar aditzeko memorandum honen xedapenen arabera.

b) Elkar aditzeko memorandum honi loturiko jarduera guztiei buruz idatziz elkar informatzea, eta Sinatzaileetako edozeinek edozein unetan egokitzat jotzen dituen kontsultak egitea.

c) Beste Alderdiaren interesak kaltetuko dituen edozein ekintza saihestea, eta konpromiso guztiak betetzea, elkar aditzeko memorandum honen zehaztapen eta baldintzak eta Sinatzaileen indarreko legeria albait gehien errespetatuz.

d) Beste Sinatzaileari programak kudeatzen eta ezartzen laguntzea.

e) Elkar aditzeko memorandum hau sinatu eta hilabeteko epean, bi (2) urtez, koordinatzaile ardura beteko duen pertsona bat izendatzea, elkar aditzeko memorandum honen ondorioz sortzen diren lankidetza-jarduerak egiteko laguntza oinarrizko eta operazionala eman, monitorizatu eta jarduerak babesteko.

f) Elkar aditzeko memorandum hau betetzeaz arduratzen diren koordinatzaileei aholkularitza teknikoa ematea.

g) Programen garapena gainbegiratzea.

h) Elkar aditzeko memorandum honen barruko Programak gauzatzea.

VI
SINATZAILEEN BITARTEKARIAK

Elkar aditzeko memorandum honen helburua era egokian gauzatzeko, Sinatzaileetako bakoitzak koordinatzaile bat izendatuko du, memorandumean finkatutako zehaztapenak eta baldintzak betetzen direla ikuskatzeko.

– Idazkaritzak Conavimeko titularra, berau ordezkatzen duen pertsona edota horretarako ahalduntzen den pertsona izendatuko du bitartekari.

– Emakundek Emakunde-Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, ordezkatzen duen pertsona edota ahalduntzen den pertsona izendatuko du bitartekari.

Jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Sinatzaileek adostu dute arduradunek, era berean, maila hierarkikoan zuzenean azpian dauden zerbitzari publikoak izendatzeko aukera izango dutela, beraien funtzioak betetzen laguntzeko edo, kasuan kasu, haiek ez daudenean ordezko izateko.

Elkar aditzeko memorandum honen esparruan, izendatutako pertsonek funtzio hauek izango dituzte:

a) Gauzatu daitezkeen Programetako ekintzak eta jarduerak koordinatzea, ebaluatzea, zehaztea eta onartzea, xedapen aplikagarrien arabera.

b) Gauzatzekoak diren Programetako ekintzak zehaztea eta babestea, elkar aditzeko memorandum honen helburua betetze aldera.

c) Programen jarraipena egin eta ordezkatzen dituzten erakundeei aldizka emaitzen berri ematea.

d) Sinatzaileek elkar aditzeko memorandum honetatik sortzen diren betebeharrak ondoen betetzeko adosten dituzten bestelakoak.

VII
MONITORIZAZIOA ETA EBALUAZIOA

Sinatzaileek onartzen duten proiektu bakoitzerako diseinatzen diren jardueren aurrerabidea monitorizatzeko eta ebaluatzeko aldizkako kontsultak egingo dituzte. Era berean, lankidetza honetako jarduerekin, emaitzekin eta amaierako eraginarekin lotutako informazio garrantzitsu guztia, ikerketak, txostenak, eta beste edozein dokumentu elkarrekin partekatzeko konpromisoa hartu dute.

VIII
KOMUNIKAZIOAK ETA JAKINARAZPENAK

Sinatzaileen arteko edozein jakinarazpen, ohar edo komunikazio idatziz bidali beharko da, posta ziurtatuz, hartu-agiria barne hartuta, edota egoitza hauetara iritsiko dela ziurtatzen duen beste edozein bitarteko erabiliz:

– Idazkaritza: Bucareli 99, Colonia Juárez, Cuauhtémoc, 06600 posta-kodea, Mexiko Hiria.

– Emakunde: Manuel Iradier 36, 01005 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz, Espainia.

Sinatzaileen arteko komunikazioa errazte aldera, elkar aditzeko memorandum honen helburuaren betetzea aldatzen ez duen, edo memorandumean aipatzen diren Sinatzaileen betebehar zehatzen bati erantzutea eskatzen ez duen edozein ohar posta elektronikoz bidali ahal izango da.

Sinatzaileetako batek bere helbidea edo arduraduna aldatuko balu, beste Sinatzaileari idatziz jakinarazi beharko dio, aldaketa izan eta hamabost (15) egun naturaleko epean.

IX
AURREKONTU-ERABILGARRITASUNA

Tresna hau eta honetatik sortzen den beste edozein dokumentu, mota berekoa baldin bada, ez da betebehar finantzario edo fiskalen eragiletzat hartuko. Sinatzaileen artean, elkar aditzeko memorandum honen ondorioz adostutako edozein jardueratarako, ondasunak edo zerbitzuak transferitzea eragiten duten konpromisoak, akordio zehatzetan idatziz deskribatuko dira. Gainera, betebeharra bere gain duen Sinatzaileak aurrekontua izan, onartu eta horretarako erabiltzeko baimena ematearen baldintzapean egongo dira, salbuespenik gabe. Balorazio horrek Sinatzaileen jarduera arautzen duten indarreko legeria, erregulazioak, arauak, politikak eta praktikak kontuan hartu beharko ditu.

X
NORTASUN GRAFIKO INSTITUZIONALAREN ERABILERA

Sinatzaileek beren enblema instituzionalak emango dituzte adostutako programa, proiektu edo jarduera bateratuak identifikatzeko, aurretik beharrezko baimen ofizialak badituzte, Sinatzaile bakoitzaren arauei jarraikiz.

XI
KONFIDENTZIALTASUNA ETA JABETZA INTELEKTUALA

Elkar aditzeko memorandum honen edo bertako IV. puntuaren arabera izenpetutako akordio zehatzen ezarpena dela-eta trukatutako informazioa ezingo da argitaratu, ezagutarazi edo hirugarren alderdi bati transferitu, aurretik beste alderdi Sinatzaileak berariazko baimen idatzirik ematen ez badu.

Elkar aditzeko memorandum honen edo bertako IV. puntuan aipatzen diren akordio zehatzen helburuak, konpromisoek edo tresna horiei jarraikiz egindako lankidetza-ekintzek sortutako edo horietatik eratorritako jabetza intelektuala modu egoki eta eraginkorrean babestuko dela bermatuko da. Sinatzaileek indarrean dagoen legeria aplikagarriaren arabera jardungo dute, dagokion akordio zehatzeko lankidetza-jardueren ondorioz sortzen diren jabetza intelektualeko eskubideei dagokienez.

XII
USTEKABEKO EDO EZINBESTEKO KASUA

Sinatzaileetako inor ez da izango elkar aditzeko memorandum honetatik eratorritako ekintzen atzerapenaren edo ez-betetzearen arduraduna, ustekabeko edo ezinbesteko kasu baten ondorio zuzena edo zeharkakoa bada, baina elkarri egoera horren berri eman beharko diote, beste Sinatzaileari idatzizko jakinarazpen bat helaraziz. Aipatutakoa atzerapena edo ez-betetzea eragin duten arrazoiak desagertzean hartutako konpromisoak berrezarriko direla jakinda egingo da.

XIII
LAN-HARREMANA

Sinatzaileetako bakoitzak elkar aditzeko memorandum hau eta tresna honen esparruan garatzen diren lankidetza-jarduerak gauzatzeko izendatutako langileek dagokien erakundearen zuzendaritzapean eta mende jarraituko dute, beraz, ez da inolako lan-harremanik sortuko beste Sinatzailearekin, eta berau ez da inola ere ugazaba solidariotzat edo ordezkotzat joko.

XIV
LANGILEEN SARRERA ETA IRTEERA

Sinatzaileak beraien agintaritza eskudunez baliatuko dira, elkar aditzeko memorandum honen ondorioz sortutako lankidetza-jardueretan ofizialki esku hartzen duten langileei sartzeko, egoteko eta irteteko beharrezko erraztasunak emateko. Aipatutako langileak herrialde hartzaileko migrazio, fiskalitate, aduana, osasun, segurtasun nazional eta bestelako arloetako xedapen aplikagarrien mende egongo dira, eta ezingo dute beren funtzioekin lotuta ez dagoen jarduerarik egin.

XV
ALDAKETAK

Elkar aditzeko memorandum hau erabat edo partzialki aldatu ahal izango da, Sinatzaileek hala adostuz gero. Aldaketak edo gehikuntzak idatziz jaso beharko dira eta elkar aditzeko memorandum honen parte izango dira, eranskin baten bidez. Testuan egiten diren aldaketak edo gehikuntzak izapidetzeko eta onartzeko prozedura jatorrizko testuarenaren berdina izango da.

Elkar aditzeko memorandum honetan aurreikusi ez den edozein auzi garrantzitsu sortuz gero, Sinatzaileek adostuko dute, VI. puntuari jarraikiz izendatutako bitartekarien bidez, memorandumaren helburu orokorren arabera eta fede onez.

XVI
EZTABAIDAK KONPONTZEA

Sinatzaileek adostu dutenez, elkar aditzeko memorandum honen edo bertatik eratorritako akordio zehatzen interpretazioaren edo aplikazioaren inguruko ezadostasunak sortuz gero, Sinatzaileek konponduko dituzte, ados jarrita, horretarako izendatzen diren bitartekarien arteko negoziazio zuzenen bidez.

XVII
AZKEN XEDAPENAK

Elkar aditzeko memorandum hau sinatzen den egunetik aurrera egongo da indarrean eta urtebeteko aplikazioa izango du. Urtebeterako luzatu ahal izango da, hainbat aldiz, alderdi sinatzaileek indarraldia amaitu baino lehen aho batez adosten badute eta alderdietako batek besteari amaitutzat ematen duela idatziz ohartarazten ez badio.

Sinatzaileetako edozeinek elkar aditzeko memorandum hau amaitutzat jo ahal izango du, gutxienez hogeita hamar (30) egun baliodun lehenago idatziz jakinaraziz gero. Horrek ez du aurretik adostutako lankidetza-jarduerak gauzatzea eta bukatzea eragotziko. Epea bete baino lehen amaitutzat jotzen bada, Sinatzaileek lankidetza-jarduerak azkar eta modu ordenatuan bukatzeko pauso egokiak emango dituzte.

Mexiko Hirian sinatua, 2017ko uztailaren 24an, gaztelaniazko ale bitan, bi testuak bata bestea bezain benetakoak izanik.

Emakumearen Euskal Erakundea,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA. ZUZENDARIA.

Mexikoko Estatu Batuetako Gobernazio Idazkaritza,

MIGUEL ÁNGEL OSORIO CHONG.

Emakumezkoen kontrako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko Komisario Nazionala,

ALEJANDRA NEGRETE MORAYTA.


Azterketa dokumentala