Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2017ko azaroaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5430

AGINDUA, 2017ko irailaren 19koa, Hezkuntza sailburuarena, zeinaren bidez 2017-2018 ikasturterako laguntzetarako deialdia egiten baita zero eta hiru urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolentzat.

Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren bidez (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte arteko umeen haur-eskolak arautu ziren, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetarako. Dekretu horretan, ziklo horretako xedeak eta helburuak zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte arteko umeen haur-eskolek bete beharreko kalitate-baldintzak ezarri ziren.

2002/207 Dekretuko lehenengo xedapen gehigarrian ezarri ziren hezkuntza-eskaintza planifikatzeko lehentasun-irizpideak: hiru urtetik beherakoentzako oraingo eskaintza sendotuko da, lehentasuna emanez maila sozioekonomiko apalagoa duten aldeei, titulartasun publikoko haur-eskolak sustatuz, eskaintza sendotuz, eta haur-eskolen kopurua areagotuz halako eskaintzarik ez duten aldeetan.

Ildo beretik, azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak luzatu egin zuen 297/2002 Dekretuaren zenbait artikuluren eta, besteak beste, 3. xedapen gehigarriaren indarraldia, titulartasun pribatuko haur-eskolentzako diru-laguntzetarako deialdiak arautu baititu.

Hirugarren xedapen gehigarri horrek xedatzen duenez, Hezkuntza Sailak laguntza ekonomikoen deialdi bat egingo die ikasturtero zero eta hiru urteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolei, egungo eskaintza sendotu edo, beharrezkotzat jotzen denean, handitzeko.

Era berean, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 3/2008 Legeak 19. artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak neurriak jarriko ditu 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzeko.

Aipatutako xedapenak betez, Agindu honen xedea da behar bezalako baimena duten titulartasun pribatuko haur-eskolentzako diru-laguntzen deialdia egitea 2017-2018 ikasturterako. Beraz, laguntzen helburua da haur-eskola horiei eusteko gastuak arintzea, familiek egin beharreko ordainketak gutxitzeko asmoz.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak, bere VI. tituluan xedatu duenarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko diru-laguntzak arautu ditu, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraikiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kontura egiteko den gastu espedienteen tramitazio aurreratua arautzen duen Ogasun eta Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa oinarritzat hartuta,

Honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.

Deialdi honen xedea da EAEko 0 eta 3 urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolei 2017-2018 ikasturterako diru-laguntzak ematea. Deialdi honetan, 24.627.322 euroko diru-laguntza emango zaie, gehienez. Halere, artikulu honen bidez ezartzen den diru-zenbatekoa gehitu egin daiteke, indarrean dagoen legerian ezarritako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldarazpenaren araubidearen bitartez. Hala egiten bada, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, deialdi hau erabaki baino lehenago.

2. artikulua.– Helburua.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak emango dira zero eta hiru urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko Haur-hezkuntzako lehenengo zikloko eskolei eusten laguntzeko, familien kuotak gutxitu eta homogeneizatzeko, familia eta lana uztartzeko zerbitzu bat eskaintzeko eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Izan ere, dagoen eskaintza sendotu nahi da, eta, beharrezkotzat joz gero, zabaldu, beti ere abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen plangintza-irizpideekin bat etorrita.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloko EAEko ikastetxe pribatuek hartu ahal izango dute, baldin eta 2017-2018 ikasturtean etapa hori emateko baimena badute.

2.– Laguntza ematea eta, hala bada, ordaintzea baldintzatuta dago; hain zuzen ere, laguntzarik eman edo ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak emandako izaera bereko laguntzak edo diru-laguntzak direla-eta hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Erakundeak ezin izango dira bildu deialdi honetan araututako laguntzetara, baldin eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea eragin dien zehapen administratibo edo penalik badute edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik badute, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne, beti ere 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak. Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak jasotzeko debekurik zigorraren jakinarazia, 13. artikulu beraren 4., 5., 6., eta 7. zenbakietan agertzen den moduan egingo da, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren, Diru-laguntzan Erregelamendu Orokorra onartzen duena, 22.4 artikulua aplikatuz.

4. artikulua.– Diruz lagundu beharreko postu-kopurua zehaztea.

Diru-laguntza kalkulatzeko orduan kontuan hartuko diren postu beteak edo okupatuak zehazteari dagokionez, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

Hiru tarteetan, betetako plaza guztiak diruz lagunduko dira, beti ere 2017-2018 ikasturterako finkatutako mugaz.

Nolanahi ere, azaroaren 15ean matrikulatuta dauden ikasleak zenbatuko dira diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko. Ondorio horietarako, ez dira matrikulatutzat joko 2017ko azaroaren 15a baino beranduago jaiotako haurrak.

2017ko maiatzaren 15ean baino lehenago jaiotako umeek, ikasturte osoko diru-laguntza jasotzeko eskubidea izango dute.

Matrikulatuta dauden beste haurrek ondorengo irizpideen arabera izango dute laguntza jasotzeko eskubidea:

Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2017ko urritik 2018ko uztailera bitartean.

Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean.

Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2017ko abendutik 2018ko uztailera bitartean.

Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko urtarriletik uztailera bitartean.

Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko otsailetik uztailera bitartean.

Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2018ko martxotik uztailera bitartean.

5. artikulua.– Finantzaketa umeko.

1.– Hiru adin-tarteetan, urteko moduluaren % 60 finantzatuko da betetzen den plaza bakoitza:

(Ikus .PDF)

2.– Lehenengo artikuluan ezarritako zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskaera guztiei erantzuteko eta handitzerik ez balego, ateratzen den zenbatekoa berdindu edo hainbanatu egingo da, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/haurpri/y22-izapide/eu

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

7. artikulua.– Betebeharrak, baldintzak eta beren akreditazioa.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 52. artikulua betez, izapidetze elektronikoaren bitartez laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak zerga-betebeharretan egunean egon behar duela dioen baldintza betetzen duela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki, behar bestetan. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

2.– Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak beren-beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea. Hori gorabehera, Administrazio Publikoak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu.

3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioan aurkeztutako dokumentazioa.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Alta emanda egotea Ogasuna eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, Baldintza hori bete behar da deialdia ebatzi eta ordaintzeko, ebazpena ematekoa denean.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak.

– Inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez egotea, edo, sartuta egonez gero, itzulketa- edo zehapen-prozedura horiek bukatuta egotea. Edo, EAEko Administrazio Orokorreko edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi bada prozedura, oraindik izapidetzen egotea.

– Pertsona edo erakunde eskatzailea ez administratiboki ez penalki zigortuta egotea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko, edo ez egotea laguntzak jasotzea eragozten dien inolako lege-debekuren pean.

– Eskatzailea ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoera batean.

– Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

5.– Erregistratuta egon ezean, edo Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide honetara jo behar da: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/haurpri/y22-izapide/eu

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

3.– Deialdi honi heltzeko, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4.– Eskaerarekin batera, honako agiriak ere aurkeztu behar dira, nahitaez: agindu honen eranskinak https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/haurpri/y22-izapide/eu webgunean daude eskuragarri.

a) 2017ko azaroaren 15ean dauden haurren zerrenda banakatua (I., II. eta III. eranskinak), jaioteguna zehazten.

Bereizi egingo dira 2017ko maiatzaren 15a baino lehenago jaiotako haurrak eta maiatzaren 15aren ondoren jaiotakoak, eta familia-liburuan haur bakoitzari dagokion orrialdearen fotokopia aurkeztuko da.

b) Haurren banaketa, adinaren arabera, baimendutako ikasgeletan (IV. eranskina).

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola-egutegia eta ordutegia (V. eranskina). 2017-2018 ikasturteko irakastegunak adieraziko dira bertan.

d) 2017-2018 ikasturterako eskatutako edo jasotako bestelako laguntzen zerrenda (VI. eranskina).

e) Notario-ahalordea, edo kreditatzen duen beste dokumentua, eskatzaileari baimena ematen diona ikastetxearen izenean jarduteko. Ez da aurkeztu beharko, aurreko deialdiren batean aurkeztu bada.

f) 2017-2018 ikasturteko aurrekontua (VII. eranskina).

g) Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolaren hezkuntza-langileen zerrenda, lan-egoera, eta euskarako eta ikasketen titulazioak adieraziz (VIII. eranskina). 2017-2018 ikasturte honetan kontratatutako lagunen tituluen eta lan-kontratuen fotokopiak bidali beharko dira. Pertsona hauek ikastetxean iaz kontratatuta egon badira, 0-3 urteko etapan, haien dokumentazioa bidali ez da beharrezkoa izango.

5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuak, bestalde, «Haur Hezkuntzako diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Datuak aurkatu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzan erabili ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).

6.– Hezkuntza eta laguntza-proiektua haur-eskolan gordeko da, eta agindu honen 17. artikuluan ezarritako jarraipen-batzordearen esku geratuko da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek jasoko ditu, besteak beste:

a) Haurren kopurua, urteen arabera, taldekatzeko irizpideak, unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasoz: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola-egutegia eta ordutegia eta eskainitako zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...

d) Jarduerak hezkuntza-eremuan dituen balore, helburu eta lehentasunen definizioa.

9. artikulua.– Organo instrukzio-egilea eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria izango da diru-laguntzak emateko prozedura instrukzio-egilea, eta prozedura ebazteko egoki deritzon agiri guztiak eskatu ahal izango ditu.

2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak zehaztasun eza edo hutsegiteren bat ikusten badu aurkeztutako eskabidean, eskatzaileari jakinarazi, eta hamar eguneko epea emango dio, zuzentzeko.

Aipatu epean eskatzaileak zuzenketarik egin ez badu, eskaeran atzera egin duela joko da; horretarako, ebazpen bat eman beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan jasotakoaren arabera.

10. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena. Ebazpen hori ikastetxe eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta, denek jakiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Laguntzak jasotzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza bi epetan ordainduko da. Lehenengoan, emandako diru-laguntza osoaren % 30 ordainduko da, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpena (agindu honen 10. artikuluan aipatzen dena) onartu ondoren. Bigarren ordainketa, berriz, 2018ko uztailean egingo da.

2.– Ekainaren lehenengo hamabostaldian, diru-laguntza jaso duten pertsonek edo erakundeek Haur Eskolak 2017-2018 ikasturtean izandako gastuak eta diru-sarreren justifikazioa bidali beharko dute, Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara. Horretarako ezarritako inprimaki-eredu bat erabiliko da, eta behar bezala bete. Inprimaki eredua https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/haurpri/y22-izapide/eu egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

3.– Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak, hain zuzen ere egoki irizten dituenak, diruaren kopuru osoak, diru-laguntzen kopuruak zuzenak direla eta diru-laguntzak eurak ondo erabili direla ziurtatzeko.

4.– Aurkeztutako justifikazioa dela eta, diru-sarrerak egindako gastuak baino handiagoak direla egiaztatzen bada, Hezkuntzako Sailburuordetzak diru-laguntza kitatu egingo du; horretarako, antzemandako aldea gutxituko da, gain-finantzaketarik gerta ez dadin. Ondorio horietarako, organo horrek kitatze-ebazpena emango du, eta horretarako kontuan hartuko du abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura.

12. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.

Deialdi honen bidez lortutako kopurua bateragarria izango da hezkuntza arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo erakunde pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, baina diru-laguntza guztien batuketak ezingo du izan gastuaren % 100 baino gehiago. Halakorik gertatuko balitz, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakiekin bat etorriz):

1.– Ematen den diru-laguntza onartzea. Ebazpena interesdunei jakinarazi ondoko hamabost egunetan pertsona/erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz ez badiote uko egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntza helburu jakin batera ematen da, eta horrexetarako erabili behar da.

3.– Diru-laguntzaren hartzaileak, halaber, men egin behar die diru-laguntza eman duen administrazioak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin ditzaketen egiaztapen-ekintzei, eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin ditzakeen kontrol-ekintzei, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 50.2 artikuluan adierazten duenez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eskumena duen Sailaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak benetakoak ba ote diren egiaztatzeko.

14. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

Laguntza emateko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako kopuruak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Eta batez ere kasu hauetan:

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza zertarako eman, horretarako ez erabiltzea.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Agindu honen 11. artikuluan ezarritako obligazioetarikoren bat ez betetzea.

15. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak eta xedea behar bezala betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzordea eratuko da. Hauek izango dira batzordeko kideak:

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo haren ordezkoa, presidentea izango dena.

– Hezkuntzako ikuskaria.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat, idazkaria izango dena.

16. artikulua.– Jarraipen-batzordearen egitekoak.

1.– Jarraipen-batzordeak, berak zehazten duen prozeduraren arabera, eskura izango du diru-laguntza jasotzen duen erakundeak bere betebeharrak zer neurritan betetzen dituen egiaztatzea.

2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 11. artikuluan azaldu den bigarren ordainketa egin aurretik, erakunde onuradunek aurkeztutako datuak aztertu ahalko ditu, eta agindu zaizkion funtzioak betetzeko beharrezko irizten dien agiri osagarri guztiak eska ditzake.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2007ko apirilaren 26ko Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diren gatu-espedienteen aldez aurreko tramitazioa arautzen duenak, 5.3 artikuluan xedatzen dituen ondorioetarako, agindu honen diru-laguntzak ebaztea 2018. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan kreditua egotearen menpe egongo da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Prozedura-gaietan agindu honek arautzen ez duenerako, osagarri gisa, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko behar diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
2015ean jaiotako haurren zerrenda
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
2016an jaiotako haurren zerrenda
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
2017an jaiotako haurren zerrenda
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
Haurren banaketa, adinaren arabera
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
Egutegia eta ordutegia
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
Beste finantzaketa-iturri batzuk
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
Aurrekontua
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
Hezkuntza-langileen zerrenda
(Ikus .PDF)
IX. ERANSKINA
Titulartasun pribatuko 0-3 urteko haur-eskolentzako laguntzen justifikazioa
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala