Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2017ko azaroaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5382

AGINDUA, 2017ko urriaren 27koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Sestaoko udalerriko Vega Galindon babes ofizialeko 52 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Sestaoko Udalak 2005eko apirilaren 6an lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Sestaoko udalerriko Vega Galindo eta Txabarri El Sol eremuetan hirigintza-jardunak egikaritzeko zena.

Hitzarmen horretako hamargarren klausularen arabera eremu horietan egingo diren etxebizitzen sustapenetan interesa duen udalerri bakarra Sestao izango da. Ondorioz, Sestaoko udal-mugartean erroldatuta dauden pertsonek soilik parte hartu ahal izango dute esleipen-prozesuan.

Bigarrena.– 2013ko urriaren 10eko Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkariaren Ebazpen baten bidez babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen Sestaoko udalerriko Vega Galindoko 105 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak. Sustapen hori Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (VISESA) baltzu publikoak sustatzen du, eta EB2-1438/13-LC-000 du espediente-zenbakia. 53 etxebizitza jada esleituta daude eta, agindu honen bidez, gainontzeko 52 etxebizitzak esleituko dira, kalifikazioaren arabera 1etik 52ra bitartekoak.

Hirugarrena.– Etxebizitza horietako lau, bi logelakoak, 79,90 m²ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 48 etxebizitzetatik 15 bi logelakoak dira eta 57,02 m² eta 79,90 m² bitarteko azalerak dituzte, eta 33 hiru logelakoak dira eta 77,37 m² eta 86,34 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio honako Agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera; 2012ko urriaren 15eko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Aginduko 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegokoan duen pertsona orori onartzen dio etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea. Harik eta erregelamendu-xedapenak argitaratzen diren arte legearen laugarren xedapen iragankorra ezarriko da; alegia, eskubidea gradualki ezarriko da.

Xedapen horrek honako baldintza hauek betetzen dituzten bizikidetza-unitateei onartzen die etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten bi kideko bizikidetza-unitateak eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten kide bakarreko bizikidetza-unitateak. Guztiei alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna eskatzen zaie Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan.

Eskubide subjektibo honen onarpenak bizikidetza unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzerakoan; lehentasun hori prozedura honetan kontuan hartu beharko da.

Hirugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan bost kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sestaoko udalerrian, Vega Galindo eremuan, 52 babes ofizialeko etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea.

Bigarrena.– Agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Sestaoko udalerrian izen emanda daudenek parte har dezakete esleipen-prozedura honetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako bat Sestaoko udalerrian erroldatuta egon beharko da, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean.

b) 2016. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da.

c) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

d) Gutxienez bi kideko bizikidetza unitate bat izatea, 5 kide baino gehiago izan gabe.

Hirugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honakoak gordeko dira:

a) 4 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, honako lehentasun-ordena hau hartuko da kontuan:

1) Gurpil-aulkian ibili behar duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

2) Gurpil-aulkian ibili behar duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

3) Bi bastoiren mendekotasuna duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

4) 1971/1999 Errege Dekretuko III eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

5) Bi bastoiren mendekotasuna duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

6) 1971/1999 Errege Dekretuko III eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

7) Mugikortasun urri iraunkorrik ez duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

8) Mugikortasun urri iraunkorrik ez duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

b) Etxebizitza bat, agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileentzat. Gisa honetako eskatzailerik ez badago, etxebizitza hori gainontzeko eskatzaileen artean esleituko da.

c) 47 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat.

Laugarrena.– Agindu honetan aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Bizkaiko Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2017ko azaroaren 20tik abenduaren 1a bitartean (biak barne).

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Kale Nagusia 85, 48011, Bilbao.

– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011, Bilbao.

Bosgarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena kontuan hartuta ebatziko dira.

1.– Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).

2.– Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 30, gutxienez 15).

3.– 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei eta gutxienez 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitartekoei.

4.– Sestaon erroldatuta egoteagatik 10 puntu emango dira.

5.– 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktimak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak); gehienez, 30 puntu emango dira, kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.

Seigarrena.– Bi logelako etxebizitzak esleitzerakoan 3 edo 4 kideko bizikidetza unitateek lehentasuna izango dute.

Hiru logelako etxebizitzak esleitzerakoan gutxienez 4 kide dituzten bizikidetza-unitateek lehentasuna izango dute.

Zazpigarrena.– Etxebizitzak barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.

Zortzigarrena.– Etxebizitzak esleitu ondoren etxebizitzarik eskuratu ez dutenek osatutako itxaron-zerrenda egingo da, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.

Itxaron zerrenda agortzen bada 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.

Bederatzigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamargarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 27a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala