Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2017ko azaroaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5300

EBAZPENA, 2017ko urriaren 25ekoa, Industriako sailburuordearena, krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzen 2017ko ekitaldiko deialdiaren berri ematen duena. Bideratu Berria programa.

2017ko urriaren 17ko Aginduak Bideratu Berria programa arautzen du (2017ko urriaren 24ko EHAA, 203. zk.). Bideratu Berria programaren bidez, arautu egiten ditu krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak.

Agindu arautzailearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, egoki da, krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko, 2017ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 10. artikuluan xedatutako ahalmena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da urriaren 24ko Aginduan xedatutako laguntzen 2017ko ekitaldiko deialdia egitea; laguntza horiek aurrerakin itzulgarrien eran emango dira (Aginduaren bidez, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dira). Bideratu Berria programa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiko laguntzak finantzatzeko, gehienez 1.400.000 euro jarriko dira, apirilaren 11ko 2/2017 Legearen bidez 2017ko ekitaldirako, xede horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan onartzen diren aurrekontu-kredituen arabera.

Deialdi honi lotuta emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, eguneratutakoan sortutako kopurutik gorakoa. Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epeak eta tokiak.

1.– Ebazpen honetatik eratorriko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.eus/industria. Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Deialdiko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasiko da; amaitu, berriz, 2017ko azaroaren 27ko 12:00etan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 25a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala