Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2017ko urriaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5096

AGINDUA, 2017ko irailaren 12koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Mediku Elkargoen Kontseiluaren estatutuak.

Ikusita eta aztertuta geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Mediku Elkargoen Kontseiluaren estatutuen onarpena eskatzeko eskaera, honako aurrekari hauetan oinarriturik:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean –gaur egun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila– Euskal Autonomia Erkidegoko Mediku Elkargoen Kontseiluaren estatutuen onarpena onartzeko eskaera sartu zen, eta, espedientea izapidetu ondoren, legeak agindutako txostenak eskatu ziren.

Bigarrena.– Osasun Sailaren, Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion Herri Administrazio eta Justizia Sailak (egun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) elkargoari, 2016ko maiatzaren 25eko idazki baten bidez. Elkargoak dokumentazioa igorri zuen, eta 2017ko ekainaren 9an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean.

Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute, oinarri juridiko hauek kontuan hartuta:

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.

Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, Kontseiluaren estatutuak onartzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Tituludun Lanbideen eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 40. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Hirugarrena.– Betetzen da Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua, bai eta Tituludun Lanbideen eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 35.6, 35.7, 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.

Aipatutako manuak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Mediku Elkargoen Kontseiluaren estatutuak onartzea.

Bigarrena.– Agindua ematea kontseilu horren estatutuen onarpena argitara dadin agindu honen eranskin gisa.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 12a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

EHMEK-EN ESTATUTUAK
I. TITULUA.– XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Eratzea, izendapena, lurralde-eremua eta helbidea.

Euskal Herriko Medikuen Elkargoen Kontseiluak –EHMEK izango da aurrerantzean– Euskal Autonomia Erkidegoko hiru sendagile-elkargo ofizialak biltzen ditu, eta 2012ko abenduaren 16an Lehendakarien bileran hartutako akordioaren ondotik eratu zen, bere azken izaera abuztuaren 30eko 228/2005 Dekretuak eman ziolarik.

Kontseiluak Bizkaiko Elkargoaren egoitzan ezartzen du bere egoitza soziala, edo bere Gobernu Organoaren akordioz ezarritako beste helbideren batean bestela.

Administrazio-lanetarako, eta funtzionamendua errazteko egoitza administratibo bana ezartzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sendagile-elkargoetako egoitzetan, eta administrazio-lanei eta bilerei dagozkien berezko jarduera guztiak leku horietan burutuko dira txandaka, Kontseiluaren Lehendakaritza bere gain hartu duen Elkargo bakoitzari dagokion aldian, Elkargo horretako egoitza administratiboan hain zuzen ere.

2. artikulua.– Izaera juridikoa.

EHMEK zuzenbide publikoko lanbide-korporazio bat da, egitura demokratikoak, ordezkaritza-izaera, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituena, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 41.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta bera da medikuak ordezkatu eta defendatzen dituen erakunde nagusia, gizartearen interes eta behar orokorrekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan betiere.

Lanbideko taldearen ordezkaritza eta koordinaziorako organo gorena den aldetik, Estatutuetan eta Legean aurreikusiak dauden eginkizun guztiak behar bezala beteko direla ziurtatzeko beharrezkoak diren akordioak hartu eta arauak emateko gaitua dago.

3. artikulua.– Enblema.

Batzorde Iraunkorrean berariaz horretarako onartzen diren enblema eta logotipoa onartuko ditu EHMEK-k.

4. artikulua.– Eginkizunak.

EHMEK-ri dagokio, Autonomia Erkidegoaren eremuan, Espainiako Medikuen Elkargoen Kontseilu Orokorrak une bakoitzean estatu osoaren eremurako esleituak dauzkan eginkizunak betetzea.

Era berean, EHMEK-k bere gain hartzen ditu, bere lurraldeko jarduketa-eremuan, indarrean dagoen legediak ematen dizkion eskumen guztiak eta, eskumen horiek alde batera utzita, baita Administrazioak espresuki esleitu eta eskuordetzan emandakoak, eta zehazkiago esateko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 42. artikuluan ezarritakoak.

Kontseiluak web-orrialde bat izango du, eta horri esker azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako leihatila bakarraren bitartez:

1.– Elkargoek eta profesionalek aukera izango dute, erabat doan:

a) Jarduera profesionalera iristeko eta hori egikaritzeko beharrezkoak diren informazio eta formulario guztiak eskuratzeko.

b) Beharrezkoak diren dokumentazio eta eskaera guztiak aurkezteko.

c) Interesdun gisa agertzen den prozedura guztien izapidetze-egoera zein den ezagutzeko eta prozedura horietan nahitaezkoak diren izapide-ekintzen eta horien ebazpenaren inguruko jakinarazpenak jasotzeko ere.

d) Kontseiluaren jarduera publikoaren nahiz pribatuaren berri izateko.

2.– Aipatutako leihatila bakarraren bitartez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, erabat doan banatu eta eskainiko du informazio hau:

a) Elkargokideen erregistrora sartzeko aukera.

b) Elkarte profesionalen erregistrora sartzeko aukera.

c) Erreklamazioak egiteko bideak eta jar daitezkeen errekurtsoak.

d) Deontologiako Kodea.

5. artikulua.– Eskuordetzan hartutako eginkizunak.

EHMEK-ri dagokio, Autonomia Erkidego honen eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak, Foru Administrazioak eta Tokiko Administrazioak berezkoak dituzten eginkizunak betetzea, organo eskudunek horrela xedatuz gero, baldin eta eginkizun horiek azaroaren 21eko 18/1997 legearen 25. artikuluan aipatzen den lanbidea babestea edo koordinatzeari badagozkio, artikulu horretan ezarritako moduan hain zuzen ere.

6. artikulua.– EAEko Administrazioarekiko harremanak.

Gure lanbidearen edukiei dagozkien arazoetan, Osasun Sailaren bidez jarriko da harremanetan EHMEK EAEko Administrazioarekin, edo arlo honetan eskuduna den erakundearen bidez bestela.

Elkargo profesionalen gaian eskuduna den sailarekin ere izango ditu harremanak lanbidearen alderdi orokorrei dagokien xehetasun guztietan, eta baita izaera orokorreko alderdi instituzional eta korporatiboei dagokienean ere.

II. TITULUA.– GOBERNU-ORGANOEN OSAERA ETA ANTOLAMENDUA

7. artikulua.– Gobernu-organoak.

Gobernu-organo hauek osatzen dute EHMEK:

1.– Osoko Organoak.

2.– Gobernu Batzordeak edo Batzorde Iraunkorrak.

3.– Lehendakaritza Organoak.

8. artikulua.– Osoko Organoa.

EHMEK-en organo gorena den aldetik, EAEko sendagile-elkargo ofizial guztiak egongo dira ordezkatuta Osoko Organoan.

Elkargo bakoitzak bere botoa emateko unean izango duen ordezkaritza honako hau izango da, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoarekin bat:

Araba: 6 boto. Bizkaia: 10 boto. Gipuzkoa: 8 boto.

Ordezkaritzako sistema eta botoen kopuru horiek berak mantenduko dira botazioz erabaki beharko diren EHMEK-en gainerako organo eta batzorde guztietarako ere.

9. artikulua.– Osoko Organoaren osaera.

Osoko Organoa horrela dago eratua:

1.– EAEko Sendagileen elkargo ofizial bakoitzean Lehendakaritza, Idazkaritza, Diruzaintza eta Lehendakariordetzetako bat betetzen duten pertsonak.

2.– Hamabi kide, elkargoek beren elkargokideen artean hautatuak. Kide horien hautaketa ondoren aipatzen den moduan banatzen da:

a) Sei kide Bizkaiko Sendagileen Elkargoak izendatuko ditu.

b) Lau kide Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak izendatuko ditu.

c) Bi kide Arabako Sendagileen Elkargoak izendatuko ditu.

Elkargo bakoitzeko Gobernu Batzordeak izendatuko ditu Kontseiluaren osoko bilkuran izango dituen ordezkariak, eta ordezkari horiek edozein unetan aldatu ahal izango dira, kasu bakoitzean Gobernu Batzordeak hartutako akordioaren bitartez.

Osoko Organoaren Lehendakaritza, Idazkaritza eta Diruzaintza EHMEK-en ardura horiek dituzten pertsonen eskuetan geratuko dira. Lehendakariordetza eta Idazkariordetza, berriz, hurrengo agintaldian Kontseiluko Lehendakaritza eta Idazkaritzaren ardura hartzea dagokion elkargoko lehendakariari eta idazkariari dagokie, hurrenez hurren.

10. artikulua.– Osoko Organoaren bilerak.

Ohiko bilerak edota ezohiko bilerak izango dira. Akordioak bertako kideen 4/5eko gehiengo bidez hartuko dira. Edozein arrazoi dela medio, kideren bat ez balego bileran Osoko Organoko kide den bere Elkargoko beste kideren batengan delegatu ahal izango du bere botoa, zein kiderengan delegatzen duen idatziz adieraziz, botoa zein bileratarako delegatzen den, data eta sinadura zehaztuz.

Bilera balio osoz eratuta geratuko da lehen deialdian kideen erdiak baino bat gehiago bertaratzen direnean eta bigarren deialdian, ordu-erdi beranduago, edozein dela ere bertaraturako kideen kopurua.

11. artikulua.– Ohiko bilerak.

Ohiko bilera-saioa urtean behin egingo da, eta bertan eztabaidatu eta bozketara eramango dira urteko aurrekontuak, hala nola baita ekitaldiko urteko kontuen likidazioa ere.

Bileraren deialdia Idazkariak egingo du Lehendakariaren aginduz, bilera-data baino hamar egun baliodun lehenago eta gai-ordena Batzorde Iraunkorrak finkatuko du.

12. artikulua.– Ezohiko bilerak.

Ezohiko bilerak edozein unetan egin ahal izango dira, eta Batzorde Iraunkorraren akordioz deituko dira, Lehendakariak komenigarritzat jotzen duenean edo Kontseiluan bilduak dauden hiru Elkargoetako bateko Gobernu Batzordeak horrela eskatuz gero, eta deialdian bilera justifikatzen duten arrazoiak eta saioko gai-ordenan sartu beharko liratekeen gai zehatzak adierazi beharko dira.

Deialdia gutxienez hamar egun balioduneko aurrerapenarekin egin beharko da. Baina larrialdiko bilera baten kasuan, gutxieneko epea hogeita lau ordukoa izango da.

Aldez aurreko deialdirik gabe ere, ezohiko bilera egin ahal izango da kide guztiak presente egonik aho batez bilera egitea eta gai-ordena erabakitzen baldin badute.

13. artikulua.– Osoko Organoaren eskumenak.

Osoko Organoari dagozkio EHMEK-en eginkizun eta funtzio guztiak, eta zehazkiago esateko eskuordetzan eman ezin diren aurrekontuak onartzea eta urteko kontuak kitatzea, eta baita indarrean dagoen legediak esleitu diezazkiokeen beste eskumen guztiak ere, baldin eta EHMEK-en beste organo batzuen propiotzat hartu eta haiei esleituak ez badaude.

14. artikulua.– Gobernu Organoa.

1.– EHMEK-en Gobernu Batzorde bezala ere ezagutzen den gobernu-organoa da zuzendaritza eta administrazio-lanetarako osoko organoak hautatutako kide anitzeko organoa, eta hurrengo kideek osatzen dute:

a) EAEko sendagile-elkargoetako lehendakariek, eta horietako batek hartuko du EHMEK-en lehendakaritza.

b) EAEko sendagile-elkargoetako idazkariek, eta horietako batek hartuko du EHMEK-en idazkaritza.

c) Une bakoitzean Kontseiluaren Lehendakaritza bere gain hartua daukan Elkargoko diruzainak.

2.– Gobernu-organo hau era honetan antolatuko da: lehendakari bat, lehendakariorde bat, idazkari bat, idazkariorde bat, diruzain bat eta bi bokal.

Kontseiluko lehendakariaren, idazkariaren eta diruzainaren karguak txandaka hartuko dituzte hiru elkargoetako lehendakariek, idazkariek eta diruzainek, hurrenez hurren, bi urteko eperako kasu bakoitzean.

Lehendakariordearen eta Idazkariordearen karguak, aldiz, hurrengo agintaldian Kontseiluko Lehendakaritza bere gain hartzea dagokion elkargoko lehendakariak eta idazkariak beteko dituzte, eta horien izendapena Kontseiluko lehendakariaren, idazkariaren eta diruzainaren kargu-berritzearekin bat etorriko da.

15. artikulua.– Gobernu Organoaren bilerak.

1.– Hiru hilean behin bilduko da gutxienez, baina horrek ez du esan nahi gaiak hala eskatuta maizago bildu ezin denik, Lehendakariak horrela deituta edo Kontseiluan integratuak dauden elkargoetako edozeinek eskatuta.

Deialdia Idazkariak egingo du, Lehendakariaren aginduz, eta gutxienez zortzi egun baliodun lehenago zabalduko da deialdia. Gai-ordena Lehendakariak finkatuko du. Hala ere, Kontseilua osatzen duten elkargoetako edozeinek aukera izango du gai-ordena horretan bere ustez interesgarriak diren gaiak sar daitezen eskatzeko, betiere idatziz eta zazpi egun balioduneko aurrerapenarekin egiten badu, lehendakariak ezingo baitio uko egin eskaera horri.

Deialdian sartu gabeko puntuak ere botazioz erabaki ahal izango dira, organokide guztiak bileran badaude eta puntu hori jorratzea aho batez erabakitzen badute.

2.– Larrialdiko kasuetan, deialdia 24 orduko gutxieneko epearekin egingo da.

3.– Aurrez deialdirik egin gabe ere, ezohiko bilera egin ahal izango da kide guztiak presente egonik aho batez bilera egitea eta gai-ordena erabakitzen baldin badute.

4.– Akordioak kideen 4/5eko gehiengoarekin hartuko dira.

Eta hartu beharreko akordioa elkargo desberdinetako Zuzendaritza Batzordeko kideren baten kontra edo baita gobernu-organo bereko kideren baten kontra hasitako zehapen-espedientearen ebazpenari baldin badagokio, inplikatutako elkargoaren ordezkariek botazioan parte hartzeari uko egingo diote, eta akordioa gainerako kideen 4/5eko gehiengoarekin hartu ahal izango da.

16. artikulua.– Gobernu-organoaren eskumenak.

Legeak emandako eskumenei, batetik, eta Estatutu hauetan ezarritakoari, bestetik, kalterik egin gabe, Batzorde Iraunkorrari dagokio:

1.– Osoko Organoaren deialdia(k) egiteko gai-ordena prestatzea, eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua eta baita urteko kontuak ere prestatzea, jarraian Osoko Organoaren aurrean aurkezteko.

2.– Elkargoek emandako ebazpenen eta egindako ekintzen kontrako gora jotzeko errekurtsoen berri izatea. Kasu honetan, errekurtsoa inplikatuta ez dauden Elkargoetako ordezkarien artean ebatziko da. Berdinketa gertatuz gero, bilera horretan EHMEK-en Lehendakaritza duen kidearen kalitate-botoa gailenduko da.

3.– Gure lanbidearen jardunaren eta eginkizunen inguruan Eusko Jaurlaritzak landuko dituen arau guztien berri ematea.

4.– Zehatzeko ahala bete eta aurrera eramatea, legean eta estatutu hauetan ezarritakoaren bidetik.

17. artikulua.– Lehendakaritza Organoa (Lehendakaria).

Lehendakaritza kargua txandaka hartuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargoetako Lehendakariek, bi urteko eperako.

Salbuespen moduan, Gobernu Organoak edo Zuzendaritza Batzordeak aukera edukiko du, aho batez, Kontseiluko lehendakariaren agintaldia luzatzea erabakitzeko, baldin eta lurraldeko hiru elkargoetakoren bateko lehendakaria bada.

Bere elkargoko Zuzendaritza Batzordea behin betiko desegitearen ondorioz kargua hutsik geratuz gero, aurrez ezarritako txandatzean dagokion elkargoko lehendakariak hartuko ditu bere gain eginkizun horiek, aldi baterako baldin bada ere. Eta aldi baterako epe horrek ez du balioko bere agintaldiaren iraupena luzatu edo murrizteko.

18. artikulua.– Lehendakaritza Organoaren eskumenak.

Lehendakaritza-organoan dago, Lehendakaria izendatu ondoren, EHMEK-en ordezkaritza, berak exekutatzen ditu gobernu-organoaren akordio eta erabakiak, eta baita legeek, erregelamenduek eta estatutuek esleitzen dizkioten ahalmen eta eginkizun guztiak ere.

Osoko Organoaren eta Batzorde Iraunkorraren lehendakaritza ere Lehendakaritza Organoaren titularrari dagozkio.

19. artikulua.– Lehendakariordetza.

Kontseiluko Lehendakariak esleituko dizkion eginkizun guztiak beteko ditu EHMEK-ko lehendakariordeak, eta Kontseiluaren lehendakaritza bere gain hartuko du titularraren absentzia, gaixotasuna, abstentzioa edo errekusatzea gertatuz gero.

20. artikulua.– Idazkaritza.

Une bakoitzean Kontseiluaren lehendakaritza dagokion elkargoko Idazkariaren esku egongo da EHMEK-en idazkaritza, eta elkargo profesional horren helbidea izango da egoitza administratibo gisa baliatuko duena.

Eskumenak:

1.– Osoko Organoaren eta Gobernu Organoaren bileretako aktak prestatzea, lehendakariaren oniritziarekin.

2.– Beharrezko akta-liburuak bete eta egokiak diren ziurtagiriak luzatu eta baimentzea.

3.– Era guztietako ziurtapenak betetzea, lehendakariaren oniritziarekin.

4.– Batzorde Iraunkorrari EHMEK-en eskumenekoak diren gai guztietan informazio egokia ematea.

5.– Idazkaritzaren memoria prestatzea, Osoko Organoan aurkezteko.

6.– Lehendakariak edo/eta Batzorde Iraunkorrak esleituko dizkioten arazo eta gai guztiak.

21. artikulua.– Idazkariordetza.

Kontseiluko idazkariaren postua hutsik geratuz gero, edo haren gaixotasun edo legezko ezgaitasuna gertatuz gero, idazkariordeak ordeztuko du eta bere gain hartuko ditu haren eginkizunak.

22. artikulua.– Diruzaintza.

Une bakoitzean Kontseiluaren lehendakaritza dagokion Elkargoko diruzainaren esku egongo da EHMEK-en diruzaintza.

Eginkizun hauek bete beharko ditu:

1.– Urtero Diruzaintzako Kontu Orokorra prestatu eta aurkeztea, balantzearekin eta aurrekontuaren likidazioarekin, aurreko urteko abenduaren 31n itxiak bata nahiz bestea, Osoko organoan onartua izateko.

2.– Aurrekontuaren proiektua idaztea.

3.– EHMEK-en izenean irekitako kontu korronteen kontrola eramatea.

4.– Funtsak eta zordunketa-agiriak ordaintzeko agintzea, lehendakariarekin batera.

5.– Osoko Organoak bere bilera egin aurretik Ogasun Batzordeko kideei deitzea, gastu-partida desberdinak egiaztatu eta Diruzaintzan bertan dauden agiriekin bat datozela ikusteko.

III. TITULUA.– ORGANO AHOLKU-EMAILEAK

23. artikulua.– Deontologiako Batzordea.

A) Osaera: sei kidek osatuko dute batzordea, elkargo bakoitzetik bina kide izango dira, elkargo bakoitzeko Batzordeak izendatuak eta probintzia bakoitzean Deontologia Batzordeko kideen artean hautatuak.

Batzordeak Lehendakari bat eta Idazkari bat aukeratuko ditu bere kideen artean.

Agintaldiaren iraupena lau urtekoa izango da gehienez ere, eta karguari utzi egingo diote bakoitzak ordezkatzen duen Elkargoko Deontologia Batzordeko kide izateari uzten dionean.

B) Helburua: euren xedeak betetzeko orduan Gobernu Organoetako kideei laguntza eta aholkularitza ematea da Deontologiako Batzordearen helburua.

C) Eginkizunak eta jarduerak:

1.– Gobernu Organoek, eta baita Elkargo desberdinetako Deontologiako Batzordeek ere proposatzen dizkieten bere eskumeneko arazo guztiak aztertzea.

2.– Elkargo bakoitzeko Zuzendaritza Batzordeetako eta Deontologiako Batzordeetako kideei espedienteren bat instruitzen zaienean txosten bat egitea. Kasu horietan inplikatuak ez dauden elkargoetako kideak bakarrik arituko dira. Eta espedienteak bi elkargotako kideak ukituko balitu, inplikatua ez dagoen elkargoko kideek solik esku hartuko dute.

24. artikulua.– Ogasuneko Batzordea.

EHMEK osatzen duten hiru elkargoetan diruzaintzaz arduratzen diren pertsonek osatuko dute, eta Kontseiluko diruzaina izango da batzorde honetako burua.

Urteko kontuak onartzeko deitutako Osoko Organoaren urteko Batzar Orokorrean irakurriko den egiaztapeneko txostena prestatuko dute.

Urtean zehar, eta aldez aurretik data diruzainarekin adostu ondoren, ekitaldiaren epealdi jakin bati dagozkion diru-sarrera eta gastuen partidak egiaztatu ahal izango dituzte.

25. artikulua.– Batzorde aholku-emaileak.

Batzorde Iraunkorrak edozein unetan har dezake batzorde aholku-emaileak sortzeko erabakia, eta batzorde horietako kideak ere berak izendatuko ditu.

IV. TITULUA.– BALIABIDE EKONOMIKOAK

26. artikulua.– Gaitasun ekonomikoa.

EHMEK-k ahalmen juridiko osoa edukiko du ekonomiaren eta ondarearen arloetan, bere helburuak bete ahal izateko, bere azpiko lurraldeetako elkargoei dagokien kudeaketa eta administrazioarekiko erabateko independentzia eta askatasunarekin jokatuz.

27. artikulua.– Finantzaketa eta baliabide ekonomikoak.

EHMEK-en baliabideak bi eratakoak izango dira: arruntak edo bereziak.

1.– Baliabide arruntak izango dira:

a) Kontseilua eratzen duten elkargoek egindako ekarpenak.

b) Era guztietako agiriak luzatzeagatik edo irizpenak emateagatik sortutako eskubide ekonomiko guztiak, eta elkargokideen berezko zerbitzuei ez dagozkien gaien inguruan beste hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoen eskariz emandako zerbitzuetatik atera daitezkeen eskubide ekonomiko guztiak.

c) Bere ondarea kudeatu eta administratzeagatik jaso daitezkeen era guztietako errenta, kapital-interes eta irabazi edo mozkin guztiak.

2.– Baliabide bereziak izango dira:

a) Bere alde egindako dohaintza, jaraunspen eta legatuak.

b) Diru-laguntza eta dohainak, jatorriz pribatuak nahiz publikoak izan daitezkeenak, bere arau erregulatzaileek beraiek ezarritako xedeetara bideratuz betiere.

28. artikulua.– Elkargoen ekarpenak.

Batzorde Iraunkorrak ezarriko ditu elkargo bakoitzak EHMEK-en gastuak ordaintzeko egin beharreko ekarpenak. Estali beharreko gastuak bi eratakoak izango dira:

Elkargo bakoitzera atxikita dauden elkargokideen kopuruak baldintzatzen ez dituen gastuak, batetik, eta horiek elkargo bakoitzak zati berdinetan ordainduko ditu.

Elkargo bakoitzera atxikita dauden elkargokideen kopuruak baldintzatzen dituen gastuak, bestetik, eta gastu horiek elkargokideen kopuruaren proportzioan ordainduko dira, abenduaren 31ko datarekin landutako urteko erroldaren arabera.

29. artikulua.– Aurrekontuak prestatu eta likidatzea.

Gobernu Organoak urtero prestatuko du ekitaldirako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuen proiektua, eta baita aurreko urteko abenduaren 31n itxitako balantzea eta ustiapen kontua ere. Lan horiek guztiak Kontseiluko Diruzaintzak idatziko ditu, urteko lehen hiruhilekoan Osoko Organoan aurkeztuak izateko, bertan onartu edo atzera botatzeko. Kontu horiek guztiak berariaz horretarako izendatuak izango diren Ogasun Batzordeko kideek auditatuko dituzte, edo EHMEK-ez kanpoko beste aditu profesional batzuek bestela.

Osoko Organoak bere bilera arrunta egin baino 15 egun lehenago, Ogasun Batzordeko kideen esku geratuko da kontabilitatearen inguruko informazio guztia, eta baita egindako gastuen eta izandako sarreren egiaztagiriak ere, estatutu hauetako 24. artikuluan adierazten den moduan, kide horiek berrikusi eta egiaztatzeko, eta jarraian kontuak onartu behar dituen Osoko bilkuran azterketa horren emaitza aurkezteko.

Aurkeztutako diru-sarreren, gastuen eta inbertsioen aurrekontuen proiektua onartuko ez balitz, aurreko ekitaldiko aurrekontuak zuzenean luzatuak geratu direla ulertuko da, aurrekontu berriak onetsi arte.

30. artikulua.– Urteko memoria eta argitalpena.

Urteko memoria bat landuko da. Memoria hori web-orriaren bidez argitaratuko da, eta hurrengo puntuak hartuko ditu bere barruan:

a) Kudeaketa ekonomikoaren urteko txostena, gastuak behar bezala banakatuz.

b) Aplikatzekoak diren kuoten zenbatekoa, kontzeptuen arabera banakatuta.

c) Informazioko eta zehapeneko prozedurei buruzko informazio gehigarria eta estatistikoa.

d) Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruzko informazioa.

e) Bateraezintasunei buruzko arauak.

f) Informazio estatistikoa.

V. TITULUA.– DIZIPLINA-ARAUBIDEA

31. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Ukitutako pertsonak lurraldeetako bateko elkargoko, edo EHMEK bereko Gobernu Batzordeko kide diren kasuetan bakarrik aplikatuko da diziplinazko araubide edo erregimen hau.

2.– Zehatzeko ahala Gobernu Organoari dagokio, eta erakunde horrek kasu hauetan bakarrik jardun ahal izango du: espedientatuaren jatorrizko elkargoaren estatutuetan edo baita Eusko Legebiltzarreko azaroaren 21eko 18/1997 Legean eta Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundearen Estatutu Orokorretan ere tipifikatuta dauden portaerak gertatzen direnean, araudi horietan araututakoaren bidetik dagozkion zigor eta zehapenak ezarriz.

Aurrekoaz gain, eskumena izango du halaber estatutu hauetan eta baita Eusko Legebiltzarreko azaroaren 21eko 18/1997 Legean eta Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundearen Estatutu Orokorretan ere xedatutako arauak hausten dituzten Kontseiluko kideen jarduerak epaitzeko, araudi horietan araututakoaren bidetik dagozkion zigor eta zehapenak ezarriz.

Elkargo bakoitzeko Zuzendaritza Batzordeetako kideei edo Euskal Herriko Medikuen Elkargoen Kontseiluko kideei instruitzen zaizkien espedienteetan inplikatuak ez dauden beste bi Elkargoetako kideak bakarrik arituko dira. Eta espedienteak bi elkargotako kideak ukituko balitu, inplikatua ez dagoen elkargoko kideek solik esku hartuko dute.

3.– Edozein kasutan dela ere, elkargokideek izan ditzaketen gainerako erantzukizun zibil eta penalei inolako kalterik egin gabe beteko da diziplinazko araubidea.

4.– Ezingo da inolako diziplina-zehapenik ezarri ez baldin bada aurrez espedienterik instruitzen, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 19. artikuluan, Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundearen Estatutu Orokorretan eta hura garatzen duten arauetan xedatutako prozedurari jarraituz.

5.– Zehapeneko prozeduraren ebazpena sei hilabeteko epearen barruan eman beharko da gehienez ere, Instrukzioko epaileari horretarako izendatua izan dela jakinarazten zaion datatik kontatzen hasita.

Instrukzio-epaileak eskatuta, epe hori beste hiru hilabetez luzatu ahal izango du Gobernu Organoak, salbuespeneko egoeretan eta kasuaren inguruabarrak horrela eskatuz gero, eta luzapena epea amaitu aurretik eskatzen baldin bada betiere. Emandako luzapena interesatuari jakinaraziko zaio.

6.– Diziplinazko zehapenak ukitutakoaren espediente pertsonalean jasoko dira.

32. artikulua.– Zehapenak pilatzea eta prozeduren independentzia.

1.– Zigor-arloan zehatutako egintzak ezingo dira zehatu, subjektua, egintza eta oinarria berberak direla ikusten den kasuetan.

2.– Izapidetzen ari den zigor-prozesua, batetik, eta egintza beragatik edo beste batzuengatik gertatutako beste prozesua(k), bestetik, Titulu honen arabera banatzea arrazionalki ezinezkoa denean, prozeduraren izapidetzea eten egingo da. Eta diziplinazko prozedurari ez zaio berriro ekingo agintari judizialek erabaki irmorik ematen ez duten bitartean.

3.– Diziplinazko prozedurari berriro ekiten zaionean, arestian aipatutako kasu guztietan, ematen den ebazpenak beti errespetatu beharko du aipatutako erabaki judizial horretan agertzen den ekintzen balorazioa.

33. artikulua.– Behin-behineko neurriak.

1.– Baldin eta diziplinazko prozedura bati hasiera ematean edo baita horren izapidetze-prozesuan ere, Gobernu-organoak irizten badio kalte larriak gerta daitezkeela artatutako populazioarentzat, espedientatuari bere lanbidean jarduteko aukera aldi baterako eteteko erabakia hartu ahal izango du, behar bezala arrazoituta, aipatu espedientea ebatzi arte edo etenaldiaren arrazoiak desagertu arte, eta erabaki hori Gobernu Organoko kideen 4/5en adostasunaz onartu beharko du.

2.– Lanbidean jarduteko aldi baterako etenaldia erabakitzen duen ebazpena ukitutako elkargokideari jakinaraziko zaio, eta ebazpen horren kontra errekurtsoa jarri ahal izango da 35. artikuluan ezarritakoaren arabera.

34. artikulua.– Arau-hausteak.

1.– Zigortzeko modukoak izango dira Elkargoetako eta EHMEK-ko Zuzendaritza Batzordeetako kideen egite eta ez-egite guztiak, baldin eta Eusko Legebiltzarreko azaroaren 21eko 18/1997 Legean, Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundearen Estatutu Orokorretan edo baita espedientatuaren jatorrizko Elkargoari dagozkion estatutuetan falta gisa tipifikatuta badaude, eta bertako Gobernu Batzordeko kide moduan jokatuz aritu bada.

VI. TITULUA- ARAUBIDE JURIDIKOA

35. artikulua.– Euskal Herriko Medikuen Elkargoen Kontseiluaren aurrean jarritako errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoak jarri ahal izango dira elkargoen egintza eta ebazpenen aurka, horien jakinarazpen-datatik hasi eta hilabeteko epean.

Errekurtsoa akordioa edo ebazpena hartu zuen Elkargoko Zuzendaritza Batzordearen aurrean aurkeztuko da, eta batzorde horrek Euskal Herriko Medikuen Kontseilura bidali beharko du hurrengo hamar egunen barruan, bere aurrekari guztiekin eta dagokion txostenarekin. EHMEK arduratuko da errekurtsoa jarri osteko hiru hilabeteko epean berariazko ebazpena eman eta jakinarazteaz, eta epe hori igaro ostean errekurtsoa ezetsi egin dela ulertuko da.

Errekurtsogileak akordioa etetea eskatzeko aukera izango du, eta Batzorde Iraunkorrak onartu edo ezetsi ahal izango du, behar bezala arrazoituta.

Gorako errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin izango da bestelako administrazio-errekurtsorik jarri, eta irekirik geratuko da administrazioarekiko auzien bidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak aurkakoa ezarri ezik.

36. artikulua.– Euskal Herriko Medikuen Elkargoen Kontseiluaren egintzen eta ebazpenen kontrako errekurtsoak.

1.– Lehen auzialdian emandakoak izanik gora jotzeko errekurtsorik sortzen ez duten Euskal Herriko Medikuen Elkargoen Kontseiluaren egintzen kontra, berraztertzeko errekurtso bat jar daiteke, aukera gisa, Kontseiluaren beraren aurrean edo gora jotzeko errekurtsoa, bestela, zuzenean Euskal Herriko Medikuen Elkargoen Kontseiluaren aurrean.

Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, jakinarazpena egin zenetik hasita.

Berraztertzeko errekurtsoaren ostean ebazpenik emango balitz, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da jakinarazpena egin zenetik kontatzen hasita, eta hiru hilabetekoa errekurtsoa jarri zen datatik kontatzen hasita, Berraztertzeko Errekurtsoaren ostean berariazko ebazpenik emango ez balitz.

2.– Zuzenean gora jotzeko errekurtsoaren bidea hautatuz gero, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Euskal Herriko Medikuen Elkargoen Kontseiluaren ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita, errekurtsoa EHMEK-en aurrean aurkeztuko baita, eta horrek Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari bidali beharko dio zazpi eguneko epean, aholkularitza juridikoaren txosten egokiarekin batera.

3.– Gora jotzeko errekurtsoa ezetsia izanez gero, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurka egin ahal izango zaio ebazpen horri, gaia arautzen duen legean aurreikusitakoaren arabera.

4.– Gora jotzeko errekurtsoa ezesten duen administrazio-egintzaren kontra beste edozein administrazio-errekurtso jartzeak ez du eteten administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean errekurtsoa jartzeko ezarria dagoen epea, baldin eta lege arautzaileak espresuki epea etetea xedatzen ez badu.

VII. TITULUA- ESTATUTUAK ALDATZEA ETA DESEGITEA

37. artikulua.– Aldatzeko akordioa.

Estatutuen aldaketa planteatu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru sendagile-elkargo ofizialetako gobernu-batzordeetako edozeinen proposamenez, dagokion aldaketa-proiektua ere aurkeztuz aldi berean.

Estatutu hauek aldatzeko beharrezkoa izango da Osoko Organoa osatzen duten kideen 4/5 ordezkatzen dituen gehiengoaren akordioa.

Aldatzeko akordio hori elkargo bakoitzeko Gobernu Batzordeak berretsi beharko du.

38. artikulua.– Eskumena.

Kontseilua desegin eta azkentzeko ekimena Batzorde Iraunkorrari dagokio.

Ekimen hori Osoko Organoa osatzen duten kideen 4/5ek onartu ondoren, Elkargo bakoitzeko Gobernu Batzordeak berretsi beharko du.

Desegiteko akordioa Eusko Jaurlaritzako dagokion Sailari jakinaraziko zaio, aldez aurretik legez zehaztutako moduan jokatzeko.

39. artikulua.– Ondasunen xedea eta destinoa.

Desegitea erabakiz gero, Osoko Organoak batzorde likidatzaile bat izendatuko du, elkargo bakoitzeko kide batek osatua, eta zorrak ordaindu ondoren ere ondasunak eta baloreak soberan baleude oraindik, Kontseilua osatzen duten elkargoei esleituko dizkie batzorde horrek beren partaidetzako kuotaren proportzioan eta, subsidiarioki, baita bere lurralde-eremuaren barruan lehendik dauden profesionalen ongintzako eta gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ere.


Azterketa dokumentala