Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2017ko urriaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5095

EBAZPENA, 2017ko urriaren 18koa, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez handitu egiten baita larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantzaketa-lerro iraunkorrera bideratutako diru-zuzkiduraren zenbatekoa, ekintza humanitarioetarako laguntzen deialdiaren barruan, 2017ko ekitaldirako garapenerako lankidetzaren kargura.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2017ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez (apirilaren 25eko EHAA, 78. zk.), ekintza humanitarioetarako laguntzen deialdia egin zen, garapenerako lankidetzaren kargura, 2017ko ekitaldirako.

Ebazpen horren 1. artikuluak ezartzen duenez, deialdiaren zenbateko globala lau milioi eta zazpiehun mila (4.700.000) eurokoa da, eta, ebazpenaren 2.a) artikuluak zehazten duenaren arabera, larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantzaketa-lerro iraunkorrerako diru-zuzkidura bi milioi eta hirurehun mila (2.300.000) eurokoa da.

Era berean, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren 2017ko abuztuaren 16ko Ebazpenaren bidez (abuztuaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 161. zk.), zazpiehun mila (700.000) euro handitzen da ekintza humanitarioetarako laguntzen deialdira bideratutako diru-zuzkidura 2017ko ekitaldirako, garapenerako lankidetzaren kargura. Ondorioz, aipatutako deialdiaren zenbateko globala, lau milioi eta zazpiehun mila (4.700.000) eurokoa izatetik, bost milioi eta laurehun mila (5.400.000) eurokoa izatera igaroko da.

Halaber, 2017ko abuztuaren 16ko Ebazpen horren 2. artikuluaren bidez, zazpiehun mila (700.000) euro gehiago bideratzen dira larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantzaketa-lerro iraunkorrera, zeina jasota baitago Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2017ko apirilaren 11ko Ebazpenaren 2.a) artikuluan. Ondorioz, horren diru-zuzkidura, bi milioi eta hirurehun mila (2.300.000) eurokoa izatetik, hiru milioi (3.000.000) eurokoa izatera igaroko da.

Bestalde, 2017ko apirilaren 11ko deialdiaren ebazpenaren 2.2 artikuluak ezartzen duenez, ekintza humanitarioko estrategia-marko bakar bati ere esleitu ezin zaion zenbatekoa –behar adina estrategiek eskatutako gutxieneko puntuaziorik lortu ez dutelako, eskatutako baldintzak betetzen ez dituztelako, edo dagoen aurrekontu-zuzkidurarako adina eskabide jaso ez direlako–, diru-zenbateko hori finantzaketa-lerro iraunkorrerako erabil daiteke.

Ekintza humanitarioko estrategia-markoaren lerrora bideratutako zuzkiduratik, 93.923,87 euroko gerakina dago, zeina ezin baitzaio eskaera bakar bati ere esleitu. Hori horrela, eta larrialdietako eta ekintza humanitarioetako proiektu batzuk erantzuteko daudenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren artezkaritza-kontseiluak onartu ostean, 2017ko uztailaren 13ko saioan hartutako erabakiaren bitartez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– 93.923,87 euro handitzea larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantzaketa-lerro iraunkorrera bideratutako diru-zuzkiduraren zenbatekoa. Zenbateko hori Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2017ko apirilaren 11ko Ebazpenaren 2.a) artikuluan dago jasota. Ebazpen horren bidez, ekintza humanitarioetarako laguntzen deialdia egiten da, garapenerako lankidetzaren kargura, 2017. urterako.

2. artikulua.– Estrategia-markoaren lerrotik datorren gehikuntza horren ondorioz, larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantzaketa-lerro iraunkorrera bideratutako diru-zuzkidura (Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2017ko apirilaren 11ko Ebazpenaren 2.a) artikuluan dago jasota) 3.000.000 eurokoa izatetik 3.093.923,87 eurokoa izatera igaroko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 18a.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia,

JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.


Azterketa dokumentala