Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2017ko urriaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5041

114/2017 EBAZPENA, urriaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Derioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteentzako lan-poltsa sortzea helburu duena.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoak hitzarmen hori sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Derioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen baten testua. Hitzarmen horrek helburu dauka tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteentzako lan-poltsa sortzea. Testua eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 16KO 114/2017 EBAZPENARENA
POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ETA DERIOKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, TOKIKO POLIZIAREN OINARRIZKO ESKALAKO BITARTEKO AGENTEENTZAKO LAN-POLTSA SORTZEKO

Derio, 2017ko urriaren 2a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Malentxo Arruabarrena Julián andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia, urtarrilaren 8ko 68/2013 Dekretuaren bidez izendatua (urtarrilaren 16ko EHAA, 11. zk.), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoaren izenean eta hura ordezkatuz, EAEko Segurtasun Publikoko Sistema antolatzen duen ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 20. eta 26. artikuluek esleitzen dioten eskumenarekin bat.

Bestetik, Esther Apraiz Fernández de la Peña Derioko alkate andrea, Derioko Udala ordezkatuz.

Bi alderdiek, duten ordezkaritzarekin bat, dagozkien eskuduntzetan jardunez eta elkarri ordezkaritza horretatik ondorioztatzen diren ahalmenak aitortuta, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Jarduten ari diren bi administrazioak jabe direla toki mailan tokiko poliziaren oinarrizko eskalako agente-plazak bitarteko-erregimenean estaltzeak eragiten dituen arazoez. Halakoak estaltzea beharrezkoa izaten da bai oporraldietan, oro har, udan, edota aurreikusi ezinezko baldintzetan edo bestelakoetan, eta nolanahi ere bitarteko agente horiek kontratatu behar izaten direla dagozkien funtzioak betetzeko.

Bigarrena.– Arazo horri ondo helduko bazaio, aipatutako bi aldeek batera bultzatu beharko dute Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako bitarteko agente izateko lan-poltsa bat sortzeko; Udalek, hala, hango pertsonak bizkor eta eraginkor kontratatu ahal izango dituzte, behar dutenean, lehendik egongo baitira hautatuta eta beren funtzioak ondo gauzatzeko trebatuta eta gaituta.

Hirugarrena.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar ditu, hain zuzen, azken horien ekintza-baliabideak optimizatzeko.

Laugarrena.– Sinatzen duen Udalak ez ditu berezko baliabide teknikoak bitarteko tokiko agenteak hautatzeko eta prestatzeko eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak horretarako baliabideak eta azpiegiturak dituenez, bi alderdiek jotzen dute egokia dela Akademia erabiltzea, bitarteko-erregimenean, beharrezkoak diren tokiko poliziako oinarrizko eskalako bitarteko agente-plazak estaltzeko.

Bosgarrena.– Lankidetza horren legezko oinarria Tokiko Erregimenaren Oinarriak erregulatzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua da. Horren arabera, toki-administrazioaren eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko ekonomia, teknika eta administrazioko arloetako lankidetza, bai toki-zerbitzuetan bai guztien intereseko gaietan, borondatez burutuko da, legeetan ohartemandako moduan eta erara; nolanahi ere, izenpetu ditzaten administrazio-mailako partzuergo edo hitzarmenen bidez ere burutu daiteke.

Halaber, lankidetza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzen duen ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3.3 eta 44.1 artikuluetan jasota dago. «3.3.– Segurtasun publikoan parte hartzen duten Euskal administrazio publiko guztiak eta horren karguko zerbitzu guztiak lankidetza-, koordinazio- eta elkarlan-printzipioen arabera erlazionatzen dira elkarrekin.»; «44.1.– Segurtasun publikoko sail eskudunak polizia-lankidetzarako hitzarmenak sinatu ahal izango ditu interesa duten udalekin, elkarlanerako eta lankidetzarako modu eta prozedurak zehazteko.»

Horregatik guztiagatik, aldeek lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dute, honako hauei jarraikiz:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

Hitzarmen honen xedea tokiko poliziako oinarrizko eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa sortzea da, hala behar duten udal sinatzaileei, premia handiko egoeretan eta kontzeptuan bertan jasotzen den aldi baterako izaerarekin, modu bizkor eta eraginkorrean lan-poltsako pertsonak kontratatzea ahalbidetzeko. Langile horiek aldez aurretik hautatu, prestatu eta gaituko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, berezko funtzioetan jarduteko. Kudeaketa eraginkorra eta baliabideak modu hobeezinean erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoko Sistemaren beharrak egoki artatzearekin bateratu behar da, sistemaren kalitatea bermatuz.

Hitzarmen honen helburua, beraz, Udal sinatzaileen eskaerei erantzutea da eta haiei aldi baterako estaldura-zerbitzua eskaintzea, bitarteko-erregimenean, tokiko poliziaren oinarrizko eskalako agente-plazak betetzeko beharrezkoa denean, kalitatea eta eraginkortasuna bermatuz eta publizitate, berdintasun, meritu eta ahalmen printzipioekin bat.

Bigarrena.– Bitarteko agenteen lan-poltsa osatzeko aplikazio-eremua eta pertsona hartzaileak.

Lan-poltsa hau Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetza-hitzarmen hau sinatu duten Udalek bakarrik erabili ahalko dute, eta soilik bitarteko agenteak izendatzeko tokiko poliziako oinarrizko eskalako agente-kategorian lanpostuak bete behar diren kasuetan, beharra eta premia behar bezala justifikatuz, karrerako langile funtzionarioekin bete ezin daitezkeenean.

Lan-poltsan sartuko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitutako hautaketa-prozesuan parte hartu duten eta hori gainditu dutenak, baldin eta Akademiak berak Arkauteko instalazioetan antolatutako prestakuntza-ikastaroa egin badute.

Hirugarrena.– Aldeen betebeharrak.

Ezertan eragotzi gabe Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagozkion sustapen-lanak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-prozesu bat deitu du; onartutako eta kanpoan utzitako hautagaien zerrenda onartuko du; kalifikazio-epaimahaiko pertsona titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu; frogak antolatuko eta kudeatuko ditu; gainditu duten pertsonen zerrenda ezagutaraziko du eta hautagaien prestakuntza gauzatuko du.

Hautagaiek hasiera batetik lan-poltsak eskaintzen dituen aukerak ezagut ditzaten, Akademiak hautaketa-prozesuaren deialdia behar bezala iragarriko du, hitzartutako Udalen webguneetan ere argitaratuz.

Bestalde, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten Udalek erabat onartzen dituzte tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteentzako poltsa sortzeko jardute-irizpide hauek:

1) Berezko hautaketa-prozesuen ondorioz lan-poltsak antolatzeari uko egiten diote, polizia-agenteak karrerako funtzionariotzat integratzeko.

2) Segurtasun Sailaren poltsako bitarteko langileak modu esklusiboan erabiltzeko hitza ematen dute, eta aurkako kasuan, galarazi egiten da ondoren erabiltzea. Horrek esan nahi du berariaz uko egiten diotela beren poltsak deitzeari edo beste tokiko erakunde batzuk deitutako poltsak erabiltzeari.

3) Udal sinatzaileak berariaz jakinarazten duen kasuetan, lan-poltsa hau sortu aurretik existitzen ziren lan-poltsetako kideak errespetatuko dira, baina irizpide hori eskatzen duen Udalaren udal-mugartearen barruan bakarrik aplikatuko da.

a) Aurreko puntuan adierazitakoarekin bat, Derioko Udalak adierazten du ez duela udaltzainen lan-poltsarik beraz, ez duela beste lan-poltsa horretara joko, Segurtasun Sailak osatuko duen lan-poltsara jo aurretik.

Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena behar bezala zaintzeko, jarraipen-batzorde tekniko bat sortu da, lau kidez osatua: bi Segurtasun Publikoko Euskal Administrazioa ordezkatuz eta beste bi dagokion Udala ordezkatuz. Lehendakaritza Segurtasun Publikoko Euskal Administrazioko ordezkarietako batek beteko du.

Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, aldeetako batek horrela eskatzen badu, eta adostasunez hartu beharko dituzte erabakiak.

Bosgarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi aldeek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa gehituko dizkiote dokumentu honi.

Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Laugarren klausulan jasota dauden jarraipen-batzordeari esleitutako funtzioei eragin gabe, hitzarmen hau garatzean eta egikaritzean bi aldeen artean sor litezkeen liskarrak administrazioarekiko auzi-jurisdikzioaren esku jarriko dira.

Zazpigarrena.– Indarraldia eta amaiera.

Hitzarmenaren indarraldia 4 urtetakoa izango da aldeek sinatzen dutenetik aurrera, alderdietako batek salatzen ez duen bitartean. Beste alderdiari idatzizko jakinarazpena bidaliz gauzatu beharko da salaketa, hitzarmenaren indarraldia edo luzapenerako epea bukatu baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretik, edozein momentuan, Hitzarmena sinatzen dutenek aho batez luzatu ahal izango dute beste 4 urtez edo baliogabetu.

Hitzarmena edozein momentuan baliogabetu ahalko da bi alderdiek hala adostuz gero.

Zortzigarrena.– Erantsitako dokumentazioa.

Hitzarmen honekin batera, dokumentu hauek doaz:

a) Tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa hautatzeko prozedura arautzen duten oinarriak eta deialdia (2014ko otsailaren 25eko EHAA).

b) Tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteen lan-poltsaren funtzionamendu-sistema arautzen duen arautegia.

Hitzarmen hau alde biek irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat datozela adierazteko, bina kopia sinatu dituzte, testuaren idazpuruan aipatutako tokian eta egunean, eta bertan ezarri diren klausulekin bat.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

Derioko alkatea,

ESTHER APRAIZ FERNÁNDEZ DE LA PEÑA.


Azterketa dokumentala