Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2017ko urriaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5009

235/2017 DEKRETUA, urriaren 17koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Beasainen, N-I errepidean, Zumadi industrialdeko sarbidearen parean, zarataren kontrako pantailak jartzeko proiektua (1-PA-38/2016) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Beasainen, N-I errepidean, Zumadi industrialdeko sarbidearen parean, zarataren kontrako pantailak jartzeko proiektua (1-PA-38/2016)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2017ko martxoaren 15ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabeteko epean, prentsan eta 2017ko martxoaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (62. zk.). Geroago, 2017ko ekainaren 6an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

2009ko 190-C/ 2009 Foru Aginduaren bidez onetsitako Zarataren kontrako Planarekin bat eginez, kutsadura akustikoa txikitu eta inguruneko bizilagunen osasuna hobetzeko helburua betetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2017ko urriaren 17ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Beasainen, N-I errepidean, Zumadi industrialdeko sarbidearen parean, zarataren kontrako pantailak jartzeko proiektua (1-PA-38/2016)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeak dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala