Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2017ko urriaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4905

EBAZPENA, 2017ko urriaren 2koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko A.39 «Fagor San Andres» Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2017ko ekainaren 14an, Arrasateko Udalak A.39 «Fagor San Andres» Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskabidea osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabide hori Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen esparruan egiten da. Eskabide horri atxiki zaizkio Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-agiri estrategiko bat.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko uztailaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Mendien eta Naturguneen Zuzendaritza Nagusia (biak Gipuzkoako Foru Aldundikoak); Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, Uraren Euskal Agentzia, eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan. Gainera, uztailaren 18an, Arrasateko Udalari prozedura hasiko zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta Uraren Euskal Agentzia (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

A.39 «Fagor San Andres» Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitarte arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– A.39 «Fagor San Andres» Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, HAPB) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau jaso du:

A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

HAPBren helburua da industria-erabilerako hiri-lurzorua berrantolatzea (P-4 partzela), egun urbanizatua eta eraikia, A.39 «Fagor San Andres» eremukoa, hiri-antolamendu xehatua indarrean duen eremua. Instalazioek 62.531,42 m2-ko azalera dute, eta horietatik 36.378,44 m2 eraikitako azalera dira.

Hauek dira HAPBren helburuak:

1.– P-4 partzelaren antolaketa eta arautze berri bat egitea, jarduera berriak hartzea ahalbidetzeko alferrikako baliabideei balioa emanez; hori HAPB honetan jasotako irizpide eta arauetan oinarrituz garatuz joango den modulazio- eta azpizatiketa-prozesu baten bidez egingo litzateke.

2.– Eremuaren hiri-egikaritzea eta egiteke dauden hirigintza-kargak gauzatzea ahalbidetuko luketen oinarriak ezartzea.

3.– Gainerako partzeletan lehendik dauden eraikinak eta instalazioak sendotzea, egiteke dauden hirigintza-kargak egikaritzetik bereiziz.

4.– 2016an behin betiko onartutako HAPBren aldaketa moldatzea antolaketa-dokumentu xehatu berri batean, zeina etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliagarri izango baita.

Txosten honen xede den plan bereziak proposatzen duen P-4 partzela industrialaren barne-berrantolaketak esan nahi du partzela azpizatitzea erabilera eta jarduera ekonomiko berriak hartzeko, eta berarekin dakar jarduera berriak hartzeko egokiak diren eraikinak sendotzea, xede horretarako egokiak ez diren eraikinak eraistea, jarduera berrietara sarbidea bermatuko duen barne-bide bat sortzea eta hiri-zerbitzuen instalazioak birmoldatzea partzela azpizatituko unitateei zerbitzua ematekoa.

B.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen zehazteko.

1.– HAPBren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) HAPBk proiektuetarako eta bestelako jardueretarako markoa ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) HAPBk zer neurritan eragiten dien bestelako planei edo programei: lurralde- eta sektore-plan ezberdinetan Planak izan dezakeen eragin posibleak aztertuta, haiekin bateragarria den zehazten da.

c) HAPBren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburu bereziarekin: eremuan aplika daitezkeen IV. Ingurumen Esparru Programa izenekoaren ingurumen-helburuak aintzat hartzen ditu plan honek.

d) Ez da atzematen HAPBren ondoriozko ingurumenaren gaineko arazo adierazgarririk.

e) HAPB egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europa edo Espainia mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:

HAPBren edukia ikusita, ingurumen-agiri estrategikoan planteatutako neurriekin zein ebazpen honetan jasotakoekin ez da ingurumen-eragin negatibo garrantzitsurik aurreikusten.

Ingurumen-agiri estrategikoak ingurumen-eragin negatiboa eragozteko, murrizteko eta zuzentzeko neurriak proposatzen ditu, garapen-agirietan txertatu behar direnak. Hala, horiek eragotzi egiten dute proposatutako jarduketek ingurumen-balioetan eraginik izatea. Ingurumen-agiri estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:

– Ibilguekin muga egiten duten lanek pasabidea libre eta oztopotik gabe utzi behar dute jabari publiko hidraulikoko zortasun-eremuan; egoera onean den ibaiertzeko landarediaren gaineko eragina saihestu behar da, eta, ahal den heinean, lurzoru naturala aldatzen duen esku-hartze oro. Jabari publiko hidraulikoari eragiten dion edo haren babes-eremuetan dagoen jarduketa orotarako, Uraren Euskal Agentziak izapidetutako administrazio-baimena beharko da.

– Xedapen hauetako zehaztapenak aplikatu beharko dira: Kantauri Ekialdeko Jabari Hidraulikoko Uholde Arriskuen Kudeaketa Plana; Demarkazioaren Plan Hidrologikoa (1/2016 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko eta Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko Mugapen Hidrografikoen Plan Hidrologikoen berrikuspena onartzen duena) eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua (638/2016 Errege Dekretua, abenduaren 9koa, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa; Plangintza Hidrologikoaren Erregelamendua, uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa, eta uholde-arriskuak, emari ekologikoak, erreserba hidrologikoak eta hondakin-uren isurketa kudeatzeko beste erregelamendu batzuk).

– Hornidurari dagokionez, aurreikusitako ur-beharrak kuantifikatu beharko dira, eta entitate kudeatzailearen adostasun-txostena eskuratu. Isuria saneamendu-sistema orokorrera lotu beharko da, eta horrek sistemaren gaitasuna aurretik egokitu beharra ekar lezake.

– Lurzorua kutsatzen duten jarduerak hartu izan dituen edo hartzen dituen inbentariatutako partzelaren tratamenduari dagokionez, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoari atxikiko zaio, eta, hala badagokio, lurzoru horien destinoa aurreikusi beharko da.

– Jarduketak (eraikinak, ibilgailu-sarbide berriak, hirigintza-elementuak...) diseinatzeko neurriak aztertu beharko dira, ingurunean paisaia-aldaketa handirik ez eragiteko eta paisaia indartzea lortzeko. Planak aztertu beharko du obra- edo jarduera-proiektuen agiri gehigarri gisa paisaia-integrazioko azterlana jasotzeko aukera, zeina ezarria baitago Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko uztailaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7.3 artikuluan.

– Garatzeko planeamenduak bermatu beharko du jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen direla. Hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan, besteak beste: eragin beharreko gehieneko azalera, babestu beharreko landaredia, ibilguak alferrikako jarduketa guztietatik zaintzeko eta isuriak saihesteko beharra, ahalik eta hauts eta zarata gutxien egitea eta hondakinak kudeatzea. Lanak garbi egingo dira, eta garbiketa zorrotza egingo da amaitu eta gero. Gainera, kutsadura kontrolatzeko sistemak izango dira nahi gabe isuritako makinen olio edo erregaientzat, eta hondakinen behar bezalako kudeaketa egingo da indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Arrasateko A.39 «Fagor San Andres» eremurako Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arrasateko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala