Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2017ko urriaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4879

AGINDUA, 2017ko urriaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez eskola-garraiorako banakako diru-laguntzetarako deialdia egiten baita desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten ikasleentzat, baldin eta eskolatuta badaude etxebizitzaren arabera dagokien ikastetxe publikoan edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak berariaz adierazitako ikastetxe publiko edo itunpeko batean eta ezin badute ohiko eskola-garraioa edo ikastetxeak espezifikoki antolatutakoa erabili.

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura. Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.

Badira ikasle batzuk desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bati lotutako hezkuntza-premia bereziak dituztenak eta horiek ezin dute eskola-garraioa erabili, bai ibilbideak edo garraioa ez daudelako egokituta, bai ikastetxean ez dagoelako garraio antolaturik. Halere, egunero ibilgailu partikularrean edo garraio publikoan joateko aukera dute. Ikastetxera joateko desplazamendua zailtasun gehigarria izan ez dadin, ezta kostu gehigarri bat ere, bereziki itunpeko ikastetxean eskolatzea Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak berariaz adierazten duenean, eskola-garraiorako banakako diru-laguntzen deialdi hau egiten da.

Helburu horrekin laguntzen deialdi hau egiten da eta, izaera orokorrarekin, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamendua onartzen du) ezarritakoaren arabera arautuko dira. Horregatik, ondoko xedapenak kontuan hartuta: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. Titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen bidez, eskola-garraiorako banakako diru-laguntzen bi lerrotarako deialdia egin nahi da desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten ikasleentzat.

Lehenengo dirulaguntza-lerroa 2017-2018 ikasturtean ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan matrikulatutako ikasleei zuzenduta dago, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak ohartaraziz gero ezin dela ohiko eskola-garraioa erabili.

Bigarren dirulaguntza-lerroa, ordea, 2016-2017 ikasturteko ikasleentzat da, baldin eta deialdi honen aurreko edizioan, banakako garraio-esleipenen onuradunak izan baziren eta esleipenaren zenbatekoak ez bazuen garraioaren kostu osoa estali.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 3.004.000 euro bideratuko dira. Kopuru hori honela geratzen da banakaturik:

a) Lehenengo dirulaguntza-lerrorako, desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten ikasleentzako 2017-2018 ikasturteko eskola-garraiorako banakako diru-laguntzena, 2.814.000 euro.

b) Bigarren dirulaguntza-lerrorako, 190.000 euro, 2016-2017 ikasturteko eskola-garraioan banakako diru-laguntzak jaso zituztenei dagokien diferentzia konpentsatzeko, esleipenaren zenbatekoak ez bazuen garraioaren kostu osoa estali.

Lehenengo eta behin, b) atalean jasotako eskabideak atal horri esleitutako zuzkidurarekin ebatziko dira. Esleipena egin eta gero soberakinik badago, kopuru horrek handitu egingo du a) ataleko eskabideak ebazteko esleitutako kopurua.

2.– Emango diren laguntzek, guztira, ezingo dute aipatuta zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa gainditu, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Egoera hori gertatuko balitz, jakitera emango da Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez, deialdiko ebazpenaren aurretik.

3.– Aurrekontuan sartutako funtsak, behar bestekoak ez badira, dirulaguntza-lerro bakoitzean banatuko dira, 4. artikuluari jarraikiz, ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta epe barruan aurkeztu diren eskabideen artean, eta murrizte-portzentajea aplikatuko da, hain zuzen ere, eta portzentaje hori dirulaguntza-lerroaren kreditu osoaren eta lerroan onartutako eskabide guztiek eskatutako zenbatekoaren arteko portzentajezko aldearen adinakoa izango da.

3. artikulua.– Laguntzen onuradun izateko betebeharrak eta haien egiaztatzea.

1.– Dirulaguntza-lerro honetara aurkez daitezke desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat duten ikasleak, baldin eta, 2017-2018 ikasturtean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan izaera orokorrarekin jasotako eskakizunez gain, eskakizun hauek ere betetzen badituzte:

a) 2017-2018 ikasturtean etxebizitzaren arabera dagokion edo Hezkuntzaren Lurralde Ordezkaritzak berariaz adierazitako ikastetxean matrikulatuta egon beharko du.

b) Ikaslearen etxebizitzatik ikastetxera dagoen distantziak bete egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –garraioaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuaren 5. artikuluko c letran ezarritakoa.

c) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat du eta ikastetxean aurkeztu du indarrean dagoen Desgaitasun Ziurtagiria, lurralde-erakunde eskudunak egina, eta bertan adierazten dira desgaitasun mota eta gradua, eta hala behar bada mugikortasun urri iraunkorra duen.

d) Ez ditu 21 urte beteak izango 2017ko abenduaren 31n.

e) Bere desplazamenduetan ezin du erabili ohiko eskola-garraioa.

f) Ezin du ikastetxera joan doako garraioan edo Hezkuntza Saileko erakunde publiko edo pribatuek erabat diruz lagundutako garraioan.

2.– Bigarren dirulaguntza-lerroari dagokionez, deialdi honetaz baliatu ahal izango dira 2016-2017 ikasturtean 2016ko ekainaren 7ko Aginduaren bidez (2016-08-29ko EHAA) eskola-garraiorako banakako laguntzak jaso zituzten ikasleak, baldin eta deialdiari esker jasotako diru-laguntzarekin ez bazen guztiz ordaindu ikastetxeak garraioarengatik izandako gastua.

3.– Eskatzaileek onuradun izateko debekuren bat jasota ez daukatela justifikatu ordez erantzukizunpeko adierazpenak aurkez litezke.

4.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Lehenengo dirulaguntza-lerroan, ikasleek jasotzen dituzten 2017-2018 ikasturterako banakako diru-laguntzek garraioaren kostu osoa estali ahal izango dute. 2. artikuluan aipatzen den zuzkidura ekonomikoa eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideak ordaintzeko behar bestekoa ez bada, 2. artikuluaren 3. atalean aipatzen den murrizketa aplikatuko zaio zenbatekoari.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ezartzeko erreferentziatzat hartuko den kostua honako arau hauei jarraikiz kalkulatuko da:

a) Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko desplazamendurako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, metroa) erabiltzen bada (taxia izan ezik), ematen den esleipenaren zenbatekoa garraio ekonomikoenari dagokion kostua izango da, kontuan hartuko dira eguneko bi bidaia, salbu eta ez badago jangelako zerbitzurik edo erabiltzen ez bada; kasu horretan, eguneko, gehienez, lau bidaia zenbatuko dira.

b) Ikasleak taxiz egiten badu bidaia, taxilariak aurkeztutako aurrekontua, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baimendutakoa, izango da erreferentziako aurrekontua. Onuradunak hiru aurrekontu eskatuko dizkie taxilari desberdinei; hiru horietan merkeenari emango zaio baimena. Aurrekontuak, onartua izateko, ikaslerik eskolara garraiatzen ez den egunengatiko murrizketa jaso beharko du.

c) Ikastetxeak antolatzen badu taxi- edo autobus-desplazamendua, erreferentziako kostua ikastetxeak ikasleari garraio-gastuengatik kobratzen dion zenbatekoa izango da. Horrelakoetan, desplazamendua antolatzen duen ikastetxeak jaso beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren baimena. Ikastetxeak hiru aurrekontu eskatuko dizkie zerbitzu-emaile desberdinei; hiru horietan merkeenari emango zaio baimena.

d) Etxebizitzaren eta ikastetxearen artean desplazatzeko ibilgailu partikularra erabiltzen den kasuan, esleipenaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko ibilbidearen kilometro kopurua bider 0,29 euro, bider eguneko bidaia-kopurua (gehienez, eguneko lau bidaia, salbu eta ikasleak ikastetxeko jangela erabiltzen badu, kasu horretan, eguneko bi bidaia zenbatuko dira), bider eskola-egunak.

Ibilbidearen km x 0,29 euro x bidaia-kopurua (2 edo 4) x eskola-egunak

2.– Bigarren dirulaguntza-lerroan, 2016-2017 ikasturtean banakako diru-laguntzen onuradunak izan ziren ikasleei esleipen horiek ez bazieten ikastetxera joateko garraioaren kostu osoa estali, 2016-2017 ikasturtean jasotako banakako diru-laguntzen artean eta ikasturte horretan eskatu zen zenbatekoaren arteko diferentzia jaso ahal izango dute, gehieneko zenbateko gisa, baldin eta garraioaren benetako kostua jasotako esleipena baino gehiago izan zela egiaztatzen bada.

5. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste ezein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin.

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Agindu honetako 1. eranskineko ereduaren arabera, laguntza-eskabideak 2017ko urriaren 30era arte aurkeztuko dira, ikasleak ikasten ari diren ikastetxeetako zuzendariei zuzenduta, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako edozein bulegotan edo Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako edozein bulegoetan (Zuzenean) aurkez daitezke eskabideak. Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao, Bizkaian; Andia kalea 13, 20003 Donostia, Gipuzkoan eta Ramiro Maeztu kalea 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araban.

Eskatzaileek dirulaguntza-lerro batentzat edo bientzat eskatu ahal izango dituzte laguntzak, horretarako baldintzak betetzen badituzte, eta eskabidean horretarako jarrita dauden laukietan markatzen badute.

2.– Eskaera ikasleak sinatuko du, heldua bada, eta adingabea bada, gurasoek, tutoreak edo legezko ordezkariak, eta desgaitasun mota eta gradua adierazten duen desgaitasunaren ziurtagiria aurkeztuko da.

3.– Eskaeran erantzukizunpeko aitorpen bat ere aurkeztuko da eta bertan hau guztia egiaztatuko da eskatzaileari buruz:

a) Ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratiborik edo penalik, eta ez duela diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik bere gain –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zigortutako sexugatiko bereizketaren ondoriozkoak barne–.

b) Ez duela jaso laguntzarik xede berdinarekin beste erakunde publiko edo pribatu batetik.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta baimendu egiten duela Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza zuzenean lortzeko, ziurtagiri telematikoen bidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen egiaztagiria. Azken kasu horretan, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, baina dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

d) Diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan izan diren betekizunetakoren bat eraginpean hartzen duen edozein egoera-aldaketaren berri Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari emateko konpromisoa hartzen du.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da.

8. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Ikastetxeetako zuzendariek 2017ko azaroaren 7a baino lehen bidaliko dute eskatutako eskabideen zerrenda Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzara, II. eranskinarekin batera (bete eta gero).

2.– Hezkuntza Bereziko lurralde-teknikariek aztertuko dituzte eskabideak, deialdi honetako 3. artikulua betetzen dela egiaztatzeko. Horretarako, Berritzeguneak babes-zerbitzuetako hezkuntza-premia berezien aholkularitzei bidezko txostenak eskatu ahal izango dizkie, baita Saileko bestelako unitate teknikoei ere.

3.– Azterlanaren ondoren, lurralde bakoitzeko zerbitzu zentraletara bidaliko dira proposamenak, Hezkuntza Berrikuntzako lurralde-arduradun bakoitzaren oniritziarekin.

4.– Zerbitzu zentralek lurralde-proposamenak aztertuko dituzte eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariari ebazpen-proposamena bidaliko diote, eta hark, aurrekontua behar bestekoa ez bada, deialdi honetako 1.2 artikuluan ezarritako laguntzen banaketa proportzionala proposatuko du. Proposamen horretan, batetik, ikastetxe bakoitzean diru-laguntza emango zaien ikasleen zerrenda egongo da, emandako laguntzaren guztizko zenbatekoa adieraziz. Bestetik, diru-laguntza ukatu zaien ikasleen zerrenda egongo da, ikastetxeen arabera sailkatuak eta ukatzeko arrazoia adierazita.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Deialdi honen ebazpeneko eskatzaileei jakinarazpena https://euskadi.eus webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuta egingo zaie, onuradunak eta emandako zenbatekoak adieraziz edo, halakorik balitz, ukatzeko arrazoia adieraziz.

3.– Aurreko guztia alde batera utzi gabe, halaber laguntzen ebazpenaren berri emango zaie ikasle eskatzailea eskolatuta dagoen ikastetxeetako zuzendariari eta horiek, aldi berean, onuradunen onarpena jasoko dute.

4.– Lehenengo atalean aurreikusitako epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Lehenengo dirulaguntza-lerroari dagokionez, eskola-garraiorako 2017-2018 ikasturterako banakako laguntzak bi zatitan ordainduko dira, ikasleak dauden zentroen bidez eta honako aurreikuspen hauen arabera egingo da:

Lehenengo zatia, diru-laguntzaren zenbateko osoaren % 70, deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean egingo da, tartean laguntzari berariaz uko egin ezean.

Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, ikasturtea amaitu ondoren eta 12. artikuluan (laguntzaren justifikazioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera.

2.– Bigarren dirulaguntza-lerroari dagokionez, batera, eta ez zatika, egingo da 2016-2017 ikasturteko eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak jaso zituztenei dagokien diferentzia konpentsatzeko onartutako laguntzaren ordainketa, esleipenaren zenbatekoak garraioaren kostu osoa estali ez bazuen, eta ikaslea dagoen ikastetxearen bidez egingo da ordainketa, deialdi hau ebatzi eta hilabeteko epearen barruan.

3.– Onuraduna itzulketa- edo zehapen-prozedura batean badago, prozedura bukatu arte itxaron beharko da diru-laguntza esleitzeko edo ordaintzeko.

11. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Onuradunen zerrendak argitaratu eta hamar egunetara oraindik ez badute berariaz eta idatziz adierazi ez dutela laguntza onartzen, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Diru-laguntza eman zaion jardueraren izaera edo helburuan funtsezko aldaketa eragiten duen gorabehera ororen berri ematea, eta, lurralde-ordezkaritzek, Kontrol Ekonomikoko bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura eskuratutako diru-laguntzen gainean eskatzen dieten informazioa ematea.

12. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Ikastetxeetako zuzendariek onuradunei eskatuko die, ikasturtea amaitutakoan eta 2018ko uztailaren 1a baino lehen, diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko garraio-ordainagiriekin. Justifikatzeko agiri horiek (tiketak, taxilarien fakturak, eskola-garraioko ordainagiriak, etab.) ikastetxean artxibatuko dira, geroago egiaztatu ahal izateko.

2.– Kontuan izanik aurkeztutako justifikazio-dokumentazioa eta ikasleak izan dituen aste batetik gorako asistentzia-faltak edo, halakorik bada, ikastetxean baja eman zuen data, ikastetxeetako zuzendariek uztailaren 15a baino lehen bidaliko diote Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari emandako diru-laguntzaren gain gutxitze bat aplikatu behar zaien ikasleen zerrenda eta zenbatekoa ere adieraziko dute, onuradunari diru-laguntza osorik edo partzialki itzultzeko eskatzeko prozedura has dadin.

13. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzen pertsona onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

● Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

● Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

● Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

● Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

● Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

15. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza berezia» izeneko fitxategi batean sartuko dira, laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala