Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2017ko urriaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4878

AGINDUA, 2017ko irailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, gailu digitalak eskuratzeko bana-banako diru-laguntzetarako deia egiten duena (2017-2018 ikasturtea). Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleak baliatu ahal izango dira gailu horietaz.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, ezertan eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikuluan eta bera gara dezaten lege organikoetan xedatutakoa, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritza».

Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.

Hezkuntza Saila berriztatze-prozesuak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, deialdi espezifikoen bidez eta zuzenean aldaketak sartzeko jarduerak, proiektuak eta esperientziak proposatuz, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.

Gizartean izandako aldaketek eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Zenbait programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan, eta, une honetan, sare eta gailu digitalak erabiltzeak eragin beharko lukeen aldaketa pedagogikoa zein metodologikoa sustatzea da xedea. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen du, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen du eta gelaren espazio fisikoa eta denborazkoa zabaltzen du, ikasketa-ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan ditzakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, beharrezkoa da irakasteko eta ikasteko prozesuan baliabide digitalen (baliabide metodologikoak eta tresnak) erabilera eta ezaguera pixkanaka hartzen joatea.

Horregatik, hiru deialdi egin dira, ikastetxe publikoei eta itunduei zuzenduta, baliabide digitalen bidezko ikaskuntza-irakaskuntza berritze-proiektuan parte har dezaten, hau da, «sare_hezkuntza gelan» proiektuan; Sare_Hezkuntza izeneko ikastetxe-sare bat sortzea da helburua, eta haren garapenak beste ikastetxe batzuei joera bat markatu eta hobetzeko bideak erakutsiko dizkie.

Deialdi horietan ezarritakoaren arabera, hautatutako ikastetxeetako ikasleek gailu digitalak erosteko laguntzak jaso ahalko dituzte baldin eta beka baten onuradun izan badira unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzen ebatzitako azken deialdian, eskola-materialaren atalean.

Kontuan harturik zer dioten: Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deia egiten dut gailu digitalak eskuratzeko diru-laguntzetarako (2017-2018ko ikasturtea), Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek erabil ditzaten.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, 1.255.600,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kontura.

3. artikulua.– Baldintza orokorrak.

1.– Deialdi honetaz balia daitezke Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 2017-2018ko ikasturteko ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetakoak zein itunduetakoak, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Ikastetxea «sare_hezkuntza gelan» izeneko sarean egotea 2014-2015eko ikasturtetik aurrera.

b) Ikasle onuradunak unibertsitateaz kanpoko mailarako beketarako edo ikasketa-laguntzetarako deialdiko beka bat jaso izana 2016-2017 ikasturtean, eskola-materialaren atalean.

Deialditik kanpo gelditzen dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko irailaren 30eko Aginduaren eta 2016ko irailaren 26ko Aginduaren bidez araututako aurreko deialdietan diru-laguntza hau bera jaso zuten ikasle bekadunak.

c) Berdinak izatea laguntza-eskabideko gailu digitala eta ikastetxeak eskatzailearen talde osorako aukeratutakoa, eta gailu digitala 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera erosi izana.

2.– Ezingo dute laguntzarik jaso honako egoera hauetan dauden ikasleek:

– Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenek.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenek, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenek ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren argitan.

4. artikulua.– Gailu digitalen ezaugarriak.

Gailu digitalak deialdi honetako laguntzaz erosi ahal izateko, IV. eranskineko ezaugarri teknikoak edo hortik gorakoak bete beharko ditu gailuak.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Eskatzaile bakoitzarentzako laguntza berrehun (200) euro izango da gehienez, eta muga izango da gailu bakoitzaren fakturaren bidez justifikatutako diru-kopurua.

Irizpide horiek aplikatu ondoren eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua 2. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak proportzioan murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.

6. artikulua.– Parte hartzeko eskabidea.

1.– Eskabidea nahitaezkoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera egingo da: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu. Agindu honen I. eranskinean jasota dago eskabide-eredu hori.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu behar dute eskatzaileek honako eskakizun hauek betetzen dituztela:

a) Unibertsitateaz kanpoko mailarako beketarako nahiz ikasketa-laguntzetarako deialdiaren onuradun izatea 2016-2017 ikasturtean, eskola-materialaren atalean.

b) Aurreko deialdietan (2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteak) diru-laguntza hau bera jaso ez izana.

c) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik ez izatea, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ez izatea.

d) Adieraztea eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

e) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ordezkaritza ematen baitzaio eskabidea izapidetu dezan, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

3.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala xedatuta baitago diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

4.– Behin eskabidea betez gero, inprimatu egin behar da eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskatzaileak eta haren aitak eta amak edo legezko tutoreak izenpetu behar dute.

5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6.– Inprimatu eta sinatu ondoren, eskabidea ikaslearen ikastetxeko zuzendariari aurkeztuko zaio, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako bulegoetan, hogei egun naturaleko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

Erositako gailuaren faktura ere erantsi behar zaio eskabideari. Fakturan argi eta garbi zehaztu behar da gailu horren modeloa.

7.– Ikastetxeak epe barruan izapidetuko ditu ikastetxean matrikulatutako ikasleen eskabideak, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.

Ikastetxeek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

7. artikulua.– Ikastetxe itunduak. Eskabideak aurkeztea.

1.– Ikastetxe itunduek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

2.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu

Eskabidea egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Eskabideak aurkezteko epea hamar egun natural izango dira, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

4.– Eskabidearekin batera, ikasle eskatzaileen zerrenda aurkeztu behar da; horretarako, II. eranskineko inprimakia bete behar da.

Ikastetxeak konpromisoa hartzen du, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileen eskabideak eta fakturak. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez eskatu ahal izango dio ikastetxeari beharrezko ikusten duen dokumentazioa.

8. artikulua.– Ikastetxe publikoak. Eskabideak aurkeztea.

1.– Ikastetxe publikoek eurentzat jarritako atariaren bidez egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta gainerako izapideak, emate- edo ukatze-ebazpena izan arte. Ikastetxe publikoetarako ataria hauxe da: Herri-ikastetxeak/Deialdiak (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).

2.– Eskabideak aurkezteko epea hamar egun natural izango dira, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Eskabidearekin batera, ikasle eskatzaileen zerrenda aurkeztu behar da; horretarako, II. eranskineko inprimakia bete behar da.

Ikastetxeak konpromisoa hartzen du, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileen eskabideak eta fakturak. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez eskatu ahal izango dio ikastetxeari beharrezko ikusten duen dokumentazioa.

9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdiko diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, eskabidea epe barruan eta behar bezala aurkeztuta, 3. eta 4. artikuluetako eskakizun subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute ikasleek, agindu honetan xedatutakoaren arabera. Eskabide bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kalkulua honela egingo da: 5. artikuluak ahalbideratzen duen diru-laguntzaren zenbatekorik handiena esleituko da, eta, deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada horrela kalkulatutako banakako kopuru guztiak ordaintzeko, horrela kalkulatutako zenbatekoei dagozkien diru-laguntzak zehaztuko dira. Horrela gertatu ezean, 5. artikuluan xedatutakoaren arabera murriztuko dira zenbateko horiek.

2.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banan-banan egiaztatuko ditu eskabide guztiak, eta, horretarako, behar beste txosten tekniko eska diezaieke laguntza-zerbitzuei.

3.– Eskabideak egiaztatu ostean, eskuratutako diru-laguntzei buruzko ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak; bertan, ikastetxeen arabera taldekatu, eta ikasleen identifikazio-datuak eta emandako zenbatekoak adieraziko ditu. Horretaz gain, ukatutako diru-laguntzen zerrenda ere sartuko du, ukatzeko arrazoia adierazita. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena, eta hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, aurreko zenbakian adierazitako argitalpen-egunetik aurrera.

5.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko eskakizunak bete behar dituzte agindu honetako diru-laguntzen onuradunek.

12. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Apirilaren 1a baino lehenago, zentroak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko du laguntza horien ordainketa; horretarako, III. eranskineko inprimakia bete beharko du, zeina Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan baitago: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu

2.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

13. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.

1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ondorengo kasu hauetan itzuli egin beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Diru-laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.

– Justifikatzen ez bada diru-laguntza erabili dela eman zeneko helburu zehatzetarako.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira eskatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak gainditzen ez badu laguntza jasoko duen gailu digitalaren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta 3. artikuluko betebeharrak konplitzen badira, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

16. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «Erakunde laguntzaileak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dutenean datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

17. artikulua.– Ikuskatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak datuak benetakoak direla egiaztatzeko egintzak abiarazteko eta abiaraztea eskatzeko ahala izango du, bai eta agindu honetan araututakoa betearazteko ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak eman ditzan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala