Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2017ko urriaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4782

EBAZPENA, 2017ko urriaren 4koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako proiektu berezien garapenerako diru-laguntzen 2017ko ekitaldiko deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko urriaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, onartu egin du lana egiten duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako proiektu berezien garapenerako laguntzen 2017. urterako deialdia, eta, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako proiektu berezien garapenerako laguntzen 2017ko ekitaldiko deialdia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2017ko urriaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsi zuen deialdi hori, ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 4a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
LANA DUTEN LANGILEEI ETA LANA LORTZEKO EDO HARI EUSTEKO ZAILTASUNAK DITUZTEN PERTSONA LANGABEEI ZUZENDUTAKO PROIEKTU BEREZIEN GARAPENERAKO LAGUNTZEN 2017KO EKITALDIKO DEIALDIA

Urriaren 13ko 3/2011 Legeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izaera, helburuak eta eginkizunak arautzen dituenak, honako hau ezartzen du 2. artikuluan: helburua da enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz.

Halaber, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzekoak, 15. artikuluan zehazten du Enplegurako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Prestakuntzaren Zuzendaritzari dagokiola enplegurako prestakuntza, laguntza, laguntza ematea, prestakuntzaren ekintza osagarriak planifikatzea eta diseinatzea, eta haien euskarri izatea; bai eta enpleguko eta prestakuntzako jarduera mistoak egitea ere.

Zehazki, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, 26. artikuluaren 2. atalean adierazten du, programa espezifikoei eta lanean eta gizartean txertatzeko proiektuei dagokienez –deialdi honetan proiektu berezi izendatu ditugu–, prestakuntza-helburuak dituen arreta osoko proiektu baten bitartez, zenbait motatako esku-hartzeak beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin biltzen edo koordinatzen dituen proiektu baten bitartez pertsona langileak gizartean eta lanean txertatzera zuzendutako ekimenak direla, parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea lortzeko asmoz.

Bestalde, arestian aipatutako 82/2012 Dekretuaren 14. artikuluari erreparatuz, Lana Aktibatzeko Zuzendaritzari dagokio enplegua, laneratzea, lan-merkatuko bitartekaritza eta orientazioa sustatzeko prozesuak planifikatzea eta diseinatzea. Modu berean, enpleguaren oinarrizko araudian, Enpleguaren Legearen testu bateginean, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutakoan, enplegurako politika aktiboen printzipioetan langabezian dauden pertsonek, haien enplegagarritasuna hobetzeko, tratamendu indibidualizatua eta espezializatua behar dutela, eta lanean ari diren pertsonek, berriz, enpleguaren kalitateari eusteko. Gainera, enpresek giza kapital, enplegu eta prestakuntzan dituzten beharrei erantzutea bermatu behar da.

Horrenbestez, 82/2012 Dekretuaren 3. artikuluaren b) puntuan aipatutakoari erreparatu behar zaio; besteak beste Lanbideren eginkizun hauei buruzko adierazpenak agertzen dira: «Enplegu-programak, enplegurako prestakuntza eta autoenpleguaren eta enpresak sortzearen sustapena kudeatzea, dagozkien diru-laguntzetarako deialdiak onartzea eta izapidetzea barne, enplegua sortzeko aktibitatea eta ekintzaile-izpiritua sustatzera bideratutako programak kudeatzea»; eta k) puntuarekin, «laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-programa espezifikoak egitearekin» elkartuta, diru-laguntza lerro hau sortu da, Lanbideko zerbitzuak deialdi bakar batean koordinatzeko eta elkartzeko, eta horrela, lan-merkatuan parte hartzen duten pertsonak txertatzea helburu duen jarduera integral bat bermatzeko.

Enplegurako lanbide-heziketa eta lana aktibatzea enplegu-zerbitzu publikoek beren zerbitzuen barruan langileei eskaintzen dieten bi tresna dira, erabakigarriak inondik ere, haiei lan-merkatuan sartzen laguntzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Ekintza horien bidez, pertsona hartzaileak haren gaitasun profesionalak eta pertsonalak bereganatzea, hobetzea edo eguneratzea lortzen du, baita enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleitzen dio enplegurako prestakuntzaren eta lan-txertatzearen arloko politika publikoen antolamendu eta plangintza orokorra, sektoriala eta lurraldekoa.

Testuinguru horretan, deialdi honen bidez diruz lagundutako jardueren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei eta langabeei, gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun handienak dituztenei, prestakuntza emango zaie, lana aktibatzeko ekintzekin batera, lan-merkatuan sartzea bermatzeko. Diru-laguntza lerro hori beste erakunde batzuen finantzaketa jadanik baduten proiektuak batera finantzatzeko dela nabarmendu behar da, eta helburua ahaleginak batzea eta koordinatzea, eta helburuak lortzea bermatzea dela.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomiadun horren Administrazio Kontseiluak, 2017ko urriaren 3an, lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeak lanean hasteko pertsonei bideratutakoak diren gizartean eta lanean sartzeko Proiektu Bereziak garatzeko laguntzen 2017ko ekitaldiko deialdia onartu du, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenean, modu honetan:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Proiektu Bereziak finantzatzera bideratutako 2017. urterako laguntzak arautzea, gizartean eta lanean txertatzeko edo langileen enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak diren aldetik, zenbait motatako esku-hartzeak beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin biltzen edo koordinatzen dituenak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2017. urtean Proiektu Bereziak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.500.000 eurokoak dira, horietatik 1.750.000 euro 2017ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.750.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 2018ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira; eta, hala bada, zirkunstantzia hori argitara eman beharko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen baitan diruz lagundu ahal izango da proiektu berezien gauzatzea, halakotzat jota prestakuntza-, orientazio-, enplegu-ekintza edo haietan parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko beste edozein neurri konbinatzen dituztenak.

a) Prestakuntza, Kualifikazio Profesionalen Sistema Nazionalaren beraren gaitasun profesionaletan, Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko oinarrizko gaitasunetan edo Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan erregistratutakoetan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako beste batzuetan. Lanpostuan bertan prestakuntza-ekintzak egiteko aukera ere egon daiteke, prestakuntza enpleguarekin txandakatuz.

b) Enplegu-aukerak aztertzea, agente kontratatzaileak izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko eta tartean sartzeko, lan-merkatuko beharrak identifikatuz eta parte hartzen duten pertsonen kontratazioa bultzatuz.

c) Orientazio profesionaleko eta laneratzeko ekintzak, laneratze-ibilbide pertsonalizatu bat egitea sustatuko duena, parte hartzen duten pertsonen segimendu pertsonala eta emaitzen ebaluazioa egiteko.

d) Parte hartzen duten pertsonen kontrataziorako laguntzak. Deialdi honen baitan diruz lagundu ahal izango dira gutxienez 6 hilabeteko iraupena duten kontratuak. Lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

e) Hartzaileen enplegagarritasunaren hobekuntza bermatzeko helburua duen beste edozein jarduera.

2.– Diruz laguntzeko eskatutako Proiektu Bereziak beste Administrazio Publiko baten edo erakunde pribatuen finantzaketa lortu beharko du eskaera aurkeztu aurretik; erakunde pribatuak ez du erakunde eskatzailearena izan behar, besterena baizik.

3.– Jarduerak garatu eta iraunarazteko adina aurrekontu-zuzkidura izan beharko da.

4.– Proiektu Berezia 2017ko ekitaldian abiarazi behar da.

5.– Proiektu Berezi bakoitzaren azken ekintzaren amaiera-data 2018ko irailaren 30a baino lehenagokoa izango da.

6.– Partaidetza-proposamenek emaitzetan oinarritutako ikuspegia izan beharko dute. Eskakizun hori proposamenaren gauzatzearen eta adierazleen emaitzen adierazleen bidez kalkulatutako balioen arabera aztertuko da.

4. artikulua.– Hartzaileak.

Proiektu Berezien ekintzak laneratzeko zailtasun espezifikoak dituzten pertsonei zuzenduta daude:

1.– Langabeak:

a) Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sisteman arreta jaso duten pertsonak, Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2003 Legearen esparruan.

b) Gazteak; prestakuntza-defizita dutenei arreta berezia jarrita.

c) Emakumeak.

d) Luzaroko langabeak.

e) 45 urtetik gorakoak.

f) Familia-erantzukizunak dituzten pertsonak.

g) Desgaitasunen bat duten pertsonak.

h) Arrisku egoeran edo gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak.

i) Etorkinak.

j) Lanean ari diren langileak edo langabeak, atzerrian bizi eta Euskadira lanera itzultzeko asmoa dutenak, Itzultzeko borondatean duten pertsonen erregistroan izena emanda daudenak.

2.– Lanean ari diren pertsonak, lan-merkatuan jarraitzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko prestakuntza espezifikoko beharrak dituztenak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honen esparruan, honako erakunde hauek izan daitezke batera finantzatzearen onuradunak, berariaz eskatu ondoren:

● Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.

● EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko entitateak.

● EAEko sektore publikoko entitateak.

● EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.

● Lanbide Heziketako erakundeen dagokion erregistroan inskribatutako edo-eta akreditatutako irabazi-asmorik gabeko prestakuntza-erakunde pribatuak.

● Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dauden prestakuntza-erakunde publikoak.

● EAEn egoitza edo ordezkaritza duten entitateak, baldin eta horien merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan bere irabazien % 70 xede sozial horiek lortzean inbertitu badute.

Zuzendaritza kudeatzaileak hori egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen agiriak eskatu ahalko ditu, hala nola: ikuskapen-ziurtagiriak, emaitzen kontuak, irabaziak xede sozialetan aplikatu izanaren egiaztagiriak, etab.

2.– Noiz edo noiz eta Proiektu Berezi baten garapen egokirako behar diren baliabideak eta bitartekoak arrazionalizatzeko, erakundeen arteko lankidetza baimenduko da.

Eskaera betetzeko, Proiektu Berezi berean parte hartzeko interesa duten erakundeek legez bihurtuko beharko dute.

a) Aldi baterako enpresa-elkarte. Kasu horretan, erakundeetako bat aukeratu behar da elkartea ordezkatzeko eta Lanbidez-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, edo

b) Zenbait Administrazio Publikoren edo sektore publiko instituzionaleko erakundeen arteko zuzenbide publikoko partzuergo bat, edo erakunde pribatuen partaidetza.

3.– Erakunde onuradunek Proiektu Berezia bermez garatzeko behar diren bitarteko teknikoak eta giza bitartekoak ziurtatu beharko dituzte.

4.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, diru-laguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraituz.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduerak egiteko, proiektuaren kostuan adierazitako zenbatekoa baino laguntza handiagoak jaso ez izana.

c) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

e) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

5.– Enplegu-aukeren azterketako ekintzak egin ditzakete (enplegu-eskaintzak eskuratu, erregistratu eta kudeatu) Enplegu-agentziek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa jarduten duten erakundeek, jarduera horiek egiteko, Lanbideko zuzendari orokorraren urtarrilaren 23ko Ebazpenean aurreikusitako prozedura betez (2015-02-02ko EHAA, 21. zk.).

6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazio osagarria aurkeztea.

1.– Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita 2017ko urriaren 31n amaituko da eskaerak aurkezteko epea.

2.– Deialdi honetan adierazitako diru-laguntzen eskaerak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bitartez (LAN-F). Aplikazio horretarako sarbiderik ez duten erakundeek www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bidez eska dezakete.

3.– Diru-laguntzaren eskaera deialdiaren I. eranskinean jasotako modelo ofiziala erabiliz aurkeztuko da, prestakuntzako Lan-F aplikazio informatikoan eskura dagoena. Honako eremu hauek bete behar dira:

1) Proiektu Bereziaren datu orokorrak:

1.1.– Proiektuaren izena.

1.2.– Proiektuaren koordinaziorako harremanetarako pertsona/k.

1.3.– Hasiera-data eta amaiera-data.

2) Lan-merkatuaren beharren diagnostikoa. Testuingurua eta zioak.

3) Proiektu Bereziaren garapenaren azalpena: prestakuntza-ibilbidea, laneratze-ibilbidea eta planaren garapenaren azalpena (beharrezko azpiegitura, lan-metodologia, eta ahulguneak eta aukerak aztertzea).

4) Parte-hartzaileak aukeratzeko prozedura, jadanik hasita dauden proiektu berezietarako diru-laguntza eskatuz gero.

5) Helburu orokorra.

6) Helburu espezifikoak.

7) Helburu operatiboak eta emaitzen helburuak.

8) Proiektuaren aurrekontu globala, jarduerak xehatuta, eta deialdi honi eskatutako aurrekontu espezifikoa.

9) Beste erakunde batzuen kofinantzaketa.

10) Oharrak.

Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Deialdiaren 3.2 artikuluak adierazten duen kofinantzaketa egiaztatzeko dokumentazioa.

b) Antzeko ezaugarriak dituzten proiektuak edo kolektibo zaurgarrien enplegagarritasuna hobetzekoak, azken hiru urteetan zenbait administraziok diruz lagundutakoak, egiten esperientzia izatea egiaztatzeko dokumentazioa.

c) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

4.– Diru-laguntza eskatzen den Proiektu Berezi bakoitzeko eskaera bat aurkeztu behar da, eta bakoitzak administrazio-espediente bat osatuko du.

5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo beharrezko dokumentuak gaineratu ditzala. Hori egin ezean, eskaera ezetsitzat hartuko da. Ebazpen baten bidez ezetsiko da.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Enplegurako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Prestakuntzaren Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eta kudeatzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Diru-laguntzak emateko prozedura ondoz ondoko lehiakoa izango da. Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte, 2. artikuluaren 1. atalean aurreikusitakoa betez.

Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura eta luzapen posiblea amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.1.– Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, izaera teknikoko ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Batzordea honela osatuko da:

● Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentako zuzendaria.

● Lan Aktibazioko zuzendaria.

● Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikari-profila duten lau pertsona, berariaz izendatuak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza adierazteko zein botoa emateko eskubidea izango du.

2.2.– Balioespen Batzordeak ezaguera-arlo jakin batzuetako adituen aholkularitza eskatu ahalko du eskabideak aztertzeko orduan, ebaluatu beharreko irizpidearen edo azpi-irizpidearen izaerarengatik gomendagarria denean.

2.3.– Eskabideak aztertzean, Balioespen Batzordeak agiri gehiago aurkezteko eskatu ahalko diete eskatzaileei aurkeztutako proposamena hobeto ulertzeko beharrezkoa bada.

2.4.– Eskaerak deialdi honen 8. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera balioetsi ondoren, Balioespen Batzordeak aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpen-proposamena egin eta igorriko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari.

2.5.– Deialdi honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, Balioespen Batzordea kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arauei lotuko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluaren hirugarren atalean jasotzen den moduan.

3.– Balioespen Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusita, Lanbideko zuzendari nagusiak Proiektu Bereziak egiteko laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta eskatzaile bakoitzari jakinaraziko dio.

4.– Erakunde onuradunek laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenetik aurrera 15 egun balioduneko epea izango dute diru-laguntza onartzeko, eta epe hori igarotakoan diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da.

5.– Eskaera onartzen ez bada, ebazpenak horren arrazoi zehatzak adieraziko ditu, ezarritako eskakizun eta balioespen-irizpideetan oinarrituta.

Emateko ebazpenak honako eduki hauek izango ditu, gutxienez:

● Erakunde onuradunaren izena eta onartutako jarduketa-ildoen izendapena.

● Proiektu Bereziaren xedea eta indarraldia.

● Onartutako jarduketa-ildoen deskribapen laburra.

● Laguntzaren zenbatekoa.

● Justifikazio- eta ordainketa-sistema.

● Ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-sistema.

6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen denetik aurrera; epe hori igarota, erakunde interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, diru-laguntza emandakotzat hartuko da.

7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

8.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da jakitera zer erakunde izan diren deialdi honen babesean diru-laguntza jaso dutenak eta zenbateko laguntza jaso duten.

9.– Onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

8. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Proiektu Bereziak garatzeko diru-laguntzak emateko, ondoren zehaztuko diren ebaluazio-irizpideak balioetsiz, batez besteko ponderatua kalkulatzen da, eta horrela, azken puntuazioa lortzen da.

a) Proiektuaren hartzaileak diren pertsonen enplegagarritasunaren hobekuntzan duen eragina. 1etik 10era arteko puntuazioa eta azken batez bestekoaren % 30eko ponderazioa.

● Proiektuak eragindako laneratzeen eta prestakuntza-ibilbideen ehunekoaren bidez neurtuko dira. Erakundeak agindutako laneratzeen ehunekoa eta prestakuntza-ibilbideen ehunekoa 1etik 5era balioetsiko dira, hurrenez hurren, eta puntuazio hauek emango dira, I. eranskineko 7. puntuko helburu operatiboen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren balioespen espezifikoa. 1etik 10era arteko puntuazioa eta azken batez bestekoaren % 30eko ponderazioa.

(Ikus .PDF)

c) Proiektuaren kofinantzaketaren ehunekoa. 1etik 10era arteko puntuazioa eta azken batez bestekoaren % 15eko ponderazioa.

(Ikus .PDF)

d) Gizarteratzeko eta laneratzeko edo kolektibo zaurgarrien enplegagarritasuna hobetzeko beste proiektu batzuetan erakunde eskatzailearen gauzatzearen batez besteko maila, azken 3 urteetan. 1etik 10era arteko puntuazioa eta azken batez bestekoaren % 15eko ponderazioa.

(Ikus .PDF)

Azken hiru urteetan gizarteratzeko eta laneratzeko edo kolektibo zaurgarrien enplegagarritasuna hobetzeko proiektuetan parte hartu ez duten erakundeek 2 puntuko puntuazioa lortuko dute.

e) Proiektu Bereziaren hartzaileen balioespena. 1etik 10era arteko puntuazioa eta azken batez bestekoaren % 10eko ponderazioa.

(Ikus .PDF)

2.– Erakunde eskatzaileak gutxienez 35 puntu lortu beharko ditu diru-laguntza eskuratzeko. Puntuazio hori lortzen ez duten Proiektu Bereziak ezetsi egingo dira.

9. artikulua.– Parte-hartzaileen hautaketa.

1.– Proiektu Berezi bakoitzean parte hartzen duten pertsonen aurrehautaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du, Lanbidek deitutako enplegu-eskatzaileen, 4. artikuluan azaldutako kolektiboren batekoak diren eta eskaeraren sarrerako profilean azaldutako ezaugarriak betetzen dituztenen, Proiektu Berezien artean.

2.– Proiektu Berezietan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidalitako hautagaien artean. Horretarako, erakunde emaileak aukera izango du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntzaren Kudeaketaren aplikazioaren (LANF) bidez, izena emandako hautagai guztien informazioa lortzeko, eta programatutako ekintzak hasi baino behar beste denbora lehenago eta behar den bermearekin egingo du hautaketa-prozesua.

Aurrez Lanbideko pertsonal teknikoarekin hitzartuta, eta proiektuaren arrakasta bermatze aldera, beharrezkoa bada, hautaketa-proba bat egin daiteke, ekintzen aprobetxamendua bermatzeko eta maila akademikoan taldea homogeneoa dela segurtatzeko. Proba hori LANF aplikazioko dagokion atalari erantsiko zaio.

3.– Proiektu Berezian sartzeko eskakizunak betetzen dituzten pertsonen artean, lehentasun-ordena bat ezartzen da:

1) Lehenik eta lehentasun-maila berean, 4. artikuluan azaldutako kolektiboetakoak diren eta 6.3.3 artikuluko sarrerako profilarekin lotutako pertsona langabe guztiak, gizonen eta emakumeen proportzioak baliokideak direla segurtatuz.

2) Bigarrenik, lanean ari diren pertsonak, kasu horretan ere gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunari buruzko araudian xedatutako betez.

4.– Hautaketa amaitu ondoren, erakunde onuradunek emaitza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi behar diote, LANF aplikazioaren bidez.

5.– Erakunde onuradunak Proiektu Berezian parte hartzeko hautatutako pertsonen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen diren pertsonen zerrenda erakutsi behar ditu bere instalazioetan, gutxienez 24 ordu lehenago eta hautagaiei aurrez jakinarazitako leku batean, eta jarduerak non, noiz eta zer ordutan egiten hasiko diren adierazi behar du.

6.– Proiektu Berezia konfinantzatua bada eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzea ebatzi baino lehenago abiatuta badago, Erakunde Publikoak enplegu-eskatzaile gisa edo beste zerbitzu batzuetan izena emateko eskatuko dio.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Ekintza-mota bakoitzaren diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, muga hauek hartuko dira kontuan:

a) Prestakuntza-ekintzetan Estatuko araudian ezarritako modulu ekonomiko maximo hauek ezin dira gainditu:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren zenbatekoa Lanbidek baimendutako jardueren gastu zuzenak eta zeharkakoak ordaintzera bideratuko da. Gastu zuzenetan, pertsonalaren gastuak, zeharkakoetan aurreikusi ez diren gastuak, eta funtzionamendukoak sartzen dira. Zeharkako gastuak honako hauek dira: zuzendariaren pertsonalaren gastuak, administrazioko langileen pertsonalaren gastuak, berokuntza, argiztapena, garbiketa, instalazioen aseguruak, su-itzalgailuak, kanpoarekiko komunikazioak, bilerak, konferentziak, ikastaroak eta beste batzuk, lokomozioa eta enpresekiko kudeaketa, fotokopiak (administrazio-arloa), bulegoko materiala eta material informatikoa, ura, farmaziako produktuak, aholkularitzak eta gestoriak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, pertsonalarentzako mutuak, Kalitate-sistemak, igogailuen konponketak. Zeharkako gastuek ezin dute izan diru-laguntza osoaren % 10etik gorakoak.

b) Lan-aktibazioarekin eta enplegu-aukerak aztertzearekin lotutako ekintzetan, ezin dira zenbateko hauek gainditu:

i) Enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak eta laguntza-zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu zuzenetarako eta zeharkakoetarako izango da.

ii) Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzetarako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa orduko 200 eurokoa izango da deialdi honetan diruz lagundutako eta dagokion eskaintza eskuratu, erregistratu eta kudeatzetik eratorritako kontratu bakoitzerako; horietatik, 120 euro eskaintza eskuratzeari eta erregistratzeari dagozkio, eta 80 euro, kudeaketari.

c) Gutxienez 6 hilabetekoa den lanaldi osoko kontratu bakoitzaren zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren proportzionala izango da.

d) Gainerako ekintzetarako, erakunde onuradunak ordaindutako jarduerekin zuzenean lotuta dauden gastuak sartzen dira, salbuespen hauekin: bankuko kontuen interes zordunekin lotutako gastuak, interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak zein zehapen penalak, prozedura judizialen gastuak, zeharkako zergak (berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira) eta errentaren gaineko norberaren zergak. Ibilgetu material eta higiezinak ere ezingo dira diruz lagundu, ez eta aplikazio informatikoak erostea edo garatzea ere, haien kontabilitateko tratamendua inbertsiokoa bada.

2.– Jaso beharreko laguntzaren zenbateko osoa lortutako zenbatekoak adieraziko du, aurreko paragrafoan xedatutakoa betez, eta Proiektu Bereziaren balioespena, deialdi honen 8. artikulua betez:

(Ikus .PDF)

3.– Eman beharreko zenbatekoa, ebaluazio-batzordearen ebazpen-proposamena betez, aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino txikiagoa bada, 10 egun balioduneko epea ematen zaio erakunde onuradunari, LAN-F prestakuntza-aplikazioaren bitartez eskaera berridatzi, konpromisoak eta baldintzak diru-laguntzara egokitzeko edo eskaera bertan behera uzteko.

Dena den, eskaerak berridaztean, diru-laguntzaren helburua, baldintzak eta xedeak errespetatu beharko ditu, bai eta eskaeretarako ezarritako balioespen-irizpideak ere.

4.– 5. artikuluan aipatutako erakundeek ezingo dute 2. artikuluaren 1. puntuan adierazitako baliabide ekonomikoen % 10a gainditzen duen guztizko diru-laguntza bat jaso deialdi honetan, edozein dela ere aurkeztutako Proiektu Berezien kopurua.

Aldi baterako enpresa-elkarteen kasuan, haietako enpresa bakar batek ere ezingo du gainditu % 10 hori berak bakarrik.

5.– Proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoak ezin du izan haren kostu osoaren % 90 baino handiagoa.

11. artikulua.– Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea.

1.– Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea azpikontratatu dezakete erakunde onuradunek, partzialki edo osorik.

Kontratazioa errekurtsoa jartzen bazaio, erakunde onuradunak gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean, ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua emateko nahikoa erakunde ez daudenean izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

Era berean, erakunde onuradunak aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotiko gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo erakundeekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, hori aurkeztu eta 20 eguneko epearen barruan ez bada esanbidez ebazten.

Dena den, atal honetan aurreikusi ez denari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da zuzenean.

2.– Prestakuntza-ekintzei dagokienez, diru-laguntzaren onuradunak diren prestakuntzako erakundeek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin dizkiote hirugarrenei azpikontratatu.

Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

12. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehen zatia erakunde onuradunari emandako guztizko osoaren % 50 izango da, eta proiektua abiatuta dagoenean ordainduko da.

b) Bigarren ordainketan gainerako zenbatekoa emango da, proiektuaren helburu operatiboen lorpena justifikatu ondoren.

Lehenengo ordainketa 180.303,63 euro baino handiagoa bada, erakunde onuradunak bankuko abala aurkeztu beharko du, lotura-baimenarekin batera jakinarazitako jarraibideei jarraituz.

13. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Proiektu bakoitzaren amaieran, erakunde onuradunek jardueraren memoria bat aurkeztu behar dute, alderdi hauez osatua:

a) Proiektuaren gauzatzearen azalpen xehatua, Proiektuan aurkeztutako helburu orokorrak, espezifikoak eta operatiboak zenbateraino bete diren zehaztuta.

b) Helburu horiek bete izana frogatzen duen dokumentazioa.

c) Gastuen memoria ekonomikoa, froga gisa kontabilitateko fakturak aurkeztuta.

2.– Diruz lagundutako Proiektu Berezia osatzen duten ekintzei dagokien likidazioa; proiektu bakoitza oinarri hartuta egingo da, benetan gauzatutako eta ordaindutako gastuei dagokienez, eta proportzionalki lortutako helburu operatiboei dagokienez.

3.– Proiektu Bereziaren eta haren jarduera guztien multzoaren justifikazioa 2 hilabeteko epean aurkeztu behar da, proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita, eta mugaeguna 2018ko urriaren 31 izanik.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan aurreikusitakoez gain, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza eman den helbururako erabiltzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean solaskide gisa jardutea.

c) Lanbiden izena emandako pertsonen hautaketa egitea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketa laguntza horien material guztietan eta komunikazio-ekintza guztietan aipatzea.

e) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

g) Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko, erakundeak erabiliko duen dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, hizkuntza ez sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.

h) Diru-laguntzaren erakunde onuradunak Proiektu Berezietako ekintza guztien gauzatzeaz eta kudeaketaz arduratu behar du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoa erabiliz.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzeko prozedura.

1.– Diru-laguntza itzultzea ezin da eskatu, eta, dena dela, jasotako kantitateen itzulketa osoa edo partziala eskatuko da eta diru-laguntza ordaindu denetik aplikagarriak diren atzerapen-interesak ere bai, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua) 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan. Bereziki, honako hauek:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Betiere kausa justifikatuak ez badira, ez-betetzeak mailakatuko dira, irizpide hauen arabera zehaztuz:

(Ikus .PDF)

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen/duten gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo horretarako epea amaitu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuri itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

17. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak konfinantzaketarako izatea derrigorrezkoa denez, diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da diru-laguntza.

Bestalde, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzeko beste programa batzuen babesean emandako diru-laguntza edo laguntzarekin, baldin eta helburu edo xede berarekin ematen badira.

18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduaren bidez araututa dago. Agindu horren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dira.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).

19. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Gainera, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala