Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2017ko urriaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4780

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskadiko biztanleguneetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko diru-laguntzen programa arautu eta hartarako deialdia egin duena.

2016ko martxoan Euskadiko 2020ko Agenda Digitala (aurrerantzean 2020@AD) onartu eta gero, euskal erakundeok apustu argia egin dugu bertan bizi diren pertsonen eta edozein biztanlegunetan kokatutako enpresen arteko konektagarritasuna hobetzearen alde, biztanlegunearen biztanle-kopurua eta dimentsioa alde batera utzita.

2020@AD eratzean lau jarduketa-ardatz hartu dira aintzat. Ardatz horiek merkatu globalizatuan lan egiten duten enpresen ingurukoak dira: gizarte trebea eta aktiboa eraikitzea, ingurune digitalean aritzen diren administrazioak prestatzea eta lurralde inteligentea eta bateratua lortzea. Helburu horiek ahalik eta baldintza onenetan lortzeko, ezinbestekoa da erakundearteko eta sailarteko elkarlana, eta 2020@ADk behar erkide bat duten 60 ekimen baino gehiago hedatu ditu: zentro publikoen, enpresen eta etxeen arteko konektagarritasuna hobetzea, Euskadi «lurralde inteligente» gisa sendotzeko.

Konektagarritasuna hobetzeko ildo horretan, Eusko Jaurlaritza bi jarduketa estrategiko garatzen ari da. Alde batetik, zuntz optikoa Euskadiko 1.700 eraikin publikora hedatzea; eta, bestetik, banda zabal ultraazkarra Euskadiko industrialdeetara hedatzea. Ekintza horiek Euskadiko ekonomiaren eta industriaren lehiakortasuna hobetzen dute, eta biztanlegune jendetsuetan edo ez hain jendetsuetan konektagarritasuna eskuratzeko aukera-berdintasunari lagunduko diote.

Euskadiko eraikin publikoen multzoan eta industrialde askotan banda zabala gaitzeak aukera emango du aurrerantzean banda zabala etxe partikularretara hedatzeko; izan ere, telekomunikazio-operadoreen lana erraztu eta banda hedatzeko kostuen prezioa jaitsiko da.

Ondorio horrek garrantzi berezia hartzen du landa-eremuetako biztanleguneen kasuan, operadoreek ohikoan ez baitute bertan jarduten. Horrek biztanle gutxiko udalerrietako pertsonen eta biztanle gehiagoko herrietako pertsonen konektagarritasunean bereizketa handiagoa izatea dakar.

Ahalegin hori indartzen jarraitu beharra dago, eta, horretarako, belaunaldi berriko teknologien erabilera-hazkundea baliatu behar da, bai eta enpresa-kontzentrazioko guneetan eta eskari txikiagoko guneetan (hala nola landa-eremuetan edo iristeko zailak diren eremuetan) hedatzeko beharra ere. Konparatuz gero, errealitatea negatiboa ez bada ere, testuinguruak konponbide eta asmo berriak eskatzen ditu.

Ildo horretatik, Europako Batzordeak 2020rako zenbait helburu planteatu zituen «Europako Agenda Digitala» izenekoaren barruan. Agenda horretan honako hau ezarri da:

1.– 2020an belaunaldi berriko banda zabala (gutxienez 30 Mbps) herritar guzti-guztiengana helarazteko helburua lortzea.

2.– 2020an herritarren erdiek 100 Mbps-tik gorako abiadurako banda zabal ultraazkarreko zerbitzuak «kontratatuta» izatea.

Aipatzeko modukoa da Europar Batasunaren eskualde-politikarako jarraibideek azkenaldi honetan aukera gehiago eta sendoagoak eskaini dituztela politika publikoek belaunaldi berriko azpiegituren garapenerako sustapen-jarduerak gauza ditzaten, banda zabaleko sareak azkar hedatzeko estatuen diru-laguntzei buruzko arauak aplikatzeko EBren Zuzentarauaren arabera (C 25 EBAO, 2013-01-26koa). Horrez gain, jarduketa horiek 2014ko ekainaren 17ko Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan txertatu dituzte. Erregelamendu horren bitartez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jo dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (L 187 EBAO, 2014-06-26koa). Edonola ere, ez da ahaztu behar sektorea liberalizatuta dagoela, eta, ondorioz, telekomunikazioaren merkatuko arauak aintzat hartu behar direla.

Bada, gaur egun beharrezkotzat jotzen da herritarrek Internet-konexio azkarra eta ziurra izateko eskubidea gauzatu ahal izatea, eguneroko jarduerak edo administrazioko izapideak egiteko; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak bitarteko elektronikoak erabiltzea agintzen baitu.

Elementu horiek ikusita, egokia dirudi berriz planteatzea eta herri-ekintza irmoa egitea, Europako Agenda Digitalaren helburuen araberako konektagarritasun-mailez hornitzeari ekiteko, operadoreen hedatze-gaitasunaren laguntzaz, eta, azkenik, gizarte osoari eskuragarritasuna ziurta diezaion, arrazoizko prezioan.

Horrela, Agindu honek merkatuaren gabeziak gainditzen laguntzeko diru-laguntzen emakida arautuko dituzten oinarriak ezarri ditu, «eremu zuriak» izenarekin sailkatutako Euskadiko biztanleguneetan, gutxienez, 100 Mbps-ko (bi noranzkoetan) abiadurako banda zabaleko sareak hedatzea suspertzeko.

Diru-laguntza horiek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako jakinarazpen-salbuespenari heldu diote. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazi da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez.

Era berean, ekainaren 5eko 462/2015 Errege Dekretuak, banda zabaleko sareen eskaintza eta eskuragarritasuna sustatuz informazioaren gizartea bultzatzera bideratutako laguntza publikoen arloan administrazio publikoen arteko koordinaziorako tresnak eta prozedurak arautzen dituenak, ezartzen duenaren arabera, laguntza-programa honek oinarri hauen xede diren laguntzen bateragarritasunaren aldeko beharrezko txostena jaso du Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren aldetik. Txosten horrek egiaztatu du administrazio publikoen arteko koordinazioa egokia dela gizartearen informazioa indartzeko laguntza publikoei dagokienez. Horretarako, banda zabaleko sareen eskaintza eta eskuragarritasuna suspertu da.

Jarraibide horiekin bat eginez, Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Arauemaileei buruzko Legearen IV. tituluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina, eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoaren arabera, eta zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jo dituen Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduan ezarritakoaren ildotik, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (L 187 EBAO, 2014-06-26koa), honako programa hau ezarri da, belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanleguneetara hedatzeko, 2017ko ekitaldirako.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak, 2017ko irailaren 26ko bilkuran, «Belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanleguneetara hedatzeko programari» buruzko proposamena onartzea erabaki zuen. Programa horren zenbatekoa hamar milioi (10.000.000) euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko, 2018ko eta 2019ko aurrekontu orokorren kontura izango da. Bestalde, Kontseiluak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari agindua ematea programa horren garapen-espedientea izapidetzeko eta araubideak onartzeko.

Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritza da ekimen hori aurrera eramateko arduraduna; izan ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko Dekretuaren 20.d) artikuluan, «administrazio publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen artean Informazioaren Gizartea sustatzeko» funtzioa agindu zitzaion.

Azaldutakoan oinarrituta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenen arabera, eta Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntza-programaren 2017ko ekitaldiko deialdia. Horretarako, Belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanleguneetara hedatzeko laguntza-programaren deialdia arautzeko oinarriak izeneko I. eranskinean ezarritako oinarriei jarraituko zaie, eta II. eranskinean adierazitako biztanleguneetan aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

I. ERANSKINA
BELAUNALDI BERRIKO BANDA ZABALEKO SAREAK EUSKADIKO BIZTANLEGUNEETARA HEDATZEKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da banda zabal ultraazkarreko sareak «NGA eremu zuri» izendatutako Euskadiko 1.000 biztanletik beherako biztanleguneetara hedatzeko laguntzak arautzea. Eremu horiek ez dute NGA banda zabaleko Interneterako sarbide-zerbitzuak erabili ahal izateko telekomunikazio-azpiegiturarik, eta ez da espero hurrengo 3 urteetan halakorik izango dutenik.

Biztanlegunetzat jo da gutxienez hamar eraikineko multzoa, baldin eta kalerik, plazarik eta hiri barruko bestelako biderik osatzen badu. Salbuespen gisa, eraikin kopurua 10 baino txikiagoa izan daiteke, betiere horietako populazioa 50 biztanletik gorakoa bada. Biztanlegunearen barnean daude aipatutako multzoaren kanpoaldetik 200 metro baino gutxiagora dauden eraikin isolatuak. Hala ere, distantzia-xedapen horretatik kanpo utzi behar dira industria- edo merkataritza-instalazioek, parkeek, lorategiek, kirol-eremuek, hilerriek, aparkalekuek eta bestelakoek okupatutako lursailak, bai eta zubien bidez gurutza daitezkeen ubideak edo ibaiak.

Agindu honetan jasotako laguntzek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko EB 651/2014 Erregelamenduari heldu diote (erregelamendu horren bidez laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla aitortu da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez), eta, zehazki, banda zabaleko azpiegituretarako laguntzei buruzko 52. artikuluari. Alde horretatik, oinarri hauetan aipatzen diren kontzeptuak erregelamendu horren arabera interpretatu behar dira, han definituta baitaude (2016ko ekainaren 26ko EBAO, L 187).

Bigarrena.– Denbora-esparrua.

Laguntza-programa hau 2017ko, 2018ko eta 2019ko ekitaldietan zehar zertuko da.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Lehenengo oinarriaren xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 10.000.000 eurokoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotako honako urteko hauetan banatuta:

– 2017ko ekitaldia: 1.500.000 euro.

– 2018ko ekitaldia: 4.505.000 euro.

– 2019ko ekitaldia: 3.995.000 euro.

Laugarrena.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzen erakunde onuradun izan ahalko dira sektore pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak, behar bezala gaitutako operadore-izaera dutenak, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoarekin bat eginez.

2.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

3.– Eskatzaileek, onuradun izateko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei ezartzen zaizkienak bete beharko dituzte, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta ezberdintasunari zor zaien errespetua.

4.– Enpresa eskatzaileek, diru-laguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, ez eta krisialdian dauden enpresak ere; krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioarekin bat eginez (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

6.– Onuradun izateko izaera diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

Bosgarrena.– Laguntza jaso dezaketen proiektuak eta ekintzak.

1.– Laguntza jasotzeko aukera izango dute gutxienez bi noranzkoetan 100 Mbps-ko belaunaldi berriko sarbide-sareak (NGA) hedatzea aintzat hartzen duten proiektuak (mugarik gabeko datu-transferentzia ahalbidetu behar dute, zerbitzuaren ezaugarriak aldatu gabe), betiere laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen hasi gabe badaude.

Aurkeztutako proposamenek barne hartu beharko dute banda zabal ultraazkarreko zerbitzuak hedatzea II. eranskineko zerrendan jasotako biztanlegune guztietan.

2.– Proiektuek herri bakoitzerako konponbide teknologikorik egokiena adierazi beharko dute (diru-laguntzak ez dira egongo konponbide teknologiko jakin bat hedatzearen eraginpean), eta denbora errealeko multimedia-komunikazio elektronikoen zerbitzuei euskarri emateko gai izango dira, aurrez adierazitako gutxieneko abiadurarekin eta gutxieneko baldintza hauek beteta:

– Sareak xede-eremuetan jendearentzako erabilgarri dauden komunikazio elektronikoetako zerbitzuak emateko erabili beharko dira nagusiki (ez dira diruz lagun daitezkeen elementu gisa hartu erabiltzaile multzo mugatu bati zerbitzu ematera zuzendutako sareak, ezta biztanleguneetan edo sakabanatutako eremuetan azken erabiltzaileei zerbitzu ematera zuzenean bideratu ez diren sare nagusiak ere).

– Halaber, datuak mugarik gabe transferitzeko aukera eman behar dute noranzko bietan. Horrez gain, zerbitzuaren ezaugarriak ez dira aldatu behar, eta biztanle-dentsitate handiko eremuetako merkatuaren eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoak eskaini behar dituzte.

– Zerbitzua adierazitako terminoen arabera eskuratu ahal izango dela ziurtatzea, gutxienez, hil natural bateko denbora-tartearen % 98an, azken erabiltzaile bakoitzeko.

– Datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate-parametroak denbora errealeko multimedia-komunikazio elektronikoko zerbitzuak eskaintzeko behar direnak direla ziurtatzea. Horretarako, honako erreferentzia-balio hauek ezarri dira:

• Jitter maximoa: Best Effort.

• Best Effort baino atzerapen txikiagoa.

• Pakete-galerako % 0,8ko tasa gehienez.

– Zerbitzuan alta emateko eskaerei arreta ematea 30 egun naturaleko epean gehienez, betiere alta emateko lizentziarik, okupazioko edo paseko eskubide espezifikorik eskuratu behar ez bada edo alta ez ematearen arrazoia operadoreari egotz ezin badakioke. Kasu horretan, denbora-tarte edo -atzerapen horiek deskontatu ahal izango dira altako denbora zenbatzeko, eskatzaileari jakinarazi ondoren.

– Gutxienez, zerbitzua eteten duten gorabeheren % 95 konpontzea 24 ordutan gehienez.

3.– Proiektuak egikaritzeko gehieneko epea 18 hil izango da, diru-laguntzak eman direla jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Halere, epe hori 24 hilera arte luzatu ahal izango da, betiere enpresak hasiera eman badie hedatzeko-lanei ebazpena jakinarazten denetik, eta bakarrik atzerapena telekomunikazioetako operadorearen esku ez dauden arrazoiengatik gertatu dela behar bezala egiaztatzen den kasuetan. Lanak gauzatzeko epea, nolanahi ere, 2020ko martxoaren 24ra artekoa izango da gehienez, egun horretarako amaituta beharko baitu finantzatutako proiektuaren exekuzioak.

4.– Ez dira programa honen bidez lagunduko zenbait biztanlegune, baldin eta barne hartzen dituzten proiektuek diru-laguntzak eskatu, proposatu eta jaso badituzte programa hauen kargura: Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritzaren belaunaldi berriko banda zabala (NGA) hedatzeko programaren kargura eta Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioko informazioaren gizarterako eta agenda digitalerako programaren kargura.

Seigarrena.– Handizkako zerbitzuak.

1.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak beste baldintza batzuk xedatzen ez baditu, diru-laguntzaren onuradunak diruz lagundutako azpiegituretarako handizkako sarbide efektiboa nahitaez eman beharko die eskatzen duten gainerako operadoreei, gutxienez, zazpi (7) urteko epean. Sarbide hori «bitstream» fluxu bitar motakoa izan behar da. Proiektuak zuntz optikoa hedatzea barne hartzen badu, sarbide horrek zuntz ilunera sartzeko aukera eman behar du, desagregazio oso eta efektiboarekin, baita hodietara, zutoinetara, armairuetara, kutxatiletara eta obra zibileko gainerako elementuetara sartzeko ere. Azken horietarako sarbidea ez da denboran mugatuta egon behar. «Backhaul» sareen kasuan, alokatutako lineen edo puntuz puntuko zirkuituen handizkako zerbitzua barne hartuko du, baita zuntz iluneko alokairua ere, sare hori ezartzeko erabili den teknologiaren arabera.

Desagregazioaz eta linea fisikorako sarbideaz gain, NGA sarea hedatzeko aukeratutako teknologiaren arabera, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzu bat eman beharko da. Zerbitzu hori zerbitzu aktiboa izango da, eta sareen interkonexioa izango du sarbide-sarearen zentral nagusian. Ahal izanez gero, laguntza-hartzailearen hirugarren operadoreek nahi duten aukera eman beharko da.

Aipatutako handizkako zerbitzu guztiak bidezko baldintzekin eta ez-diskriminatzaileekin eskaini beharko dira.

Eskainiko den sarbide-abiadura, gutxienez, proiektuaren oinarrietan eskatutakoa izango da; eta, edonola ere, handizkako zerbitzuak aukera eman beharko du operadore onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuak erreplikatzeko.

Handizkako sarbide efektibo horren prezioek erreferentzia gisa hartu beharko dituzte Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak merkatu-botere handiko operadoreari antzeko zerbitzuetarako finkatutako handizkako prezioak, prezio maximotzat joko direnak. Erreferentziazko eskaintza baliokiderik ez badago, lagunduko den proiektu honek barne hartutako zerbitzuetarako arautzaileak finkatutako prezioak edo prezioak kontrolatzeko printzipioak eta tresnak izango dira erreferentzia (metodologia gisa, edo bestela, marjina-estutzeak kontrolatzeko erreplikagarritasun ekonomikoko testa, hala dagokionean). Nolanahi ere, integrazio bertikaleko operadore bat denean, definitutako prezioek aukera eman beharko dute txikizkako eskaintzak erreplikatzeko, eta operadore onuradunaren txikizkako adarrarekin ez dute diskriminaziorik sortu behar.

Diruz lagundutako proiektuen barruan hodirik eraikiz gero, hodi horiek nahikoa handiak izango dira kable- edo zuntz-sare batzuk eta sare tipologia ezberdinak hartzeko, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen duen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 52. artikuluaren arabera, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak diru-laguntza ematen duen erakundeari aholkularitza eman ahal izango dio, oinarri honek aipatzen duen handizkako sarbidearen prezioen eta baldintzen arloari dagokionez. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta diru-laguntzen operadore onuradunen arteko gatazkak konponduko ditu, eta, horretarako, oinarri honek aipatzen duen handizkako sarbideko betekizuna benetan betetzeko jarraibideak emango ditu.

3.– Handizkako produktuen eskaintzaren xehetasunak eta azpiegituran egin beharreko jarduketak zehaztuko dira, baldin eta hirugarren operadore batek arrazoizko eskaera egin duela egiaztatzen bada. Eskaera arrazoizkotzat joko da, baldin eta sarbide-eskatzaileak diruz lagundutako sarean produktua garatzea justifikatzen duen negozio-plan koherente bat ezartzen badu, eta eremu geografiko berean beste operadore batek ez badu sarbide-produktu antzeko bat eskaintzen biztanle-dentsitate handiko eremuetako prezio baliokideekin.

Zazpigarrena.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta inbertsioak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira hautatu den proiektua egitearekin lotura zuzena duten eta hura egiteko beharrezkoak diren gastuak eta inbertsioak, baldin eta eskaera aurkezten denetik proiektua amaitu bitarteko denbora-tartean egiten badira, gainerako operadoreek erabil ditzaketen sareen azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko egin behar direnetara mugatuta.

2.– Diruz laguntzeko moduko inbertsioak eta gastuak azpiegitura hedatzeko inbertsioarekin lotura zuzena duten honako kontzeptu hauek izango dira:

– Azpiegiturak eta obra zibila.

– Ekipamendua eta bestelako materialak.

– Langile-gastuak. Kontzeptu honek barne hartuko du onuradunaren berezko teknikariek proiektuko lanetan zuzenean emandako orduen kostua. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da administrazioko, kontabilitateko, giza baliabideetako, kudeaketako, marketineko, zuzendaritzako eta halakoetako langileen kostua (onartutako aurrekontuaren % 7, gehienez).

– Proiektuari loturiko beste gastu orokor edo zeharkako batzuk. Proiektuaren xede den banda zabaleko sarea sortzeak edo berritzeak zeharkako kostuak eragiten dituenean, hautazkoak izango dira, kostu zuzenen barruko diruz lagun daitekeen langileen gastuaren % 15eko mugarekin, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 68. artikuluaren 1. Zenbakiaren b) letran ezarritakoari jarraikiz; haren bitartez, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezarri dira, baita Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ere, eta Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua indargabetu da.

– Diru-laguntza justifikatzeko kontuko proiektu-gastuen auditoria-kostuak. Auditoria-kostuak diruz lagundu ahal izango dira, eta, horretarako, gehienez, laguntzaren % 1 eman ahal izango da, betiere 10.000 euroko muga gainditu gabe.

3.– Diruz lagun daitezkeen jardueren azpikontratazioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo da. Onuradun batek azpikontratatu egin duela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartu duenean diru-laguntzaren xede den jarduera guztia edo haren zati bat haiek egitea. Kontzeptu horretatik kanpo geratu da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuak egikaritzea.

Proiektuaren zati bat azpikontratatu egiten denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.

Inola ere ezingo dira diru-laguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.

Azpikontratazioa diru-laguntzaren % 20 baino handiagoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratatu ahal izateko, honako baldintza hauek beteko beharko dira:

– Kontratua idatziz egitea.

– Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murriztu eta aurreko atalean zehaztutako baldintzak ez betetzeko.

Azpikontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

Aurreko atalean jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie diru-laguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer kontzertatuz gero, beste horrek ere diru-laguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.

Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin azpikontratatu:

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako batean dauden edo horri lotuta dauden pertsonekin edo erakundeekin.

– Azpikontratazioaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsonekin edo erakundeekin.

– Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitu bada; ordainketa hori egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan daukaten balioaren erreferentziaren arabera justifikatuta badago izan ezik.

– Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsonak edo erakundeak, honakoren bat gertatzen denean izan ezik:

• Azpikontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

• Aldez aurretik erakunde emailearen baimena lortzea oinarri arautzaileetan finkatutako baldintzetan.

– Deialdi edo programa berean laguntza edo diru-laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoari egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko. Diruz lagun daitekeen zenbatekoak Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onetsita) kontratu txikirako ezarritako kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko ditu gutxienez lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik; salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde.

5.– Ez dira inola ere diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko zeharkako zergak, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Fakturari aplikatzen zaion Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu finantzagarri izango.

Diruz lagun daitezkeen kontzeptuekin lotutako diru-laguntzaren zenbatekoak, emakida-ebazpenean agertzen direnak, laguntzaren gehieneko mugak dira.

Diru-laguntzaren xede diren azpiegiturek eta ekipoek proiektuaren xedeen eraginpean egon beharko dute gutxienez hamar urteko epean, proiektua amaitzen denetik zenbatuta, edo haren bizitza baliagarria amaitu arte, bizitza baliagarri hori hamar urte baino gutxiagokoa bada.

6.– Inola ere ezingo dira diruz lagundu eskaera aurkeztu baino lehen konprometitutako edo egindako inbertsioak eta gastuak, ez eta laguntzaren onuradunak soilik erabiltzeko handizkako sarbidearekin erlazionatuta ez dauden azpiegiturekin lotutakoak ere.

Zortzigarrena.– Laguntzen izaera, prozedura eta mugak.

1.– Agindu honen esparruko diru-laguntza norgehiagoka-araubidean emango da, itzulezina izango da, eta gehienez, diruz lagun daitezkeen gastuen eta inbertsioen % 90 izango da.

2.– Ildo horretatik, telekomunikazioetako operadore bakoitzari puntuazio bat emango zaio, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Agindu honen bidez eman beharreko diru-laguntza ezarritako irizpideetan puntuaziorik handiena lortzen duen telekomunikazio-operadoreari esleituko zaio.

3.– Agindu honen babesean ematen den diru-laguntza ez da bateragarria izango edozein administrazio publikok edo Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko organismoetako edozein erakunde publiko edo pribatuk xede bererako ematen dituen beste diru-laguntza, diru-sarrera edota baliabideekin.

Bederatzigarrena.– Eskabideak eta gainerako dokumentuak aurkeztea.

1.– Eskabide bakarra onartuko da telekomunikazio-operadore bakoitzeko. Diru-laguntza horien eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, aginduak ondorioak sortzen dituen egunetik aurrera.

2.– Agindu honetan jasotako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz aurkeztuko dira.

3.– Eskabidea bakarrik eskuratu eta bete ahal izango da honako egoitza elektroniko honen bidez:

«http://www.euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2ekono/es/» (gaztelania)

«http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/» (euskara)

Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, aipatutako egoitza elektronikoan eskuratu daitezke.

4.– Eskabidea betetzeko, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartuaz gain, artikulu honek aipatzen dituen dokumentuak gehitu behar dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

5.– Laguntza-eskabidea, eskatutako agiriekin batera, epe barruan hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da eta, betiere, 5. oinarriaren 3. atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

6.– Laguntza-eskabideak behar bezala beteta aurkeztuko dira, eta horretarako, agindu honetako III. eranskinean jasotako eredu normalizatuari jarraituko zaio.

7.– Eskabidearekin batera, enpresaren legezko ordezkariaren jarduteko gaitasunaren eta IFZren egiaztagiri formala aurkeztu beharko da, dokumentazio osagarri honekin:

– Erakundearen legezko ordezkariak eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruz egindako erantzukizunpeko adierazpena. Aipatutako informazioa honako hau da:

• Erakunde eskatzaileak ez duela jaso inolako zigor penalik ez administrazio-zigorrik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duenik.

• Erakundeak ez duela armarik ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko Euskadiko 14/2007 Legean zehaztutakoarekin bat eginez.

• Erakundeak bere gain hartzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak betetzeko konpromisoa.

• Erakundea ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetako definizioaren arabera (C 249 EBAO, 2014-07-31koa).

• Erakundeak bete egiten dituela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako gainerako betekizun guztiak.

Pertsona eskatzaileak lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean gezurrezko daturen bat jarriz gero, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraikiz.

– Operadore-izaera: eskatzaileak operadore-izaera behar bezala gaituta duela egiaztatzeko agiriak eman behar dira, hau da, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 7. artikuluan araututa dagoen Operadoreen Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko agiriak.

– Memoria, honako hauek barne hartuta:

• Proiektuaren deskribapen orokorra (gehienez, 2 orrialde) proiektuaren laburpen betearazle gisa.

• Proiektuaren deskribapen teknikoa, honako hauek barne hartuta:

- Hautatutako konponbide teknologikoa, proiektuaren xede den sarbide-sarearen deskribapena eta topologia eta jasotako sarbide-sarearen zentrala edo gune nagusia, bertan inbertsiorik egingo ez bada ere. Horretarako, azalpen xehatuko bloke-diagrama ulerterrazak aurkeztuko dira, bai eta eremuan egokitzeko eta epe ertaineko eta luzeko jasangarritasunaren arrazoiak ere.

- Sarea egokitzeko edo sortzeko obra-unitateen identifikazioa eta zenbaketa, obra zibileko azpiegiturenak zein sareko ekipoenak. Horretarako, kokapen geografikoa zehazteko behar den informazio kartografikoa sartuko da.

- Teknologia erradioelektrikoa banda lizentziadunetan erabiliz gero, eskatzailea lizentzien titularra ote den adieraziko da, edo, bestela, espektroa erabiltzeko lagapen-akordiorik ote duen. Azken kasu horretan akordioen kopia emango da edo horiek jasota dauden Informazio Gizarterako eta Agenda Digitalerako Estatu Idazkaritzaren espedienteak identifikatuko dira.

- Hautatutako konponbidearen jasangarritasunaren balorazioa, aurreikus daitezkeen eskaera-aldaketetara egokitzeko eskalagarritasunean oinarrituta.

- Hedatzeko plana, honako informazio hau barne hartuta: Faseen eta egin beharreko jarduera nagusien deskribapena eta mugaketa, hala nola: baimenak eta lizentziak lortzea, obra zibila gauzatzea, materialak erostea eta instalatzea (fase eta jarduera bakoitzaren mugaketak barne hartuko du loturiko obretako eta behar diren beste baliabideetako unitateen zenbaketa), faseen eta jarduera nagusien hasiera- eta amaiera-aurreikuspenen kronograma, balizko arriskuak identifikatzea eta kontingentzia-plana.

• Bideragarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren azterketa, honako hauek barne hartuta:

- Merkataritza-estrategia, aurreikusitako merkaturatze-jarduerak eta zerbitzuak emateko planak: gaur egungo eta aurreikusitako merkataritza-esparruaren analisia; eskariaren, lehia-baldintzen eta merkatuko beste edozein ezaugarri nabarmenen gaineko aurreikuspenak barne hartuta, bai eta proiektua gauzatzeak operadorea eta zerbitzuak aukeratzeko inguruko erabiltzaileen gaitasunean izango duen eragina ere. Halaber, hauek adieraziko dira: merkaturatzea aurreikusi diren sare-zerbitzu mota nagusiak, prezio-maila, banaketa-/salmenta-kanala, promozioak, publizitatea eta bestelako alderdi garrantzitsuak (integrazio bertikaleko operadoreak badira eta aurreko informazioa esku ez badago, dagokien informazioa emango zaie sarearen bitartez beteko diren komunikazio elektronikoetako zerbitzuei buruz).

- Proiektuaren galdu-irabazien kontuaren aurreikuspena: Galdu-irabazien kontu bat eman beharko da, eta hori diru-laguntza eskatu den proiektuarekin bakarrik lotuta egon beharko da. Integrazio bertikaleko operadoreen kasuan, kontu horretan sartu ahal izango da diru-laguntza eskatu den sarearen bitartez emango diren komunikazio elektronikoko zerbitzuak. Gastuen zatian kontzeptu guztiak jasoko dira, diruz lagun daitezkeen edo ez alde batera utzita. Denbora-horizonteak, gutxienez, diru-laguntza jaso den urtetik sarea amortizatu bitarteko denbora-tartea barne hartu beharko du. Eskari-aurreikuspenen araberako sentikortasun-analisi bat egingo da, hainbat egoera eta horiek gertatzeko probabilitatea horiek gertatzeko probabilitatea barne hartuta.

- Laguntza-beharra arrazoitzea: Laguntza-beharra arrazoitzeko, proiektuaren epe luzerako emaitzen sentikortasun-analisia egingo da, aldagai nagusien bilakaerari buruzko aurreikuspenen arabera eta hainbat egoera eta horiek gertatzeko probabilitatea aintzat hartuta. Behar hori merkataritza-defizit baten edo une horretan proiektua gauzatzea galarazten duen epe luzerako errentagarritasun txikiaren ondorio izan beharko da, aukera-kostuen, barneko itzulera-tasaren, oraingo balio garbiaren eta inbertsioa berreskuratzeko epearen arabera adierazita.

• Inpaktu soziala eta ekonomikoa. Analisi bat egin eta proiektua garatzearen ondorioz espero diren inpaktu sozioekonomiko guztiak deskribatu eta zenbatuko dira, proiektuaren xede den estaldura handitzeak eragingo dituenez haratago. Bereziki, honako hauek:

- Jarduketa-eremuetako garapen ekonomikoa.

- Proiektuaren inpaktua, agindu honen helburu ez diren beste biztanlegune batzuetan NGA bandako sareak hedatzeari dagokionez.

- Bestelako inpaktu sozioekonomikoak.

• Azpiegituren aprobetxamendua. Proiektua zehaztu aurretik beste azpiegitura batzuk berrerabiltzeari buruz egindako azterketaren irismena eta ondorio nagusiak aurkeztuko dira, hala dagokionean, baita proiektuan azkenean adierazitako aprobetxamendu-maila ere.

• Egin beharreko gastuen eta inbertsioen aurrekontu zehatza: Aurrekontu zehatza emango da, diruz lagun daitezkeen kontzeptuak adierazita Agindu honen zazpigarren artikuluaren arabera. Kontzeptu bakoitzaren barruan hainbat kontu-sail sartuko dira (izendapena, unitate-kostua eta unitate-kopurua). Bakarrik aurrekontu horretan islatu behar dira beren izaera edo egiteko epeagatik hautagarriak diren gastuak. Epea diru-laguntza eman den egunetik proiektua gauzatzeko aurreikusi den azken egunera bitartekoa da, eta, gehienez, 18 hil igaro daitezke diru-laguntza eman dela jakinarazi den egunetik hasita.

8.– Nolanahi ere, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen bada aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

9.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuak, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako terminoak eta baldintzak beteta.

10.– Diru-laguntza jasotzeko eskabide bat aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio diru-laguntzaren kudeatzaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak, beharrezko den aldiro. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

Hamargarrena.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.

Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan zerrendatutako agiriren bat falta dela hautemanez gero, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 eguneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Hamaikagarrena.– Eskabideak ebaluatzeko organoa eta prozedura.

1.– Berariaz xede honetarako sortutako Ebaluazio Organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, ebaluatzea eta baloratzea, eta bai esleipen-proposamenak egitea ere.

2.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea izango da Ebaluazio Organoko buru. Organoko kideak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendaria; azken horrek idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Itelazpi, S.A. enpresako teknikari gaituek izango dute proposamenak aztertu eta ebaluatzeko lanen zuzeneko ardura. Enpresak, halaber, lan horiek aurkeztuko ditu Ebaluazio Organoan.

4.– Ebaluazio Organoa osatzeko, saioak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria (edo beren ordezkoak), eta gutxienez gainerako kideetako bat bertan egotea. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, oinarri honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko atariko tituluko II. kapituluko 3. sekzioa aplikatuko da.

5.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatu ostean, behin-behineko proposamen bat egingo da. Hori interesdunei helaraziko zaie eta 10 eguneko epea izango dute, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitze aldera, beharrezkotzat jotzen dituzten alegazioak egiteko. Horren ondoren, behin betiko emakida-proposamenak egingo dira.

6.– Behin betiko emakida-proposamenak erakunde onuraduna identifikatuko du, eta honako alderdi hauek barne hartuko ditu biztanlegune bakoitzeko: diruz lagundutako proiektua edo irtenbidea, gauzatze-epea eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa. Ukatutako diru-laguntza eskaerei dagokienez, ukatzeko arrazoiak azalduko dira proposamenean.

Hamabigarrena.– Ebaluatzeko irizpideak.

(Ikus .PDF)

* «Inbertsioaren eraginkortasuna» irizpideari dagokionez, aurkeztutako proposamen bakoitzari (BEZa salbu) honako formula honen arabera emango zaizkio puntuak:

PO = 51 * {IM / IO }

Non: Po = Ebaluatutako eskaintza-proposamenari emandako puntuak

Im = Gutxieneko diru-laguntzaren zenbateko orokorra, aurkeztutako proposamen guztiak kontuan hartuta

Io = Ebaluatutako proposamena egin duen enpresak eskatutako diru-laguntzaren zenbateko orokorra

«Diru-laguntzaren zenbateko orokorra» = eskatzaileak diruz laguntzea eskatu duen kontzeptu guztien baturaren biderkadura zati eskatutako laguntza-ehunekoa (laguntzaren intentsitatea).

Banaka aztertuko dira operadoreek aurkezten dituzten eskaerak, hau da, II. ERANSKINEKO zerrendan deskribatutako biztanlegune guztietako higiezin-unitate guztietan estaldura izateko aurkeztutako eskaerak, eta eskaera bakoitzari aipatutako irizpideak aplikatuko zaizkio, bai eta puntuazio bat ere. Behin ordenatuta, puntuazio handienetik txikienera, emakida-proposamenak egingo zaizkio puntuaziorik handiena duenari.

Hamahirugarrena.– Diru-laguntza emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea eta erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakitzea, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio, betiere Balorazio Batzordeak diru-laguntzak proposatu eta gero.

2.– Diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak.

3.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

– Diru-laguntza emateko proposatzen den eskaera identifikatzea, eta egiteko epeak eta ematea proposatzen den laguntzaren zenbateko orokorra adieraztea.

– Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, ezesteko arrazoia adierazita.

– Aurrerakin gisa ordaindu beharreko kantitateen deskribapena.

Ebazpen honekin batera eranskin bat emango da onetsitako proiektuarekin. Eranskinaren bitartez, egikaritze-epeak eta espedientea burutu arte egin beharreko urratsak eta justifikazio-fasean eman behar den dokumentazioa jakinaraziko da.

4.– Prozeduraren ebazpenaren eta ebatzitakoaren jakinarazpenaren berri emango zaie erakunde interesdunei 2017ko abenduaren 31 baino lehen. Egun hori jakinarazpenik egin gabe igaro bada, interesdunek uler dezakete beren diru-laguntza eskaera ezetsi dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, egintza espresua bada, edo hiru hilekoa espresua ez bada; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz.

6.– Ebazpena erakunde interesdunari bakarrik jakinaraziko zaio. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da zein diren erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektuak eta emandako diru-laguntza, jendeak oro har horien berri izan dezan.

7.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunari ez zaio laguntzarik emango, ez emandakoan ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe badute edo izapideetan badago.

Hamalaugarrena.– Proiektua arrazoitzea eta diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak hiru ordainketaren bidez formalizatu eta emango dira. Lehenengo ordainketa diru-laguntza onartzeko ebazpena jakinaraztean egingo da, eta 1.500.000 euro ordainduko dira. Aurrerakin hori ordaintzeko, berme erreal bat eratu beharko da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermea eta itzulketak arautu eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

Bigarren ordainketa gainerako zenbatekoaren % 53 izango da. Eskatutako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu eta gero egingo da, 2018ko ekitaldia amaitu baino lehen, betiere inbertsioak emandako diru-laguntzarekiko proportzionala den egikaritze-zenbatekoaren arabera justifikatzen badira. Hirugarren eta azken ordainketan, dagokion gainerako zenbatekoa ordainduko da, eskatutako ziurtagiriak aurkeztu eta gero, eta, betiere, 2019ko ekitaldirako laguntzaren zenbateko osoaren arabera inbertsioak egin direla justifikatzen bada.

2.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuaren egikaritze osoa justifikatu beharko du 90 egun naturaleko epean, proiektua amaitzen duenetik hasita.

3.– Bigarren eta hirugarren ordainketetarako eskatutako likidazio-eskaerez gain, honako dokumentazio hau eman beharko da:

a) Proiektu-egikaritzearen memoria zehatza.

b) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia.

c) Finantza-erakundearen ordainketa-frogagirien kopia.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.

e) Proiektua justifikatzeko kontuaren auditoria-txostena. Horren edukia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduko (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) 72. artikuluan xedatutakoari jarraituko dio.

4.– Gainera, laguntzak jaso baino lehen, erakunde onuradunak sail izapidegilearen esku edo, erakunde laguntzaile den heinean, Itelazpi, S.A. enpresaren esku jarriko ditu agindu honen 9. oinarriak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.

5.– Sail izapidegileak eta erakunde laguntzaileak beharrezkotzat jotzen duten beste dokumentazio eta informazio osagarri eskatu ahal izango dute, erakunde onuradunak aurkeztutako datuen egiazkotasuna egiaztatzeko. Halaber, diruz lagundutako jarduera osorik gauzatu dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea eskatu ahal izango dute. Horrez gain, banda zabaleko kontratua izenpetu dela egiaztatu beharko da. Kontratua banda zabala hedatu den biztanleguneko etxebizitza, lokal edo antzekoren batean izenpetu behar da, Agindu honetan eskatutako baldintzak beteta.

6.– Diru-laguntza ordaindu aurretik, eta aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatuta, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak ebazpena emango du, eta, haren bitartez, enpresa onuradunari eman beharreko zenbateko osoa edo partziala adieraziko da. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da. Diru-laguntzaren ordainketak ezingo dira egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

Hamabosgarrena.– Diru-laguntzen baldintzak eta laguntzak aldatzea.

1.– Proiektuak emakida-ebazpenean onartutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira. Hala ere, laguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen badira, emakida eman zuen organoari emakida-ebazpena aldatzea eskatu ahal izango zaio. Proiektuari egindako aldaketek betebehar izango dituzte:

a) Aldaketak ez die eragin behar laguntzarekin lortu nahi diren helburuei, bere oinarrizko alderdiei eta onuraduna zehazteari, eta ez ditu hirugarrenen eskubideak kaltetu behar. Ondore horietarako, aldaketak ez du eraginik izango onuraduna zehazteko garaian, baldin eta hasieran onuradun zen enpresaren fusioa, xurgapena edo bereizketa gertatzen bada.

b) Aldaketa eskaera egitean aurreikusi ezin zitezkeen gertatzezko kausen ondorio izan behar da.

c) Aldaketa gutxienez proiektua gauzatzeko epea amaitu baino bi hil aurretik eskatu behar da, eta espresuki onartu behar da.

d) Ez du emandako diru-laguntza handituko.

2.– Aldaketa-eskaerarekin batera memoria bat aurkeztuko da. Memoria horretan aldaketaren arrazoiak azalduko dira, eta, horrez gain, emakida-ebazpenean inposatutako baldintzak betetzeko ezintasuna justifikatuko da, baita aurreko 1. atalean adierazitako baldintzak bete izana ere.

3.– Laguntza emateko ebazpena eman zuen organoaren titularrak ebatziko ditu aldaketa-eskaerak, Itelazpi, S.A.ko langile gaituen txosten teknikoa jaso ondoren. Nolanahi ere, aldaketak txikiak badira, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak baimendu ahal izango ditu. Honako hauek hartuko dira aldaketa txikitzat:

a) Egikaritzeko epeak luzatzea hasieran emandako epearen % 33,5 baino handiagoa ez denbora-tarte batez.

b) Justifikatzeko epeak luzatzea, hasieran emandako epearen erdia baino handiagoa ez den denbora-tarte batez.

c) Onartutako aurrekontu finantzagarriaren kontu-sailak birbanatzea. Partida horiek ez dira izango aurrekontu horren % 30 baino gehiago, betiere emandako diru-laguntzaren zenbateko orokorra gainditzen ez bada.

4.– Ebazpena emateko, 3 hileko epea egongo da gehienez, eta ezin izango da diru-laguntza jaso duen proiektua amaitzeko indarrean dagoen epearen azken eguna gainditu. Proiektuaren amaiera-eguna baino lehen ebazpenik eman ez bada, emango den ebazpena ezezkoa bakarrik izan daiteke.

5.– Behar bezala justifikatutako kasuetan, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak, emakida-ebazpena aldatzeko beharrik gabe, gehienez, % 30eko gehikuntzak onartu ahal izango ditu diruz lagun daitezkeen eta emakida-ebazpenean jaso diren kontzeptuei dagokienez. Gehikuntza horiek beste kontzeptu batzuen murrizketekin orekatu daitezke, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ez gainditzeko eta, betiere, proiektuan aurreikusitako helburuak lortzea edo hobetzea ahalbidetzen dutela egiaztatzen bada.

Hamaseigarrena.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren diru-laguntzen ondoreetarako, Itelazpi, S.A. enpresa erakunde laguntzaile izendatzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako terminoetan. Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 15. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizunak eta elkarlanean aritzeko betebeharra izango ditu, eta artikulu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenei jarraitu beharko die.

2.– Itelazpi, S.A.k, erakunde laguntzailea denez gero, honako funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako eskaeren dokumentazioa aztertzea, eta behar izanez gero, ondo ulertzeko eta aztertzeko beharrezkoa den dokumentazioa eskatzea.

b) Eskaerak ebaluatzea eta Ebaluazio Organoari bidaltzea.

c) Diru-laguntzak proposatzea eta Ebaluazio Organoari bidaltzea.

d) Proiektuak gauzatzen direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.

e) Eskatutako aldaketen eraginari buruzko txostena egitea.

f) Hala badagokio, ez-betetzeagatiko espedientea hastea proposatzea, proiektua betetzearekin lotutako gertakariak direla medio.

3.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzen laguntzeko erakundeak ezinbestean bete behar ditu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta horiek garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.

Hamazazpigarrena.– Ez-betetzeak, itzulketak eta zehapenak.

1.– Agindu honetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzak eta, hala badagokio, emakida-ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako diru-laguntza itzuli beharko da, itzultze-prozedura abiarazi eta gero, eta dagozkion berandutze-interesak ordainduta, hala xedatuta baitago azaroaren 17ko 38/2003 Legearen II. tituluaren I. kapituluan eta haren Erregelamenduko III. tituluan.

2.– Azaroaren 17ko 28/2003 Legeko IV. tituluan aurreikusitakoa aplikatuko da, baldin eta diru-laguntzen eta laguntza publikoen alorrean arau-hauste administratiboak egiten badira.

Hamazortzigarrena.– Ez-betetze posibleak mailakatzeko irizpideak.

1.– Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta onuradunak nabarmen egiaztatzen badu bere konpromisoak eta emandako diru-laguntzaren baldintzak bete nahian diharduela, itzuli beharreko zenbatekoa honako irizpide hauek aplikatuta xedatu beharko da:

a) Diruz lagundutako helburuak, inbertsio finantzagarria edo justifikazio-betebeharra zati batean betetzen ez badira, diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko da, egin edo justifikatu ez den inbertsioari dagokion ehunekoa hain zuzen ere.

b) Diruz lagun daitekeen aurrekontuan baimendu ez diren aldaketak eginez gero, desbideratutako zenbatekoak itzuliko dira, betiere aintzat hartuta hamabosgarren oinarriko 5. atalean aurreikusitako salbuespena.

c) Hiru eskaintzak diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitako kasuen arabera aurkezten ez badira, gastu horri dagokion diru-laguntza murriztuko da, gutxienez, ehuneko 20an; onuradunak kontratazioa merkatuko prezioetan egin dela egiaztatzen ez badu.

2.– Diruz lagundutako helburuak, inbertsio finantzagarria edo justifikazio-betebeharra inola ere ez badira betetzen, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko da, bai eta berandutze-interesak ere.

3.– Ezarritako justifikazio-epea igaro bada, edo, justifikazioa aurkeztu gabe, luzapena igaro bada, onuradunari 15 egun luzaezineko epean justifikazioa aurkez dezala eskatuko zaio. Justifikazioa artikulu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, justifikatu gabeko diru-laguntza itzultzea eta azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritako gainerako erantzukizunak bere gain hartzea eskatuko da.

4.– Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira, eta diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zuen uztailaren 21eko 887/2006 Legearen 37. artikuluan jasotako egoeretan.

5.– Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeak irekiko du ez-betetze espedientea, oso larritzat tipifikatutako faltak badira, eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak, arintzat edo larritzat tipìfikatutako faltak badira, betiere aplikatu beharreko legeekin bat etorriz.

Hemeretzigarrena.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

1.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian berme erreala eratzea, 10 eguneko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, hala ezarrita baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

3.– Diru-laguntzaren xede den sarea gutxienez hamar urtez erabiltzea, egindako lanak osorik onartu diren egunetik hasita. Azpiegitura osoa eta instalatutako ekipamendua egoki ustiatzeko eta mantentzeko ardura izango du enpresak.

4.– Komunikazio elektronikoko gainerako operadoreei sarbide osoa eta ez-diskriminatzailea ematea diruz lagundutako sareari buruzko informaziora eta haren gainean eskainitako handizkako zerbitzuetara.

5.– Konprometitutako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.

6.– Kontabilitate-sistema bereizia izatea, edo kontabilitateko kode bereizi bat, proiektuarekin lotutako transakzio guztiak egoki jasotzeko, Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamenduko 66.1.c.i) artikuluan ezartzen den moduan. Halaber, kontabilitateko liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak izan beharko ditu, onuradunari aplikatu ahal zaion legediak eskatutako baldintzetan, bai eta froga-balio baliokideko gastu-frogagiriak eta dagozkion ordainagiriak ere. Dokumentu multzo hori izango da emandako diru-laguntza justifikatzeko euskarria, eta onuradunaren kontabilitatean isla egokia bermatuko du.

7.– Eskatzen zaion informazio osagarria bidaltzea, Administrazioak eta erakunde laguntzaileak aukera izan dezaten egokitzat jotzen dituzten egiaztapenak egiteko, proiektua garatzeari eta gauzatzeari dagokienez. Horrez gain, kontrol administratiboen, lursailaren inguruko kontrolen eta a posteriori egindako kontrolen eraginpean egongo da enpresa onuraduna. Kontrol horiek araudi aplikagarriaren barne daude, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Erregelamenduan (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduko aplikazioko xedapenak ezartzen ditu, kudeaketa eta kontrol integratuko sistemari dagokionez) ezarritakoari jarraikiz.

8.– Eskatzen zaion informazio osagarria bidaltzea, Administrazioak eta erakunde laguntzaileak aukera izan dezaten proiektuaren garapenaren eta betetzearen inguruan egokitzat jotzen dituzten egiaztapenak egiteko.

9.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

10.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako diru-laguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

11.– Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailari jakinaraztea xede bererako edo antzeko baterako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso dituela beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen aldetik, bai eta diru-laguntza emateko arrazoiak aldatzea dakarren beste edozein egoera ere.

12.– Bere egitea Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

13.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera jakinaraziko da emandako laguntzen berri.

14.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala