Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2017ko irailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4679

AGINDUA, 2017ko irailaren 13koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteentzako 2017ko ekitaldirako laguntzen deialdia egiten baita. Laguntza horiek 2015-2020ko Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota daude.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpena elkarrekin merkaturatzen duten nekazarien elkarteak eta horien batasunak aitortzeko oinarrizko arauak eta betekizunak ezartzea.

Urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, produktu bakoitzeko edo produktu-multzo bakoitzeko, nekazarien elkarteak edo horien batasunak eratzeko edo abian jartzeko laguntzak emateko araubide bat ezarri ahal izango da, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu baten bidez (egun, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua).

Horretaz gain, Euskadiko Landa Garapenerako Programa onartu da, 2015-2020ko aldirako, Batzordearen 2015-05-26ko Betearazpen Erabakiaren bidez. Programa horretan dago sartuta neurri kofinantzatu bat ekoizleen taldeak eta erakundeak sor daitezen sustatzeko, eta horixe da euskarria nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen talde eta erakundeei laguntzeko. Bestalde, otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren bidez ezarri da 2015-2020ko aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia.

Hori dela eta, agindu honen bidez, 2017ko ekitaldirako deialdia egiten da Euskadiko Landa Garapenerako Programa berrian sartutako laguntzak eskatzeko programak indarrean dirauen bitartean aitortzen diren ekoizle-taldeentzat, otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren 21. artikuluarekin bat.

Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak eta apirilaren 11ko 2/2017 Legeak ahalbidetu egiten dute aurtengo laguntzetarako deialdia egitea (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen da, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzen da; apirilaren 11ko 2/2017 Legearen bidez, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira).

Agindu honetan jasotako laguntzei Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa aplikatuko zaie.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2015-2020ko Euskadiko Landa Garapenerako Programa berrian jasotako laguntzen deialdia egitea 2017ko ekitaldirako, programak indarrean dirauen bitartean aitortzen diren nekazaritza- eta basogintza-ekoizleen elkarte edo erakundeak eta horien batasun edo federazioak sortzeko.

2.– Laguntza hauek 2015-2020ko Euskadiko Landa Garapenerako Programaren barruan daude eta bertan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, bai eta otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuan ezarritakoak ere –dekretu horren bidez ezarri da 2015-2020ko aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia–.

Bigarrena.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Kapitulu honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek eta horien batasun edo federazioek, baldin eta 2015etik aurrera eratu eta halakotzat onartuta badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua, edo bera ordezkatzen duen araua, eta dekretu hori egokitzeko aginduak aplikatuta.

2.– Kapitulu honetako laguntzak eskatu ahal izango dituzte nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek eta horien batasun edo federazioek, baldintza orokor hauek betetzen badituzte:

a) Urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua (eta dekretu hori egokitzeko aginduak) aplikatuz halakotzat onartua izatea eta Nekazaritza Ekoizleen Elkarteen eta horien Batasunen Erregistroan inskribatuta egotea.

b) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea.

c) 2015-2020ko Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasotako edozein laguntza ematerakoan hartutako konpromisoak betetzea edo bete izana.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.

e) Ezin izango dira onuradun izan laguntza publikoak lortzeko zigor administratiboa edo penala duten elkarteak, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten elkarteek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat. Halaber, ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeretako batean dauden pertsona edo erakundeak; egoera horiek lege beraren 13. artikuluaren 4., 5. eta 6. apartatuetan xedatutakoaren arabera egiaztatuko dira.

3.– Era berean, berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte elkarteek:

a) Tamainari begira, ezin izango dute gainditu ETE kategoria, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

b) Elkarteak bere elkartekideen ekoizpenaren zati bat merkaturatu beharko du, eta honako helburu hauetako bati lotuta egon beharko du:

– elkarte edo erakunde horietako kideen ekoizpena eta etekina merkatuaren eskarietara egokitzea;

– produktuak elkarrekin merkaturatzea; eta horren barruan sartzen da salmentarako prestatzea, salmenten zentralizazioa eta handizkakoak hornitzea;

– ekoizpenaren inguruko informazioari buruz arau komunak ezartzea, bereziki uztari eta prestasunari erreferentzia eginda; eta

– ekoizle-elkarteek egin ditzaketen beste jarduera batzuk egitea; esaterako, enpresa- eta merkatu-gaitasunak garatzea eta prozesu berritzaileak antolatzea eta erraztea.

c) 5 urterako plan enpresariala aurkeztu beharko dute, bertan merkaturatze- eta fakturazio-aurreikuspenak adierazi eta, gutxienez, betekizun hauek jaso beharko dituzte:

– produktua ekoizteko arau komunak; programazioa, kalitate-sistemak eta, hala badagokie, erabiliko dituzten metodo ekologikoak edo praktika biologikoak;

– ekoizpena ezagutzeko arauak;

– merkaturatzeko eta informazioa emateko arau komunak;

– aurreikusitako negozio-zifra eta ekoizpen-bolumena, elkarteak aitorpena lortzea eragin duten produktuena;

– eta konpromiso hauek:

• Merkaturatze-bolumenean edo bazkide-kopuruan, lehenengo hiru urteetan % 10 haztea, eskaera egin den urteko datu egiaztatuak kontuan hartuta.

• Merkaturatze-bolumenean edo bazkide-kopuruan, lehenengo lau urteetan % 20 haztea, eskaera egin den urteko datu egiaztatuak kontuan hartuta.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea.

Hirugarrena.– Emateko prozedura eta finantzaketa.

1.– 2016-2017ko kanpainarako aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 600.000 euro bideratuko dira, honela banatuta:

– 480.000 euro, LGENFren kargura, eta

– 120.000 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura.

2.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Baldin eta ebazpen-zati honen 1. apartatuan ezarritako zuzkidura osoa aski ez bada aurkezten diren eskabide guztietarako, puntuaziorik handiena lortzen duten eskabideei emango zaizkie laguntzak, baremo honen arabera:

a) Dagoeneko eratuta eta aitortuta dauden ekoizleen elkarteek edo horien batasunek eginiko eskabideak: 20 puntu.

b) 5 urterako negozio-planean produktuaren merkaturatze-bolumenik handiena aurreikusten duten ekoizleen elkarteek edo horien batasunek eginiko eskabideak: 10 eta 6 puntu artean.

Berdintasuna mantentzen bada, 5 urterako negozio-planean bazkide-kopuruaren edo produktuaren merkaturatze-bolumenaren hazkunderik handiena aurreikusten duten espedienteei emango zaie lehentasuna.

Laugarrena.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak bateraezinak dira fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteentzako laguntzekin; izan ere, azken horiek euren berariazko araudia dute.

2.– Agindu honen helburu bererako, beste administrazio publiko batzuek eta entitate pribatuek esleitutako laguntzak bateragarriak izango dira, ez badute gainditzen, orotara, agindu honetan ezarritako zenbatekoaren muga. Hala ere, ez dira bateragarriak izango Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin. Muga horiek gaindituz gero, agindu honen arabera esleitutako laguntzari gaindikina kenduko zaio.

Bosgarrena.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarteentzako laguntza –2015etik aurrera eratu eta halakotzat onartutako elkarteentzakoa– hau izango da:

– urteko fakturazioaren % 9, lehenengo urtean.

– urteko fakturazioaren % 8, bigarren urtean.

– urteko fakturazioaren % 7, hirugarren urtean.

Lehenengo urtean, ekoizleen elkarte edo erakundeko kideek elkartean edo erakundean sartu aurreko hiru urteetan merkaturatutako produkzioaren urteko batez besteko balioan oinarrituz kalkulatuta ordaindu ahal izango da ekoizleen elkarte edo erakundeentzako laguntza.

2.– Ekoizleen elkarte edo erakunde bati, gehienez, 100.000 euro ordaindu ahal izango zaizkio urtean.

3.– Basogintza-sektoreko elkarteentzako laguntzen kasuan, neurriaren deskribapenean ezarritakoaz gain, estatuko laguntzei buruzko arauak aplikatuko dira, eta 2014tik 2020ra bitartean landa eremuetan nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen EBko zuzentarauen arabera emango dira.

Hala ere, basogintza-sektoreko ekoizleen elkarte edo erakunde bati, gehienez, 100.000 euro ordaindu ahal izango zaizkio urtean.

4.– Agindu hau aplikatzearen ondorioetarako, merkaturatze-kanpaina produktuaren ekoizpen- eta merkaturatze-ziklo naturalari egokituko zaio, eta, beranduenez, 2017ko irailaren 30ean bukatuko da.

Seigarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko, gehienez hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) aurkeztuko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietako eta moduetako batean.

3.– Eskatzaileek agindu honen eranskinean jasota dagoen eredu-orrian aurkeztu beharko dute eskabidea, jarraian adierazten diren agiriekin batera. Ez da beharrezkoa izango lehendik aurkeztutako agiriak berriro aurkeztea, baldin eta dagoeneko Administrazioaren eskuetan eta eguneratuta badaude. Hona hemen agiriok:

a) Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskrituraren fotokopia.

b) Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua.

c) Legezko ordezkariaren ziurtagiria, merkaturatutako ekoizpenaren bolumena eta balioa zehazten dituena.

d) Bigarren ebazpen-zatiaren 3.c) letran aurreikusitako enpresa-plana, laguntza eskatzen duen lehenengo urtea bada; edo plan horren aldaketak, ondorengo urteetan, hala badagokio.

e) Fusio baten pareko efektua duten neurriak hartzeko erabakien kopia, hala badagokio.

f) Honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpena: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla; deialdi-agindu honek eskatutako betekizun guztiak betetzen dituela; ETEtzat hartzen dela Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz; konpromisoa hartzen duela beharrezko agiri guztiak Eusko Jaurlaritzaren, Europako Batzordearen edo kontrol-organoen esku jartzeko, laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatze aldera; ez dagoela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion inolako legezko debekuren eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta daudela egiaztatzeari dagokionez, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du organo kudeatzaileak egoera horien egiaztapena zuzenenean jaso dezan, ziurtagiri telematiko bidez. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

4.– Eskabidearekin batera, negozioko enpresa-planean aurreikusitako urteko fakturazioaren dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo ekoizleen elkarte edo erakundeko kideek elkartean sartu aurreko hiru urteetan merkaturatu duten ekoizpenaren urteko batez besteko balioa, bosgarren ebazpen-zatiko 1. apartatuan ezarritakoaren arabera; horretaz gain, 2016-2017ko ekitaldian benetan merkaturatutako ekoizpenaren balioaren eta ekoizpen-bolumenaren dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

5.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

6.– Nolanahi ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak aurkeztu den eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edota informazio guztia eskatu ahal izango dio elkarte eskatzaileari. Arau honetan berariaz xedatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Zazpigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza da laguntza hauek kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Balorazio-batzorde bat sortuko da eskabideak aztertu eta ebaluatzeko; batzordea hiru kidek osatuko dute, bokal gisa, eta zuzendaritza eskudunari atxikiak izango dira. Kideetariko bat programaren arduraduna izango da eta beste biak zuzendaritza horretako teknikarien artetik aukeratuko dira. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez izendatutako dira guztiak, eta bertan adieraziko da zein diren idazkaria eta batzordeburua. Batzordeak, bere egitekoetan, beharrezkotzat jotzen dituen behar beste adituri eska diezaiekieke batzordearen bileretarako joateko eta aholkua emateko.

3.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Baztertutako horien zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, laguntzen irizpide objektiboen eta kuantifikazioaren arabera.

c) Laguntza-mota bakoitzerako proposamena egitea, onuradun bakoitzari zenbateko diru-laguntza eman behar zaion zehaztuta.– Proposamen horrek behar bezala justifikatuta eta arrazoituta egon behar du.

Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezar ditzake, eta, arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartean xedatutakoa aplikatuko da.

4.– Otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztu diren eskabideak eta agiriak aztertuta, eta batzordeak helarazi dion proposamena ikusita, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren ebazpenik ematen badu, behar bezala arrazoitu beharko du.

5.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira. Edonola ere, jakinarazpenaren datatzat hartuko da lehenen gertatutakoa.

6.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak laguntza emateko edo ukatzeko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.– Ordainketa.

1.– Ordainketa bakarra izango da, eta aurreko ebazpen-zatian aipatutako dokumentazioa eskabidearekin batera aurkeztu ondoren egingo da, eskatzen den laguntza-motaren arabera.

2.– Ekoizle-elkarte onuradunek, abenduaren 31 baino lehen, memoria xehatua aurkeztu beharko dute, zeinak honako hauek jasoko baititu: dagokion urtean edo kanpainan ekoizle-elkarteak egin dituen jardueren laburpena, berariaz aipatuta ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena; bazkideen altak eta bajak; negozio-zifra, bai eta balantzea eta emaitza-kontua ere, enpresa independente batek behar bezala ikuskatuak.

3.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

Bederatzigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Zertarako ematen den, horretarako erabiltzea diru-laguntza.

b) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku jarri behar dituzte inbertsioa eta gastuak egin direla egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

d) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluak xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak aldaketaren ebazpena emango du, oinarri berriaren arabera emandako diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko. Hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari ekingo zaio.

Hamaikagarrena.– Uko egitea.

Onuradunak automatikoki galduko du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari berariaz uko egiteko idazki bat aurkezten badu; Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak uko-egitea onartu beharko du, ebazpen bidez.

Hamabigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunek ez badituzte betetzen agindu honetako betekizunak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, osorik edo zati bat, behar diren berandutze-interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Itzultze-prozedura arau-hauste administratibo baten ondorioa bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio dagokion zehapen-prozedura hasteko.

Hamahirugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Hamalaugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 13a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala