Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2017ko irailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4536

EBAZPENA, 2017ko irailaren 11koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, Lasarte-Oriako Udalaren Diruzaintzako lanpostua sailkatzeko dena. Lanpostua Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordeta dago.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 92.bis artikuluak, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL) emandako idazkeran, ezartzen du badaudela, toki-korporazio guztietan, gaikuntza nazionaleko Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako administrazio-erantzukizuneko nahitaezko funtzio publikoak; funtzio horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.

Halaber, aipatutako 92 bis artikuluaren laugarren paragrafoak aurreikusten du Gobernuak, errege-dekretu bidez, gaikuntza nazionala duten Toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko berezitasunak arautuko dituela.

Era berean, TAAILaren zazpigarren xedapen iragankorraren arabera, TAOLaren 92 bis artikuluan aurreikusitako araudia indarrean sartu arte, eta lege horretan xedatuari aurkaratzen ez zaion orotarako, indarrean egongo da aipatutako artikuluaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako funtzionarioei buruzko araudia. Horrenbestez, egun, bizirik diraute estatu-mailako gaitasuna duten Toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzeko irailaren 18ko 1174/1987 Errege Dekretuko eta estatu-mailako gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuko aurreikuspenek.

Horrela, uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. eta 9. artikuluen arabera, autonomia-erkidegoetako bakoitzari dagokio gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak sailkatzeko eskumena, betiere, legez ezarrita dauden oinarrizko irizpideei jarraituz.

Uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuak aipatutako 2. artikuluan ezartzen ditu funtzionarioen lanpostu horiek sailkatzeko irizpideak.

Aipatutako 2. artikuluak ezartzen duenez, bigarren motan sailkatutako toki-korporazioek «Diruzaintza» izeneko lanpostu bat eduki behar dute, gaikuntza nazionaleko eta «Kontuhartzailetza-Diruzaintza» azpieskalako funtzionarioentzat erreserbatua –TAAILa onartu ondoren, indargabetutzat jotzen da artikulu horretako f) letrako aurreikuspena, zeinak onartzen baitzuen bigarren motako idazkaritza zuten toki-korporazioetan (non eta ez zeuden elkartuta kontu-hartzailetzako lanpostu bakarra batera edukitzeko) lanpostuen zerrendak zehaztu ahal izatea ea diruzaintzako lanpostua gaikuntza nazionaleko funtzionario batentzat erreserbatu behar zen edo behar bezala kualifikatutako udal funtzionarioetako batek bete zezakeen–.

Bigarren motako idazkaritza duten toki-korporazioek, beraz, nahitaez eduki behar dute Diruzaintzako lanpostua, eta gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioek bete behar dute lanpostu hori.

Horretarako, Herri Administrazioetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betikotu egin zen gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena (1988ko martxoaren 22ko EAO, 70. zk.). Ebazpen horren arabera, Lasarte-Oriako Udalaren Idazkaritza eta Kontuhartzailetza lanpostuak bigarren mailako sailkatzea ebatzi zen.

2017ko ekainaren 13an egindako ezohiko batzarrean, Lasarte-Oriako Udaleko Osoko Bilkurak onartu zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako Udal horren Diruzaintzako lanpostua sailkatzeko.

Hori dela eta, Udalak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren; TAOLaren 92. bis artikuluari jarraituz; 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. eta 9. artikuluekin bat etorriz; baita Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lasarte-Oriako Udaleko Diruzaintza lanpostua Kontuhartzailetza-Diruzaintza azpieskalako gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako gisa sailkatzea.

Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Hirugarrena.– Lasarte-Oriako Udalak lanpostu hori bere lanpostu zerrendan gehitu beharko du lanpostua bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, Herri Administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahalko diote ebazpen hori baliogabetzeko edo errebokatzeko, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko irailaren 11n.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala